Baskonia Erdi Aroan (XIV. eta XV. mendeak)

Iñaki Bazán Díaz

Bilakaera politikoa

Berant Erdi Aroan ¿hots, XIV. eta XV. mendeetan¿, Mendebaldeko Europan estatu moderno ak sortzeko eta estatu edo monarkia nazional ak sendotzeko oinarriak finkatu ziren; esate baterako, Errege-erregina Katolikoen Gaztelan eta Enrike VII.a Tudorren Ingalaterran. Beraz, XII. eta XIII. mendeetako eredu politikoa ¿ monarkia feudal etan oinarritua¿ gainditu egin zen. Horrek zenbait ondorio izan zituen: burokrazia sortu zen; zenbait erakunde sortu ziren, botere zentralaren zerbitzura; errege-erreginen autoritatea sendotu zen; armada iraunkorrak sortu ziren; goi nobleziak eragina galdu zuen, botere eremuetan; eta estatu moderno horien agindupeko lurraldea zehaztu zen. Euskal lurraldea zatituta geratu zen, bi estatu boteretsuren esparruen barruan; hau da, Gaztelaren eta Frantziaren esparruen barruan. XV. mendetik aurrera, bi estatu horiek elkarren aurka borrokatu ziren, Italian nor nagusituko. Azkenean, lehia horrek Nafarroako erresuma independentearen iraupena galarazi zuen. Ikus dezagun nola gertatu zen prozesu hori euskal lurralde bakoitzean.

  Araba.  1332an, Arriagako Kofradiaren agindupeko lurraldea Gaztelako Koroaren esku utzi zuten, borondatez . Horrez gain, kofradia deuseztatu egin zen. Une horretatik aurrera, kofradiak Arabako lurralde gehienarekiko zuen eskumeneko aginpidea desagertu zen, eta Gaztelako Koroako funtzionarioak arduratu ziren bertan gobernatzeaz eta errege legeak aplikatzeaz. Beste hitz batzuetan esanda, Araba Gaztelan sartu zen, osorik.

  Gipuzkoa.  1200ean, Gaztelan sartu zen, eta, beraz, koroa horretako eremu politikoaren barruan izan zen, baita Pedro I.a Ankerraren eta Enrike II.a Trastamarakoaren arteko gerra zibilean ere (1366-1369). Gerra zibil horretaz baliatu nahi izan zuen Karlos II.a Gaiztoak Gipuzkoa Nafarroako erresumaren mendekotasunera erakartzeko, baina ez zuen lortu.

  Bizkaia.  1370ean, Joan printzeak Bizkaiko Jaurerria hartu zuen oinordetzan, amaren aldetik. 1379an, Gaztelako errege izendatu zuten, eta Joan I.a izan zen. Beraz, une horretatik aurrera, Gaztelako erregea Bizkaiko jauna zen aldi berean. Baina, hala ere, jaurerriak bere berezitasun foralari eutsi zion, ohiturazko esparru juridiko-instituzionalari, alegia.

  Lapurdi.  Ehun Urteko gerraren amaieran (Ingalaterra eta Frantzia izan ziren lehiakide nagusiak) eta Frantziako monarkiaren espazioa finkatzeko prozesuan, Frantziak Lapurdi konkistatu zuen; hain zuzen, 1450ean. XII. mendearen erdialdetik ordura arte, Ingalaterrakoa izan zen lurralde hori. Lapurtarrek Frantziako Koroan sartzea onartu zuten, betiere, koroak foruak errespetatuko zituela agintzen bazuen. Baiona handik urtebetera erori zen; hots, 1451n.

  Zuberoa.  Lapurdiren kasuan azaldutako testuinguru beraren ondorioz, Zuberoa Frantziako Koroan sartu zen. 1449an, Gaston IV.a Foixkoa ¿Frantziako Karlos VII.a erregearen teniente jenerala¿ Luis de Beaumont Nafarroako kondestableari nagusitu, eta horrek defendatutako Mauleko gaztelua hartu zuen.

  Nafarroa.  1328an, Nafarroak, azken lau erregealdietan Frantziako Koroari atxikita egon ondoren, independentzia lortu zuen, Evreuxko dinastiaren bidez. Garai berri horretako lehen errege-erreginak Joana II.a eta Felipe III.a Evreuxkoa izan ziren.

Errege-erregina horien seme Karlos II.a Gaiztoa errege zela, oso une zailak bizi izan zituen Nafarroak. Alde batetik, 1348an, Izurri Beltzaren zigorra izan zuen. Beste alde batetik, bi gerratan sartu zen: Ehun Urteko gerran (Ingalaterraren alde eta Frantziaren aurka) eta Pedro I.aren eta Enrike Trastamarakoaren arteko Gaztelako gerra zibilean.

Karlos III.a Prestua errege zela, berriz, gauzak aldatu egin ziren; izan ere, aitak eragindako iskanbila guztiak baretzen saiatu zen. 1423an, batasunaren pribilegio a eman zion Iruñari; horren ondorioz, hiri bakar bat izan zen Iruña, behin betiko. Beraz, bertako hiru biztanle guneen arteko bereizketa zaharra gainditu egin zen. Hona hemen hiru biztanle gune horiek: Nafarreria, San Cernin burgua eta San Nikolas burgua.

Joan II.aren erregealdia oso luzea izan zen; alegia, 1425etik 1479ra. Denbora tarte luze horretan, Nafarroa krisi politiko sakonean sartu zen, eta horrek independentziaren amaiera ekarri zuen. Ohikoak izan ziren agramondarren eta beaumondarren arteko istiluak, eta istilu horiek gertakari ugari eragin zituzten; agramondarrak erregearen aldekoak ziren, eta beaumondarrak, berriz, haren semearen aldekoak (semeak tronua aldarrikatzen zuen). Horrekin batera, Kataluniako printzerria ere agertu zen printzearen alde, haren aita Aragoiko errege ere baitzen.

Karlos printzea hil zenean, haren arreba Leonor izan zen oinordekoa. Printzesarekin, Frantziako errege etxearekiko harremanak estutzeko ezkon politikari ekin zitzaion; izan ere, aukeratutako ezkongaiak ondare interes handiak zituen Frantzian. Antzekoa gertatu zitzaien, besteak beste, Gaston IV.a Foixkoari, Magdalenari (Frantziako Luis XI.aren arreba) eta Joan III.a Albretekoari (Labrit). Politika hori Nafarroako erresumak ezer jakin gabe gauzatu zen, eta nobleek horren aurkako presio handia egin zuten. Baina, bereziki, Gaztelako errege-erreginak atsekabetu ziren, Nafarroa Frantziaren eragin eremuan sartzen baitzen eta Frantzia Gaztelaren aurkaria baitzen; izan ere, bi erresuma horiek Italian ari ziren borrokan, Milanerria eta Napoli zeinek kontrolatuko. Egoera horretan, izugarri zaila izan zen Nafarroako azken errege-erreginentzat ¿hots, Katalinarentzat eta Joan Albretekoarentzat¿ nazioarteko politika neutrala eta independentea izatea eta Frantziako eragina alde batera uztea. Azkenean, erresumaren egonkortasuna galarazi zuen horrek.

1511tik aurrera, Liga Saindua osatzen zuten herrialdeen aurka egin zuen Frantziak. Hauek zeuden herrialde horien artean, besteak beste: Ingalaterra ¿beste lurralde batzuez gain, Lapurdi eta Zuberoa berreskuratu nahi zituen¿; Vatikanoa ¿aita santuak zismatikotzat jo baitzuen Frantziako erregea¿; eta Gaztela. 1512ko uztailaren 18an, Nafarroak eta Frantziak Bloiseko ituna sinatu zuten. Horren arabera, Nafarroak nolabaiteko laguntza ematen zion Frantziari. Alabaina, itun horren ondorioz, Gaztelak Nafarroa inbaditu zuen, hil bereko 21ean, eta horrek Nafarroako independentziaren amaiera ekarri zuen. Frantziarren laguntzarekin, zenbait ahalegin egin ziren erresuma berreskuratzeko, 1530ean Karlos I.ak bortuz bestaldeko lurraldea baztertzea erabaki zuen arte. Lurralde hori Nafarroa Behereko erresuma independentea izan zen, eta 1620ra arte eutsi zion egoera horri; izan ere, Frantziako monarkian sartu zen urte hartan.

Foru erakundeak eta tokiko erakundeak

Erdi Aroan, Mendebaldeko Europako legeak ez ziren berdinak hiritar guztientzat; gizartea bera berdintasunezkoa ez zelako gertatzen zen hori. Izan ere, kleroa, nobleak eta herri xehea bereizten ziren. Gizarte estamentu horietako bakoitzarentzat, modu desberdinean eta berezian interpretatzen zen legea. Esate baterako, ezin zen noblerik kartzelan sartu zorrak izateagatik, tribunal zibilek ezin zituzten apaizak epaitu, eta mendeko nekazariek jaunari eskatu behar zioten baimena seme-alabak ezkontzeko.

Baina, halaber, legeak ez ziren berdinak erresuma bat osatzen zuten lurralde guztietan. Adibidez, probintzia , konderri eta jaurerri bakoitzak bere legeak zituen. Lege horiek bi jatorritakoak izan zitezkeen: alde batetik, ohiturazko (usadiozko) eskubideen ondorio izan zitezkeen, eta, beste batetik, agintari politikoren batek emandako zenbait pribilegiorenak. Erdi Aroko erresumak ez ziren estatu bateratuak, zehatz-mehatz, konfederazio modukoak baizik; hau da, zenbait lurralderen elkarketak ziren, eta lurralde bakoitzak bere berezitasun juridikoak eta instituzionalak zituen, eta koroak errespetatu egiten zituen. Baskoniari ere bazegokion esparru politiko hori. Ikus dezagun nola, bai eta foru zuzenbidearen iturriak zein izan ziren eta zer erakunde izan ziren ere.

Erdi Aroko euskal zuzenbideari buruzko iritzi orokorrak

Berant Erdi Aroko mendeetan ¿hots, XIV. eta XV. mendeetan¿, asko garatu ziren foru eta legeak (esparru juridiko edo arau emailea) eta administrazio organoak (esparru instituzionala); izan ere, inoizko garapenik handiena izan zuten. Horrez gain, XVI. mendean ere ¿beraz, Goiz Aro Modernoan¿ asko garatu ziren. Ez zen uniformetasun arau emailerik eta instituzionalik egon euskal lurralde guztietan. Lurralde bakoitzak (Araba, Nafarroa, Lapurdi¿) bere foru berezitasunak izan zituen. Hala ere, zenbait antzekotasun izan ziren, kultur unibertso berekoak baitziren (hizkuntza, aspaldiko ohiturak¿).

Kontuan izan behar da foruak ez zirela lege aldaezinak. Aitzitik, zerbait bizia ziren eta egoera historiko aldagarrietara egokitzen ziren; esaterako, behar ekonomiko berrietara, gizarte egoera berrietara eta estrategia politiko desberdinetara. Beraz, lege berriak sartu ziren, aurreikusi gabeko egoerak arautzeko; esate baterako, konbertituen ¿hau da, kristautasunera aldatutako juduen¿ eta haien ondorengoen egoera arautzeko. Eta beste lege batzuk baliogabetu zituzten, gainditutako egoera zaharkituei buruzkoak zirelako; adibidez, arau batek Bizkaiko Jaurerrian sartzea debekatzen zion Calahorrako gotzainari.

Foruek zuzenbide pribatuaren, zibilaren, penalaren eta prozesalaren arloari buruzko gaiak arautzen zituzten. Horien mendean zeudenak pribilegio egoeran zeuden. Foruei esker, zenbait zerga ordaintzetik salbuetsita zeuden, besteak beste; adibidez, Lekeitio marinel hiribilduaren fundazio foruaren arabera, lekeitiarrek ez zuten bide saria ordaindu behar (merkatariek beste herri batzuetan beren produktuak saltzeagatik ordaindu beharreko muga zerga).

Zein dira Berant Erdi Aroko euskal zuzenbidearen iturriak (foruak, arauak, legeak)?

Bizkaia

 Joan Nuñez de Lararen koaderno penala (1342): Bizkaiko ohiturazko zuzenbidearen lehen adierazpen idatzia. Justizia penala administratzeko egina.

 Bizkaiko Foru Zaharra (1452): Bizkaiko ohiturazko zuzenbidearen bilduma. Lurralde Irekiko biztanleen bizitza pribatuko, publikoko, prozesaleko eta penaleko arlo guztiak kudeatzeko egina.

 Ermandade koadernoak: Arlo prozesaleko eta penaleko legeak, bandokideen indarkeriak eragindako eremu delinkuentziaren aurka egiteko. Lehen ordenantzak 1394koak dira, eta Gonzalo Moro korrejidoreak egin zituen. Bigarrenak 1463koak dira, eta 1479koak Bizkaiko hiribilduetan soilik egon ziren indarrean, ez Lurralde Irekian.

 Avellanedako Forua (1394): Enkarterrian aplikatzeko esparru legala; penala, bereziki. Bandokideen indarkeriak eragindako gizarte gatazken aurka egiteko prestatua.

 Durangaldeko Forua (1342 edo 1400): Ohiturazko zuzenbidearen bilduma, hiru atal arautzeko: oinordetza, jabetza eta justizia penala.

Araba

 Gaztelako errege legedia: Arabako lurraldea koroa horretan 1332an sartu zenetik aurrera.

 Aiarako Forua (1373): Fernan Perez de Ayala Aiarako jaunak ohiturazko foru hori eman zien lurralde horretako biztanleei. 1469an, 16 kapitulu gehitu zizkioten. Eta, 1487an, aiaratarrek, Arabako gainerako biztanleek bezala, beren foruari uko egin zioten, Gaztelako errege legediaren mendean egoteko.

 Ermandade koadernoak: Arlo prozesaleko eta penaleko legeak, bandokideen indarkeriak eragindako eremu delinkuentziaren aurka egiteko. Lehen ordenantzak 1417koak dira, eta Gasteizek, Agurainek eta Treviñok egin zituzten. 1463an, azken ordenantza koadernoa egin zen, eta horrek zenbait mende iraun zuen.

Gipuzkoa

 Gaztelako errege legedia: Gipuzkoako lurraldea koroa horretan 1200ean sartu zenetik aurrera.

 Ermandade koadernoak: Arlo prozesaleko eta penaleko legeak, bandokideen indarkeriak eragindako eremu delinkuentziaren aurka egiteko. Lehen ahaleginak 1375ean, 1397an, 1415ean eta 1453an egin ziren, baina ez zuten beren helburua lortu. 1463an, azken ordenantza koadernoa egin zen, eta horrek zenbait mende iraun zuen.

Nafarroa

 Nafarroako Foru Nagusia: 1266an, Nafarroako ohiturazko zuzenbidearen bilduma egin zen, arauak emateko ohitura hori errege-erregina berrien dinastiaren aurrean defendatzeko. Dinastia hori atzerritarra zen, Champagnekoa, eta errege-erreginek ez zekiten zer usadio, ohitura eta hizkuntza zeuden Nafarroan. Bilduma horri Foru Zaharra deitzen zaio. 1330ean, Felipe III.a Evreuxkoa erregeak foruaren hobekuntza egin zuen; izan ere, 25 kapitulu gehitu zizkion foruari. Eta, 1418an, Karlos III.a Prestuak beste hobekuntza bat egin zuen: 14 kapitulu gehitu zizkion. Foru Zaharrak eta bi hobekuntzek Nafarroako Foru Nagusia osatzen dute.

Lapurdi

 Ermandade ordenantzak (1400): Arabako, Gipuzkoako eta Bizkaiko ermandadeen antzeko helburua zuten.

Bortuz bestaldekoa edo Nafarroa Beherea

 Bortuz bestaldeko ordenantzak (1341): Agramont eta Luxa leinuen arteko bando borrokak amaitzeko legedia.

Foruko erakunde egitura, lurralde eta toki mailan

Euskal lurraldeetako gobernu eta administrazio organoak XIV. eta XV. mendeetan zehar egituratu ziren (Arabako eta Gipuzkoako batzarrak eta aldundiak, eta Nafarroako Kontu Ganbera), bai eta sendotu ere (Nafarroako gorteak eta merindade sistema, eta Gernikako eta Durangoko merindadeko batzarrak). Tokiko eta udaleko arloetan, berriz, aldaketa bat gertatu zen; izan ere, ordura arte kontzejuak irekiak ziren, baina ordutik aurrera itxiak izan ziren. Kontzeju irekiak udal biltzarrak ziren, eta biztanle guztiek hartzen zuten parte. Kontzeju itxietan, berriz, biztanle gehienak udal erabakietatik kanpo geratzen ziren; gutxiengo edo oligarkiak soilik zuen erabakitzeko boterea.

  Araba  . 1463tik aurrera, Arabako probintziako erakundeak egituratu ziren; horien jatorria Ermandadea izan zen (eremu delinkuentziaren aurka egiteko erakunde juridikoa eta poliziala). Tokiko ermandadeetako prokuradoreak (ordezkariak) urtean bitan biltzen ziren ¿hain zuzen, maiatzean eta azaroan¿, eta biltzar horiei Batzar Nagusi ak deitzen zitzaien. Batzar horietan, probintziako ermandadearen funtzionamenduari buruzko gaiak erabakitzen ziren, baina, apurka-apurka, beste eskuduntza batzuk eskuratu zituzten; azkenean, arabarren bizitzako arlo guztiak kudeatu zituzten. Batzar Nagusien bi bileren artean lurraldea gobernatzen jarraitzeko, Aldundia sortu zen; 1476tik aurrera, pertsona bakarreko magistratura bat izan zen horren burua: diputatu nagusia .

  Gipuzkoa  . 1463tik aurrera, Araban gertatutako prozesuaren antzekoa izan zen Gipuzkoako probintzian. Urtean behin, Gipuzkoako hiribildu guztietako prokuradoreak (ordezkariak) eta hiru udal nagusietako ¿hots, Areriako, Saiazko eta Aiztondoko¿ ordezkariak biltzen ziren; bilera horiei Batzar Nagusi ak deitu zitzaien. Batzarren artean, Aldundi ak gobernatzen zuen probintzia, eta diputatu nagusi a zen Aldundiko burua.

  Bizkaia.  Lurralde Irekiko tokiko entitateak elizateak ziren; esaterako, Begoña, Muxika, Ispaster, Etxano eta Lumo. Batzarrak parroki elizetako atarian egiten zirelako deitzen zitzaien horrela. Igandeetan biltzen ziren, mezaren ondoren. Elizateak sei merindade tan banatuta zeuden. Merindadeak lurralde barrutiak ziren; hauek, zehazki: Uribe, Busturia, Markina, Zornotza, Bedia eta Arratia. 1487ra arte, Lurralde Irekiak eta Jaurerriko hiribilduek elkarrekin jardun zuten Bizkaiko Batzar Nagusiak izeneko bileretan. Batzar horiek uztailean egiten ziren, bi urtean behin, Gernikan, haritz baten azpian. Bost turuta jota deitzen zen batzarretara. 1487an, Chinchilla lizentziatuak promulgatutako ordena batek hiribilduak eta Lurralde Irekia bereizi zituen, arlo juridikoaren eta instituzionalaren aldetik. Une horretatik 1630era arte, elizateetako ordezkariak soilik bildu ziren Batzar nagusietan.

Bestalde, Enkarterriko tokiko entitateetako ordezkariak Avellanedako Batzarretan biltzen ziren, Sopuertako kontzejuan, eta Durangoko merindadekoak, berriz, Gerediagan (Abadiñoko elizatean).

  Nafarroa.  XIII. mendean sortutako erakundeak sendotu egin ziren. Besteak beste, Cort a (justizia administrazioko auzitegi gorena), Errege Kontseilu a (monarkaren aholkulari taldea) eta merindade ak; Nafarroako lurraldea banatzeko administrazio barrutiak ziren merindadeak. Tenientetza zaharrak ordezkatu zituzten, eta errege funtzionarioen ardurapean zeuden. 1407an, azken merindadea sortu zen, Olitekoa. Hauek ziren gainerakoak: Erribera, Lizarra, Mendialdekoa eta Zangoza.

Berant Erdi Aroan hartu zuten garrantzia Nafarroako Gorte ek. Horietara jo zuten Joana II.a eta Felipe III.a Evreuxkoa errege-erreginek, erresumako foruak aztertzeko eta aldatzeko. Karlos II.a Gaiztoak eta Karlos III.a Prestuak ere jo zuten Gorteetara, laguntza ekonomikoak eskatzeko. Izan ere, errege-erreginekin izandako bilera horien ondorioz deitu zitzaien Gorte ak. Estamentuen arabera antolatu ziren, eta, beraz, nobleen estamentuko, apaizen estamentuko eta hiribildu onetako ordezkariak biltzen ziren horietan. Besteak beste, funtzio hauek zituzten Gorteek: errege ezkontzei buruzko kontsulta organoak ziren, tronuaren oinordekoaren zina jasotzen zuen, laguntza ekonomikoak ematen zizkioten Koroari, eta horietan erreklamatzen ziren errege-erreginek erresumari egindako irainak.

1365ean, Karlos II.a Gaiztoak Kontu Ganbera sortu zuen, erresumako ogasunak ikuskatzeko auzitegia. Gaur egun ere irauten du Nafarroako erakunde horrek.

XIV. mendearen erdialdetik 1476ra arte, euskal hiribilduetan, biztanleak udal erabakietatik kanpo uzteko prozesua gertatu zen, arian-arian. Horren ondorioz, kontzejuek irekiak izateari utzi zioten, gutxiengoaren edo oligarkiaren mesedetan. Behe nobleziak eta burges familia dinamikoek osatzen zuten oligarkia hori. Bi arrazoirengatik kokatu zen behe noblezia hiribilduetan: alde batetik, merkataritza ekonomian parte izateko eta, beste batetik, Berant Erdi Aroko krisiak haien nekazaritza errentetan eragindako ondorio txarrei ihes egiteko. Burgesak, berriz, nazioarteko merkataritzaren bidez aberastu ziren, merkatari, armadore, itsasontzietako kapitain edo garraiolari. Kontratuak egin zituzten Europako finantza gunerik garrantzitsuenekin; hala nola, Burgos, Arroxela, Southamptom, Brujas eta Lübeck hiriekin. Botere ekonomikoari esker, nobleek eta burgesek hiribilduetako udalen kontrol politikoa lortu zuten. Hala ere, herri xeheak aurre egin zien; hau da, eskulangileek, merkatari txikiek eta nekazariek, besteak beste. Batzuetan, erresistentzia ez zen batere baketsua izan, eta bando borroka odoltsuak gertatu ziren; adibidez, Gasteizen, Ayala leinukoak (herri xehearen interesen ordezkariak) eta Callejas leinukoak (behe nobleziaren ordezkariak) borrokatu ziren. Herri xehea udal erabakietatik kanpo uzteko, zenbait betekizun ekonomiko ezarri ziren biztanleak hautagarriak izateko eta kargu publiko batean jardun ahal izateko; alegia, alkate, erregidore edo diputatu izateko. Betekizun horiek Errege-erregina Katolikoek ezarri zituzten beren udal erreforman; Gasteizen hasi zen erreforma hori, Fernando Katolikoaren Kapitulua delakoaren bidez (1476), eta, hortik, kostaldeko lurraldeetara hedatu zen. Hona hemen merkataritzak aberastu eta udal boterea zuten zenbait familia, oligarkiaren kideak, alegia: Arbolancha, Bilbaon; Salazar, Portugaleten; Iruña, Gasteizen; eta Engomez, Donostian.

Demografiaren bilakaera

  Iturriak.  Oso dokumentu gutxi daude horri buruz, nahiz eta aurreko garaietan baino gehiago. Beraz, Erdi Aroko azken mendeetako Baskoniako demografi bilakaeraren hurbilketa baino ez daiteke egin; gainera, 1348ko Izurri Beltzak oso eragin handia izan zuen. Egun eskura ditugun iturri bakanak azken urteetakoak dira, eta fiskalak; alabaina, demografiari buruzko datuak eman ditzakete, zeharka bada ere. Iturririk garrantzitsuenak Nafarroakoak dira; adibidez, Libros de monedaje direlakoak eta Libro de fuegos direlakoak. Monarkek tronuratzean ordaindu beharreko zerga zen monedajea, eta, Nafarroako dokumentuetan, 1266koa da Libro de monedaje rik zaharrena. Libro de fuegos delakoak (1366), berriz, Izurri Beltzaren ondorioei buruzko informazio zehatza ematen du. Nafarroa Beherean, zenbait inkesta egin ziren; esaterako, 1350-1353koa eta 1412-1423koa. Zuberoan, 1377ko Censier delakoa eta Mauleko 1525eko Terrier delakoa egin ziren. Lapurdin, berriz, Ingalaterrako Eduardo II.ak 1311n agindutako L¿enquête . Arabako, Gipuzkoako eta Bizkaiko lurraldeei dagokienez, lehen datuak XV. mendearen amaierakoak edo XVI. mendearen hasierakoak dira.

  Bilakaera.  XIII. mendearen amaierara arte, hazkunde erritmo iraunkorra izan zuen biztanleriak, baina hazkunde hori eten egin zen, elikagaien ekoizpenaren eta kontsumo eskaeraren arteko oreka hautsi egin zelako; izan ere, ekoizpena gelditu, eta, biztanle kopurua handi samarra zenez, kontsumoa handitu egin zen. Horrek zenbait ondorio izan zituen: subsistentzi krisiak gertatzea, biztanleria ahultzea eta heriotza tasa handitzea. Egoera horretan, oso eragin larria izan zuen 1348ko Izurri Beltzak. Urte horretakoa izan zen guztietan latzena, baina beste batzuk ere gertatu ziren hurrengo urteetan; hain zuzen, 1362an, 1382-1383an, 1399an eta 1400-1402 bitartean. Ezin da zehatz-mehatz jakin zenbaterainoko eragina izan zuen Izurri Beltzak demografian, ez baitzuen leku guztietan eragin bera izan; izan ere, oso eragin handia izan zuen Nafarroako zenbait lekutan (esaterako, Lizarrako merindadean), eta, kostaldean, berriz, nabarmen txikiagoa. Edonola ere, demografi tasa txikitu egin zen, eta horren adierazpenik argienetako bat eremuak agertu izana da. Eremuak biztanlerik gabeko lekuak ziren; dena den, horietako batzuk biztanleria birbanatzearen ondorioz sortu ziren, eta ez izurriaren ondorioz.

1430-1440 ondoren, agerikoa zen ekonomia suspertzen hasi zela eta biztanle kopurua handitzen ari zela. Lehenengo eta behin, nekazaritza hedatzen hasi zen, lur berriak ustiatzen hasi baitziren. Biztanleak jendez hustutako lekuetan kokatu ziren berriro. Azkenik, hiriguneen perimetroa handitzen hasi zen, errebalak sortu eta baserriak trinkotu egin baitziren. Orube hutsak hartuz handitu ziren hiriak, eta, horrez gain, eraikin garaiagoak hasi ziren egiten; besteak beste, Gasteizen, Arrasaten, Bilbaon, Lekeition eta Durangon gertatu zen hori. Nafarroan, berriz, gatazka politiko eta militarrek eragotzi zuten demografi tasa handitzea; izan ere, Mendialdean besterik ez zen handitu, XV. mendean: agian, abeltzaintzan, basoetan eta burdinoletan oinarritutako ekonomiari esker. Izan ere, XVI. mendearen hasierara arte ez zuen Nafarroak XIII. mendean izandako biztanleria kopurua berreskuratu; garai hartan, 24.000 etxe zituen. Araban, 1537ko acopiamiento (edo auzateria) delakoaren arabera, 14.054 auzoko zeuden, 60.000 biztanle inguru, alegia. Kopuru hori Gipuzkoakoaren oso antzekoa zen. Bizkaian, berriz, 65.000 biztanle zeuden, gutxi gorabehera. Biztanle gehienak landatarrak ziren eta baserri eta herrixketan bizi ziren. Biztanleen heren bat baino pixka bat gehiago soilik bizi zen hiribilduetan. Tamainaren aldetik, Gasteiz eta Bilbao azpimarratu behar dira, XV. mendean 5.000 biztanle baino gehiago baitzituzten.

Ekonomi jarduerak

XIII. mendeko bigarren erdialdetik aurrera, XI. mendetik gertatzen ari zen dibertsifikazio prozesua azkartu egin zen Baskoniako ekonomian. Ekonomia nekazaritzan eta abeltzaintzan oinarrituta zegoen, baina gero eta garrantzi handiagoa hartzen ari ziren beste sektore batzuk; adibidez, itsasoko arrantza, ontzigintza, merkataritza, hiriko eskulangintza eta zenbait erauzketa industria (batik bat, burdinarena eta, neurri txikiagoan, gatzarena).

  Nekazaritza.  XIII. mendearen amaieran, nekazaritzaren hedapen prozesua amaitu egin zen. Demografi hazkundeak bultzatuta, ustez emankortasun gutxiko lurretara eraman zituzten laborantzak. XIV. mendeko lehen erdialdean, biztanle kopurua txikitzen ari zela, etekin gutxien ematen zituzten lurrak lantzeari utzi zioten, eta herrixka txiki ugari jendez hustu ziren, Araban eta Nafarroan, batik bat. Joera hori aldatu egin zen, XV. mendeko bigarren herenean, laborantza eremu berriak luberritu eta hustutako beste batzuk berreskuratu baitziren. Zenbait lekutan, laboreak berrantolatu zituzten; adibidez, Arabako Errioxan, mahastiak landu zituzten zerealen ordez. Beste lurralde batzuetan, nabarmen sustatu zen nekazaritza; luberritutako azalera handitu egin zen, abeltzaintzaren eta basogintzaren kalterako. Hala gertatu zen Gipuzkoan, Bizkaian eta Arabako Aiarako eta Aramaioko haranetan. Zenbaitetan, herri lurrez jabetu ziren nekazariak, haiek luberritzeko eta zerealak hazteko, eta, horren ondorioz, gatazkak izan zituzten abeltzainekin eta olagizonekin. XV. mendean, Nafarroan, nekazaritza oparoa zegoen; izan ere, soberakinak izan zituen zereal, olio eta ardo ekoizpenean.

  Arrantza.  Erdi Aroko erdialdeko mendeetan, arrantzak garapen handia izan zuen Bizkaiko, Gipuzkoako eta Lapurdiko kostaldean; alabaina, itsasbazterreko arrantzan jarduten zuten, batik bat. Espezie ugari harrapatzen zituzten; hauek ziren, besteak beste, preziatuenak eta, beraz, gehien saltzen zirenak: bisiguak, itsas aingirak, sardinak, legatzak, lupiak eta txitxarroak. Euskal marinelek ospe handia zuten aspalditik, eta, XIV. mendetik aurrera, kostaldetik urrunagoko kalak bilatzeari ekin zioten. Ingalaterrako, Irlandako, Bretainiako eta Normandiako uretan hasi ziren arrantza egiten; antxoak, bakailaoak eta hegalaburrak harrapatzen zituzten, batez ere. Baleen ehiza bereziki garrantzitsua izan zen; hasieran, urria eta martxoa bitartean egiten zen, zetazeoak kostaldera hurbiltzen zirenean, alegia. Getaria, Mutriku, Lekeitio, Bermeo, Zarautz eta Biarritz, besteak beste, oso portu garrantzitsuak izan ziren baleen ehizarako. Baleetatik, koipea aprobetxatzen zen, bereziki, eta Gaztelara, Frantziara, Ingalaterrara eta Flandesera esportatzen zen. XV. mendean, baleak kostaldetik urrundu ziren, pixkanaka-pixkanaka, eta, beraz, oso leku urrunetara joan behar izan zuten euskal marinelek haien bila; esaterako, Ternuraino eta Labrador penintsularaino iritsi ziren. Leku horietan, baleez gain, bakailao saldo handiak aurkitu zituzten; faktoria iraunkorrak jarri ziren, baleen koipea prestatzeko eta bakailaoa lehortzeko.

Erdi Aro Betetik aurrera, itsas jarduera arautu zen, zorrotz arautu ere. Adibidez, Baionan, 1255ean, arrainen salmenta arautzeko ordenantzak egin ziren. Baina adibiderik onena kofradiak sortu izana da. Itsasoko jendeak biltzen ziren kofradietan, eta horiek arrantza jarduerako arlo guztiak arautzen zituzten; horrez gain, garrantzi handikoak izan ziren hiribilduak gobernatzeko. Bermeokoa 1353an sortu zen eta, beraz, hura da zaharrenetakoa.

  Ontzigintza.  Itsas jarduera ez zen hainbeste garatuko, beste jarduera garrantzitsu baten laguntzarik gabe; hots, ontzigintzarik gabe. Bizkaian eta Gipuzkoan, azpiegitura materiala zegoen (basoak eta burdinolak). Horrez gain, ondo prestatutako eskulangileak zeuden, itsasontziak egiten tradizio handikoak. XIII. mendean, euskal itsasontziek Gaztelako Koroako kanpaina militarretan hartu zuten parte, eta parte hartze hori hurrengo bi mendeetan areagotu zen. Euskal marinelek zenbait berrikuntza teknologiko ekarri zituzten ontzigintzara. Hauek dira ekarpenik garrantzitsuenak: Baionako koka (hiru mastako itsasontzia, zama edukiera handikoa eta karabelaren aurrekoa) eta korasta lema (lema baionesa edo lema nafarra ere deitzen zioten).

  Merkataritza.  Berant Erdi Aroan, euskal lurraldeak merkataritza garapen handia izan zuen. Alde batetik, kanpoan bilatu behar zituen falta zituen elikagaiak ¿esate baterako, zerealak¿, eta, beste batetik, sobera zituenak saldu behar zituen; adibidez, burdina. Behar horien ondorioz garatu zen merkataritza; horrez gain, oso kokapen estrategikoan zeuden euskal lurraldeak, itsas bideei dagokienez. 1296an, beren merkataritza interesak babesteko, Bizkaiko Golkoko kostaldeko ekialdeko hiribilduek Gaztelako itsasoko hiribilduen eta Gasteizen arteko ermandadea edo Paduren ermandadea sortu zuten. Hasieran, Donostia, Hondarribia, Getaria, Bermeo, Laredo, Castro Urdiales, Santander eta Gasteiz zeuden ermandade horretan. Gasteiz zen barrualdeko hiribildu bakarra, baina, XIII. mendearen amaieran, Burgos eta euskal portuak lotzen zituen bideko pasalekua zenez, merkataritza garapen handia izan zuen. Burgos eta euskal portuak lotzeaz gain, Bizkaiko Golkoko ekialdeko portuak eta Atlantikoko Andaluziakoak lotzen zituen bide horrek, eta oso garrantzitsua zen Gaztelako ekonomiarako; alde batetik, euskal burdina eta Gaztelako artilea esportatzeko eta, beste batetik, Flandesko oihalak eta Europako iparraldeko beste manufaktura batzuk inportatzeko. Negozio horretan, prestu jardun zuten euskal garraiolariek.

  Eskulangintza.  XI. mendean hiribilduak sortzen hasi zirenean, dibertsifikazio prozesua gertatu zen euskal gizarteko zenbait arlotan: gizartean, burgesia agertu zelako; eta ekonomian, hiriko biztanleriak bigarren eta hirugarren sektoreetan jardun zuelako. Neurri handiagoan edo txikiagoan, askotariko eskulangintza jarduerak garatu ziren hiriguneetan, hiribilduetako hornikuntza beharrei erantzuteko. Horrez gain, jarduera horiei esker, merkataritza trukeak bideratu ziren, astean behingo azoken bidez (hiribilduen fundazio foruek arautu ohi zituzten) eta urtean behingo ferien bidez (askoz garrantzi ekonomiko handiagokoak ziren, eta monarkek ematen zuten horiek egiteko eskubidea). Gasteizko urteroko feriak eta ostiraleroko azokak dira horren adibide argiak. Gainera, XIV. mendearen hasierako dokumentuek hiribildu horretako lanbideak adierazten dituzte, eta, dokumentu horietan ikus daitekeenez, lanbide horietako asko burdina lantzearekin lotuta zeuden. Zenbait hiribildutan ¿esate baterako, Durangon, Bergaran eta Gasteizen¿, ehungintzak izan zuen nolabaiteko garrantzia; izan ere, kalitate gutxiko ehunak egiten ziren, eta erosteko ahalmen txikikoek ¿hiribilduetakoek zein landa ingurukoek¿ erosten zituzten. Nafarroan, berriz, azpimarratzekoak dira Karlos II.a Gaiztoak ehungintza suspertzeko egindako ahaleginak: kalitatezko oihal gune bat sortu zuen Tuteran, baina ekimen horrek ez zuen arrakastarik izan.

  Meatzaritza.  Burdin minerala erauztea eta, ondoren, burdinoletan lantzea oinarrizko ekonomi jarduera izan zen Erdi Aroko azken bi mendeetan. Gipuzkoan eta, bereziki, Bizkaian egin zuten jarduera hori, baina, XIV. mendearen hasierara arte, Arabako burdinolek izaten zuten sektore horretako ekoizpenik handiena. Mineral zain (meatoki) ugari zeuden euskal lurraldeetako leku gehienetan, baita, mineral hori landu ahal izateko, baso eta ur ibilgu asko ere. Horren ondorioz, burdinola asko ere bazeuden. Burdinoletan, lehengaia lantzen zuten; burdina, alegia. Eta burdina hori era askotako tresnak eta lanabesak egiteko erabiltzen zen; besteak beste, iltzeak, aingurak, aiztoak, nekazaritza tresnak, arma zuriak, su armak eta kanoi balak egiten zituzten. Erdi Aroaren amaieran, armagintza Debako bailaran kokatu zen, batik bat, eta, XVI. mendean, egundoko garapena izan zuen, hispaniar inperioaren hedapen militar handiaren ondorioz.

Nahiz eta burdin meatzaritza bezain garrantzitsua ez izan, ezin dugu ahaztu beste erauzte industria bat: gatzarena. Izan ere, ezinbesteko elementua zen, bai gizakiak eta abereak elikatzeko, bai elikagaiak kontserbatzeko (batez ere, arraina). Gatza ekoizten zuten gunerik garrantzitsuenak Arabako Gesaltza Añana eta Buradon Gatzaga dira, baita Gipuzkoako Leintz Gatzaga ere.

Gizarte feudalaren krisia

Funtsean, Berant Erdi Aroko euskal gizartearen egitura aurreko arokoaren oso antzekoa zen; hots, hiru estamentutan oinarrituta zegoen (kleroa, noblezia eta nekazariak), baina, apurka-apurka, burgesia osatzen zuten hiriguneetako biztanleak ere sartu ziren eskema horretan. Hain zuzen, azpimarragarria da burgesiak XIV. eta XV. mendeetan izandako nagusitasuna; izan ere, garai hartako gizarte talde nagusietako bat izan zen. Berant Erdi Aroan, euskal gizartean, Europako gainerako lekuetako gizarteetan bezala, krisi edo depresio handi bat izan zen. Historiografian, zenbait modutan deitzen zaio krisi horri; adibidez, Berant Erdi Aroko krisi a edo feudalismoaren krisi a.

  Krisiaren kausak eta ondorioak.  Hona hemen krisi horren zenbait ezaugarri: luberriketak etetea, nekazaritza ekoizpena txikitzea, subsistentzi krisiak, goseteak, heriotza tasa handitzea eta demografi tasa txikitzea. Egoera nahiko goibela zen berez, eta izurriek ikaragarri okerragotu zuten; batik bat, 1348ko Izurri Beltzak. Izan ere, hainbat zorigaitzen azkena izan zen izurri hori. Horren ondorioz, nekazari ugari hil ziren, eta, bizirik iraun zutenen artetik, hiribilduetan babestu ziren asko, landatik ihesi. Fenomeno horrek eragin handia izan zuen nekazariei ordaintzen zizkieten errentetan; izan ere, nabarmen txikitu zen errenta horien zenbatekoa. Eta jaunek gizarte prestigioari eta leinuen indarrari eusteari ekin zioten, baita, errenten gainbehera gelditzeko, etsi-etsian diru sarrera gehiago bilatzeari ere; horren ondorioz, gerra ugari piztu ziren. Oro har, gerra horiek pribatuak ziren, eta oso garrantzi txikikoak. Oso ohikoak izan ziren XV. mendean, eta bandoen arteko borroka k edo bandoen arteko gatazka k deitzen zaie. Gizarte gatazkak izugarri areagotu izanaren adierazgarri dira gera horiek.

  Bandoen arteko gerrak Euskal Herrian.   Bienenadanzas e fortunas obran, Lope Garciak gatazka konplexu eta amaigabe horiek deskribatu zituen. Bando nagusiak oinaztar rak eta ganboatar rak izan ziren, eta Araban, Bizkaian, Gipuzkoan eta Lapurdin jardun zuten. Batzuetan, elkarren aurka borrokatu ziren landako jaunak, eta, beste batzuetan, berriz, beren mendeko nekazarien beraien aurka; izan ere, izugarri presio handia egiten zieten, errenten gainbehera gelditu nahian. Beste batzuetan, berriz, hiribilduetako biztanleen aurka borrokatu ziren. Istiluen helburu nagusia gehiago balio izatea zen, kronista bandokidearen adierazpen ezaguna erabilita; hau da, botere handiagoa, errenta handiagoak eta basailu gehiago izan nahi zituzten. Luze iraun zuen gizarte gatazka horrek; izan ere, XV. mendearen amaieran amaitu zen, Errege-erregina Katolikoen erregealdian, orduantxe izan baitzuten emaitza Enrike IV.aren ahalegin baketzaileek. Bakea lortzeko prozesu horretan, oso zeregin garrantzitsua izan zuten probintzietako ermandadeek. Ermandadeak hiribilduen elkarteak ziren, eta indar armatuak zituzten. Erabakigarriak izan ziren ahaide nagusi en agindupeko landa nobleziaren bandoek men egitea lortzeko.

  Bandoen arteko gerrak Nafarroan.  . Nafarroan, agramondar ren eta beaumondar ren artekoak izan ziren bandoen arteko gerrak. Hala ere, gerra horietan, gatazka sozioekonomikoak alde batera geratu ziren nolabait, Agramont eta Beaumont leinuen arteko norgehiagoka politiko-dinastikoa izan baitzen. Tronua lortzeko borrokan aritu ziren Joan II.a eta haren seme Karlos Vianako printzea; horretan, agramondarrek Joan II.aren alde egin zuten, ganboatarren laguntzarekin, eta beaumondarrak eta horien aliatu oinaztarrak, berriz, Karlos Bianakoaren aldekoak ziren. 1461ean, Karlos Vianako printze zoritxarrekoa hil egin zen, baina bi bandoen arteko istiluak ez ziren gelditu. Hiru mende laurdenetan zehar, gerra amaigabeak izan ziren Nafarroan, eta, nahiz eta bi bandoetako nafarren arteko lehiak arindu ziren, luze iraun zuten Gaztelak 1512an Nafarroako erresuma konkistatu ondoren.

  Baskoniako 1457ko egoera, Alonso de Palencia kronistaren arabera (Enrike IV.a erregearekin joan zen, hark lurralde horietara egindako bidaian):  «Nafarrek, bizkaitarrek eta euskaldunek bandoen arteko gerra odoltsuak eta lehia gupidagabeak jasaten dituzte. Gerra eta lehia horietan, Bizkaiko eta Gipuzkoako bandokideek itsas ibilaldien bidez lortzen dituzten aberastasunak xahutzen dituzte, eta nafarrek eta euskaldunek, berriz, lurrak ematen dituen fruitu ugariak. Lapurretan ari dira horiek guztiak, eta beren bandoen indarra handitzen saiatzen dira, beren alderdien aldekoen arteko batzar eta hitzarmenen bidez; izan ere, horretan ematen dute denbora gehiena. Ez diete legeei men egiten, eta ez dira gobernua arautzeko gai. Haien hizkuntzak eta ohiturek ez dute beste ezein herritakoen antzik. Diru gosean soilik dira dirukoienen parekoak, baita horiek baino diruzaleagoak ere; izan ere, ohikoa da lukurreria gurasoen eta seme-alaben artean. Batzuetan, abegitsuak eta lagunkoiak dira bidaiariekin. Alabaina, horien urrearen egarriak daude beti, eta eraso egiten diete basoetatik zailtasun handiz dabiltzanean. Eta, haien errukiaren eske bezala, dohaintza oparoa edo eskuzabaltasun onbera eskatzen diete, hitz xumeekin; bidaiariek haien eskaerak onartu ezean, hitz xumeak mehatxu bihurtzen dira, baleztez edo saietez zulatzeko mehatxu egiten dietela, alegia. Ondoren, oro har, txanpon batzuk nahikotzat jota, eskuzabalaren segurtasunaz arduratzeaz gain, bide zati batean harekin joango direla adierazten dute, beste bidelapur batzuen eskuetan eror ez dadin; bando bereko beste bidelapur batzuk aurkituz gero, eskolta segurua eman, eta harekin joaten dira, adeitsu. Bidaiariaren ostatura iritsita, denak indarberritzen dira haren mahaian, eta ardorik ezean ¿herrialde horretan oso garestia da¿, ostalari bidaiariak asko eta bapo elikatu behar ditu, sagardoa eta ogi gozo-gozoa emanda. Baina falta horiek guztiak disimulatzen dituzte, beren aspaldiko leinua, beren kemenaren ahalegin handia eta trebezia bikainaren aitzakiaz».

  Euskal Herriko 1525eko irudia, Andrea Navagero Veneziako enbaxadorearen arabera:  «Oso jendeztatuta dago herrialde osoa; izan ere, ez dago jenderik gabeko basorik, ezta mendirik ere. Herriez gain, baserri ugari daude, eta, horietan, nobleenak bizi dira. Haien ustez, eta hala uste dute Espainia osoan, euskal lurraldeetan dago benetako noblezia; Gaztelako nagusi bati egin dakiokeen lausengurik handiena bere leinuaren jatorria euskal lurretan dagoela esatea da. Horixe uste dute nagusi gehienek, eta, hain zuzen, euskal basoetan ikusten da Espainiako familiarik eta leinurik nobleenen jatorria. Oso gerra gizon trebeak dira, bai itsasoan, bai lehorrean; eta ez dut uste Espainia osoan eskualde horretan adina gizon adoretsu dagoenik, agian, oso eskualde zakarrean bizi direlako. Asko nabigatzen dute; izan ere, portu eta itsasontzi asko dituzte (haritz ugari eta burdina asko dituzte, eta, beraz, gutxi kostatzen zaie itsasontziak egitea). Horrez gain, eskualde txikia da, eta, biztanle asko daude; beraz, aberritik kanpo bilatu behar dute hobetzeko aukera».

Erlijio bizitza

Erdi Aroaren amaierako europarrentzat, Apokalipsiaren lau zaldizkoak eguneroko kontua ziren; Gosea (XIV. mendeko lehen erdialdean zehar, oso ohikoa zen uztak galtzea), Izurritea (Izurri Beltza), Gerra (gatazka armatuak ugariak eta etengabeak izan ziren; esate baterako, Ehun Urteko gerra) eta Heriotza (aipatutako gaitz guztien ondorio logikoa). Horri guztiari Elizaren Zisma gehitu behar zaio; izan ere, izugarrizko espiritu krisia izan zen katolikoentzat. Zismaren une gorenetan, hiru aita santu egon ziren aldi berean, eta aita santu bakoitzak bere herrialde aliatuak zituen. Hiru aita santuak elkarren etsaiak ziren, eta besteen aldekoak eskumikatzen zituzten; hau da, sakramentuak ukatu zizkieten besteen jarraitzaileei, eta, beraz, horiek ezin zuten elizkizunetan parte hartu. Nafarroa Avignongo aita santuaren alde jarri zen, Klemente VII.aren alde, alegia. Beldurraren psikologia moduko bat garatu zen, baina, testuinguru horretan, oso normala zen hori; besteak beste, artean agertu zen (makabroaren gustua), literaturan (Herio dantzak, ondo hiltzeko liburuak, etab.), belaunaldiarteko harremanetan (zahartzaroa arbuiatzea) eta herri erlijiozkotasunean (sineskeriak, heresiak, sorgintza¿). Jakina, euskaldunek ere izan zuten testuinguru horren eragina.

  Sineskeriak.  Erdi Aroko euskaldunek, gainerako europarrek bezala, ez zuten, adibidez, naturako fenomenoak zuzen interpretatzeko beharrezko ezagutza zientifikorik. Hori dela eta, ezagutza zientifikoen ordez, teologiaren bidez azaltzen zituzten fenomenoak. Horren arabera, Jainkoa zen gertatzen zen guztiaren sortzailea, eta zorigaitzak ¿esate baterako, uztak hondatzen zituen txingorra¿ gizakien bekatuak zigortzeko ziren. Beraz, edozein gaitz gertatzea eragozteko ¿adibidez, gaixotasunak eta lehorteak¿, ez zen batere arraroa biztanleek estrategia mota orotara jotzea. Estrategia horietako batzuk egiteko, Elizaren laguntza izan zuten; izan ere, nola egin behar ziren adierazten zien. Alabaina, beste batzuk egiteko, ez zuten babesik, eta horiek sineskeriatzat jotzen zituen Elizak. Horietatik, hiru azpimarratuko ditugu.

 Klima konjuruak. Euskal hiribildu guztietan ¿bereziki, Bilbaoko, Urduñako eta Gasteizko kasuei buruzko dokumentu ugari daude¿, pertsona batek hartzen zuen klimatologia txarraren aurka egitearen ardura, inguruko soroetako uztak ez galtzeko eta, beraz, hiribilduko biztanleen elikadura arriskuan ez jartzeko. Udalek kontratatzen zituzten pertsona horiek, eta, oro har, herriko apaizetako bat izaten zen. Kanpandorrearen goialdetik jarduten zuten; izan ere, hortik ikus zitzaketen hodei mehatxatzaileak, eta, ekaitza bota ez zezaten, erritmo berezi batez jotzen zituzten kanpaiak. Kanpaien dei horri tente nublo deitzen zitzaion; Arabako zenbait herritan, gaur egunera arte iraun du ohitura horrek. Euriak goizegi iritsi edo lehortea gertatuz gero, erreguzko prozesio ak egiteko aukera zuten. Horietan, hiribilduko biztanleak prozesioan irteten ziren, santu baten irudia zeramatzatela, eta egoera horretan laguntzeko eskatzen zioten santuari; hots, Jainkoaren aurrean haien alde agertzeko.

  Saludador.  izenekoak. Garai hartakoen ustean, zenbait pertsonak sendatzeko botereak zituzten listuan, baraurik zeudenean; besteak beste, hazteria, orbanak eta txakur amorratuen hozkadak sendatzeko gai zirela uste zen. Listua erasandako atalean jartzeko erritualean, zenbait eskari eta erregu egiten zituzten, baita bedeinkazioak ere; horregatik deitzen zitzaien saludador . Garai hartan, ez zegoen apenas medikurik. Izan ere, batez ere, juduak aritu izan ziren medikuntzan, eta, gogoratu behar da Errege-erregina Katolikoek, 1492an, juduak bota zituztela; adibidez, juduak bota ondoren, Gasteizen ez zen mediku bat ere geratu, eta, horren ondorioz, bertan geratzeko eskatu behar izan zioten Antonio de Tornay mediku judu gasteiztarrari, haren ordezko bat aurkitu arte. Beraz, medikurik ezean, garrantzi handia hartu zuten belar biltzaile ek; emakumeak ziren, euskal basoetako landareei eta horien ezaugarri farmakologikoei buruzko ezagutza zuten eta ukendu sendagarriak prestatzen zekiten.

 Nominak. Besteak beste, hortzetako edo erditze minak, sukarra eta heste zizareak ez izateko, hitz batzuk idatzi eta ikur batzuk marrazten zituzten paper batean; ondoren, hura tolestu, poltsatxo batean sartu eta lepotik eskegitzen zuten. Pertsona jainkozaleek soilik zuten nominak egiteko baimena; oro har, apaizak ziren, eta Ebanjelioen hitzak eta gurutzearen ikurra jartzen zituzten nominetan.

  Sorgintza.  Ukendu sendagarriez gain, belar biltzaileek beste hainbat gauza egiten zekiten; adibidez, edabe pozoitsuak, antikontzeptiboak eta abortu eragileak, baita maitasun edabeak ere. Horrez gain, magiaren eta sineskeriaren arloko gauzak ere egin zitzaketen; esate baterako, igarpenak. Oro har, emakume horiek zaharrak eta txiroak ziren, eta, hondamenen bat gertatzen zenean, erruduntzat hartzen zituen komunitateak; besteak beste, soroak pozoitzea eta haurrak hiltzea leporatzen zieten, baita deabruarekin tratuak izatea ere. Orduan, herriko biztanleen iritziz, belar biltzaile hutsak izateari uzten zioten, eta azti arriskutsu bihurtzen ziren. Horren ondorioz, garai hartan, sutan hiltzera zigortu zituzten hainbat belar biltzaile; adibidez, bortuz bestaldean, 1330ean eta 1342an, Jurdana de Irisarri, Aurteguia etxeko andrea eta Gabat etxekoa erre zituzten, aztikeriak egitea leporatuta. Hurrengo urratsa sorgin bihurtzea zen, eta horrek esan nahi zuen Deabrua gurtu, Jainkoaz arnegatu, erritu sataniko kolektiboak egin eta komunitateari sorginkeriak egiten zizkiotela. Adibidez, 1466an Gipuzkoako probintzian " brujas e sorguiñas " zeudela jasota dago. Azkenik, XVI. mendean, sorgin ehizari ekin zioten euskal lurretan; Zugarramurdin 1610ean gertatutakoa izan zen ehiza horretako gertakaririk larriena.

  Heresia.  XV. mendeko lehen erdialdean, Bizkaiko Durangaldeko eskualdean, mugimendu heretiko bat izan zen; horren bultzatzaile nagusia frai Alonso de Mella frantziskotarra izan zen. Zenbait gauzaren ondorioa izan zen mugimendu hori; besteak beste, hauek eragin zuten: beldur giroak, Berant Erdi Aroko krisi sozioekonomikoak, kristautasunaren asimilazio okerrak eta esperientzia milenarista k eragindako berdintasunezko asmo sozioekonomikoek. Esperientzia milenaristaren arabera, Azken Judizioaren aurreko mila urteetan erreinatuko zuen Jesukristok lurrean, eta, denbora horretan, bizitza zailtasunik gabekoa izango zen. Batik bat, sistematik kanpokoek sinesten zuten horretan; hots, marjinatuek, maiorazkoen bigarrenek, jornalariek, etab. Mellaren jarraitzaileei hainbat delitu leporatu zizkieten; hala nola, birao egitea, sexu bekatuak egitea, Elizaren hierarkia ukatzea eta Eskritura Santuak nahierara interpretatzea. 1442an, mugimendu horren zaleak jazartzen hasi ziren. Askok lortu zuten ihes egitea; adibidez, Mellak berak eta mugimenduko beste buru batzuek Granadako mairuen erresumara egin zuten ihes, eta hortik idatzi zion Mellak Gaztelako erregeari, bere kausa defendatzeko. Azkenik, musulmanek beraiek hil zuten. Ihes egitea lortu ez zutenen artean, batzuk bizirik atera ziren, Mellaren doktrina heretikoari uko eginda; uko egin ez ziotenak, berriz, sutan hil zituzten.

Aipatutako beldur giroaz gain, beste elementu batzuek ere lagundu zuten erlijiozkotasun hori Erromak adierazitako ortodoxiatik urrun gara zedin.

Kristautasuna geroago sartu zen euskal lurralde menditsuetan, eta ez behar bezain zuzen. Lurralde horietan, horrez gain, demografi dentsitate txikia zegoen, baita oso habitat sakabanatua ere. Egoera horren ondorioz, aspaldiko ohitura paganoekin nahastu zen kristautasuna; alegia, kristautasunaren zenbait elementu eta aurreko kultura paganoko beste batzuk elkartu ziren ¿esaterako, Marirengan eta akerbeltzarengan sinestea¿. Beraz, Erromak adierazitako ortodoxiarekin bat ez zetorren erlijiozkotasuna sortu zen.

Halaber, lurralde horietako biztanleen espirituko gidaritza ere ez zen egokia izan, bi arrazoirengatik. Alde batetik, landa elizetako apaizek ¿eta hiriko eliza askotakoek¿ ez zuten prestakuntzarik (ez zegoen ikasketak egiteko seminariorik), ezta bokaziorik ere (patronatu laikoko elizetan, ahaide nagusiek aukeratzen zituzten apaizak, oinordetza eskubiderik ez zuten senideen artean). Horrez gain, apaiz horiek eliztarren sineskeria berak zituzten (horien eguneroko kulturan bizi baitziren betidanik), zenbait gizarte eta ekonomi pribilegio lortzeko modutzat soilik hartzen zuten apaizgoa, etab. Beste alde batetik, gotzainek galarazita zuten zenbait lurraldetan sartzea; esaterako, Bizkaiko foruek jaurerrian sartzea galarazten zioten Calahorrako gotzainari, eta, beraz, horrek ezin zituzten bisita kanonikoak egin elizetara. Hain zuzen, bisita horien helburua eliztarren espiritualtasuna egiaztatzea eta bisita horietan zehar hautemandako akatsak zuzentzea zen. Hortaz, normala da kristautasuna bide egokietatik ez joatea eta sineskerien eragina izatea.

Arte eta kultur adierazpenak

Kulturari dagokionez, estetika gotikoa garatu zen Europan Berant Erdi Aroko mendeetan; horrez gain, unibertsitateak finkatu ziren, eta humanismoa agertu. Kultur adierazpen horiek Baskoniara nola iritsi ziren aztertuko dugu.

 Arte gotikoa. Estetika gotikoa Frantzian hasi zen, Saint-Denis elizan ¿hain zuzen, errege panteoian¿, XII. mendeko lehen erdialdean, eta hurrengo mendean sendotu zen. XIII. mendetik aurrera hasi zen euskal lurraldeetan sartzen, apurka-apurka, Nafarroako errege etxearen eta Frantziakoaren arteko harreman estuei esker, batik bat; izan ere, Orreagako Antso VII.a Azkarraren kapera izan zen lehen adierazpen gotikoa. XIV. mendeko Bizkaiko eta Gipuzkoako probintzietako urbanizazio prozesu handiari esker sendotu zen gotikoa, baita XV. mendeko hirien izugarrizko garapenari esker ere. Izan ere, arte gotikoa hiritarra zen, bereziki; katedralak eraikitzeari eta lanaren espezializazioari lotuta zegoen, eta hori hirietan gertatzen zen, bereziki eskulangileek eginiko lana alegia. Artea ulertzeko modu hori euskaldunen gustukoa izan zen, eta, horri esker, ia XVI. mendearen amaierara arte iraun zuen; hala ikus daiteke etxe eta jauregietan eta Bilbaoko eta Gasteizko merkatariek Herbehereetatik inportatzen zituzten artelanetan (triptikoak, oroitarriak, irudiak, etab.). Estetika gotikoa arte nagusiak direlakoetan irudikatzen zen; hots, arkitekturan, eskulturan eta pinturan. Beste leku batzuetan, berriz, Errenazimentua nagusitzen zen.

 Arkitektura. Hona hemen arkitektura gotikoaren ezaugarriak: arku zorrotza edo ogiba arkua, orratzak eta xapitelak (dorreen goialdeko elementuak dira, piramide itxurakoak, eta eraikinen goranzkotasuna azpimarratzen dute); horma bularretan eta ostiko arkuetan ¿hau da, kanpoko arkuetan¿ oinarritutako sistema (kanpoko kontrahormarena egiten dute, hormei eusteko); eta gurutzeria ganga (bi arku edo nerbio zorrotz gurutzatzen dira, eta egitura gogorra osatzen dute). Elementu horiei guztiei esker, oso eliza garai eta handiak eraikitzeko aukera izan zuten, erromanikoak baino horma meheagokoak, eta beirate ugaridunak.

Hauek dira elementu horiek erabiltzen zituen erlijio arkitekturaren zenbait adibide: XIV. mendean, Gasteizko San Frantzisko eta Santo Domingo monasterioak, Gasteizko San Pedro eliza, Laguardiako Santa Maria de los Reyes eliza, Debako Santa Maria la Real eliza, Bilbaoko Santiago, Tuterako katedrala, Baionakoa eta Iruñako katedraleko klaustroa; eta XV. mendean (euskal gotikoaren urrezko aroa), Balmasedako San Severino tenplua, Bilbaoko San Anton eliza, Lekeitioko Santa Maria eliza, Getariako San Salvador eliza, Ondarroako Santa Maria eliza eta Gasteizko San Vicente eliza.

 Eskultura. Irudien bidez, eta erromanikoaren aurrekariaren ildotik, erlijioaren printzipioak ikasten zituzten fededunek; alabaina, zenbait desberdintasun daude estetika erromanikoarekin alderatuta: naturalismoa azpimarratu zen, sentimenduak adierazten zituzten, eta aurpegiak errealistagoak ziren. Esate baterako, Andre Mariaren eta Haurraren irudikapenak gizatiarragoak ziren, edo, beste modu batean esanda, Amaren eta Haurraren arteko harreman afektiboa azpimarratzen zen; hala ikus daiteke euskal Andre Mariaren irudikapenetan: Tuestako Andre Maria, Gasteizkoa, Elorriokoa, Deriokoa, Urduñakoa, etab.

Arkitekturari buruzko atalean aipatutako tenplu guztietako portadetan, eskultura gai guztiak zeuden; adibidez, Tuterako katedraleko Azken Judizioarena, Lizarrako Hilobi Santuarena eta Baionako klaustrokoa. Azpimarratzekoak dira Gasteizko San Pedro eta Laguardiako Santa Maria de los Reyes tenpluetako eskultura multzo polikromatuak.

Hilobi eskulturak azpimarratu behar dira bereziki, eta, horien artean, hildakoa bere gizarte mailari (apaiza, noblea edo burges aberatsa) eta leinuari (Ayala, Guevara, etab.) dagozkien ikur, jantzi eta armarriekin irudikatzen duten monumentu hilobiak. Horrelako eskultura gehienetan, hildakoa etzanda dago irudikatuta, horma bati atxikitako ohe batean edo ohe exentu batean. Azken horiek dira ikusgarrienak; hona hemen zenbait adibide aipagarri: Miguel Sanchez de Asiain Iruñako gotzainaren hilobia, Iruñako katedralean; Karlos III.a Prestuaren eta haren emazte Leonorrena (Borgoinatik inportatutako ereduen eraginekoa), Iruñako katedralean; Pedro de Guevararena, Oñatiko San Miguel elizako kriptan; eta Ayala kantzelariarena eta haren emaztearena, Kexaako monasterioan (Araba).

 Pintura. Arte gotikoaren pintura adierazpenei dagokienez, obra hauek azpimarratu behar dira, besteak beste: Gazeoko eta Alaizako horma multzoak (biak Arabako lautadan), Nuestra Señora del Cabelloko erretaula (Kexaa, Araba) ¿Ayala kantzelariaren eta haren seme Fernan Perez de Ayalaren panteoi kaperarako¿, Tuterako katedraleko Santa Katalinaren erretaula nagusia eta Juan Oliverren Kristoren Pasioari buruzko murala (Iruñako katedraleko jangelakoa). Nafarroako museoan, pintura gotikoari buruzko adibide garrantzitsuak daude; oso ondo daude girotuta, ikusleek jatorrizko kokalekuetan nola egon ziren ikus dezaten.

 Irakaskuntza. XVI. mendera arte, ez zen goi mailako hezkuntzako erakunderik egon euskal lurraldeetan, ezta unibertsitaterik ere. Izan ere, mende hartan sortu zen Oñatiko Sancti Spiritus unibertsitatea. Beraz, horrelakorik ez zenean, euskal ikasleek kanpoko unibertsitateetara joan behar zuten, beren prestakuntza osatzeko; hain zuzen, Gaztelara (Valladolid, Salamanca), Frantziara (Paris, Montpellier, Toulouse) eta Italiara (Bologna) joaten ziren. Urrutiko lekuetara joaten ziren ikasle horiei laguntza ekonomikoak emateko, Nafarroako Joana erreginak Nafarroako Ikastetxea sortu zuen Parisko Unibertsitatean, XIV mendearen hasieran. XIV. mendeko lehen herenean, ordena zistertarraren estudio general delakoa izan zen Lizarran, Salamancara eraman zuten arte.

Oinarrizko hezkuntza udalen ardura zen; izan ere, lehen letretako maisuak kontratatzen zituzten, herriko gazteei irakats ziezaieten. Eta klero erregularrak ¿batik bat, frantziskotarrak eta domingotarrak¿ bere eginkizun apostolikoa egin dezan prestatzeko, eskeko ordenek ikasketa programak zituzten beren ikastetxeetan; azpimarratzekoak dira domingotarrek Gasteizen, Iruñan eta Lizarran zituztenak.

 Literatura eta historiografia. Euskal literaturan, nazioartean ospe handikoak ziren bi idazle zeuden: Pero Lopez de Ayala eta Karlos Vianako printzea. Lehenengoa arteetan interes handia zuen noble talde batekoa zen; noble talde hori XIV. mendean sortu zen, eta gerra ¿nobleen berezko eginkizuna¿ eta letrak uztartzen jakin izan zuen. Pero Lopez de Ayalaren obra nagusia Rimado de Palacio da; Portugalen gatibu zegoela idatzi zuen, Aljubarrotako batailan (1385) preso hartu baitzuten. Karlos Vianako printzea benetako humanista izan zen, eta, Italian zegoela, lehen eskuz bizi izan zuen kultur berrikuntzako mugimendu hori. Musikaren, dantzaren, luxuaren eta animalia exotikoen zalea zen, eta oso liburutegi osoa zuen; besteak beste, egile klasiko grekolatindarren obra ugari zituen. Aristotelesen Etika itzuli, Cartas y requestas poéticas obra konposatu (gaztelaniaz eta katalanez) eta elegia bat idatzi zuen Alfontso V.a Gogohandikoa osaba hil zitzaionean.

Euskal historiografiari ¿hau da, euskaldunek bizi izan zituzten gertakari historikoen zerrendari¿ dagokionez, lau egile eta horien obra bana aipatu behar da: Lope Garcia de Salazar Enkarterriko bandokidea, eta Bienandanzas e fortunas obra (1475ean idatzia, gutxi gorabehera); frai Garcia de Eugui errege konfesorea, eta Crónica de los fechos subcedidos en España desde sus primeros señores hasta el rey Alfonso XI obra (1389); Garci Lopez de Roncesvalles diruzaina, eta Kontuetako Ganberaren 1404. urteko liburukiaren sarrera historikoa; eta Karlos Vianako printzea, eta Crónica de los reyes de Navarra (aldarrikapen gisa idatzi zuen obra hori, haren aitak ez baitzuen hura Nafarroako errege izaterik nahi). Lope Garcia de Salazarren obra da oinaztarren eta ganboatarren arteko bando gerrari buruzko testigantzarik garrantzitsuena; izan ere, hura bera ahaide nagusia izan zen, eta gerra horretan hartu zuen parte. Ayala kantzelariak Gaztelako Pedro I.a, Enrike II.a, Joan I.a eta Enrike III.a monarken erregealdien kronikak ere idatzi zituen.

Eguneroko bizitza

Berant Erdi Aroko euskal lurraldeetako biztanleen eguneroko bizitzako zenbait alderdi zer-nolakoak ziren jakiteko, balizko elkarrizketa bat proposatu da bi pertsonaiaren artean. Elkarrizketa horretan zehar, artxiboetako dokumentuek eta historiagileen ikerketek emandako datuak ezagutarazten dira.

XV. mendearen amaieran, Jean de Flandes maisu hargina Gasteiza iritsi zen, Pedro Martinez de Alava noblearen jauregi etxea eraikitzeko. Eraikinaren planoen aurrean, elkarrizketa animatu hau izan zuten maisuak eta nobleak.

 Alava: Ene maisu ona, sentitzen dut baina esan behar dizut ez zaidala gustatzen proposatzen didazun eraikina; izan ere, ez du inolako zerikusirik nire lurreko arkitekturarekin.

 Jean de Flandes: Jauna, ondo dakit harria lantzeko dudan trebetasunagatik deitu didazula, baina atzerritarra naiz, eta ez dakit zer gustu estetikoren arabera egiten diren hemengo nobleen etxeak. Mesedez, emango al didazu horri buruzko informazioa?

 Alava: Hemen nagusi den eraikin mota dorretxea edo gotorretxea da, eta horiek oinplano karratuko edo angeluzuzeneko dorreak dira. Hormek metro bat eta erdiko lodiera dute, gutxi gorabehera; beraz, oso sendoak dira, eta, haiek eraitsi ahal izateko, bonbardak erabili behar dira. Horrelakoa da, adibidez, Diego Sanchez de Basurtoren dorrea. Erasotzaileak dorretxeetako sarrera nagusitik sar ez daitezen, atea lehen solairuan dago. Ate horretara iristeko, harrizko eskalinata bat (patina) dago kanpoaldean, baina dorretik bereizia, eta zubi altxagarri txiki baten bidez lotzen dira eskalinata eta atea. Dorreek leihate gutxi izan behar dituzte, geziak haietatik sar ez daitezen. Horixe gertatu zitzaion Kontrastako jaun Joan de Lezcanori 1479an; izan ere, gezi batek hil zuen. 20 metroko altuera izaten dute dorreek, erasotzaileei irakiten dagoen likidoa botatzeko. Zenbait dorre gazteluen oso antzekoak dira; izan ere, kanpo harresiak eta albo kuboak dituzte, baita lubanarroa ere. Ospetsuenak Guevara, Butron, Muñatones, Martiartu, Muncharaz eta Barajuen dira.

 Jean de Flandes: Eta zergatik eraikitzen dira dorre horiek?

 Alava: Oinarrian, bi arrazoirengatik: alde batetik, jabeari prestigioa ematen diotelako eta, beste batetik, etsai diren familia leinuen aurka defendatzeko, hamalaugarren mendean eta ia hurrengoaren amaierara arte, batik bat. Garai hartan, nobleek borroka bortitzetan jardun zuten, bando borroketan, hain zuzen. Bandoak oinaztarrak eta ganboatarrak ziren, eta landa jaunek jasotzen zituzten errenta feudalak gero eta txikiagoak zirelako hasi ziren.

 Jean de Flandes: Denek egin al ditzakete dorretxeak?

 Alava: Bizkaiko Foruaren arabera, kapareek soilik egin ditzakete. Gainerako biztanleek etxe lauak egin behar dituzte, defentsa elementurik eta elementu militarrik gabe, alegia. Nekazarien etxeak, adibidez ¿ baserri ak deitzen zaie¿, harrizkoak dira, eta zurezko egitura dute. Horrez gain, teilatu gailurra fatxada nagusiarekiko zut dago, eta teilatua bi isurialdekoa da. Hiru hormarte dituzte, eta horietako erdikoa alboetakoa baino zabalagoa da. Beheko solairuan, sukaldea eta ukuilua daude; lehengoan, etxebizitza; eta, horren gainean, ganbaran, biltegia. Baserri horiek beste eraikin batzuk dituzte itsatsita; esate baterako, dolarea (sagardoa egiteko), labea (ogia egosteko) eta garaia (garia, sagarrak, eta abar gordetzeko).

 Jean de Flandes: Hiribilduetako etxeak desberdinak dira, Gasteiza iritsi naizenetik egiaztatu ahal izan dudanez: elkarri atxikiak dira, mehelin horma baten bidez, eta gehienak zurezkoak dira, eta lastozko teilatukoak. Eskulangileen etxeetan, denda dago aurrealdean, eta, atzealdean, berriz, baratzea, putzu itsua edo eskorta txiki bat. Etxe gehienetan, oso altzari gutxi daude, eta familiako zenbait kidek egiten dute lo ohe berean.

 Alava: Ikusten dudanez, oso behatzaile zorrotza zara, baina asko aldatu dira gauzak hiribilduak fundatu zirenetik; izan ere, garai hartan, espazioa 8 x 12 m-ko zati berdinetan banatzen zen, biztanle berriek beren etxeak egin zitzaten. Hala egin zuten, esate baterako, Urretxun, 1383an. Gaur egun, duela 50 urte ingurutik hona, demografi hazkunde handia gertatu da, eta, horren ondorioz, zati horiek birzatitu egiten dira, hirugarren solairua egiten da, eta errebalak sortu dira; alegia, harresiz kanpoko etxebizitza guneak. Gasteizen, bost errebal daude: Aldabe, San Martin, San Ildefonso, Adurza, Santa Clara eta Magdalena.

 Jean de Flandes: Hainbeste jende, eta hain kale estuak¿ Izan ere, ikusi dudanez, lau metro zabal dira, gutxi gorabehera. Higiene arazo handiak izango dira, ezta?

 Alava: Hala da! Kaleak txarto aireztatuta daude, auzokoek kaleetara botatzen dituzte zikinkeriak, harakinek kale gorrian ateratzen diote odola ganaduari, eta kalera botatzen dituzte hondakinak. Gauza bera egiten dute arrain saltzaileek eta barazki saltzaileek. Neguan, kaleak lokaztuta daude beti, eta animaliak haietatik ibiltzen dira; batik bat, biztanleek beren elikadurarako dituzten txerriak. Zorionez, duela hogeita bost bat urtetik hona, onera egin dute gauzek, aurreko egoera izurrite haztegi handia baitzen. Gaur egun, hiltegien aldeko apustua egin da, eta hirietatik kanpo jartzen dira. Duela gutxi egin dute Tolosan eta Seguran, eta ziur nago Gasteizen gutxi barru egingo dutela. Estolderia eta hoditeria sistema itxia egin da, ur beltzak eta gainerako hondakinak ikusi eta usaindu gabe kanporatzeko. Kaleak zolatzen hasi dira, errazago garbitu ahal izateko. Astean behin, auzokoek beren etxeek hartzen duten kale zatia garbitu behar dute. Debekatu egin da animaliak kaleetan ibiltzea eta horietara edozein zabor mota botatzea. Eta, horrez gain, 1490etik, " zaborren alkate " bat dugu Gasteizen, eta horrek hiriko higiene baldintzak onak izan daitezen zaintzen du; izan ere, ez dugu ahaztu behar oso arriskutsua dela.

 Jean de Flandes: Nire aberrian, Herbehereetan, aspalditik utzi genion eraikuntzan zura erabiltzeari, suteak gertatzeko arriskua oso handia baita. Alabaina, ohartu naiz hemengo etxe gehienak material horretakoak direla.

 Alava: Hala da, eta horri buruzko esperientzia oso gogorra izan da; izan ere, etxebizitza asko erre dira, eta lagun ugari hil, suteen ondorioz. 1202an, ia Gasteiz osoa suntsitu zuen suak, baita 1436an eta 1443an ere. Donostian ere gertatu izan dira suteak, 1433an, 1483an, 1489an eta 1496an; eta Bermeo eta Lekeition, 1422an. Suteak gertatzea eragozteko, udal agintariak zenbait neurri hartzen hasi dira; besteak beste, etxeak karez eta harri koskorrez egitea, etxeetan erraz erre daitezkeen materialak ez gordetzea, lastozko teilatuak erabiltzeari uztea, etxeko suak metalez babestea, hormak karez zuritzea, haize handiko gauetan suterik gerta ez dadin zaintzea, eta hiribilduko zenbait lekuren artean suhesiak jartzea (hori egin zuten Lekeition, 1490ean). Baina, edonola ere, sute bat pizten bada, hiribilduko auzoko guztiek lagundu behar dute hura amatatzen; horretarako, gauero, urez betetako pertzak uzten dituzte etxeko atearen ondoan. Eta arotzak arduratzen dira sutearen bidea eteteaz.

 Jean de Flandes: Atzo gauean, nire ganberan planoetan lan egiten ari nintzela, eztei oturuntza bateko kantikak entzun nituen eta arreta galdu nuen. Nolakoak dira euskaldunen ezkontzak?

 Alava: Ene Jean maisu ona, esango dizut emakumezkoak 12 urtetik aurrera ezkon daitezkeela, eta gizonezkoak, berriz, 14 urtetik aurrera. Hala ere, familien arteko ezkontza hitzarmena ezkongaiak haurrak direnean egiten da. Gurasoek aukeratzen dituzte hautagaiak, seme-alabak aintzat hartu gabe, eta interes bakarra gizarte eta ekonomi mailan hobetzea da. Hori dela eta, gizonezkoek ezkontza horniak eman behar dituzte ¿normalean, oinetxearen jabetza¿, eta emakumezkoek, ezkonsaria. Ezkonsariaren zenbatekoa gizarte garrantziaren araberakoa izaten da; adibidez, Karlos III.a Prestuak 15.000 urrezko florin eman zizkion Joana alaba zaharrari. Beste hitz batzuetan esanda, negozioa da ezkontza, eta, XV. mendearen aurretik, onargarritzat hartu ahal izateko, nahikoa zen bi alderdien arteko hitzarmen soila eta, ondoren, ezkontza eginbideak betetzea. Egun, Elizak ezkontzak bere aurrean egiteko eskatzen du, baita ezkongaien lekukoak izateko, ezkondeiak egiteko ¿hots, bigamia eta ahaidetasun maila debekatuen arteko ezkontzak (adibidez, lehengusu-lehengusinen artekoak) eragozteko¿ eta ezkontza sakratu egiteko ere.

 Jean de Flandes: Ez al da inor ezkontzen maiteminduta?

 Alava: Hori gizarteko behe mailakoei soilik dagokie. Guk ¿nobleok eta burges aberatsok¿ gure leinua (abizena eta arbasoen jatorriak) zaindu behar dugu, baita gure ondarea ere (oinetxea eta maiorazkoa); horren ondorioz, ezin dugu dena arriskatu zoritxarreko maitemintze batengatik. Gonzalo Gomez de Butronen kasua datorkit burura. Klausula berezi bat sartu zuen 1487an egindako testamentuan, eta, klausula horren bidez, Tristan de Leguizamon semeren batekin ezkontzea debekatu zion alabari. Baina horrek ez du esan nahi maitale batzuek ihes egin ez dutenik, gurasoen desioen aurka, edo dontzeilarik bahitu ez denik.

 Jean de Flandes: Herbehereetan, gure adinekoak laguntzeko gizarte sistema bat dugu. Nola dago hori euskaldunen artean?

 Alava: Egia esan, zenbait mekanismo hartu izan dira adinekoak abandonatzea eragozteko. Esaterako, Bizkaiko Foruan xehatzen denez, behin ezkontzan oinetxea seme zaharrari emanda, gurasoek etxean bizitzen jarrai dezakete, eta, tratu desegokia izanez gero, oinetxearen jabetza kentzen zaio semeari. Halaber, emaile sistemaren bidez babesetxe diren ospitaleak daude. Bakarrik dauden eta baliabide gutxi duten adinekoek ondare guztiak ematen dizkiote ospitale bati, dohaintzan, eta hortik datorkie emaile izena. Ondareen truke, ospitalea arduratzen da horiek elikatzeaz, janzteaz eta zaintzeaz (gaixorik daudenean). Horrez gain, hiltzen direnean, dagozkien hileta elizkizunak egiten zaizkie. Gremioak eta kofradiak ere badaude, eta horiek ere laguntzen diete kide zaharrei. XIV. mendean, Bermeoko arrantzaleen kofradiak harrapaketen zati bat emateko agindu zuen, adineko behartsuei laguntzeko.

 Jean de Flandes: Ai, don Pedro! Bizitza honen segurtasunik handiena aipatu duzu: heriotza, negar haran honetan zehar egiten dugun ibileraren amaiera.

 Alava: Zenbat arrazoi duzun, maisu Jean! Baina jakin behar duzu, testamentuari esker, lasaiago egiten diogula aurre heriotzari XIII. mendetik hona. Testamentuan, jaraunspenari buruzko gaiak ordenatzen ditugu, eta, batik bat, arimari buruzkoak, Purgatorioan egingo dugun egonaldia laburtzeko eta Azken Judizioan onik irteteko. Horri buruzkoak dira manda pro anima izenekoak; horietan, besteak beste, mezak hartzen dira barne ¿zenbat eta gehiago izan, orduan eta hobeto (bederatziurrenak, hogeitamarrurrenak, urte buruak, kapilautzak, etab.)¿, eta behartsuentzako dirua (janariak eta jantziak emateko), dontzeila behartsuentzako dirua (ezkontzeko aukera izan dezaten), eta elizak eta ospitaleak eraikitzeko dirua. Adibidez, Gasteizko San Pedro ospitalea ¿izen bereko elizatik hurbil dago¿ Garci Martinez de Estellak sortu zuen, XIV. mendearen amaieran, testamentu klausula baten bidez. Beste mundurako bidaia egiteko hil jantzitzat, eskeko ordenen abitua da hiri honetan gehien aukeratzen dena; hots, frantziskotarrena eta domingotarrena.

 Jean de Flandes: Baina pasa gaitezen gai alaiagoetara, jaietara, alegia. Nolakoak dira dibertimenduak? Esan didate euskaldunek beste inork ez bezala dakitela dibertitzen. Egia al da hori?

 Alava:  A priori , badirudi nekazariek, jornalariek, eskulangileek, merkatariek, garraiolariek eta abarrek urte osoa ematen dutela lanean, egunsentitik egunera arte. Baina hori ez da zuzena; izan ere, pozteko aukera ugari daude. Calahorrako gotzainek ¿Diego de Zuñigak, 1410ean, eta Juan de Quemadak, 1480an¿ errespetatu beharreko 53 erlijio jaietako egutegi bat egin zuten: Pazkoa, Corpus Christi, San Simon eta San Judas, San Joan, Haurtxo Errugabeak¿ Horiei urteko 52 igandeak batuz gero, 105 jaiegun daude, guztira. Eta horiei guztiei beste mota batzuetako jaiak gehitu behar zaizkie; besteak beste, jaiotzak, ezkontzak, errege-erreginen bisitaldiak, gure armaden garaipenak ¿adibidez, 1492an Diego Martinez de Alava gasteiztarrak, 400 gasteiztarren buru zela, Granadako konkistan parte hartu zuenean¿, eta gure errege-erreginen koroatzeak (gogoangarria da Iruñan Karlos II.a Gaiztoa eta haren seme Karlos III.a Prestua koroatu zirenekoa). Erlijio jaien ospakizunak oso antzekoak dira: goizeko mezarekin hasten dira, eta, ondoren, prozesio bat egiten da herriko kaleetan zehar. Erlijio eginkizunen ondoren, jolas jarduerak datoz. Hona hemen ohiko olgeta moduak: behi, zezenko edo zezen entzierroak, bola jokoak ( birlo jokoa deitzen zaio), abilezia jokoak (lantza edo baleztekin) eta dantzak (danbolin joleek eta dultzaineroek alaituak). Batzuetan, juglareei deitzen zaie, beren txantxekin publikoa diberti dezaten. Ondoren, bazkalordua iristen da, eta, horretan, mahai berean biltzen dira kale bereko auzokoak, gremio edo kofradia bateko kideak, udalbatza, etab. Gaur egun, hamabosgarren mendearen amaieran, eta, batik bat, Gaztelako barrualdea eta Europako iparraldea lotzen dituen merkataritza bide garrantzitsutik hurbil dauden euskal hiribilduetan, ardoa, espezieak, frutak, okela, arrainak eta esnekiak lortzeko aukera oso handia da. Baina horrek ez du esan nahi sabelkeria sustatzen denik; izan ere, berorrek ondo dakienez, gure erlijioak jazartzen dituen bekatu nagusietako bat da sabelkeria. Horregatik, oturuntzek ahalik arinenak izan behar dute moralari dagokionez, eta ez dute gehiegizko gasturik eragin behar.

 Jean de Flandes: Eta ez al dago ordena publikoko arazorik?

 Alava: Bai, horixe! Jendea Bako bezala irteten da oturuntzetatik. Agintariek karta jokoei adi egon behar dute, inork dirurik joka ez dezan eta, beraz, liskar bortitzik sor ez dadin. Ezin da dado jokoan aritu, iruzur ugari egiten baitira eta tranpati askok jokatzen baitute. Gauetan, kaleak argiztatu behar dira, ilunpetan gera ez daitezen eta iluntasun hori ekintza lizunak egiteko aitzakia izan ez dadin. Emakumeak ezin dira gauez irten, inork irain ez ditzan; batik bat, leku batetik bestera nora ezean dabilen bako horiek irain ez ditzaten. Halaber, ezin dira beren kaleetatik irten, erromerien edo dantzen atzetik joateko; izan ere, beren kaleetan egin behar dute dantza, haietan babestuago baitaude. Kontu handia izan behar dugu arlote, eskale eta behartsu faltsuekin; izan ere, aukera horiek aprobetxatzen dituzte hirietan sartzeko. Beraz, pertsona horien errolda egin behar da, deliturik ¿adibidez, lapurretarik¿ egin ez dezaten.

 Jean de Flandes: Elkarrizketa honi esker, badakit nolakoa den euskaldunen bizitza, eta horrek asko lagunduko dit zure jauregi etxeko planoak berregiteko eta zure estiloarekin eta gustu estetikoarekin asmatzeko.

Oinarrizko kronologia

Oinarrizko bibliografia

Bibliografia

  • 1300: Diego Lopez de Harok Bilbao hiribildua fundatu zuen
  • 1312: Bortuz bestaldean, Labastida-Clairence fundatu zen (Nafarroa Beherea)
  • 1322: Maria Diaz de Haro Onak Portugalete hiribildua fundatu zuen
  • 1325: Maria Diaz de Haro Onak Lekeitio hiribildua fundatu zuen
  • 1327: Maria Diaz de Haro Onak Ondarroa hiribildua fundatu zuen
  • 1328: Nafarroa Frantziako koroatik bereizi zen. Joana II.a eta Felipe III.a Evreuxkoa Nafarroako errege-erregin koroatu zituzten
  • 1328: Lizarrako eta merindade horretako juduen hilketa egin zen
  • 1330: Joana II.ak eta Felipe III.a Evreuxkoak Nafarroako Foruaren hobekuntza egin zuten
  • 1332: Arriagako kofradia (Araba) desegin egin zen
  • 1341: Bortuz bestaldean (Nafarroa Beherea), Luxa eta Agramont bandoen arteko borrokak amaitzeko ordenantzak egin zituzten
  • 1342: Joan Nuñez de Lara bizkaitarrak bere koaderno penala idatzi zuen
  • 1346: Eibar hiribildua fundatu zen
  • 1348: Izurri Beltzaren izurritea gertatu zen
  • 1350: Nafarroako Karlos II.a Gaiztoa koroatu zuten
  • 1355: Markina hiribildua fundatu zen
  • 1356: Elorrio hiribildua fundatu zen
  • 1357: Alexandro IV.a aita santuak Nafarroako errege-erreginak gantzutzeko eta koroatzeko boterea eman zion Iruñako gotzainari
  • 1366: Nafarroako libro de fuegos delakoa egin zen: erresumaren biztanle errolda. Gaztelako Enrike II.ak Treviño hiribildua eman zion Gaztelako aurreratu nagusi Pedro Manriqueri. Gernika hiribildua fundatu zuten
  • 1370: Joan printzea Bizkaiko jaun izendatu zuten. Enrike II.ak Lenizko harana eman zion Beltran de Guevarari
  • 1373: Aiarako Forua egin zuten
  • 1376: Nafarroak espedizio bat bidali zuen Albaniara
  • 1379: Bizkaiko Jaurerria Gaztelako koroan sartu zen, Joan II.a Gaztelako erregea eta Bizkaiko jauna baitzen
  • 1383: Zestoa hiribildua fundatu zuten
  • 1389: Frai Garci de Euguik Crónica de los fechos subcedidos en España desde sus primeros señores hasta el rey Alfonso XI idatzi zuen
  • 1390: Nafarroako Karlos III.a Prestua koroatu zuten
  • 1394: Bizkaiko ermandadearen ordenantza koadernoa egin zen. Avellanedako Forua
  • 1397: Gipuzkoako ermandadearen ordenantza koadernoa egin zen
  • 1400: Lapurdiko ermandadearen ordenantzak egin ziren
  • 1404: Garci Lopez de Roncesvallesek Nafarroako historia idatzi zuen urte horretako Kontuetako Ganberaren liburukiaren sarreran
  • 1407: Oliteko merindadea sortu zen, Lizarrako, Zangozako eta Erriberako merindadeetako leku desberdinekin
  • 1412: Erronkariko biztanleek kaparetasun kolektiboa lortu zuten. Fernan Perez de Ayalaren eta Martin Ruiz de Abendañoren arteko borrokak gertatu ziren, Orozkoko jaurerria lortzeko
  • 1417: Arabako probintziako lehen ermandadea sortu zen
  • 1418: Karlos III.a Prestuak Nafarroako Foruaren hobekuntza egin zuen
  • 1423: Iruñako hiru biztanle guneek bat egiteko pribilegioa lortu zuten
  • 1437: Arrasateko burdinolen ordenantzak egin ziren
  • 1439: Nafarroako Blanka erreginaren testamentuari jarraituz, haren senar Joan II.a izan zen erregea
  • 1440: Baztango haraneko biztanleek kaparetasun kolektiboa lortu zuten
  • 1442: Durangoko heretikoen jazarpena hasi zen
  • 1448: Ganboatarrek Arrasate erre zuten
  • 1449: Frantsesek Zuberoa konkistatu zuten, Ehun Urteko gerraren amaieran. Ordura arte, Ingalaterrarena zen
  • 1450: Frantsesek Lapurdi konkistatu zuten, Ehun Urteko gerraren amaieran. Ordura arte, Ingalaterrarena zen
  • 1451: Nafarroako gerra zibila gertatu zen, agramondarren (Joan II.aren aldekoak) eta beaumondarren (Joanen seme Karlos Vianako printzearen aldekoak) artean
  • 1452: Bizkaiko Foru Zaharra idatzi zen
  • 1456: Ahaide nagusiek Gipuzkoako zortzi hiribilduri egin zieten desafio. Horren ondorioz, ahaide nagusien gotorretxeak eraitsi eta horietako nagusiak Granadako erresumarekiko mugara erbesteratu zituzten
  • 1461: Karlos Vianako printzea hil zen
  • 1464: Nafarroako Blanka hil zen
  • 1463: Arabako eta Gipuzkoako ermandadeen azken ordenantza koadernoa idatzi zen
  • 1468: Elorrioko bataila gertatu zen, oinaztarren eta ganboatarren artean
  • 1469: Aiarako Forua handitu egin zuten
  • 1474: Markinako burdinolen ordenantzak idatzi ziren
  • 1475: Lope Garcia de Salazarrek Bienandanzas e fortunas obra amaitu zuen
  • 1476: Fernando Katolikoaren kapitulatu a eman zitzaion Gasteizi; horren bidez, Ayalastarren eta Callejastarren arteko bando gerra amaitu eta udal gobernua aldatu zen
  • 1479: Nafarroako eta Aragoiko Joan II.a hil zen. Leonor alabak ordezkatu zuen. Leonor erregina hil zen. Haren biloba Francisco Febok ordezkatu zuen. Bizkaiko hiribilduen ermandadearen ordenantzak idatzi ziren
  • 1482: Gasteizko Udalak auzoko juduen aurkako neurri segregazionistak hartu zituen
  • 1483: Isabel Katolikoak Gasteizko foruak eta pribilegioak zin egin zituen, Arriagako portalean
  • 1486: Balmasedako juduak bota zituzten
  • 1487: Chinchillak ordenamendua eman zuen: Lurralde irekiaren eta Bizkaiko Jaurerriko hiribilduen arteko erakunde bereizketa. Aiaratarrek uko egin zioten beren ohiturazko foruari, eta Gaztelako errege legeak onartu zituzten
  • 1496: Alexandro VI.a aita santuak Santa Maria Gasteizko parrokietatik bereiztea baimendu zuen, eta horretara Armentiako San Andres kolegiata (Arabako gotzaintzaren egoitza zaharra) eramatea
  • 1498: Nafarroako erresumako juduak bota egin zituzten
  • 1512: Albako dukeak Nafarroa inbaditu zuen. Gaztelak erresuma konkistatu zuen
  • AGIRREAZKUENAGA, Joseba (zuz.): Gran atlas histórico del mundo vasco , Ed. del Pueblo Vasco, Bilbao, 1994 (berrargitalpena: Gran atlas histórico de Euskal Herria , Lur, Bilbao, 1995).
  •  ATLAS histórico-geográfico del País Vasco , Haranburu, Donostia, 1982.
  • BAZAN, Iñaki (zuz.): De Túbal a Aitor. Historia de Vasconia , La Esfera de los Libros, Madril, 2002.
  • CARO BAROJA, Julio (zuz.): Historia General del País Vasco , Donostia-Bilbao, 1980, II. liburukia.
  •  ENCICLOPEDIA General Ilustrada del País Vasco , Auñamendi. Estornes Lasa anaiak, Donostia, 1968-..., 53 liburuki.
  • GARCIA DE CORTAZAR, Fernando eta LORENZO ESPINOSA, Jose Maria: Historia del País Vasco. De los orígenes a nuestros días , Txertoa, Donostia, 1997.
  • GARCIA DE CORTAZAR, Fernando eta MONTERO, Manuel: Diccionario de Historia del País Vasco , Txertoa, Donostia, 1980, 2 liburuki.
  • GOYHENETCHE, Manex: Historia General del País Vasco. Tomo I. Prehistoria-Época romana-Edad Media , Ttarttalo, Donostia, 1999.
  • MARTIN DUQUE, Angel (zuz.): Gran atlas de Navarra. II. Historia , Caja de Ahorros de Navarra, Iruña, 1986.
  • MONTERO, Manuel: Historia del País Vasco. De los orígenes a nuestros días , Txertoa, Donostia, 1998.
  •  NOSOTROS los vascos. Arte , Bilbao, 1987, I. eta II. liburukiak.
  • RAMIREZ BAQUERO, Eloisa: Historia de Navarra. II. La Baja Edad Media , Nafarroako gobernua, Iruña, 1999.
  • RIVERA, Antonio (zuz.): Euskal Herriaren Historia , Lur, Bilbao, 1998.

Orria posta elektronikoz bidali

< * Bete beharreko alorrak

Eskerrik Asko.
artikuluan arrakastaz bidalita da.

cerrar ventana
Lagun iezaguzu hobetzen! Zure iritzia garrantzitsua da, eta horregatik eskertuko genizuke zure iritziak eta iradokizunak info@hiru.eus helbidera bidaltzea.

* Bete beharreko alorrak
cerrar ventana

 

¿Qué son los iconos de "Compartir"?

 

Todos los iconos apuntan a servicios web externos y ajenos a HIRU.com que facilitan la gestión personal o comunitaria de la información. Estos servicios permiten al usuario, por ejemplo, clasificar , compartir, valorar, comentar o conservar los contenidos que encuentra en Internet.

¿Para qué sirve cada uno?

  • facebook

    Facebook

    Comparte con amigos y otros usuarios fotos, vídeos, noticias y comentarios personales, controlando la privacidad de los mismos.

     
  • eskup

    Eskup

    Conversa sobre los temas que te interesan y que proponen los expertos. Todo ello en 280 caracteres con fotos y vídeos. Lee, pregunta e infórmate.

     
  • delicious

    Twitter

    Contacta y comparte con amigos, familiares y compañeros de trabajo mensajes cortos (tweets) de no más de 140 caracteres.

     
  • tuenti

    Tuenti

    Conéctate, comparte y comunícate con tus amigos, compañeros de trabajo y familia.

     
  • technorati

    Google Buzz

    Comparte tus novedades, fotos y vídeos con tus amigos e inicia conversaciones sobre los temas que te interesan.

     
  • meneame

    Meneame

    Sitio web que se sirve de la inteligencia colectiva para dar a conocer noticias. Los usuarios registrados envían historias que los demás usuarios del sitio pueden votar.

     
 

 

cerrar ventana

Derechos de reproducción de la obra

 

Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailarenak dira hiru.eus webgunearen eta bertan agertzen diren elementu guztien jabetza intelektualaren eskubideak.

Halere, baimenduta dago hezkuntzaren esparruan hiru.eus-eko edukiak erabiltzea, betiere webguneari aipamena egiten bazaio eta Creative Commons CC-BY-NC-SA lizentziaren baldintzapean.
Informazio gehiagorako: pdf dokumentua jaitsi (943,2k).

Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak bere buruari aitortzen dio, edozein unetan eta aurretiaz ohartarazi gabe, bere webguneko informazioa edota haren konfigurazioa edo itxura aldatzeko eta eguneratzeko ahalmena.

Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak ez du bermatzen ez dela akatsik egongo webguneko sarbidean, ezta han jasotako edukietan ere. Era berean, ez du ziurtatzen eduki hori behar bezala eguneratuta egongo denik. Dena den, beharrezko ahalegin guztia egingo du akats horiek saihesteko, eta, hala behar izanez gero, ahalik eta azkarren konpontzeko edo eguneratzeko.

Webgunera sartzea eta bertan jasotako informazioaz egiten den erabilera soilik erabiltzailearen erantzukizuna dira. Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak ez du inolako erantzukizunik izango webgunera sartzeak edo hango informazioa erabiltzeak sor litzakeen ondorio edo kalteen aurrean, bere eskumenen erabilera zehatzetan jarraitu behar dituen legezko xedapenak ezartzearen ondorio diren egintza guztietan izan ezik.

Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak ez du bere gain hartzen webgunean aipatzen diren kanpoko beste esteka batzuetara konektatzetik edo haietan jasotako edukietatik erator daitekeen inolako erantzukizunik.

Webgune honetan jasotako informazioa baimenik gabe edo oker erabiltzeak eta Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailaren jabego intelektual eta industrialaren eskubideetan sorturiko kalte eta galerek legez dagozkion egintzak erabiltzeko bidea emango diote aipatutako Administrazioari, eta, hala badagokio, erabilera horren ondorio diren erantzukizunak hartuko ditu.

  Pribatutasuna

Interesatuak emandako datuak dagokion prozedura edo egintzan aurreikusitako helburuetarako baino ez dira erabiliko.

Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Saileko Etengabeko Ikaskuntzako Zuzendaritza da datu horiek biltzen dituen fitxategiaren erantzulea, eta haren aurrean egikaritu ahal izango dira sartzeko, zuzentzeko, deuseztatzeko eta aurka egiteko eskubideak. Horretarako, eskura duzu info@hiru.eus helbide elektronikoa.

cerrar ventana