iBet uBet web content aggregator. Adding the entire web to your favor.
iBet uBet web content aggregator. Adding the entire web to your favor.



Link to original content: https://sustatu.eus/1450179046
"Halloween - Animen Gauaren bilakaera Euskal Herrian" aztergai Ozaitak eta Altunak, Juan San Martin Bekan Sustatu.eus - Teknologia albisteak
Teknologia albisteak

"Halloween - Animen Gauaren bilakaera Euskal Herrian" aztergai Ozaitak eta Altunak, Juan San Martin Bekan

Erabiltzailearen aurpegia
Egoibarra, Eibarko Udala
2015-12-15 : 12:30

Jaime Altuna eta Josu Ozaita ikerlarien lanak jaso du 2015eko Juan San Martin beka. Euskal Herrian, Halloween edo Animen gauaren ospakizunen inguruan, azken urteotan izandako bilakaera aztertuko dute. Etnologia zen aurtengo gaia, eta ikerlariek, metodo kualitatiboa erabilita, Eibarren eta eskualdean gaiari buruz dagoen guztia batuko dute; idatziz eta ahoz jasotako testigantza guztiak aztertuko dituzte. Interes sozial handiko lana: guraso talde, aisialdi elkarte eta hezkuntza eragileentzako batik bat. 

Halloween izeneko jaia Euskal Herriko kaleak hartzen ari da Ameriketako Estatu Batuetako hedabideen, kultur ekoizpenen eta kontsumo industriaren bitartez. Haur eta gazteentzat erakargarritasun handiko ezaugarriak ditu: iluntasuna eta beldurrarekin jolasteko aukera, mozorrotzeko egokiera eta goxokiak jateko aitzakia.

Hala ere, helduek ez dituzte begi onez ikusten ospakizun hauek, atzerritik inportatuak direla argudiatuta eta bertakoa ez den kultur industriaren asmakizun berria iruditzen zaielako. Ezustean, heldu horietako asko aho bete hortz geratu dira, duela hamarkada batzuk Euskal Herrian kalabazak hustu eta kandelak barruan ipinita antzeko errituak haurren artean zabalduak zeudela jakiterakoan.

Izan ere, urriaren 31n Arimen Gaua ospatzeko ohitura Euskal Herriko txoko askotan oso zabaldua zegoen. Iluntzean haur eta gazteak bide bazterretan kandelak ezkutatzeaz gain, etxez etxe eske-errondak egiten ziren neguan ospatzen diren beste jai ezagunetan bezala. Ikerketa honen bitartez garai haietan ospatzen zutenen esperientzia eta bizipenak bildu nahi dira, baina batez ere, eta hemen dago berrikuntza agerikoena, gaurko haurren begietatik eta diskurtsotik aztertu nahi dute fenomenoa; etengabeko mugimenduan dabilen tradizio honen prozesua azaldu.

Ikerlariak, Jaime Altuna eta Josu Ozaita, ez dira hasiberriak ikerkuntzaren munduan. Ozaita ibartarrak ikerketa eder askoa du egina Tolosaldeko gazteek hitanoari buruz duten pertzepzioaren ingurua, eta Jaime Altuna billabonatarrak urteak daramatza gazteen hizkuntza erabilera aztertzen eta euskal jolasak ezagutarazten.

Ozaitak eta Altunak adierazi dutenez, "interes sozial handiko lana izango dela iruditzen zaigu: guraso talde, aisialdi elkarte eta hezkuntza eragileentzako batik bat. Beren ekinbidea garbiago ikusteko lagungarri izan daiteke lan hau".

Juan San Martin Bekaren ibilbidea

Juan San Martin beka 2001 urtean jarri zen abian Eibarko Udalaren eta Udako Euskal Unibertsitatearen arteko lankidetzan.

Bekaren helburua euskarazko ikerketa sustatzea da eta Juan San Martin ikerlari eibartarra omentzea. Lantzen diren ikerketa esparruak Juan San Martinek bere bizitzan zehar landutakoak dira.

2015ean dagoeneko esleituta dagoen beka kontuan hartuta, 12 deialdi argitaratu dira. Urte hauetan guztietan 70 lagun aurkeztu dira deialdiotara. Beka 9.000€koa da eta sari hori 11 lagunek jaso dute. 2008ko beka ez zen esleitu epaimahaiak nahikoa mailarik ez zuelako ikusi proposameneta.

Emandako beka horietako 9 bukatuta daude eta horietatik 6 lan argitaratuta daude.  

Argitaratutako lan guztiak Eibarko Juan San Martin Udal liburutegian daude eskuragarri.

Honako hauek dira orain arte eskaini eta landu diren gaiak eta irabazleak:

2001ean

  • Antropologia eta Filologia
  • Patxi Salaberri Zaraitegi.
  • Euskal deiturategia: patronimia. (ISBN: 978-84-8438-039-4; 2003) 

2002an

  • Artearen historia eta Historia
  • Gotzon Iparragirre Burgoa
  • Liberalismoa Eibarren XIX. mendean. (Debarroko oasi liberala; 978-84-8438-171-6; 2008) 

2003an

  • Botanika eta Mendizaletasuna
  • Aitor Gerenabarrena Osa, Asier Arregi Hernandez eta Imanol Manterola Agirrezabala
  • Debabarreneko landaredia ibilbideen bitartez.

2004an

  • Kazetaritza eta Literatura
  • Idurre alonso Amezua
  • Euskal literatur sistema eta hierarkizazio prozesuak irakaskuntzan (Erdigune literarioak irakaskuntzan. 978-84-9860-328-6; 2013). 

2005ean

  • Zuzenbidea eta Filosofia
  • Joxe Azurmendi Otaegi
  • Humboldt: hizkuntza eta pentsamendua.(ISBN: 978-84-8438-099-3; 2007) 

2006an

  • Linguistika eta toponimia
  • Maia Duguine Haristoy
  • Argumentu isilen tipologiatik orotariko teoriara (Argumentu isilak eta hizkuntza aldakortasuna. ISBN: 978-84-8438-329-1; 2010) 

2007an

  • Antropologia eta Arkeologia
  • Aitzol Loiola Idiakez
  • Gaztedia Eibar herriaren giza eraikuntza-eraldakuntzan

2008an

  • Artea eta Mendizaletasuna
  • Hutsik geratu da.

2009an

  • Artea
  • Javier Muñoz
  • Euskal Herriaren eraikuntza gerra ostean: Eibarko herriaren berreraikuntza (Edizio digitala; ISBN: 978-84-695-8668-6)

2011n

  • Mendizaletasuna
  • Haritz Monreal Zarraonandia
  • Mendizaleen literatura: narratiba biografikoaren azterketa konparatiboa
  • Ez du lana burutu eta bekari uko egin dio.

2013

  • Kazetaritza
  • Maialen Odriozola Martija
  • “EIBAR.ORG BLOG KOMUNITATEA: HURBILKETA BAT ATARIAREN ANALISIAREN BIDETIK
  • Lana aurkeztua eta ontzat emana.

2015

  • Etnologia
  • Jozu Ozaita eta Jaime Altuna
  • “Halloween edo Animen Gauaren ospakizunen inguruan Euskal Herrian eman den bilakaera eta partaideen diskurtso, bizipen eta praktiken azterketa”.
 

Erantzun

Sartu