Yehuda Amichai
Yehuda Amichai (hebreeraz: יהודה עמיחי; Würzburg, 1924 – Jerusalem, 2000) israeldar poeta izan zen.
Bizitza
[aldatu | aldatu iturburu kodea]1935ean Palestinara emigratu zuen eta han amaitu zituen ikasketak. Independentziako gerran parte hartu zuen. Bera idazten hasi zenean abertzaletasun sutsuena igaroa zen eta «Estatuko belaunaldia» izenez ezagutzen den joeraren barruan idatzi zuen. Poesiaren gai unibertsalak eta egunerokotasunari lotuak dira joera horrek erabiltzen zituen gai nagusiak. Shlonski buru zela, aurreko belaunaldiak balio heroikoak goraipatu baldin bazituen, Amichairen poesiak kutsu antimilitarista zuen batzuetan. Bere belaunaldiko beste poeta gazte batzuekin Liqrat (Elkartzera) taldea osatu zuen. Bere lehen liburuan, Orain eta beste egun batzuetan (1955) giza bizitza, esperientzia eta zoriona izan ziren bere ardura nagusiak. Geroagoko lanetan, Bi itxaropenen urruntasunean (1958), Denbora (1977) eta Amodiozko poemak (1981) lanetan, esaterako, gizonen eta emakumeen, gurasoen eta seme-alaben arteko eguneroko harremanak, tristura eta abar landu zituen. Bizitza praktikoaren hizkera, eguneroko gauzak, argota, poesiaren gai egin zituen. Prosazko lanak ere idatzi zituen, esate baterako Ez hemengoa eta ez oraingoa (1963), eta baita antzerkiak ere: Niniverako bidaia (1962) eta Kanpaiak eta trenak (1968).
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2011/12/27 egunean. Egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek CC-BY 3.0 lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.