Xabalina
Xabalina jaurtitzeko diseinatuta dagoen lantza bat da. Historiaurreko ehiztariek eta gerlariek erabili zuten. Zeltiberiar gerlarien hilobi askotan burnizko xabalinak aurkitu izan dira eta, Bayeuxko tapizean, gudu bat irudikatzen da, etsaiaren aurka airean jaurtitako xabalinekin. Bultzada eta indar handiagoa emateko eta jaurti ondoren berreskuratzeko, batzuk erdialdean lotzen ziren, soldaduari ere lotuta zihoan uhal batekin, latinez amentum izena hartzen zuena.
Egun, xabalina atletismoko proba batean erabiltzen da.
Antzinako xabalina motak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Arpoia: Historiaurreko xabalinak ziren. Haien muturra makilatik erauzten zen harrapakina harrapatzen zuenean. Egun, hitz hori mutur hortzduneko metalezko haga bati ematen zaio, arrain handiak eta baleak harrapatzeko erabiltzen dena.
- Txuzoa: Mutur indartsuko lantza laburra, besoarekin jaurtitzen zena.
- Azkona: Benabloa baino lantza arinagoa, Brontze Arotik xabalina gisa erabili izan dena.
- Framea: Gizaki baten altuera gainditzen ez zuen xabalina.
- Piluma: Antzinako soldadu erromatarrek erabilitako lantzak. Haien burnizko muturra hagatik erauzten zen etsaia jo ondoren, eta gorputzean sartzen zitzaion.
- Benabloa: Lantza laburra: XVI. mendean, espainiar alferezaren bereizgarria zen.
Xabalina Olinpiar Jokoetan
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Egungo Olinpiar Jokoetan, Antzinateko jatorrizko Olinpiar Jokoetako probetatik geratzen den probetako bat da xabalina jaurtiketa. Jatorrizkoetan zein egungo Olinpiar Jokoetan, proba atletikoetako bat da. Jatorrizko Olinpiar Jokoetan, pentatloiko proben artean zegoen; egungoetan, dekatloi eta heptatloian baina, jatorrizkoetan ez bezala, egungoetan berezko proba gisan ere dago.