iBet uBet web content aggregator. Adding the entire web to your favor.
iBet uBet web content aggregator. Adding the entire web to your favor.



Link to original content: https://eu.wikipedia.org/wiki/Tarim_arroa
Tarim arroa - Wikipedia, entziklopedia askea. Edukira joan

Tarim arroa

Koordenatuak: 39°28′N 76°03′E / 39.47°N 76.05°E / 39.47; 76.05
Wikipedia, Entziklopedia askea
Tarim arroa
Datu orokorrak
MotaSakonune endorreiko
EponimoaTarim ibaia
Geografia
Map
Koordenatuak39°28′N 76°03′E / 39.47°N 76.05°E / 39.47; 76.05
UTC orduaUTC+06:00
Hidrografia
Ibaiadarrak
Artikulu hau arro endorreikoari buruzkoa da; beste esanahietarako, ikus «Tarim».

Tarim arroa[1] (uigurreraz: تارىم ئويمانلىقى‎, Tarim Oymanliqi; txinera tradizionalez: 塔里木盆地; pinyinez: Tǎlǐmù Péndì) ipar-mendebaldeko Txinako sakonune endorreikoa da, Tian Shan eta Kunlun mendien artean eta Tibeteko goi-lautadaren ondoan dagoena. Taklamakan basamortuak ia guztiz osaturiko arro honek guztira 906.500 km²-ko azalera du.

Xinjiangeko Uigur Eskualde Autonomoan kokaturik dago. Bizi baldintza gogorrak izanik populazio dentsitate oso baxua du eta arroaren ertzetan dauden oasi-hirietan pilatzen da biztanleriaren gehiengoa. Uigurrak dira nagusi baina badaude leinu turkiarrak eta tajikak ere.

  • Iparraldea: txinatarrek Tien Shan Nan Lu izena ematen diote, "Tien Shan mendien hegoaldea" esan nahi du, mendikatearen eta Tarim ibaiaren artean kokatzen den korridorea da. Zetaren Bidearen iparraldeko adarra osatzen zuen eta karabanak Kashgar eta Turfan artean ibiltzen ziren. Korridore honetan dago eskualdeko hiriburua den Ürümqi ere.
  • Erdialdea: Taklamakan basamortuak estaltzen du eta baldintza gogorregiak dira asentamenduak sortzeko. Horregatik populazio iraunkorrik ez dago bertan.
  • Hegoaldea: kKarabanek Kashgar hiritik India alderako bidea hartzen zuten korridoreak osatzen du.

Antzina mikrokontinentea izan zen baina Karbonifero eta Permiar garaietan izandako mugimenduek Eurasiako plakaren osagai bihurtu zuten. Mikrokontinentearen ertzak tolestu egin ziren, iparraldean Tian Shan mendiak eta hegoaldean Kunlun mendiak eratuz.

Tarim arroaren erdialdean paleozoiko, mesozoiko eta zenozoiko aroetako arrokak aurkitzen dira eta 15 kilometrotik gorako geruza sendoa osatzen dute. Harri aman petrolioa eta gasa aurkitzen dira, Permiar garaiko fangolitoak dira. Honen azpian Kanbriarraureko hondarrak daude, jatorrizko Tarim mikroplakari dagozkionak.

K2 mendian pilatzen den elurra glaziarren bidez jeisten da eta azpiko haranetan ibaiak sortzen dira. Izotza urtzetik datozen ur horiek Tarim arroan sartzen dira eta Tarim ibaia osatzen dute. Sakonune endorreikoa izanik ez dira itsasora iristen, Lop Nor eremu zingiratsuan dute amaiera. Ur kopuru handiak dira hala ere, eta basamortu honetan dauden oasiak elikatzen dituzte.

Brontze Aroan Siberia hegoaldetik etorritako jendeak populatu zuen Tarim Arroa[2]. K.a. lehen milurtekoan hizkuntza indoeuroparrak zituzten leinu ugari aurkitzen ziren. Oasi bakoitzak erreinu independente bat osatzen zuen eta arroak ez zuen inolako batasunik[3]. Txinatarrek baina yuezhi izena eman zien guztiei[3].

Tarim arroa, III. mendean.

K.a. II. mendean xiongnu armadak denak menperatu zituen eta yuezhiak mendebaldera desplazatu zituzten. K.a. 138 urtean Han Wudi enperadore txinatarrak Zhang Qian diplomatikoa bidali zuen yuezhiekin hitzegitera. Hamahiru urte beranduago itzuli zenean etsaiari buruzko informazio osoa zeukan eta inperio bien arteko gerra piztu zen. Han dinastiak lehenengo Hexi korridorea eskuratu zuen eta ondoren Tarim arroa, eta honi esker Erdialdeko Asiarako bidea kontrolatzeko gaitasuna lortu zuen. Tarim arroa handiegia zen kontrolatzeko eta txinatarrek protektoratu bihurtu zuten. Konkista hauei esker Zetaren Bidea abiatu zen eta karabanek produktu ugari eramateaz gain kultur aniztasun handia ekarri zuten eremu honetara. I eta II. mendeen artean India iparraldetik zabaltzen ari zen Kusan inperioak Kashgar hiria eskuratu eta txinatarrekin zein leinu nomadekin borrokak izan zituen. Kusan inperioaren ekarpen handiena erlijio berri bat izan zen, budismoa, eta berehala errotu zen Tasim arroan, eta Zetaren Bidea jarraituz Hexi korridorea zeharkatu eta Txinara iritsi zen[3].

IV. mendean inbasio berriak izan ziren eta txinatarren alde egin behar izan zuten eskualde osotik. VII. mendean Tang dinastia agertu zen eta honek berriz ere Txinaren lurraldeak hedatzeari ekin zion. Zetaren Bidearen garai oparoena iritsi zen. Hegoaldean Tibetar inperioa sortu zen eta inperio bien arteko jomuga bihurtu zen Tarim arroa[4]. Tarim arroaren iparraldean Uigurren inperioa zegoen. 840an kirgizek Uigurren hiriburua konkistatu zuten eta uigur populazioek hegoalderantz jo zuten Turfan inguruan erresuma berria eratuz. Erresuma berriak Kara-Khoja edo Qocho izena hartu zuen eta 856 eta 1389 artean iraun zuen. 1211 urtean Genghis Khan-en menpe gelditu ziren eta mongolen eraginpean musulman bihurtu ziren[5].

1750 urtean Qing dinastiak eskuratu eta Txinako inperioaren barnean Xinjiang eskualdea osatu zuten, iparraldeko Dzungaria eremuarekin bat eginda. XIX. mendean Kashgar hirian Yakub Beg-ek estatu musulman bateko emir izendatu zuen bere burua baina txinatarrek kontrola berreskuratu eta Txinako probintzia normal bihurtu zuten Xinjiang[3].

1949 urtean Txinako Herri Errepublika osatu zen eta intelektual uigurren ametsak neutralizatzeko han eta hui etnietako txinatarrek inmigrazio politikak sustatu zituzten.

Uigurrak.

Uigurrak dira nagusi Tarim arroan, batez ere Kashgar, Artush eta Hotan hirietan. Han (txinatarrak) Aksu eta Korla hirietan kokatzen dira batez ere. Hauetaz gain Hui etnia txinatarra, tajikak, kirgizak eta mongolak ere badaude, bakoitza beren jatorrizko herrialdetik gertu dauden eremuetan.

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. Euskaltzaindia. (2012-06-29). 171. araua: Asiako toponimia. (Noiz kontsultatua: 2013-05-25).
  2. Li, Chunxiang; Li, Hongjie; Cui, Yinqiu; Xie, Chengzhi; Cai, Dawei; Li, Wenying; Mair, Victor H.; Xu, Zhi et al.. (2010-02-17). «Evidence that a West-East admixed population lived in the Tarim Basin as early as the early Bronze Age» BMC Biology 8 (1): 15.  doi:10.1186/1741-7007-8-15. ISSN 1741-7007. (Noiz kontsultatua: 2019-10-13).
  3. a b c d Sellier, Jean. (2008). Atlas des peuples d'Asie méridionale et orientale. La Découverte, Paris, 167-178 or..
  4. Beckwith, Christopher. (1987). The Tibetan Empire in Central Asia. Princeton, NJ: Princeton University Press, pp 36,, 146 or. ISBN 0-691-05494-0..
  5. Scott Cameron Levi; Ron Sela. (2010). Islamic Central Asia: An Anthology of Historical Sources. Indiana University Press, 72 or. ISBN 0-253-35385-8..


Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]