iBet uBet web content aggregator. Adding the entire web to your favor.
iBet uBet web content aggregator. Adding the entire web to your favor.



Link to original content: https://eu.wikipedia.org/wiki/Multinazional
Multinazional - Wikipedia, entziklopedia askea. Edukira joan

Multinazional

Artikulu hau "Kalitatezko 2.000 artikulu 12-16 urteko ikasleentzat" proiektuaren parte da
Wikipedia, Entziklopedia askea

Goian, McDonalds enpresa multinazional bateko jatetxe bat. Behean, edariak ekoiztu eta saldu egiten dituen Coca Cola multinazional ezagunaren iragarki bat.

Enpresa multinazionalak, korporazio multinazionalak edo, besterik gabe, multinazionalak, jatorri duten herrialdeaz gain, beste herrialde batzuetan ere ekoizpen, erosketa edo salmenta jarduerak egiten dituzten enpresak dira. Globalizazio fenomeno ekonomikoarekin batera, botere handia hartu duten erakundeak dira: ekoizpen eta salmenta itzelak dituzte eta gobernu nazionalekin negoziazio ahalmen nabaria dute, bertan lantegiak eta lanpostuak sortu, mantendu edo beste herrialde batera ez aldatu edo deslokalizatzeko baldintza gogorrak inposatzen dituztenak, mesede politikoak eta diru laguntzak jaso eta zerga gutxiago ordaintzeari buruz askotan.

Multinazionalen hasiera eta historia

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Enpresa multinazionalak merkatuen hedapenaren prozesuagatik jaio ziren. Gaur egungo multinazionalen aurrekari kontsideratu daitekeen lehen enpresa Moscoviako Konpainia da, Londresen 1555. urtean sortutako jatorri ingeleseko enpresa, eta Ingalaterra eta Errusiaren arteko merkataritza uztartzen zuena. Multinazionalen beste aitzindari batzuk Rothschild bankua, Europako hainbat herrialdeetatik zabaldu baitzen, edo XVII. mendean Britania Handian, Suedian, Holandan edo Danimarkan sortu ziren Indiako konpainiak dira.

Gaur egungo multinazionalen hazia XIX. mendearen amaieran agertu zen, enpresa talde batek haien jatorriko herrialdetik urrun lantegiak eraikitzea pentsatu zutenean. Horrela, garraio kostuak eta beste herrialde batera haien produktuak sartzeagatik zituzten muga-zergak saihesten zituzten.[1]

Enpresa multinazionalen ezaugarriak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Enpresa mota horien ezaugarri nagusiak hurrengoak dira:[1]

  • Mundu osoan zehar hedatzen dira. Jabeek enpresaren produktu edo zerbitzuak edozein lurraldetara eramaten dituzte, planta edo bulego berriak enpresaren jaioterriko kontinentetik at jarriz.
  • Mundu osoan zehar dituzte instalazioak eta produktu kantitate handiekin lan egiten dute.
  • Teknologia berriak, antolakuntza industriala, marketina eta publizitatea erabiltzen dute.
  • Ikerketa eta garapenean asko inbertitzen dute.
  • Finkatuta dauden lurraldeetan, bertako politikaren funtzionamendua sakonki ezagutzen dute.
  • Fusio eta beste enpresa batzuen erosketaren bidez handiagotzen dira.
  • Produktua ez da bere osotasunean fabrika berdinean egiten, baizik eta enpresak munduan zehar dituen fabriketan produktuaren atal desberdinak egiten dira eta beste fabrika batean muntatzen dira. Ondoren, munduko edozein tokitan merkaturatzen da produktua.

Multinazionalak eta konpetentzia

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

John Kenneth Galbraithek, multinazionalen sorkuntzaz eta haien existentziaren ondorioez gehien hitz egin zuen ekonomilariak, 1967. urtetik dio Bigarren Mundu Gerraren ondoren enpresa mota hauek izan duten nagusitasunak inplikazio politiko, ekonomiko eta sozial sakonak dituela.[2]

Haren esanetan, multinazionalek, enpresa tradizionalek ez bezala, ez dute arriskuaren arazorik haien abantailei esker. Galbraithentzat, abantaila nagusiak, multinazionalek lortzen dituzten epe luzerako kontratuak, bai salerosketa sailean, bai herrialdeekin dituzten harremanetan, eta finantza sektoretik lortzen duten tratu ona dira. Bigarren hau, multinazionalek haien jarduerak sektore honetara hedatu dituztelako ematen da.

Arrazoi horien ondorioz, konpetentzia perfektua inperfektu bihurtzen da. Adibidez, konpetentzia perfektuaren ezaugarrietako bat egiazko informazioaren existentzia da, baina enpresa multinazionalek informazioa haiek nahi duten erara eraldatzen dute publizitatea kontrolatzen dutelako.

John D. Rockefeller, Standard Oileko jabea

Multinazionalen beste ezaugarrietako bat enpresari profesionalez gidatuta daudela da. Aspaldiko enpresak oso handiak izatera heldu ziren eta hainbat herrialdetara hedatu ziren, baina enpresa klasiko horietan, Standard Oil, Vanderbilt, Carnegie edo Rothschilden jabea zen erabakiak hartzen zituena. Egoera hau baina, XX. mendeko lehenengo bi hamarkadetan aldatzen hasi zen, 1911. urtean Schumpeter enpresari profesionalaren garrantziaz hitz egiten hasi zen. Enpresari mota hau arrisku ekonomikoak soilik hartzen dituena da, eta ez pertsonalak.[3]

Adam Smithek egoera honen ikuspegi oso kritikoa zuen. Berarentzat, arriskua eta saria merkatu librean dauden pertsonen arteko gauza da. Baina, nola lehiatu litezke pertsonak libreki haien ordezkapena beste pertsona batzuei uztean? Nola egon liteke konpetentzia jabeak haien artean batzen badira arriskua murrizteko? Egoera hau merkatuaren bihurduratzat jotzen zuen.

Galbraithek enpresari profesionalaren agerpenak ekartzen duen beste ondorio batez hitz egin zuen. Kanadiarraren esanetan, enpresaria bere nahiak lortzen saiatuko da eta alde batera utziko ditu jabearen, akziodunen, nahiak, nahiz eta jabea da arrisku pertsonala hartzen duena.[4]

Egiturari dagokionez

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  • Multinazional horizontalak: herrialde ezberdinetan produktu berdintsua ekoiztu eta saltzen dutenak (Coca Cola, esaterako);
  • Adidasen logotipoa
    Multinazional bertikalak: zenbait herrialdetan produktua ekoiztu eta beste batzuetan saltzen dutenak (Adidas, esaterako);
  • Multinazional anitzak: munduan zehar sektore ezberdinetan aritzen direnak, herrialde bakoitzeko abantailak aprobetxatuz.

Deszentralizazio mailagatik

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Howard Perlmutterren tipologiaren arabera, enpresa multinazionalak hiru eratara sailka daitezke:

  • Etnozentrikoak: enpresaren jatorriko herrialdean sendoki zentralizatua eta atzerriko egitura sinplea duena. Erabaki denak jatorriko herrialdean hartzen dira.
  • Polizentrikoak: deszentralizazioa bilatzen da, filialei askatasun gradu handiagoa emanez.
  • Geozentrikoak: deszentralizazioa mugara eramaten da, filial bakoitzak bere erabakiak hartzen ditu.

Multinazionalen babesleen esanetan, enpresa horiek herrialde baten finkatzean herrialde hartako langileen okupazio tasa hobetzen laguntzen dute. Hau da, lana sortzen dute herrialdeko biztanleentzat.

Era berean, multinazionalek beste multinazional batzuen edo herrialdeko enpresa indartsuen konpetentzia jasaten dute, ondorioz, merkatu lokalen beharrizanak ase behar dituzte era globalean efizientzia galdu gabe. Horretarako, giza baliabideak eta baliabide ekonomikoak inbertitzen dituzte ikerkuntzan aurrerapen teknologiko, produktibo eta administratiboak lortzeko. Ondoren, aurrerapen eta jakintza berri horiek erabiltzean, jakinduria transferentzia ematen da herrialdeko enpresetara.

Korporazio multinazionalen kritikoen esanetan, enpresa horiek langileen eskubideen aurka egiten dute eta jokaera agresiboa izaten dute finkatzen diren herrialdeetan, askotan herrialde txiroetara doazelako, langileen soldata baxua eta haien eskubide faltagatik.

Enpresa mota horien alde dauden pertsonen esanetan, multinazionalak nahitaezkoak dira munduaren aurrerapenerako eta ekonomia globalaren muina dira. Kritikoentzat baina, multinazionalak pertsona talde txiki bat aberasteko bidea dira, konpetentziaren desagertzea eta langileen esplotazioa ekarriz.

Datuei erreparatuz, multinazionaletan lan egiten duten langileen kopurua munduko langileen % 3 soilik da. Nahiz eta hau horrela izan, herrialde askotako gobernuek enpresa hauek haien lurretan kokatzeko eta ez alboko herrialdeetan erraztasun asko ematen dizkiete, honek langileen lan baldintzak okerrera egitea ekartzen du eta ondorioz, lan eskubideen prekarietatea. Horrez gain, korporazio handi horien boterearen ondorioz, haien konpetentzia diren denda eta enpresa txikiak desagertu egin dira.

Dow Chemicalen planta Terneuzen

Multinazionalen boterearen adibide batzuk, petrolio eta meatzaritza enpresek eragindako ekosistemen suntsiketa edo Dow Chemical multinazionalak Bhopalen, Indian, eragindako hilketak dira.

Hainbat erakundek, sindikatuk, alderdik eta GKEk zenbait kanpaina egiten dituzte korporazio industrialen gehiegikeriak salatzeko. Interneten, ziberaktibismoa da ekintza modu erabiliena.

Hauek dira enpresa multinazionalen zenbait alderdi on eta txar, mundu mailan geroz eta indartsuago egiten ari diren enpresa motak nahiz eta haien aurkako kritikak ugariak diren.

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. a b Tamames, Ramón.. (2010). Estructura económica internacional. (21a. ed., rev. argitaraldia) Alianza ISBN 978-84-206-9135-0. PMC 630619148. (Noiz kontsultatua: 2019-12-18).
  2. «De la utopía romántica al sueño americano» El consumo de la utopía romántica (Katz Editores): 123–158. 2009-02-01 ISBN 978-84-96859-53-1. (Noiz kontsultatua: 2019-12-18).
  3. Butler, C. V.; Fraccacreta, Angelo. (1912-09). «Le Forme Del Progresso Economico in Capitanata.» The Economic Journal 22 (87): 480.  doi:10.2307/2221963. ISSN 0013-0133. (Noiz kontsultatua: 2019-12-18).
  4. Hernández Andreu, Juan. (2015-11-15). «La Riqueza de las Naciones de Adam Smith en España.» Relectiones (2): 109.  doi:10.32466/eufv-rel.2015.2.48.109-121. ISSN 2386-8732. (Noiz kontsultatua: 2019-12-18).

Ikus, gainera

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Wikiztegian orri bat dago honi buruz: multinazional .