iBet uBet web content aggregator. Adding the entire web to your favor.
iBet uBet web content aggregator. Adding the entire web to your favor.



Link to original content: https://eu.wikipedia.org/wiki/Mediastino
Mediastino - Wikipedia, entziklopedia askea. Edukira joan

Mediastino

Wikipedia, Entziklopedia askea
Mediastinoa
Mediastinoko anatomia Irudi gehiago
Xehetasunak
Identifikadoreak
Latinezmediastinum
MeSHA01.923.761.800.500
TAA07.1.02.101
FMA9826
Terminologia anatomikoa

Mediastinoa[1] (Erdi Aroko latinetik: mediastinus, «erdibidea») toraxaren erdialdean dagoen espazio zabala da, bi birika pleura zakuen artean gelditzen dena.

Horrez gain, bizkar hezurraren aurreko aurpegitik bularrezurreraino hedatzen da eta baita toraxaren goiko irekigunetik diafragmarainoko ere. Hortaz, bere mugak hurrengoak dira:

  • Goikoa: Toraxeko goiko irekigunea. Bularrezur kirtenaren eta lehengo saihets eta ornoaren artean sortzen den eraztuna.
  • Albokoa: Birika eta birika pleura.
  • Aurrekoa: Bularrezur-saihetsetako horma.
  • Atzekoa: Toraxeko bizkarrezurra.
  • Behekoa: Diafragma.

Mediastino espazio hau plano horizontal batek bitan banatzen du atzetik aurrera abiatuz. Ebaketa planoa T4 eta T5 ornoen artetik, bularrezur angelura joango da. Hemendik gorakoa goiko mediastinoa izango da eta azpikoa beheko mediastinoa.

Dakigunez, beheko mediastinoa aurretik atzera beste 3 zatitan banatzen da:

  1. Aurreko mediastinoa: perikardioaren aurreko aurpegitik, aurrera dagoen eremua..
  2. Tartekoa: perikardioaren aurreko eta atzeko aurpegien artean. Atzeko aurpegiarekin batera, birika lotailua ere erdiko mediastinoaren atzeko paretaren osagai izango da
  3. Atzekoa: perikardioaren atzeko aurpegitik bizkarrerzurrera. [2]

Mediastinoaren azpisailak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Goiko mediastinoa

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Mediastinoaren goiko atala da; hau da, T1-T4 ornoen artean dagoen espazioa. Gune honek idunetik toraxera pasatu behar diren hainbat egituren pasabide bezala funtzionatzen du; ondorioz, egitura horiek goi-mediastinoaren parte dira.

Edukia:

  • Aorta arkua: Ezkerreko bentrikulutik ateratzen den aortaren zati bat (goranzko aorta eta gero agertzen den egitura aortikoa).
  • Eskuinean: Besondo buruetako enborra dago. Enbor horretatik bi arteria ateratzen dira: Karotida komuna eta lepauztail azpiko arteria (eskumakoak)
  • Ezkerrean: karotida komuna eta lepauztail azpiko arteria (ezkerrekoak). Ezkerreko aldean bi arteria hauek zuzenean aortatik datoz, hau da, ez dago besondo-buruetako enborrik.
  • Ezkerreko eta eskumako besondo buruetako zainak daude. Bi hauek batu egingo dira goiko Kaba zaina osatuz.
  • Vagus nerbioa (sistema parasinpatikoa):
    1. Eskuman: eskumako zintzur nerbio itzulia, lepauztail azpiko arteria inguratzen du.
    2. Ezkerrean: Ezkerreko zintzur nerbio atzekaria, kasu honetan aorta inguratzen du.
  • Diafragma nerbioak: Hasieran albotik doaz nahiz eta aurrerago pleura erdialdean agertu. Ondoren, Erdiko mediastinoaren parte izatera pasatzen dira, eta perikardioaren 2 aldeetan agertzen dira. Bertatik, Perikardioa-diafragmetako arteriarekin batera (barruko torax arteriaren jarraipena) doaz.
  • Bihotz nerbio eta plexuak:                                  
    1. Sakonekoa: zintzurrestearen (trakea)  eta aorta arkuaren artean kokatua.
    2. Azalekoa: aorta arkuaren eta birika enborraren aurrean kokatua.
  • Torax hodia:  oso sakonaldetik bideratzen da, ornoen aurreko aldean. Ondoren jugular-lepauztai azpiko zainaren arteko angeluan drainatzen du.
  • Zintzurrestea (trakea)
  • Linfa nodoak: Zintzurreste-alboko nodoak, goiko zintzurreste-bronkioetakoa nodo, etab.
  • Timoa: Gehienbat goi mediastinoan aurkitzen den arren, behe mediastinoko aurre atalean jarraipena duen glandula linfoidea da. Laktantzia eta haurtzaro garaian oso aktiboa izaten da, baina pubertaroan inboluzio bat jasaten du eta heldu arorako bere atal nagusi bat gantz bilakatzen da.
    1. Kokapena: perikardio eta goranzko Kaba zainaren, zain brankiozefalikoen eta aortaren aurrekaldean kokatzen da.
    2. Morfologia: bi lobulu ditu eta hauen artean aurkitzen den lokarri ehunaz osaturik dago.
    3. Funtzioa: Sistema immunologikoaren parte da: T linfozitoen sintesian eta heltze prozesuan parte hartzen du; baita gantz bilakatu ondoren ere.

Beheko mediastinoa

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Beheko mediastinoa, T4-T5 mailako zeharkako planoak eta diafragmak mugatzen duten espazioari deritzo. Bertan, hiru eremu bereizten dira perikardioaren eraginez: aurreko, erdiko eta atzeko behe mediastinoak, hain zuzen ere[3].

Aurreko, erdiko eta atzeko behe mediastinoa

Aurreko mediastinoa

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Bularrezurraren eta perikardioaren aurre aurpegiaren arteko espazioa da.

Edukia:

  • Bularrezur-perikardioetako lotailua: Bihotzaren zuntzezko perikardiotik, bularrezurraren atzeko aurpegira hedatzen diren zuntzak dira.
  • Barneko torax arteriak eta zainak: Saihetsen azpitik eta bularrezurraren bi alboetatik hedatzen diren odol hodiak dira. Hauek, adarrak emango dituzte:
    • Perikardio-diafragmetako arteriak eta zainak
    • Aurreko saihets arteko arteriak eta zainak
  • Nodo linfatikoak: Bularrezurraren bi alboetan kokatzen diren nodo linfatikoak.
  • Timoa: Guruin honen gehiengoa goi mediastinoaren parte izan arren, atal bat beheko mediastinoaren aurreko eremu honetan aurkituko da baita ere.

Erdiko mediastinoa

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Azpisailik garrantzitsuena da, bihotza bertan aurkitzen da eta.[4] Azpisail hau aurreko perikardiotik atzeko perikardiora eta hiloaren behean dagoen birika lotailuen artean dauden egiturek osatzen dute.

  • Perikardioa: zuntz perikardioak eta perikardio serosoak osatzen dute. Azken hau pareta orriak eta errai paretak osatzen dute eta azken bi hauen artean perikardio barrunbea aurkitzen da.
  • Bihotza
  • Diafragma nerbioak: perikardioaren bi alboetan kokatuta aurkitzen dira. Torax arteriatik eratorritako perikardio-diafragmetako arteriarekin batera egiten du ibilbidea.
  • Goranzko aortaren hasiera.
  • Goiko Kaba zainaren bukera: eskuineko atrioaren atal lisora iristen den atala.
  • Birika enborra: eskuineko bentrikulutik atera eta T4-T5 mailan, zintzurrestearen bifurkazioaren aurre-behe-ezkerraldean, banatu egingo da eta eskuin eta ezkerreko birika arteriak ematen ditu.
  • Eskuin eta ezkerreko birika zainen bukerak: ezkerreko atrioaren atal lisoan drainatzen dute.
  • Azigos zaina goiko Kaban drainatzen: T4-T5 mailan azigos zainak drainatze arku bat eratzen odola goiko Kaban drainatzeko.
  • Sakoneko bihotz plexua: aorta arkua eta zintzurrestearen artean aurkitzen da.
  • Linfa nodoak: perikardioaren aurre eta erdialdean, diafragman zehar kokatzen dira.

Atzeko mediastinoa

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Azpisail hau biotzaren perikardioaren atzeko aurpegitik, birika lotailutik eta zintzurrestearen bifurkaziotik bizkarrezurrera dagoen tartean aurkitzen diren egiturek osatzen dute.[5] Beraz, atzeko mediastinoko mugak perikardio atzeko aurpegia, birika lotailua, zintzurreste bifurkazioa eta bizkarrezurra dira. Egitura gehien dituen eremua izango da.

Edukia:[6]

  • Beheranzko edo torax aorta: Ezker bronkio nagusiaren gainean egiten du arkua. T4 mailatik aurrera beheranzko aorta edo toraxekoa deitzen da. T12 mailan diafragma aortaren hiatotik zeharkatzen du abdomenerantz.
  • Zintzurrestearen sardetzea: Zintzurrestearen (trakearen) bifurkazioa. T4/T5 mailan zintzurrestea bronkio nagusietan banatzen da.
  • Bronkio nagusiak: Ezkerrean bat eta eskuinean beste bat daude.
  • Hestegorria:[7] C6 mailatik T11 mailaraino igaroko da, T10 mailan diafragma zeharkatuz hestegorri hiatotik. Zintzurrestearen (trakearen) atzealdean kokatua.
  • Ezker eta eskuineko vagus nerbioak: Hestegorriarekin batera luzatuak.
  • Torax hodia:[8] Gorputzeko linfa biltzaile nagusiena. Abdomenean bizkarrezur aurrean dagoen Kiloaren zistenatik edo Pecquet zisternatik sortzen da. Diafragma zeharkatzen du aortarekin batera eta toraxean azigos zainaren eta aortaren artean bideratzen da. Bere ibilbidearen hasieran eskumalderago egon arren, T5-T6 mailan ezkerreruntz jotzen du hestegorriaren atzetik. Azkenean ezkerreko lepauztai-jugular zain arkuan drainatzen du.
  • Linfa nodoak: Bizkarrezur alboetan eta saihets hezur artean kokatzen dira.
  • Sinpatiko enborra:[9] Bizkarrezurraren bi alboetan bertikalki eta berarekiko paraleloan kokatuko dira. Sinpatikoko enborrak kate parabertebrala osatuko du eskuin zein ezkerrean.
  • Errain nerbioak: Sinpatiko enborretik ateratzen diren 3 zuntz pare dira. Hauek gongoil aurreko nerbio zuntzak dira, beraz, ez dute sinapsia sinpatikoko gongoiletan egiten. Diafragma zeharkatzen dute ezker eta eskuin diafragma zutabeetatik eta abdomenean plexu zeliakoan sinapsia egiten dute. Errain nerbioak hauek dira: ERRAIN NERBIO NAGUSIA (T5-T9 mailetan sortua), ERRAIN NERBIO TXIKIA (T10-T11 mailetan sortua), ERRAIN NERBIO BEHEKOENA (T12 mailan sortua).
  • Azigos zaina: Eskuinaldean kokatzen da. Atzeko behe mediastinoan kokatzen da nagusiki, baina T4-T5 mailan aurrera egiten du, erdiko behe mediastinora, azigos arkuaren bitartez odola goiko Kaba zainean drainatzeko. Hurrengoko zainek azigos zainean drainatzen dute odola: Atzeko eskuineko saihets arteko zainak, goiko atzeko eskuineko saihetsarteko zainak, hemiazigos zaina eta eskuineko bronkio zaina.
  • Hemiazigos zaina: Bi ataletan banatzen da: Batetik, Beheranzko hemiazigoz zaina (Hemiazigos zain gisa ezagutzen dena) T9-T11 mailen atzeko saihets arteko zainen odola jasotzen du eta T9 maila inguruan azigos zainean drainatzen. Bestetik, Hemiazigos gehigarra edo Goiko hemiazigoz zaina T4-T8 mailetako atzeko saihets arteko zainen odola hartzen du eta T7 mailan azigos zainena drainatzen

Mediastinitisa mediastinoaren hantura da, gehienetan infekzio baten ondorioz ematen dena, eta min toraziko handia, arnasteko zailtasuna eta sukarra eragiten dituena. Mediastinitisa izan daiteke:

  • Akutua: bat-batean agertzen da.
  • Kronikoa: pixkanaka garatzen doa, luzaroan mantendu den narritaduraren edo denbora asko konpondu gabe egon den infekzio baten ondorioz.
  • Fibrosi mediastinikoa: mediastinitis kronikoaren ondorioz sor daiteke, odol-hodiak edo arnasbidean (bronkioak) buxatzea eragin dezakeena.

Infekziorako bi kausa arruntenak honako hauek dira:

  • Hestegorriaren urradura. Hestegorria ustekabean urratu daiteke endoskopia bezalako prozeduretan, oka bortitzetan (Boerhaave sindromea) edo bularraldeko lesioak daudenean. Batzuetan, gerta daiteke substantzia kaustikoak irenstean, hala nola lixiba edo zenbait botoi-pila.
  • Toraxeko kirurgia: erdiguneko esternotomia. Ebakuntza honetan bularrezurrean zeharreko ebakidura bat egiten da, bitan banatzen duena. Honen bidez bularrera sar daiteke, besteak beste bihotz-transplanteak, bihotz-balben kirurgiak edo birbaskularizazio koronarioko kirurgiak (bypass) egiteko.

Hain ohikoak ez diren kausak tuberkulosia, histoplasmosia (onddoek eragindako infekzioa), sarkoidosia, erradioterapia edo silikosia dira. Hauen ondorioz mediastinitis kronikoa sortzeko joera handiagoa izaten da.

  • Hestegorriaren urradurak bat-bateko min toraziko handia eta arnasteko zailtasuna eragiten ditu. Horretaz gain, infekzioaren ondoriozko sintomak ere ager daitezke, hala nola sukarra eta hotzikarak.
  • Toraxeko kirurgia baten ondoren agertzen bada mediastinitisa, beharrezkoa liteke ebakidura egin den lekuan drainatze bat jartzea.
  • Fibrosi mediastiniko kronikoa pairatzen duten pazienteek pixkanaka aire falta senti dezakete.

Gaitz hau eragiten duen nahasmenduren bat agertzekotan, askotan sintometan oinarrituz egiten da diagnostikoa. Hau da, sintomak agertzen badira eta duela gutxi toraxeko edo hestegorriko  ebakuntza bat izan bada, edo tuberkulosia edo garapen moteleko bestelako infekzioren bat egon bada, zuzenean diagnostikatu daiteke.

Ustekabean sortzen denean, gehienetan sintomak mediastinitisa identifikatu ahal izateko bezainbesteko larriak izaten dira. Horrela, medikuek susmoak izan ditzakete baliozko kausen berri ematen ez duten pertsonengan; hala nola, horditurik egoteagatik bortizki oka egin dutela gogoratzen ez dutenengan, edo substantzia kaustiko bat irentsi duten haurrengan.

Diagnostikoa berresteko toraxeko erradiografia edo ordenagailu bidezko tomografia (OT) egiten da.

Erdiguneko esternotomia bat izan duten pertsonengan ematen denean, toraxean orratz bat sar daiteke, bularrezurrean zehar, likidoa atera eta mikroskopio bidez aztertzeko (xurgapen bidezko biopsia).

  • Antibiotikoak. Infekzioa tratatzeko.
  • Interbentzio kirurgikoak. Beharrezkoa da batzuetan toraxetik infektatutako likidoa drainatzeko, hestegorriko urradura konpontzeko, edo bietarako.

Fibrosi mediastinikoarentzat ez dago tratamendurik.

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. Euskalterm: mediastino. euskara.euskadi.eus (Noiz kontsultatua: 2017-2-13).
  2. Prometheus : texto y atlas de anatomía / Michael Schúnke, Erik Schulte, Udo Schumacher ; ilustrado por Markus Voll, Karl Wesker. -3ª ed. - Buenos Aires ; Madrid : Medica Panamericana, 2010
  3. (Gaztelaniaz) ANATOMÍA I: Mediastino – AnatoIN:. (Noiz kontsultatua: 2020-10-14).
  4. «Web de Anatomia de Juan Antonio Montero Simon» grupos.unican.es (Noiz kontsultatua: 2020-10-13).
  5. (Ingelesez) «Exapuni - Mediastino Teoria internacional. Anatomía. Medicina. Universidad de Buenos Aires» www.exapuni.com (Noiz kontsultatua: 2020-10-14).
  6. (Gaztelaniaz) ANATOMÍA I: Mediastino – AnatoIN:. (Noiz kontsultatua: 2020-10-14).
  7. «MI REVISTA MEDICA» mirevistamedica.net (Noiz kontsultatua: 2020-10-14).
  8. «Mediastino - Revista Electrónica de PortalesMedicos.com» www.portalesmedicos.com (Noiz kontsultatua: 2020-10-14).
  9. «Mediastinos superior y posterior | Anatomía macroscópica: Un panorama general | AccessMedicina | McGraw-Hill Medical» accessmedicina.mhmedical.com (Noiz kontsultatua: 2020-10-14).
  10. (Gaztelaniaz) «Mediastinitis - Trastornos del pulmón y las vías respiratorias» Manual MSD versión para público general (Noiz kontsultatua: 2020-10-14).

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]