Madame de Pompadour
Madame de Pompadour | |||||
---|---|---|---|---|---|
| |||||
Bizitza | |||||
Jaiotzako izen-deiturak | Jeanne-Antoinette Poisson | ||||
Jaiotza | Paris, 1721eko abenduaren 29a | ||||
Herrialdea | Frantzia | ||||
Bizilekua | Appartement de la marquise de Pompadour (en) Château de Crécy (en) Château de Champs-sur-Marne (en) | ||||
Heriotza | Versailles, 1764ko apirilaren 15a (42 urte) | ||||
Heriotza modua | berezko heriotza: tuberkulosia | ||||
Familia | |||||
Aita | Charles François Paul Le Normant de Tournehem | ||||
Ama | Madeleine de La Motte | ||||
Ezkontidea(k) | Charles Guillaume Le Normant d'Étioles (en) (1741eko martxoaren 9a - | ||||
Bikotekidea(k) | ikusi
| ||||
Seme-alabak | ikusi
| ||||
Hezkuntza | |||||
Hizkuntzak | frantsesa | ||||
Jarduerak | |||||
Jarduerak | salonnièrea, politikaria, lagun egiteko andrea eta royal mistress (en) | ||||
Lantokia(k) | Paris eta Versailles | ||||
Madame de Pompadour, jaiotza-izena Jeanne-Antoinette Poisson, (Paris, 1721eko abenduaren 29a - Versailles, 1764ko apirilaren 15a) frantses dama bat zen, Luis XV.a Frantziakoaren maitale ospetsuena. Errege horren erregealdian, kultura sustatzaile nagusienetakoa izan zen eta eragin handia izan zuen garaiko politikan.
Biografia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Jeanne-Antoinette Poisson Parisen jaio zen, 1721eko abenduaren 29an. Harakin baten alaba zela esaten zuten[1], baina badirudi Madeleine de la Motte eta bere senarra zen François Poisson izan zituela guraso, azken hau Ogasun Publikoari iruzur egiteagatik jazarria. Amak Carlos Francisco Paul Le Normant de Tournehem maitalearen babesa bilatuko zuen[2] eta, horregatik, ofizialki izena ez bazion eman ere, maila handiko hezkuntza jaso zuen, literatura eta artearen alorretan batez ere. Ekitazio, musika, kantu, dantza, testu klasikoak edo deklamazioa landu zituen neskak eta 15 urterako amarekin batera zebilen Parisko egoitza nabarmenenetan, pretendiente ugari atzetik zituelarik. Ospea hartu zuen neskaren edertasunak, amarenak zuen bezalaxe.
Ama eta Tournehem tutorearen artean, honen iloba aukeratu zuten senargai, Carlos Guillermo Le Normant d'Étiolles eta 1741eko martxoaren 9an ezkondu ziren. Tournehemek Étiollesen zuen gaztelu batean jarri ziren bizitzen eta etxea eragin handiko jendeari ireki zioten, damak gortearen berri izatea nahi izaten zuen-eta.
1741ean, Guillermo Carlos semea jaio zen, baina azkar hil zen eta, 1744an, berriz, alaba, Alexandrine.
1743an, erregearen aholkulari nagusia zen Fleury kardinala hil zen eta hura izan zen Jeanne-Antoinette mugitzen zen zirkulua Luis XV.aren inguratzeko une egokia. Horrez gain, erregearen maitale gogokoena zen Châterouxeko dukesa hil egin zen bat-batean, 26 urte besterik ez zituenean eta Jeanne-Antoinette gertu kokatu zen erregea erakartu nahian. 1745 hasieran ezagutu zuten elkar eta, irailerako, Jeanne Antoinette eta Charles Guillaume bananduta zeuden[3], eta Luis XV.a Frantziako erregearen maitale bihurtu zen; Pompadourreko markesaren titulua eta Versaillesko egoitza ere eskuratu zituen, maîtresse en titre distintzioarekin. 24 urte besterik ez zituen[2].
Erregearen maitale
[aldatu | aldatu iturburu kodea]1745eko otsailean, Jeanne-Antoinette maskara-dantzaldi batera gonbidatu zuten, erregearen semea ezkontzen zela-eta. Erregeari aurkeztu zioten dama eta segituan hartu zuen beretzako; tituluak eman zizkion eta Versaillesko jauregian instalatu. Uztailean, Pompadour domeinua eman zion eta markesa titulua eta, legalki bananduta, irailaren 14an, gortean aurkeztu zuten. Geroxeago eman zioten dukesa titulua, oinazpiko eskubidearekin -erreginaren aurrean esertzeko eskubidea zen hori-, baina ez zuen sekula erabili, markesa izaten jarraitu baitzuen.
Badirudi ez zela luze izan oherako maitale, baina eragin handia izaten jarraitu zuen harengan eta maitale gazteago batzuk bilatu zizkion erregeari. Erreginarekin ere harreman onak izan zituen. Tuberkulosiak heldu zion eta peritonitisak hil zion alaba. Luis XV.aren bastardoetako bat zen Carlos Emanuel de Vintimillekin ezkontzeko ahaleginetan ibili zen, baina ez zuen lortu eta Picquignyko dukearekin prometitu zuen, oso familia onekoa hura ere, baina, markesaren desditxerako, 9 urterekin hil zitzaion neskatxa.
Hala ere, ez zuen erregearen konfiantza galdu eta Frantzian gertatzen zen guztia Madame Pompadourren eskuetatik pasatzen zen.
Hurrengo 19 urteetan eragin handia izan zuen markesak Frantzia absolutistako politika eta artegintzan. Erregeak, markesaren eta haren anaiaren laguntzaz, eraikin ugari jaso zituen Parisen.
Kultura sustatzaile
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Arte eta letratan zaletua, Entziklopedistak[4] eta oro har artistak bultzatu zituen Pompadourreko markesak. François Boucher bezalako eskultore eta margolariei eman zien lan eta Sèvresko portzelanari eman zion bultzada.
Ikuskizun ugari antolatu zuen goertean eta idazleak babestu zituen. Grabazioa ikasi zuen eta bazekin dantzan edo lauda jotzen.
Eraikin berriak bultzatu zituen, Concorde plaza edo Petit Trianon bezala. Egun Frantziako presidentearen egoitza den Eliseo jauregia erregeak hari oparitutako jauregia da[5].
Heriotza
[aldatu | aldatu iturburu kodea]1764ko apirilaren 15ean, Versaillesen hil zen 42 urterekin. Hiletan, euria egin zuen eta Luisen hitzak aitatzen dira hemen:
« | La marquise n'aura pas beau temps pour son voyage[6] | » |
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2011/12/30 egunean. Egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek CC-BY 3.0 lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.
- ↑ http://www.ecured.cu/Madame_de_Pompadour
- ↑ a b http://www.elmundo.es/cronica/2002/371/1038214897.html
- ↑ Antoine. (1989). Louis XV. Paris: Fayard, 493–95 or..
- ↑ http://zientzia.eus/artikuluak/dideroten-entziklopedia/
- ↑ https://web.archive.org/web/20160601012057/http://hdnh.es/madame-pompadour-la-amante-del-rey/
- ↑ https://books.google.es/books?id=fMLLDpORxlgC&pg=PA1704&dq=Louis+XV+intime+et+les+petites+ma%C3%AEtresses&hl=es&sa=X&ved=0ahUKEwjD88ncy7vOAhUC2RoKHeWECPQQ6AEIHjAA#v=onepage&q=Louis%20XV%20intime%20et%20les%20petites%20ma%C3%AEtresses&f=false
Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Madame de Pompadour |