Leon I.a Bizantziokoa
Leon I.a Bizantziokoa | |||||
---|---|---|---|---|---|
457ko otsailaren 7a - 474ko urtarrilaren 18a ← Martziano - Leon II.a Bizantziokoa →
| |||||
Bizitza | |||||
Jaiotza | Trazia, 401 | ||||
Herrialdea | Bizantziar Inperioa | ||||
Heriotza | Konstantinopla, 474ko urtarrilaren 19a (72/73 urte) | ||||
Heriotza modua | berezko heriotza: disenteria | ||||
Familia | |||||
Ezkontidea(k) | Verina (en) | ||||
Seme-alabak | ikusi
| ||||
Leinua | House of Leo (en) | ||||
Hezkuntza | |||||
Hizkuntzak | Erdi Aroko greziera | ||||
Jarduerak | |||||
Jarduerak | politikaria eta militarra | ||||
Sinesmenak eta ideologia | |||||
Erlijioa | kristautasuna | ||||
Flavio Valerio Leon, Leon I.a Traziarra edo Leon I.a (401 – 474ko urtarrilaren 18a) Ekialdeko Inperio Erromatarreko agintaria 457. urteko urtarrilaren 27tik 474. urteko urtarrilak 18an karguan hil zen arte. Makelles (harakina) ezizena izan zuen etsaien artean. Martziano agintariaren ondorengoa izan zen.
Hastapenak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Trazian jaioa gaztetan Leon Marzellus izena izan zuen. Armada inperialean sartu eta hierarkia militarrean gora egin zuen. Aspar buruzagi alanoak Konstantinopoliseko tronuan ezarririko agintarietako azkena izan zen. Denbora luzez armada inperialeko komandante zen Asparrek sekulako boterea izan zuen Konstantinopoliseko gobernuan eta berak nahi zuen zenbait pertsona agintari bihurtu zituen.
Tronuratzea
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Martziano agintaria 457. urteko urtarrilak 27an hil zen eta hurrengo hilaren zazpian Konstantinoplako patriarkak Leon agintari koroatu zuten Leon I.a agintari izena hartu zuelarik. Konstantinoplako patriarkak agintaria koroatzen zuen lehen aldia izan zen; ordura artean agintariaren zeinua zen diadema goi funtzionario edo militar batek ezartzen zion agintariari. Protokolo aldatzeak hiriburuko patriarkaren boterea bermatzen zuen, ordu art tradizio erromatarren arabera, agintaria zenbait gudarik eramaten zuten ezkutu baten gainean jartzen zen herritarrek eta senatariek aldarrika zezaten, handik aurrera agintariaren koroatzeak ostera Europa mendebaldeko erregeek kopiatuko zuten kutsu erlijioso bat izango zuen.
Agintea
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Germaniar eta Isauriarrak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Leonen lehen urteetako politikaren helburua Aspar, ostrogodo eta gainerako germaniarren boterea murriztea izan zen. Germaniarrek botere gehiegi zuten eta arriskutsuak izan zitezkeen goizago ala beranduago inperioko biztanleria greko-erromatarra baztertu eta agintea eskuratu baitzezaketen, horixe gertatzen hari zen hain zuzen Mendebaldeko Inperio Erromatarrean: Bisigodoek Hispania eta Galia zati bat hartu zuten, Frankoek Galiako beste zati bat, Bandaloek Afrika iparraldea, Ostrogodoak Balkanetan indartsu ziren eta laster Italia berbera konkistatuko zuten... Ekialdeko Inperioa zen oraingoz germaniarrengandik salbu zen bakarra baina hala jarrai zezan germaniarrak gortetik bidali behar ziren.
Leonek germaniarren arazoari aurkituriko konponbidea inperio kanpoko barbaroak inperio barneko barbaroen bidez ordeztea izan zen. Bazen Ekialdeko Inperio barnean Isauria izeneko eskualde bat, gaur egun eskualde hori Turkian legoke, Taurus mendien inguruan, Antiokiatik gertu. Isauriarrak aspaldidanik Erromako Inperio barnean bizi arren independentzia maila altua zuten eta atzerritarrak ziruditen Konstantinopoliseko biztanleekin alderatuz gero; isauriarrak gudari amorratu eta leialak ziren gainera. Leonek pixkana isauriarrak armada inperialean txertatu zituen poliki poliki germaniarrak baztertzen zituen bitartean. Greko-erromatar-germaniar aliantza greko-erromatar-isauriar aliantzara aldatu zen, politika berriaren erakusgarri argiena Leonen alaba Ariadnaren ezteiak izan ziren. Bazen Leonen lagun egin zen buruzagi isauriar bat, bere izena Tarasikodisa zen, Tarasikodisak armada inperialeko hierarkian gora egin, Konstantinopolisera aldatu eta Zenon (ostera Zenon I.a izango zen) izen grekoa hartu zuen. Isauriarren fideltasuna bermatzeko Leonek bere alaba zaharrenarekin ezkondu zuen 466. urtean.
Zenon eta Ariadnaren ezkontzak germaniarrak jokoz kanpo utzi zituen: isauriarrak ziren armadan nagusi eta isauriarra zen baita ere agintariaren beraren suhia. Orduan Leonek Asparri kargua kendu zion eta alanoak denbora luzez blokeaturiko Mendebaldeko Inperioari eskainitako laguntzak egi bihurtu ziren, beranduegi zen jada ordea.
Bandaloen aurkako porrota
[aldatu | aldatu iturburu kodea]467. urtean Antemio Mendebaldeko Inperioko agintari izendatua izan zen Leonen laguntzarekin. Mendebaldeko inperioko politikan zuen influentzia handitzeko ipar Afrikako bandaloen aurkako espedizioa antolatu zuen 468. urtean. Zenbait iturriren arabera armada inperialak 1.113 ontzi bildu zituen 100.000 gudarirekin. Erromatarrak nagusi ziren arren Genseriko buruzagi bandaloak Basiliskok zuzenduriko flota garaitu zuen argi eta garbi Bizantzioko historia militarreko porrot handienetako bat izan zelarik. Denera 130.000 libera urre (9.000.000 solido) xahutu ziren baita Mendebaldeko Inperioaren akabera aurreratu. Bada porrot honen sustatzaile Aspar zela dioenik.
Azken urteak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Aspar gortetik aldendu zen arren honek bere seme Patrizio Leonen bigarren alabarekin ezkon zedila lortu zuen. Patriziok atzerritarra eta Arrianoren heresiaren jarraitzaile izan arren Zesar titulua lortu zuen. Patrizio Leonen oinordeko izan zitekeela bazirudien ere Leonek politika antigermaniarrari eutsi zion eta azkenean 471. urtean Aspar eta honen seme Ardaburio erail zitzatela agindu zuen. Patrizio hiltzen saiatu baziren ere azkenean zauriturik ihes egitea lortu zuen Zesar titulua eta oinordeko izateko aukera guztiak galdu zituelarik.
Heriotza eta oinordekotza
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Leon 474. urte hasieran hil zen ziurrenik disenteriak jota, 73 urte zituen. Leon II.a, Zenon eta Ariadnaren semea, bihurtu zen agintari. Leon II.a oraindik oso gaztea zenez Zenon izan zen erregeorde. Agintari berria koroa lortu eta hamar hilabetera hil zen gaixotasunak jota. Zenon I.a izango zen aurrerantzean Ekialdeko Inperio Erromatarreko agintari.
Leon I.aren agintean ostrogodo eta hunoek behin eta berriz eraso zituzten inperioak balkanetan zituen lurrak. Erasoak Konstantinopoliseraino bertaraino iritsi baziren ere Teodosio II.ak berreraiki eta hobeturiko harresi itzelei esker inperioko etsaiak ezin izan ziren Erroma Berrian sartu. Traziarrak armada hobetu zuen baita beste zenbait arlotan inobazioa sustatu.
Historialarien deskribapenak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Historialarien deskribapenen arabera Leon I.a gizon baxu eta burusoila zen, hitz totelka hitz egiten zuena eta errenen antzera ibiltzen zena. Ez omen zen oso argia eta mania ugari zituen, hori gutxi balitz agintea lapurtuko ziotelako beldurrez bizi zen.
Kanpo estekak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Leon I.a Bizantziokoa |
Aurrekoa Martziano |
Ekialdeko Inperio Erromatarreko agintaria eta Bizantziar agintaria 457 -474 |
Ondorengoa Leon II.a |