iBet uBet web content aggregator. Adding the entire web to your favor.
iBet uBet web content aggregator. Adding the entire web to your favor.



Link to original content: https://eu.wikipedia.org/wiki/Konpost
Konpost - Wikipedia, entziklopedia askea. Edukira joan

Konpost

Artikulu hau "Kalitatezko 2.000 artikulu 12-16 urteko ikasleentzat" proiektuaren parte da
Wikipedia, Entziklopedia askea

Konpost piloa.

Konposta —zenbaitek luarra[1] deitua— konpostajearen ondorioz sortutako ongarria da, materia organikoaren deskonposizio maila ertaina. Materia organikoa ere ongarri ona da, berez; humusa, berriz, deskonposizio mailarik gorena da. Izena iparraldeko frantses zaharreko compost hitzetik dator (esanahia: «hostoen, simaurraren eta abarren nahasketa, lurrak ongarritzeko erabilia»). Konposta egiteko prozesuari konpostatzea edo konpostajea deritzo.

Materia organikoa deskonposizio aerobioz eta deskonposizio anaerobioz bihur daiteke konpost, baina ziklo aerobioz deskonposatzen den materia organikoari bakarrik deitzen diogu konpostajea. Deskonposizio aerobioa gertatzeko, airean oxigeno asko egon behar du; deskonposizio anaerobioa gertatzeko (metanizazio ere esaten zaio), aldiz, oso oxigeno gutxi edo batere ez.

Konposta era naturalean lortzen da deskonposizio aerobioz: materia organikoa (adibidez, landare edo animalia hondakinak) deskonposatu egiten da bakterio aerobio termofiloen bidez; delako bakterio horiek edonon daude. Konposta egiteko, oro har, materia organikoa ez usteltzen saiatu behar da; horretarako, uraren urritasuna bermatu behar da; izan ere, urak ez du uzten materia oxigenatzen, eta bakteria anaerobioak ugaldu egiten dira; ondorioz, hondakin organikoa usteldu eta kirastu egiten da. Hala ere, zenbait prozesu industrialetan, usteltze prozesua erabiltzen da konposta lortzeko.

Konposta, abantaila ugariko ongarria izanik, gehienbat nekazaritzarako eta lorezaintzarako erabiltzen da. Beste zenbait zereginetarako ere erabiltzen da; besteak beste, paisaia-pinturetarako, erosioa kontrolatzeko edo erretako lurrak berreskuratzeko.

Probetxu handikoa izateaz gainera, konposta bide ona da hiri handiek eta nekazaritza eta abeltzaintza esplotazioek sortzen duten hondakin organikoen arazoa konpontzeko. Egokia da, beste tratamendu teknologia batzuekin alderatuta; izan ere, tratamendu horiek askotan ez dituzte zaintzen baliabide naturalak eta ingurunea eta, gainera, oso garestiak izaten dira.

Konpostajea aspaldiko teknika da; Antzinako Erroman, Gaius Pliniusek (K.a. 23-79) bere idazkietan aipatzen du material organikoa pilatzearena eta bertan uztearena, urtebetez edo hurrengo landatzeko urtaroa arte, konposta lurzoruan aplikatzeko prest izan arte. Metodo horrek alde on hauek zeuzkan: oso ahalegin txikia behar zen konposta sortzeko eta oso ona zen klima epeleko nekazaritzarako. Metodo modernoarekin alderatuta, zenbait alde txar ere bazituen: konpostarako erabilitako tokiak urte osoa egon behar zuen okupatuta, elikagai asko galtzen ziren euriarekin eta gaixotasunak ekartzen dituzten bakteriak eta animaliak ugaltzen ziren.

Konpostaje modernoa 1920ko hamarkadan hasi zen, Europan, nekazaritza organikorako baliabide modura. Hiriko hondakinak tratatzeko munduko lehenengo planta industriala Wels-en, Australian, ireki zuten, 1921 urtean. Konpostajearen lehen urte horietan, pertsonaia hauek izan zuten eraginik handiena: Rudolf Steiner, biodinamika nekazaritza metodoa sortu zuena, eta Annie Francé-Harrar. Francé-Harrarrek humusaren aldeko elkarte handi bat sortu zuen, 1950-1958 urteen artean, Mexikon, lurzoruaren degradazioaren kontra borroka egiteko. Era berean, aipatu beharrekoak dira Sir Albert Howard-ek Indian egindako lanak, praktika iraunkorren alde, eta Lady Eve Balfour-en ahaleginak konpostajearen teknika zabaltzeko.

Gaur egun, konpostaje arinaren aldeko pertsona asko dago. Konpostaje tradizionalaren zenbait arazori irtenbidea aurkitu diotela esaten dute. Diotenez, konpost egokia egin daiteke bizpahiru astean. Horrelako prozesua hain denbora gutxian gerta dadin, aldaketa batzuk egin behar dira, hala nola konpostatzeko materialen artean tamaina txikiagoko zatiak eta zati homogeneoagoak erabiltzea, karbonoaren eta nitrogenoaren arteko proportzioa kontrolatzea (30:1 edo handiagoa izan dadin), eta hezetasuna zehazki kontrolatzea. Hala ere, parametro horien guztien neurketa jada ageri zen Howarden eta Balfourren idazkietan; beraz, badirudi ez dela aurrerapauso handirik egin azken urteetan. Zientzialari askok uste dute ez dagoela modu eraginkor bat konposta denbora gutxian egiteko, bere denbora behar duela.

Deskonposizioaren eragileak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Konpostajerako siloak egitearen helburua bakterioentzako ekosistema egokia prestatzea da. Siloak deskonposizioa sortzen duten bakterioak mantentzen ditu, eta bakterio horietaz elikatzen diren beste izaki batzuk gordetzen ditu; horrela, bakterio horien hondakinak konpostaren parte izango dira. Deskonposizioa bideratzen duten izaki eraginkorrenak bakterioak eta mikroorganismoak dira. Horietaz gainera, garrantzitsuak dira onddoak, protozooak eta aktinobakterioak. Maila makroskopikoan, lur-zizareak, inurriak, barraskiloak, bareak eta ehun zangoak: horiek materia organikoa kontsumitu eta degradatzen dute.

Konpostaren osagaiak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Edozein material biodegradagarri konpost bihur daiteke, denborarekin. Hala ere, material guztiak ez dira egokiak, eskala txikiko konpostajea egiteko. Arazorik nabarmenena tenperatura da. Materialek ez badute hartzen patogenoak hiltzeko tenperatura egokia, izurriteak etor daitezke. Horregatik, simaurra, zaborra eta animalien gorpuzkiak eraginkortasun handiko instalazio berezi batzuetan tratatu behar dira. Instalazio berezi horiek sistema aurreratuak dituzte material organiko konplexuak tratatzeko. Metodo bera erabiltzen da petrolioaren hidrokarburoak eta beste material toxiko batzuk degradatzeko eta birziklatzeko. Erabilera horiei ematen zaien izena bioerremediazioa da.

Konpostaje azkarra baldintza berezi batzuetan gertatzen da: Materia lehor den bitartean, karbonoaren eta nitrogenoaren arteko erlazioak 25/1ekoa edo 30/1ekoa izan behar du; hau da, gutxi gorabehera 25 edo 30 aldiz karbono gehiago egon behar du nitrogeno baino. Era berean, beharrezkoa da zelulosa egotea, bakterioek energia lortzeko, eta, gainera, proteinak egotea bakterioak garatzeko. Gantz asko duten jakiak, berriz, hau da, haragia, arrautzak, esnekiak eta abar, ez dira onak etxeko konposta egiteko, intsektuak eta beste animalia batzuk erakartzen baitituzte. Hala ere, arrautz oskola kaltzio iturri ona da lurrerako, baina egosita ez badago, urtebete baino gehiago egon daiteke deskonposatu arte.

Materia biodegradagarri arruntak:

  • Kartoia
  • Kafe hondarrak
  • Koko zuntza (Kokoaren barruko azala)
  • Krustazeo oskolak
  • Arrautz oskolak
  • Arraina
  • Fruituak
  • Hostoak
Konpost pilo bat beroa askatzen goizean

Material ez biodegradagarriak

  • Nekazaritzako lima
  • Arroka arrautsa
  • Itsas oskolak
  • Lohia
  • Hondarra

Konposta egiteko teknikak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Batez ere bi teknika erabiltzen dira konposta era aerobioan egiteko:

  • Aktiboa edo beroa: Tenperatura kontrolatuz bakterio aktiboen ugalketa bideratzen da, patogeno eta mikrobio gehienak hiltzen dira, eta honela konpost erabilgarria oso denbora gutxian egitea lortzen da.
  • Pasiboa edo hotza: Tenperatura ez da kontrolatzen, eta deskonposaketa era naturalean gertatzen da.

Planta industrial gehienek konpostaje aktiboa egiten dute, kalitate handiko konposta denbora gutxian lortzen baitute. Konpost hoberena silo itxi eta kontrolatu batean lortzen da, tenperatura, hezetasuna eta aire fluxua kontrolatuta.

Gaur egun, herritarrek berek etxean konposta egiteko joera hedatu da. Esate baterako, Iruñerriko Mankomunitateak urtero kanpaina egiten du herritarrak horretara bultzatzeko, eta konpostontziak uzten ditu doan norberak baratzean jarri eta etxeko hondakinak zein inaustetik edo sortutako landareak konpostatzeko.

Konpost siloak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Konpost silo batean, %40 eta %60 bitarteko hezetasuna izan behar du, bakterioak izateko eta horiek beren lana betetzeko. Deskonposizioan lan egiten duten bakterioak sailkatzeko, bizitzeko behar duten tenperaturari eta sortzen duten beroari begiratzen zaio. Esaterako, bakterio mesofilikoek 20 eta 40 °C-ko arteko tenperaturak behar dituzte. Materia deskonposatzean beroa sortzen dute; horrek esan nahi du siloaren barruko aldea asko berotzen dela. Beroari era naturalean eusteko, gutxienez metro bat zabal eta metro bat gora izan behar dute konpostatzeko siloek, eta ahalik eta luzera handienekoak.

Hala ere, konpostatzeko tenperatura hoberena 60 °C da, tenperatura horretan patogeno eta hazi gehienak hil egiten baitira, eta, gainera, bakterio termofilikoentzako ingurune ezin hobea sortzen da; hain zuzen, bakterio horiek dira deskonposizioaren eragile nagusiak. Siloaren zentroak oso bero egon behar du (eskua erretzeko bezain beroa). Gerta daiteke aski beroa ez egotea, arrazoi hauetakoren bat dela medio:

  • Hezetasun handiegia dago, eta ez dago bakterioentzako oxigeno nahikorik.
  • Oso lehor dago, eta bakterioek ez daukate bizitzeko eta ugaltzeko ur nahikorik.
  • Ez dago proteina nahikorik (nitrogeno iturria).

Arazo horiek konpontzeko, gehienetan nahikoa da material gehiago botatzea edo konposta iraultzea, aireztatzeko. Konpostatzeko erritmoaren arabera, materia behin baino gehiagotan iraul daiteke eta garai horretan, ura ere bota daiteke, hezetasuna kontrolatzeko. Hozten bada, materiari buelta eman behar zaion seinale da: bakterioek elikagai guztiak agortu dituztela esan nahi du. Materiari buelta eman eta konposta berotzen ez bada, konpostaje prozesua bete dela esan nahi du. Orduan, material guztiak homogeneoa izan beharko du, kolorez iluna, hasierako materialekin inongo antzik gabekoa. Edonola ere, nahiz frogatuta ez egon, batzuek urtebete luzatzen dute konpostaren produkzioa, horrela lortutako konpostaren onurak gehiago irauten duelakoan.

Zizareekin egindako konpostajea

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Lumbricus rubellus.

Lur zizareak siloan sartuz kalitate handiko konposta lor daiteke, vermikonposta alegia. Zizare gorria edo Lumbricidae familiako beste zizareak materia organikoa jaten dute, eta digeritutako materiala elikagai eta mikrobio onuragarrien iturria da. Lombrikultura zizareen hazkuntzaz eta ugalketaz arduratzen da. Zizare horiek komertzializatzeko merkatu global bat dago, vermikonposta praktikatzen dutenentzat "materiala" sortzeko.

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. Orozkoko (Bizkaia) euskarako hitz horrek, berez, «zizare» esan nahi du. Iturriak:
    • «luhar», Orotariko Euskal Hiztegia.
    • Joxe Aranzabal: «Jakobitak eta konposta», Faroa, 2015-08-24.

Ikus, gainera

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]