iBet uBet web content aggregator. Adding the entire web to your favor.
iBet uBet web content aggregator. Adding the entire web to your favor.



Link to original content: https://eu.wikipedia.org/wiki/Inka_Inperioa
Inka Inperioa - Wikipedia, entziklopedia askea. Edukira joan

Inka Inperioa

Artikulu hau Wikipedia guztiek izan beharreko artikuluen zerrendaren parte da
Wikipedia, Entziklopedia askea

Inka Inperioa
Tahuantinsuyo
1438 – 1533
Monarkia
Inka Inperioaren gehienezko hedadura
Geografia
HiriburuaCusco
Biztanleria1438an: 12.000.000
1527an: 20.000.000
Azalera1438an: 800.000 km²
1527an: 2.000.000 km² km²
Kultura
Hizkuntza(k)Kitxua, aimara, puquina eta mochica
ErlijioaInka mitologia
Historia
Aurrekoa
Inkar Kurakazgoa
Ondorengoak
Vilcabambako inkak
Toledo Berriko Gobernazioa
Gaztela Berriko Gobernazioa

Inka Inperioa (kitxuaz: Tawantinsuyu edo Tahuantinsuyo, «lau eskualdeak») kolonaurreko Amerikako inperiorik zabalena izan zen[1]. XII. mende inguruan sortu zen eta XV. mendean izan zituen urterik oparoenak. Bere baitan hartzen zituen egungo Peru, Ekuadorko zatirik handiena, Kolonbiako hegoaldea, Brasilgo mendebaldeko zati bat, Boliviako mendebalde eta hegoaldea, Txileko iparraldea eta Argentinako ipar-mendebaldea. Hiriburu administratiboa, politikoa eta militarra Kuzco hirian zegoen, egungo Perun. Inperioko hizkuntza ofiziala kitxua zen, beste ehunka hizkuntza eta dialekto mintzatzen ziren arren.

Inka kultura Antzinako Peruko Garai Inperialean (900-1532) kokatzen da, Huari kulturaren gainbeherarekin hasi zen garai klasikoaren ondoan. Inka hegoaldeko tribu gerlaria zen, 1100-1300 bitartean gutxinaka iparralderantz hedatu zena, Cuscoko haran emankorrera iritsi arte. Nahiz eta XII. mendearen inguruan sortu, XV. mendearen erdialdetik aurrera jo zuen gailurra, eta Hego Amerikako inperio ahaltsuena eta handiena izatera iritsi zen espainiarrak heldu aurreko urteetan.

Hedapenik handiena 1438 eta 1533 bitartean izan zuen. Metodo desberdinak erabili zituzten inkek Hego Amerikako lurralde zabalak berenganatzeko, bai konkista militarra, bai asimilazio baketsua. XV. mende amaieran, Pachacútec (1438-1471) buruzagiaren Túpaq Inka Yupanki semeak (?-1493) hartu zuen boterea, eta egungo Ekuadorko lurretaraino hedatu zuen hark inperioa. Haren seme Huayna Cápac-ek (?-1527) egungo Kolonbiaraino zabaldu zuen. Espainiarrak heldu zirenerako, Hego Ameriketako ia mendebaldeko kostalde osoa hartzen zuen inperioak, eta 4.800 kilometroko luzera eta 460 kilometroko zabalera zeuzkan. Huayna Cápac hil ondoan, Huascar eta Atahualpa semeen arteko ondorengotza gerra piztu zen. Bigarrenaren gudarosteak irabazi zuen, espainiarrak eskualde hartara iritsi ziren unean.

Tokiko gurtza ugari zeuzkaten, gehienak huaca sakratuen inguruan, baina inken buruzagitzak Intirena bultzatzen zuen, hau da, Eguzkiarena, eta beste gurtzen gaineko menpekotasuna aldarrikatzen zuen, Pachamamaren gainekoa esaterako[2]. Inken enperadorea, Sapa Inca zeritzona, Eguzkiaren semetzat zuten.

Inka hitzak agintari edo jauna esan nahi du kitxuaz, eta agintarien klasea edo familia izendatzeko erabiltzen zen. Espainiarrek inka izena berenganatu zuten inperioko gizatalde osoa izendatzeko, ez agintarientzako bakarrik. Inkek, haien inperioari, Tawantinsuyu esaten zioten: kitxuazko tawa («lau»), -ntin atzizkia («batera» edo «elkarrekin»), eta suyu («eskualde» edo «probintzia»), hau da, «Lau eskualdeak batera» (edo «Laurak bat»).

Antzinako Peruko kulturaren bilakaera

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Machu Picchu, XV. mendeko hiria, Inken Haran Sakratuan.

Inken kultura, orain dela hogei bat mila urte Andeen erdialdean hasitako prozesu baten azken maila izan zen. Behe eta Goi Paleolito aroak hartzen dituen bilakaera geldiko aldi luze baten ondoren, mundu zaharreko historiaurrean Neolitoko iraultza esaten zaiona hasi zen, K. a. 2500. urte inguruan. Iraultza hark bi ezaugarri nagusi izan zituen: nekazaritzaren indartzea, batetik, eta animaliak etxekotzea, bestetik. Bi gertaera horien eraginez, biztanleek bizimodu sedentarioa egitera egokitu ziren, eta gizartearen egitura erabat korapilatu zen.

Hala, hiru mila urte inguruko prozesu bat hasi zen, eraketa prozesua; aldi horretan ezarri ziren antzinako Peruko kulturaren oinarriak. Garai hartako adierazgarri nagusia Chavín zibilizazioa izan zen; mila urteko tartean, Peruko lurraldean nolabaiteko batasuna lortu zuen zibilizazio hark. Mota horretako aldi bateratzaileei kultura horizonteak esaten diete arkeologoek; batasun hori hautsi eta han eta hemen lekuan lekuko talde banakatuak sortu ziren bi aldiei, bitarteko aldi esaten diete. Peruko arkeologiaren sailkapen hori eta Erdialdeko Amerikako beste eskualdeetako sailkapenak elkarrekin parekagarriak dira: klasikoa, garai klasikoaren krisia edo postklasikoa.

K. o. 400. urte inguruan amaitu zen eraketa prozesua, eta Chavín zibilizazioak beste zibilizazio batzuei utzi zien lekua. Zibilizazio berri horiek, aurreko garaiko kultura, ekonomia eta gizarte oinarrietatik abiatuta, arte sormenaren goreneko mailara iritsi ziren. Peruko kulturaren aldi klasikoa da hori. Garai horretan, aipatzekoak dira Moche edo Mochica herriak iparraldeko kostaldean, eta Paracas eta Nazca herriak hegoaldekoan. Kultura distiratsu haiek, ordea, lehenengo milurtekoa amaitzean krisiak jo zituen, bestelako kultura eredu bat sortu baitzen haien ordez, Tiwanakuko kultura hain zuzen. Kultura hori Titikaka aintziraren ertzean sortu zen. Eredu hark lekuan lekuko kulturak itzalarazi eta berriro bateratu zituen lurralde hartako kultura guztiak.

Azkenik, prozesu bitxi baten ondorioz, antzinako kultura batzuek lehenagoko beren ohiturak berreskuratu nahi izan zituzten: Chincha herriak Nazca herriaren ereduari jarraitu nahi zion nolabait, eta Chimúek, berriz, Mochica herriei. Ez zuten, ordea, beren helburua iritsi, ez zuten herri klasikoen distira izan; dena dela, teknikari dagokionez aurrerakuntza handiak egin zituzten eta, batez ere, erakunde politiko eta militar indartsuak sortu zituzten. Bitarteko garaiaren azken aldian, herri berri ugari sortu ziren, Inkak adibidez –Cuscoko Kitxuak–, eta elkarren artean borrokan aritu ziren nor nagusi izan; hala ere, lan zaila izan zuten, arerio indartsuak baitzituzten inguruan.

Inken jatorria eta bilakaera

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Jatorri mitikoa

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Espainiar kronikariek bi kontakizun jaso zituzten inperioaren sorrerari buruz: Titikaka aintzirarena eta Ayar anaiena.

Lehenengo elezaharrak honela dio: eguzkiaren jainkoak –Inti–, herrien arteko basakeriak errukituta, semea eta alaba –Manco Cápac eta Mamma Ocllo– bidali zituen (anai-arrebak izateaz gainera senar-emazteak ziren) herri haiek zibilizatzera. Titikakako aparretatik sortu ziren, eta iparralderantz egin zuten; aitak eman zien urrezko makila iltzatzen zen lekuan inperio handiaren hiriburua eraikitzeko agindua zuten. Makila Cuscotik hurbil iltzatu zen.

Bigarren elezaharrak, Ayar anaienak hain zuzen, dioenez, lau bikote –horietako bat aurreko kondairan aipatutako Manco Cápac eta Mamma Ocllok osatua– Cuscoren hegoaldeko Tamputoco mendi lepoko lau leihotatik sortu omen ziren. Hiru anaia bidean desagertu ziren, eta Ayar Manco gelditu zen bakarrik; Manco Cápac izena hartu eta inperioko hiriburua sortu zuen.

Bi elezahar horiek egiazko oinarria dute. Izan ere, aipatzen duten sorburuan, Cusco hegoaldean, Titikaka aintziran hain zuzen, Tiwanakuko zibilizazioaren gunea aurkitu da (inken kulturak lotura zuzena du horrekin). Elezahar horien arabera, inkek neke handiak izan zituzten hasieran, inguruko herriekin etengabe borrokatu baitziren nagusitasuna ez galtzeko.

Inperioaren historia

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Inka herriaz ezagutzen diren lehen berriak ahoz aho jasotakoak dira, ez baitzekiten idazten. Hala, tradizioak dioenez, Manco Cápac I.ak Cusco haraneko herriak mendean hartu zituen XII. mendearen bukaeran.

XIV. mendean, Andeetako lurretan ur falta zela eta, Mayta Cápac enperadoreak inguruko haranak hartu zituen bere herria urez hornitu ahal izateko. Haren ondoko enperadoreek, Viracocha Inkak batez ere, gudarosteak eta funtzionarioak ezarri zituzten hartutako lurretan, hobeto zaintzearren.

1438. urte inguruan, Pachacútec Inka Yupankik hartu zuen aginpidea, lur gehiago konkistatu zituen eta inperioa antolatu zuen. Adituek diotenez hark marraztu zituen Cusco hiriko planoak, eta hark aginduta egin ziren Eguzkiaren tenplua, eta mailatan eratutako soroak. Halaber, auzo leinuen batasuna lortzen ahalegindu zen, eta hartutako lurretako biztanleak beste norabait egozten zituen matxinadarik izan ez zedin.

Haren seme Túpaq Inka Yupanki enperadorearen garaian (1471-1493) jo zuen gailurra Inka inperioak: Andeetako goi-ordokiak, eta gaur egungo Txileko eta Argentinako iparraldeko lurrak konkistatu zituen. Haren ondorengoak, Huayna Cápac, milioi bat kilometro koadroko inperioa izan zuen mendean. Europarrek eramandako eritasun batek jota hil zen Huayna Cápac, eta inperioa haren semeen artean banatu zuen: Huascarri Cusco egokitu zitzaion eta Atahualpari, haren anaiordeari, berriz, Quito; inperioa banatzeko erabaki hark gerra zibila izan zuen ondorio.

1531. urtean Francisco Pizarro espainiar konkistatzailea inken lurraldean sartu zen, eta hurrengo urtean, amarru baten bidez, Atahualpa atxilotu zuen. Atahualpak, espetxetik, anaia hil zezaten agindu zuen, aginpidera iritsi ez zedin, eta gela bete urre eskaini zuen bera askatzen zuenarentzat; baina Pizarrok heriotzara zigortu zuen anaia hiltzeagatik, eta 1533an lepoa bihurrituta hil zuten. Urte horretan bertan espainiarrek Cusco hartu zuten eta Manco Inka Yupanqui onartu zuten enperadore. Arian arian, jauregiak eta hiriak suntsitu eta biztanleak esklabotzat hartu zituzten. Azken enperadorea, Tupac Amaru I.a, 1572an hil zuten burua moztuta.

Egitura politikoa

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Inken zabalkunde lasterra harritzekoa bada, are harrigarriagoa da inkek mendean hartu zituzten lurraldeetan ezarri zuten batasun politikoa, kulturazkoa eta ekonomikoa.

Inka inperioko lau suyuak.

Tawantinsuyu inperioa, izenak berak dioen bezala, lau eskualdek, suyuek, osatzen zuten; eskualde horiek puntu kardinalei dagozkie, gutxi gorabehera[3]:

  • Chinchay Suyu, ipar-mendebaldean. Itsasaldea, erdialdeko mendilerroa eta Peru eta Ekuadorko iparraldea hartzen zuen.
  • Qulla Suyu, hego-ekialdean, Titicaca aintzira, Boliviako mendialdea eta Argentinako iparraldea hartuz.
  • Anti Suyu, ipar-ekialdean, Cuscotik Andeen isurialderaino.
  • Kunti Suyu, hego-mendebaldean, Cuscotik Icaraino.

Lau suyuek politika eta erlijio hiriburuan zuten elkargunea, Cuscon hain zuzen (Cuscok, ziur aski, zilbor esan nahi du, munduaren zilborra), hiri hartan lau auzo osatzen zituztela. Auzo haietan bizi ziren lau gobernari orokorrak, suyocomayoc-ak. Administrazioa, bertikala eta sistema hamartarrean oinarritua, gobernari haien esku zegoen: administrazio horretan hamar, ehun, mila eta hamar milana familiako unitate politikoak osatzen ziren, zein bere agintariarekin. Tokiko agintari hauek, haranetako landa lurrak, hiri-herriak eta meatzeen ustiaketa ikuskatzen zituzten. Erlijio eta militar kontuentzako aginte-kate bananduak zeuden, tarteko azterketak eta botere orekak sortuz. Tokiko agintariak herritarren arteko auzien eta zergen ardura zuten. Gobernari haien mende, zenbaitetan, bertako agintari izandakoak aritzen ziren, esate baterako chimu handia, Peruko iparraldeko erreinuko agintari izandakoa.

Egitura horren guztiaren buru Sapa Inka zen, enperadorea alegia, buruzagi nagusia, errege guztiahalduna eta Eguzki jainkoaren semea; Cusco hiriburuko jauregi batean bizi zen, arreba zaharrenarekin ezkontzen zen, eta konkubinak izateko eskubidea zuen. Enperadorea hiltzean, haren seme batek, ez zuen nahitaez premua izan beharrik, hartzen zuen aginpidea.

Hala ere, badira beste bi faktore inperioaren batasuna ulertzen laguntzen dutenak. Alde batetik, lurralde osoa alderik alde igarotzen zuten bideak –oinezkoentzat eta llama saldoentzat egokituak–, mendiak eta basamortuak igaro eta bide sare zabala osatzen zutenak. Sare hori bi bide nagusietatik abiatuta zabaltzen zen, batetik mendilerroko errege bidea, Quitotik gaur egungo Argentinako Tucumáneraino iristen zena, Cuskotik igaroaz, eta bestetik, Tumbesetik Chinchara eta handik Cuscora itsasertzetik zihoan bidea. Kontuan hartu beharreko bigarren faktorea quipua da, alegia mnemoteknia sistema, koloretako soka lotuetan oinarritua; quipucamayoc-ek sistema hori erabiltzen zuten kontuak egiteko.

Pachacutec enperadorea habailarekin (Guaman Pomaren eskuizkribuan).

Inken enperadoreen zerrendak capaccuna[4] du izena (kitxuaz gizaki boteretsuenak). Viracocha Inka baino lehenagokoak erdi-kondairazkoak dira eta erregealdiak zalantzazkoak.

Espainiarrek izendatutakoak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Konkistaren ostean, estrategia arrazoiengatik, espainiarrek Inka batzuk izendatu zituzten:

Vilcabambako erregeak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1533 eta 1572 artean, Huayna Cápac-en seme batzuk espainiarren aurka matxinatu eta Vilcabamban kokatu ziren. Haien aginteak erresistentzia gune inguruetan baino ez zuen eraginik izan.

Gizarte eta ekonomiaren garapena

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Historialari askok, inken antolamendu sozioekonomiko bereziak harriturik, antolamendu sozialista edo komunista zutela esan izan dute; gaur egungo sistema politikoak eta ideologikoak, ordea, ez datoz bat inken errealitatearekin. Hala ere, bada hitz bat idazle horiek aztertu dituzten ezaugarriak biltzen dituena eta inken sistema azaltzeko balio duena: komunitarioa.

Inken gizartea ez da antzinako beste zenbait herriren antolamenduaren oso bestelakoa. Aristokrazia enperadorearen senideek osatzen zuten, eta inperioko goi hierarkia eta lurrik hoberenak izaten zituzten. Hurrengo maila aitonen semeei (kuraka) zegokien. Ondoren nekazariak eta artisauak (hatunruna) zeuden, jopuak (yanokona) gero, eta guztien azpian, presoak (mitima) zeuden. Hala ere, taldeek antolamendu berezia zuten, aylluan oinarritua; ayllu hori, familiaren ondoren, gizarte-sarearen oinarrizko banakoa zen. Beraz, inken gizartea ahaidetasun lotura sendoak zituen talde bat zen; ahaidetasun lotura hori adar nagusi beretik, totem-etik, sortua zela uste zuten, eta lan egin ere, taldean lan egiten zuen taldearen eta gizartearen mesederako.

Landa lurrak eta abereak –ezin esan daiteke ziur pribatuak ala taldearenak ziren– hiru motatakoak ziren: komunitatearenak, eguzkiarenak eta inkarenak. Azken bi horien etekinak erlijio gurtzako ministroen eta estatu ministroen beharrak asetzeko ziren.

Lan moduak ere hiru kontzeptu horien araberakoak ziren: ayni, minca eta mita. Aynian komunitatearen lanak taldean egiten ziren, mincan eguzkiarenak eta inkarenak, eta mitan inperioaren egitura mantentzeko beharrezkoak ziren lanak: bideak eta zubiak, eraikuntza zibilak, erlijiozkoak eta militarrak, erropak josi, armak eta lanerako tresnak egin, etab.

Dena dela, hori guztia hobeto ulertzeko ezinbestekoa da Peruko geografia ezagutzea: kostaldean basamortu handi bat, mendietatik jaisten diren ibaiek osatutako ibarrek etena; Andeetako mendilerroak, eta azkenik, basoak. Lurraren gorabeherek batetik, eta garaiera aldeek bestetik, unitate txikiak osatzen zituzten, monoekoizleak ia, edo John Murrak esan bezala hobi ekologikoak; unitate horiek elkarren beharra zuten gauzaz hornitzeko. Arrazoi horregatik beragatik inken inperioa baino askoz ere lehenago hainbat herri elkarren artean lotuta zeuden, eta zenbaitetan, horietako bat gainerakoen ekoizpen mailen gainetik jartzen zen; ondasunei egitura berria ematean oinarritzen zen herri nagusiaren agintea. Eta horixe egin zuten, hain zuzen, inkek: mendekoei lana eskatu eta ekoizpena herrien beharren arabera banatu.

Nekazaritza eta abeltzaintza

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
200 patata barietate landatzen zituzten inkek eta haien arbasoek

Inken garaian, mendikoa zen bertako nekazaritza. Patata Perun asmatu zen eta, beste hainbat tuberkuluekin batera, oinarrizko janaria zen. Landare hauek nahiko ahulak dira eta, uztak bermatu ezin zitekeenez, kontserbazio teknikak garatu zituzten balizko urte zailei aurre egiteko. Kinoa, berez bihia dena eta ez zereala, errazagoa da landatzeko eta 4.000 metroko lurretan hazi daiteke. Artoa ere hedatua zegoen landarea zen, baina, landaketa baldintza zailak zirela eta, uztak nahiko mugatuak ziren eta, batik bat, eskaintzak egiteko edo jaietarako erabiltzen zen. Laborantza hau garatu ahal izateko, inkek terrazak eta plataformak (bertako gaztelaniaz andenes) eraiki zituzten eta ureztatze sare zabala ezarri.

Beste landare batzuk ere landatzen zituzten eskualdearen arabera: tomateak, kakahueteak, babarrunak, piperrak, ananak, kakaoa eta abar. Coca landarea ere oso hedatua zegoen, inkentzako oso garrantzitsua, ospakizun guztietan erabiltzen baitzen.

Abeltzaintzari dagokionez, okela eta artilea, batez ere, llama eta alpaketatik zetozen.

Artea eta teknologia

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Hamabi ertzeko harria, Hatun Rumiyoc kalean (Cusco), inken hargintza landuaren adibidea

Arkitektura izan zen inken inperioko arte molde garrantzizko eta arranditsuena, inperioaren ahalmena agerian uzteko aukera ematen zuen adierazpidea zelako. Arkitektura bi helburu nagusi lortzeko erabili zuten: berdintasunaren eta batasunaren erakusgarri gisa batetik, eta konkista erraztea eta zabalkundearen helburua betetzen lagungarri izateko helburuarekin bestetik. Horrela, galtzada bikainak eraiki ziren gudarosteak batetik bestera erraz aldatu ahal izateko, biltegiak ere bai, beren mendeko lurraldeak behar bezala hornitzeko, eta orobat konkistaturiko lurraldeak zaintzeko gotorlekuak, tenpluak -erregearen guztizko boterearen erakusgarri eta estatuaren adar guztien bateratzaile gisa-, eta batez ere, agintarien handitasuna agerian uzten zuten jauregi ikusgarriak.

Bi helburu nagusiak horiek zituztela kontuan harturik, beraz, erraz ulertzen da arkitektura inkaren gotortasuna eta aldakuntzarako zaletasunik eza. Egituran ez ezik, dekorazioan ere antzeman zen joera hori; molde bateratuak erabili zituzten, soluzio soil eta paradigmatikoak. Harria erabili zen, batez ere, harri ongi leundua eta inolako estalgarririk edo pinturarik gabea; baina harri zabarragoak aukeratu zituzten eraikin arruntetarako eta harri bikainagoak eta ongi landuak agertzen dira, aldiz, eraikin arranditsuetan. Inken arkitekturaren estiloak bereizteko harriak nola lantzen ziren hartzen da kontuan, eta ondoko hiru era edo estilo hauek dira nagusiak:

  • harri irregular landu gabeez egindako arkitektura estiloa, etxeetan edo eraikin zibil ez oso garrantzizkoetan erabili zena, edo ikusgai gelditzen ez ziren hormak egiteko erabili zena; harri landu gabeak elkarren gainean jartzen ziren eta hartxintxarrekin betetzen ziren hutsuneak.
  • arkitektura megalitikoa, babes zereginetarako harri izugarriez egina, gotorlekuetan erabili ohi zena.
  • harlanduak, molde geometriko erregularrekiko arkitektura, elkarri oso ongi egokitzen zitzaizkien harriekikoa; harri bakoitza banaka-banaka lantzen zuten, alboetakoekin bat etor zedin; hiriguneetako jauregiak, tenpluak eta ospakizun eta estatu eraikinak egiteko erabiltzen zuten molde hau.

Barrunbeak trapezio formakoak ziren, eta hala behar zenean trapezio formako ateak eta horma zuloak irekitzen zituzten hormetan ere. Ez ziren oso eraikin egurastuak eta batzuetan zuloak ireki behar izaten zituzten hormetan eta sabaietan. Inken egoitza edo jauregi handiek oinarri laukizuzena izaten zuten, eta erdian patio bat, ez oso handia, zeinetara ematen baitzuten gelek. Jauregi eta tenpluetako sabaiak, etxe arruntetakoak bezala, zurezkoak ziren.

Cusco hiriburua

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Harlanduzko horma inka berrerabilia, Cusco.
Arkeologo eta historialari askorentzat, Sacsayhuaman gotorleku zeremoniala, bere harresi megalitikoekin, inkek euren garai gailenean egin zuten arkitektura lanik handiena da.

Cusco da arkitektura inkaren aztarnategi nagusietako bat. Hasieran Eguzkiaren santutegiaren inguruan pilaturiko txabolez osaturiko herrigunea izan zen, baina inperioaren garaian erro-errotiko berrikuntzak egin zituen Pachacutik, eta 60.000 biztanleko hiria izatera iritsi zen. Hiriaren ardatza lau kale nagusik osatua zen, eta erdian plaza nagusia eta Eguzkiaren santutegia edo Coricancha zegoen.

Coricancha zen Cuscoko, eta are inperioko ere, erlijio ospakizun eta santutegi nagusia, gainerako guztien erreferentzia, erdigunea, eta gune magiko-erlijiosotzat hartua zen; hura abiapuntu harturik zeuden eraikiak hiriko gune sakratu guztiak. Arkitektura multzo bikaina zen, hainbat tenpluz eta apaizen egoitzez osatua. Eraikin nagusia Eguzkiaren tenplua zen; urrezko xaflez estaliak zituen hormak, eta erdian Eguzkiaren urrezko irudi bat zuen; Eguzkiaren tenpluan zeuden inka edo agintari nagusien momiak. Multzo horretan zeuden halaber Ilargiaren tenplua, zilarrez apaindua, artizarraren eta izarren tenplua, ortzadarrarena etab. Tenplu eta egoitza eraikinez gainera, lorategi bat, plaza handi bat eta bost iturri zeuden.

Cuscon aipagarria da, orobat, Sacsayhuaman, inken leinuaren sortzaileak bere eskumakila finkaturiko gunea, eta beraz, jainkoekin bat egin zitekeena. Hiru harresiz babesturiko gotorleku handi bat zen, baina gaur egun harresi hirukoitz hori bakarrik ikus daiteke. Gotorlekuaren erdian hiru dorre zeuden, eta eraikinaren atal guztiak lurpeko igarobideez zeuden elkarri lotuak. Harriz egina zen guztiz, eta aipagarriak dira harresietako bloke megalitikoak, 5 m garaiak batzuk, kareorerik gabe elkarri atxikiak. Gotorleku sendoa zen, nonbait, baina bere zeregin bakarra ez zen babesezkoa, gobernuaren egoitza ere izan bide baitzen, eta horrek, gobernu zereginez gainera, nolabaiteko erlijiotasuna ere ematen zion.

Baina Cusco inken inperioko hiri aipagarria izan bazen, halaxe izan zen Machu Picchu hiri ikusgarria ere, itsas mailatik 2350 m-ra dagoena. Hiri misteriotsua da, eta gaur egun oraindik ez dago garbi zein helburuz sortu zen. Haitzuloetan eratutako 173 hilobi aurkitu dira; horietatik 150 emakumeen hilobiak ziren, eta horrek zalantza sortu du hiri soila, gotorlekua ala Eguzkiaren birjinen egoitza ote zen.

Harresiez inguratua zegoen erabat, eta 148 eraikin megalitiko aurkitu dira bertan; jauregiak, egoitzak, gune sakratuak, terrazak etab. Eraikin guztiak harrizkoak dira, bikain leundutako harri blokeez eginak, eta menditik sortuak balira bezala daude finkatuak; Machu Picchun ikusten da beste inon baino argiago inkek izadiaren eta arkitekturaren bat egiteari ematen zioten garrantzia.

Beste toki batzuk

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Inken beste herri eta eraikuntza gehiengoa Inken Haran Sakratuan daude. Horien artean dago Ollantaytambo herrixka.

Inka ehuna

Oihalgintza izan zen inken arte adierazpide garrantzizkoenetakoa. Izan ere, oihalak erabiltzen zituzten jainkoei opari gisa, Sapa Inkak gudaroste irabazleei oihalak ematen zizkien sari gisa, eta Sapa Inkari ere oihal bikainak ematen zitzaizkion opari; horrela, eskaintza egiteko borondatearen eta aginpidearen ikur bihurtzen ziren oihalak.

Inken inperioko klima gogorra zela eta, artilezko oihalak egiten ziren nagusiki, alpaka, bikuina, guanako eta llama artilezkoak. Llamazkoa erabiltzen zen burusiak eta ehun zakarrenak egiteko, bitarteko kalitateko beste bat erabiltzen zen eguneroko arropetarako eta bikuinazkoa, finena, zen tapizak egiteko erabiliena.

Apaindurari dagokionez, tapiz inketan irudi geometrikoak eta giza irudi estilizatuak agertzen dira oro har. Oso banaketa zaindua dute, behealdean elkarretatik hurbil eta estuago agertzen baitira irudiak, eta tarte handiagoez bereiziak goialdean. Ez dute Paracas eta Nazcako oihalek bezain apaindura aberatsik, baina geometrizazioaren bidez kalitate bikaina lortu zuten apainduran. Kolore biziak erabili zituzten, urdina, berdea, laranja eta bioleta koloreak nagusiki .

Pitxer antropomorfikoa.

Beste alor batzuetan bezala, zeramikan ere beste kulturen irudietan oinarrituriko piezak egin zituzten inkek, mochica edo nazca kulturen eraginekoak, batez ere, nahiz eta beren tankera berezia eman zieten.

Arkitekturan bezala, berdintasuna eta homogeneotasuna bilatu zuten, eta behin eta berriro errepikaturik agertzen diren paradigma batzuk eratu zituzten. Horrela, aipagarriak dira lepo estuko ontzia; raqui-a, aho zabaleko pitxerra ; chuy-a, heldulekurik gabeko platera; eta, batez ere, aribalo delakoa, lepo luzeko edalontzi bat, sabel puztukoa, helduleku bertikalak eta oinarri konikoa zituena. Neurri askotako aribaloak aurkitu dira, baina badira metro betekoak, eta aribaloak dira, hain zuzen, kolonaurreko Latinoamerikako kulturetako zeramikazko ontzi handienak. Zeramikazko ontziak irudi geometrikoez eta kolore biziez apainduak ziren oro har.

Inken mitoak ahoz zabaldu ziren, espainiarrek idatzi zituzten arte. Hala ere, aditu batzuen arabera, kipuetan (Andeetako soka korapilodunetan) gordeak izan zitezkeen[5].

Hauek dira inken erlijioaren ezaugarrietako batzuk[6]:

  • Politeista (antzinako grezieraz: polis, «asko» eta theos, «jainko»). Hainbat jainkoregan sinetsi eta gurtzen zituzten.
  • Panteista (antzinako grezieraz: pan, «guztia» eta theos, «jainko»). Natura munduko izakiak, ibaiak, urmaelak, euria, etab. jainkotzat zituzten. Guztia jainkozkoa zelako sinesmena zegoen. Beraz, ez zen jainko pertsonal bat existitzen, jainkoa eta unibertsoa gauza bera zirelako.
  • Heliolatra (antzinako grezieraz: helios, «eguzkia» eta latreia, «gurtza»). Inken ikuskera erlijiosoak eguzkiak irudikatzen zuen sineste nagusi baten inguruan antolaturik zegoen. Horregatik, inperio guztian gehien gurtzen zen ikurretako bat zen.

Inken jainko gorena Viracocha zen, bizidun guztien sortzailea. Inti, eguzkiaren jainkoa eta errege familiaren arbasoa, eta natura munduko beste jainko batzuk ere gurtzen zituzten. Inkek zenbait gauza eta leku sakratuak zirela sinesten zuten. Gauza eta leku horiei huaca izena eman zieten. Huacak izadiko lekuak (muinoak, harkaitzak, errekak...), tenplu handiak edo amuletu txikiak izan zitezkeen. Familia bakoitzak berea zuen. Izadi eta gizarteko oreka gordetzeko, huaca hauei eskaintzak egiten zitzaizkien[7].

Inkek heriotzaren ondoko bizitzan sinesten zuten, eta arbasoen espirituak gurtzen zituzten. Hildakoen gorpuak eta hilobiak huacatzat hartzen zituzten[7]. Heriotzaren ostean, hildakoaren gogoak (camaquen) zailtasunez beteriko bide luze bat egin behar zuen eta, besteak beste, odolezko ibai bat gurutzatu behar zuen, txakur beltzen laguntzarekin[8]. Inkek irudikatzen zuten hurrengo mundu hori europarren zeruaren antzekoa zen, lorez beteriko zelaiekin eta elurrez estalitako mendiekin. Norbait hiltzen zenean, gorpua baltsamatu eta erlauntz formako hilobi batean jartzen zuten, chicha eta janariarekin. Zortzi eguneko hiletak egiten zituzten eta familiakoak urte batez beltzez jantzita ibiltzen ziren[7]. Hildakoa gobernadore edo boteredun pertsona baldin bazen, haren gorpua bizirik balitz bezala tratatzen zuten. Izan ere, zerbitzariek jan-edana eta opariak eramaten zizkioten eta familiak elkarrizketak izaten zituen gorpuarekin.

Inka estatuaren erlijioa oso formala zen, eta erritu zein zeremoniak egiteko apaiz asko zeuden. Erritu anitzetan animaliak, akuriak edo llamak jeneralean, hiltzen zituzten, jainkoei opari gisa eskaintzeko; baina une sakratuenetan edo hondamendiak ekiditeko, umeak edo emakumeak ere eskaini ahal zitzaizkien. Apaizek etorkizuna iragarri eta gaixoak artatzen zituzten, eritasunak pertsona edo jainko baten gogo gaiztoaren ondorioa zirela uste baitzuten. Aukeratutako emakumeek jainkoei zerbitzatzen zieten, Intiri batez ere, eta haietako batzuek, eguzkiaren birjinek, bizi guztiko garbitasun botoa egiten zuten[7].

Viracocha, Inka mitologiako jainko sortzailea

Erlijio inkak mitologia grekoaren antz handia zuen, hainbat jainkotan sinesten zuelako. Inken ustez, existitzen edo gertatzen zen guztia jainkoren baten ondoriozkoa zen. Jainkoek guztia kontrolatzen zutela pentsatzen zuten eta, ondorioz, haien denboraren zati handi bat, jainkoei atsegin ematen pasatzen zuten.

  • Viracocha (edo Pachacamac) - Izaki bizidun guztien sortzailea. Munduaren maisu eta nagusitzat hartzen zen, hermafrodita, hilezkorra. Goreneko jainkoa zen, unibertsoaren eta unibertsoak dituen gauza guztien sortzailea: Lurra, Eguzkia, gizakiak, landareak…. Eta leku guztietan zegoela uste zen. Gainera, itsasoarekin erlazionatzen zen.
  • Inti - Eguzkiaren jainkoa, Cusco hiriaren zaintzailea. Beraren jatorri zehatza ezezaguna da; hala ere, istoriorik ohikoenetako batek zioenez, Viracocha jainkoaren semea zen. Eguzkia bizitzaren faktore garrantzitsua da, beroa eta argitasuna ematen dituelako. Horregatik, Inti jainkoa, biziaren emailetzat hartzen zen. Gehien gurtzen zen jainkoa izan zen, eta zergak, emakumeak eta sakrifizioak eskaintzen zitzaizkion. Horrezaz gain, enperadoreek, lur berriak konkistatzen zituztenean, ordainak ematen zizkioten.
  • Apu Illapu - Euriaren jainkoa, euria behar zenean deitua.
  • Ayar Cachi - Jainko buruberoa, lurrikaren sortzailea.
  • Illapa - Tximistaren eta trumoiaren jainkosa.
  • Kuychi - Ortzadarraren jainkoa, emankortasunarena.
  • Mama Quilla - Intiren emaztea, batzuetan Ama-Ilargia.
  • Mama Ocllo - Jendea zibilizatzeko jakinduria zuen, emakumeei oihalak ehuntzen irakatsi zien.
  • Pachamama - Ama Lurra, Viracocharen emaztea.
  • Qochamama - Itsasoaren jainkosa.
  • Sachamama - Ama Zuhaitza.
  • Yakumama - Ama Ura, lurrera etorri zenean ibai bihurtu zen.
Kipu bat

Inka Inperioaren barnean herri eta gizatalde ugari zeuden eta 700 hizkuntza inguru mintzatzen[9], baina inkek kitxua inposatu zuten hizkuntza ofizial.

Nahiz eta inperioa guztiz egituratua eta burokratizatua izan, Inkek ez zekiten idazten[10]. Ahozko tradizio aberatsa zuten, espainiar kronikagileek idatzi eta bildu zutena.

Hala ere, kontuak egiteko eta gertaerak adierazteko, kipu izeneko lokarri korapilodunen multzoa erabiltzen zuten. Kipua zeinu sistema bat zen: zenbat lokarri zituen, lokarrien luze-laburrak, koloreak, zenbat korapilo, eta korapilo horien kokaguneak eta bihurrikadurak gauza desberdinak adierazten zituen; koloreek gauzak, eta korapiloek zenbakiak adierazten zituzten. Kipuek estatuko estatistikak egiteko balio zuten: errolda zehatza (biztanleak sexuka eta adinka), abere kopuruak, salgai kopuruak, zergak eta abr. Quipucamayoc izena zuten administrariek bakarrik zekiten kipuak irakurtzen[11]. Halaber, probintzietako agintariek kipuak erabiltzen zituzten Sapa Inkari mezuak bidaltzeko.

Espainiar kronisten arabera, kipuak historiako data nagusiak eta sekretu erlijiosoak iraunarazteko erabiltzen ziren, nahiz eta, estatistikak ez bezala, oraindik dezifraezin izan.

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. McEwan, Gordon F.. (2010). After Collapse: The Regeneration of Complex Societies. University of Arizona Press, 98 or. ISBN 978-0816529360..
  2. Mangudai, Addison. The Inca. allempires.com (Noiz kontsultatua: 2015-08-29).
  3. Imperio Inca: La organización del territorio. artehistoria.com (Noiz kontsultatua: 2015-08-27).
  4. Betanzos, Juan. Suma y narración de los Incas, que los indios llamaron Capaccuna, que fueron Señores de la Ciudad del Cuzco y de todo lo a ella subjeto. cervantesvirtual.com (Noiz kontsultatua: 2015-08-27).
  5. Gary, Urton. (2003). Signs of the Inka Khipu: Binary Coding in the Andean Knotted-String Records. University of Texas Press ISBN 0-292-78540-2..
  6. Religión Inca. historiacultural.com.
  7. a b c d Religión Inca - El Sol y las Montañas. portalinca.com (Noiz kontsultatua: 2015-09-07).
  8. Noreña, Betsalí Curí. Apuntes sobre el más allá en el mundo andino. in: El mundo de los difuntos: culto, cofradías y tradiciones / coord. por Francisco Javier Campos y Fernández de Sevilla, Vol. 1, 2014. dialnet.unirioja.es (Noiz kontsultatua: 2015-09-07).
  9. An Inca account of the Conquest of Peru, Diego de Castro Yupangui (traduction de Ralph Bauer), University Press of Colorado, 2005, p. 52
  10. Thierry Jamin esploratzailearen iritziz, «idazkera» esan nahi duen qelqa hitz kitxuak desagertutako idazkera mota bat adieraz zezakeen
  11. Steele, Paul Richard F.; Allen, Catherine J.. (2004). Handbook of Inca Mythology. ABC-CLIO, 36-40 or. (Noiz kontsultatua: 2015-08-29).

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]