Hontz handi
Hontz handia | |
---|---|
Iraute egoera | |
Arrisku txikia (IUCN 3.1) | |
Sailkapen zientifikoa | |
Klasea | Aves |
Ordena | Strigiformes |
Familia | Strigidae |
Generoa | Bubo |
Espeziea | Bubo bubo Linneaus, 1758
|
Banaketa mapa | |
Datu orokorrak | |
Masa | 80 g arra: 2,38 kg emea: 2,992 kg |
Zabalera | 174 cm |
Kumaldiaren tamaina | 2,8 |
Eguneko zikloa | gaueko |
Genomaren kokapena | ensembl.org… |
Arrautza | |
Hontz handia (Bubo bubo) strigidae familiako hegazti harraparia da, Afrikan, Europan eta Asian bizi dena. Bere dotorezia dela eta sarritan erabili dute falkonerian.
29-73 zentimetroko altuera eta 1'3-1'7 metrotako hego-zabalera ditu. Harrapari gautar handiena da. Luma arre eta beltzak ditu eta burua bi motots agertzen ditu begi gorrien gainean, belarriak bailira.
Hegaldi zuzena du eta asko planeatzen du. Oso ixila da. Nahiago ditu zelai irekiak baso itxiak baino. Egiten duen uluak (úú-oo) bi kilometrotara entzun daitezke. Batzutan azeriaren zaunka ere imitatzen du.
Kate trofikoaren goreneko mailan kokaturik dago. Karraskari txikiak, untxiak, erbiak, katagorriak, arratoiak, usoak, zozoak eta trikuak ehizatzen ditu besteak beste. 10 kilogramoko pisua duten oreinkumeak ere harrapatu izan ditu.
Deskribapena
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Baldin eta arranoak eta belatzak egunez zeruaren jabe badira eta beren legea inposatzen badute, eguzkia sartu bezain laster, ilunabarretik egunsentiraino, inork ezin du hontz handiarekin lehiatu, gaueko jaun eta jabea da.
Bai, 60-70 cm-ko neurriarekin, 155etik 180rako hego zabalera eta eme batzuek hartzen dituzten 3 kilo baino gehiagoko pisuarekin, gaueko harraparirik handiena da. Urubi arrunta eta hontz ertainaren tamaina bikoitza du, eta hauek dira tamainaz hurrengo gaueko harraparirik handienak, gure latitudeetan behintzat. Elurretako hontza (Nyctea scandica) bakarrik hurbiltzen zaio, baina hontz zuri handi honen nagusitasuna Europako iparraldeko tundra izoztuetara mugatzen da.
Hontz handiaren itxura izugarria da; handia, buru handi bat du, eta lumazko bi motots ditu begien gainean, silueta biribildua hausten diotenak, eta aurpegian distira laranja duten begi kezkagarri handi pare bat. Lumajea, gaueko harrapari guztietan bezain leun eta malgua, arre-horixka kolorekoa, baina gainean orban eta marra arre-beltzaran nahastuekin, aurrealdean baino zerbait ilunagoa bizkarretik, eta aurpegian disko horixka bat du, fin-fin marratua, eta zuri pixka batekin mokoaren azpian, eztarriaren inguruan.
Oso hanka gogorrak ditu, ilazki itxi batez, behatzen muturreraino erabat estalita, eta hauek atzapar ikaragarriekin, azazkal luze, sendo eta kakotuekin, tamaina handikoak dira, nahiz eta ikusten ez diren lumek erdi estaltzen dituztelako.
Biologia eta ohiturak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Hontz handia sedentarioa da eta oso leiala da bere lurraldearekiko urte osoan. Desplazamendu garrantzitsuak gazteek bakarrik egiten dituzte, udazkenean familia-taldea banandu ondoren, lurralde egokien bila.
Bere jarduera-aldia iluntzean hasten da. Egunez geldirik eta isilik egoten da, harkaitzen baten babesean, logura duela ematen du, baina, egia esan, begi erdi irekiek eta belarri finek ez dute gertatzen denaren xehetasunik galtzen.
Harrapakin asko ehizatzen ditu. Bere indarrak eta gorpuzkerak aukera ematen diote azeri gazte bat bezalako ugaztunei arrakastaz erasotzeko, eta erasotzen dio, baina normalean harrapakin txikiagoekin konformatzen da. Arratoiak, saguak eta lursaguak, muxarrak, trikuak, untxiak, erbinudeak, lepazuriak eta beste mustelido batzuk izan ohi dira biktima ohikoenak, tamaina ertaineko hegaztiekin batera, eguneko eta gaueko harrapariak barne. Anfibioak eta narrastiak, arrainak noizbehinkakoak direla dirudi.
Hemen normalean harkaitzetan egiten du habia, erlaitz edo pitzaduraren batean, eta hor bi edo hiru arrautza erruten ditu, beste bat gehiago gutxitan, zuri-grisaxkak. Ez du habiarik egiten, zulo bat egiten du edo sakonune natural bat aprobetxatzen du. Harkaitzik ezean, zuhaitz hutsetan haz dezake, beste hegazti batzuen habia zaharretan eta baita lurrean ere.
Kumeak hazten goiz hasten dira. Udazkenetik aurrera arrak kantatzen hasten dira. Arroila bateko hormen artean edo haitzarte bateko arroketan, bere "hu-oh" larria eta sakona, bigarren silaba baxuagoarekin, errespetua inposatzen duen oihartzuna lortzen du.
Otsail-martxo aldera emea inkubatzen ari da, arrak janaria ekartzen dion bitartean. 34-36 egunera kumeak jaiotzen dira, lumatxa zuri batez estalita. Gero 10 aste behar dituzte hegan hasteko, baina askoz lehenago hasten dira habia utzi eta inguruan barrena ibiltzen, uztail aldera alde egiten dute habiatik, udazkenera arte inguruko lurraldean ibiltzeko, familia-taldea banatzen den garaira arte.
Banaketa, habitata eta estatusa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Hontz handia Paleartikoko espeziea da, Afrikako iparraldean, Europan, eta Asian zehar Txinara iristen da, kumeak hazten. Atzerakada handia jasan du Europa erdialdeko zati handi batean, eta badirudi zertxobait hobeto mantentzen dela Mediterraneo aldean. Iberiar penintsulan untxiaren mixomatosis gaixoak bere beherakada ekarri zuen, baina badirudi oraindik populazio nahiko ona mantentzen dela.
Euskal Herriko harkaitzetan bikote batzuk ezagutzen dira, eta badirudi kumeentzako leku egoki gehiago ere badaudela.
Harkaitzetan egon ohi da, eremu menditsuetan eta malkartsuetan, baina ez altuera handian, mendilerroen inguruetako arroiletan eta amildegietan, baina inguruan lur zabal samarrak behar ditu.
Ia ez du etsai naturalik, bere tamaina eta sendotasunagatik, baina gizakia bai da arriskutsua espeziaren biziraupenerako. Zuzenean: ehiza eta pozoiak; edo zeharka: pestizidak, baso-pistak, linea elektrikoak. Hauek eragin dute, hontz handiak garai batean zituen leku askotatik desagertzea.[1]
Taxonomia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Hamazazpi azpiespezie ezagutzen dira:
- Bubo bubo bengalensis
- Bubo bubo borissowi
- Bubo bubo bubo
- Bubo bubo hemachalanus
- Bubo bubo hispanus
- Bubo bubo interpositus
- Bubo bubo jakutensis
- Bubo bubo kiautschensis
- Bubo bubo nikolskii
- Bubo bubo omissus
- Bubo bubo ruthenus
- Bubo bubo sibiricus
- Bubo bubo tarimensis
- Bubo bubo tibetanus
- Bubo bubo turcomanus
- Bubo bubo ussuriensis
- Bubo bubo yenisseensis
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ (Gaztelaniaz) Administracion de la Comunidad Autonoma de Euskadi. (1989). Euskal Autonomiu Elkarteko Ornodunak. Graficas Santamaria S.A., 198 or. ISBN 84-7542-639-5..