iBet uBet web content aggregator. Adding the entire web to your favor.
iBet uBet web content aggregator. Adding the entire web to your favor.



Link to original content: https://eu.wikipedia.org/wiki/Harri
Harri - Wikipedia, entziklopedia askea. Edukira joan

Harri

Wikipedia, Entziklopedia askea
Harriak.
Baionako katedrala, batez ere harriz eginiko eraikina.
Beste esanahi batzuen berri izateko, ikus: «Harri (argipena)»

Harri mea materia gogorra da, lurraren azalean masa gotorretan aurkitzen dena[1][2]. Hargintzan, arkitekturan eta ingeniaritzan material moduan erabilia, normalean harrobitik erauzten da. Geologian, arroka esaten zaio.

Lehengai gisa, harria aire zabaleko harrobi eta meatzeetatik ateratzen da. Hobekien kontserbatzen den materiala da, eta Paleolito garaiko lehen tresnak ekoizteko balio izan zutenen artean ezagunena, nahiz eta kontserbazio okerragoko materialak erabili zirela uste izateko arrazoiak ere badauden, zura, hezurra edo landare-zuntzak kasu.

Jatorria *karr- erroan du, erromantze batzuetan ere erabili izan dena[3]. Lehenego agerpena 1025ekoa da, Harrizavallaga (Araba) leku-izenean [3](h-rekin).

Hitz-elkartearen bigarren parte denean, hitz zaharretan, maiz lotuta ageri da[4], eta gehienetan h-rik gabe: armarri, bataiarri, errotarri, hilarri, hareharri, oinarri, oroitarri... Hitz hasieran ordea, har forma hartu ohi du: harlandu, hargintza, harroina...

Harri pertsona-izena ere bada, epizenoa[5].

Sakontzeko, irakurri: «Arroka»
Arroken zikloa (litogenesia):
1. Magma
2. Kristalizazioa
3. Arroka igneoa
4. Erosioa
5. Sedimentazioa
6. Sedimentuak eta arroka sedimentarioak
7. Metamorfismoa (presioa eta tenperatura igoera)
8. Arroka metamorfikoak
9. Arroken urtzea

Geologian, harri motei arroka deritze. Arroka, lurrazaleko osagaia da, mineral batez edo gehiagoz osatua dagoena eta ezaugarri bereziak eta iraunkorrak dituena. Arroka gehienak solidoak dira. Petrolioa arroka berezia da alde horretatik, isurkaria delako. Arrokak silizez (kuartzoa), silikatoz (feldespatoak, mikak, piroxenoak..) eta karbonatoz (kareharria, dolomita..) daude osatuak, batez ere, eta jatorriaren arabera hiru multzotan sailka daitezke: arrokak igneoak (edo magmatikoak), sedimentarioak eta metamorfikoak[6].

Arroka sedimentarioak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Arroka sedimentarioak hainbat jatorrikoak dira: harkaitzetatik erauzi ondoren, haizeak edo urak garraiatu eta itsasoan hondoratu diren ekaiez eratutako arrokak (harearriak, buztinak, konglomeratuak..); itsasoetako urak lurruntzean, bertan urtuta zeuden gatzak jaulkitzean eratutako arrokak (gatz arrunta, igeltsua, kareharria..); landare eta animalia hilak pilatzean eta eraldatzean eratutako arroka organikoak (petrolioa eta harrikatza).

Arroka metamorfikoak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Arroka metamorfikoak, geosinklinalen hondoetan presio eta tenperatura handien eragina edo hurbileko magmena jasatean, beren egituran eta osaera kimikoan aldaketak izan dituzten arrokak dira. Harri metamorfiko ezagunenak arbelak, eskistoak, gneisak, kuartzitak eta marmolak dira.

Arroka magmatikoak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Arroka magmatikoak (edo igneoak) magma edo laba hoztean eta solido bihurtzean eratzen diren arrokak dira. Hozte hori Lurraren barruan edo kanpoaldean gerta daiteke, eta era horretara hainbat arroka mota sortzen dira. Arroka magmatikoen osagai nagusiak eta ia bakarrak kuartzoa eta silikatoak dira. Lehenengoa litosferako mineralik ugariena da eta haren osaeraren % 60ra iristen da. Arroka magmatikoen osaeran parte hartzen duten mineral ezagun batzuk hauek dira: mikak, piroxenoak eta feldespatoak.

Harlangaitzezko horma.
Harlanduzko horma, Machu Picchu

Harrizko egiturak aspaldi-aspalditik existitu dira, eraikuntza materialik iraunkorrena baita, eta, oro har, erraz eskura baitaiteke. Harri mota asko daude, erabilera jakinetan hobeak edo okerragoak direnak, ezaugarri ezberdinak baitituzte. Harria oso material trinkoa denez, babes handia ematen du; eraikuntza material gisa duen eragozpen nagusia pisua eta lantzeko zailtasuna da. Bere energia dentsitatea abantaila bezain desabantaila da. Harria berotzea zaila da energia kantitate handia kontsumitu gabe, baina, behin bero dagoenean, inertzia termikoari esker, beroa denbora luzez gorde ahal du.

Historian zehar, eta gaur ere bai, herri eta hiri gehienetan harrizko eraikinak ikus daitezke, eta Zibilizazio batzuetan batez ere harria erabiliz eraiki zen, hala nola azteken edo egiptoarren piramideak eta inken egiturak.

Arkitekturan, tradizionalki eraikinak osatzen dituzten elementuak gauzatzeko erabili izan da:

  • Zimenduak
  • Hormak: tamaina askotarikoak izan daitezke eta, antolaketaren eta lanketaren arabera, honela sailkatzen dira:
    • harlanduak[7][8]: harrobitik ateratzen diren harrizko atalak dira, paramentu lauekin eta bata bestearekin eskuairan landuak; harrizko fabrika-hormetan erabiltzen dira, hainbat adreilu-zoladuraren arabera. Harlanduak ezartzeko morteroa erabiltzen da edo, besterik gabe, morterorik gabe, erabilitako adreilu-zoladuraren bidez trabatuak.
    • harlanduxkak[7][8]: harlanduak baino txikiagoak diren harrizko atalak dira, horiek bezala harrobikoak eta paramentu lauak eta eskuairan dituztenak. Duten tamainagatik, esku bakarrarekin erabil daitezke, harlanduak ez bezala.
    • harlangaitzak[7][8]: itxura irregularra edo landugabea dutenak dira, harrobikoak edo zuzenean ingurunetik jasoak (ibaietatik adibidez). Horma bera osatzeko, harlanduak eta harlangaitzak uztartu daitezke.
  • Arku eta gangak (giltzarri eta ziriharriekin)
Okabe harrespila, Donibane Garazi hego-ekialdean.
Harri-jasotzailea Atotxako futbol zelaian (1920).

Historiaurrean, bada Harri Aroa izeneko garai bat, non harria tresnak sortzeko erabili izan zuen oinarrizko lehengai gisa erabili izan zuen. Harriak landuz, ertz zorrotzeko tresnak, puntak edo kolpatze gainazalak sortu ziren aro horretan. Neolitotik eta Brontze Arora arte, harlauza eta beste harri handiekin, megalito eginiko monumentuak altxatu ziren. Mota askotako eraikuntzak eta monumentuak biltzen dira megalitoetan, besteak beste trikuharriak, harrespilak edo zutarriak.

Harribitxia bere tasun bereziengatik oso baliozkoa den minerala da, ebaki eta leuntzean bitxigintzan eta beste apainduratan erabiltzen dena. Mendebaldeko kulturan erabili izan den sailkapena, Antzinako Greziatik hasita, bitan banatzen ditu harri baliotsu hauek: bitxiak eta erdi-bitxiak. Gaurko erabileran bitxiak dira diamantea, errubia, zafiroa eta esmeralda. Beste harribitxi guztiak erdi-bitxiak dira[9].

Zenbait kultura eta erlijiotan, harri batzuk sakratuak edo magikoak dira, beren historia, itxura edo tasunegatik. Munduan ezagunak dira, adibidez, Japoniako Meoto Iwa harkaitz ezkonduak, Birmaniako Kyaiktiyo pagoda edo Jerusalemeko Arrokaren Kupula. Euskal Herrian aipatzekoak dira, besteak beste, Urkiolako harria, Arretxinagako San Migel baseliza edo Harpeko Saindua.

Euskal Herrian, harri-jasotzea[10] harri bat lurretik hartu eta sorbaldaraino jasotzean datzan herri kirola da. Jarduera horretan dabilen kirolariari harri-jasotzaile[10] deritzo.

Ohiko materiala izanik, esamolde eta atsotitz ugari daude harri hitzarekin, besteak beste:

  • Harri eta zur: guztiz harriturik[1]
  • Harri eta belarri: guztiz harriturik[1]
  • Alper-harri: alperra[1]
  • Dabilen harriari goroldiorik ez
  • Harri ibiliak / erabiliak goroldiorik ez, erle uxatuak abaraskarik ez[11]
  • Harria tira eta eskua gorde[12]

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. a b c d «Harri». Euskaltzaindiaren Hiztegia
  2. Lur entziklopedietatik hartua.
  3. a b Harri Orotariko Euskal Hiztegian, Euskaltzaindia (noiz kontsultatua: 2021-09-25)
  4. Harri Euskara Batuaren Eskuliburua, Euskaltzaindia (noiz kontsultatua:2021-09-24)
  5. Harri Euskaltzaindiaren pertsona-izenen zerrendan, onomastika batzordea (kontsulta: 2021-9-25)
  6. Miren Mendia. «ZT Hiztegi Berria» zthiztegia.elhuyar.eus (Noiz kontsultatua: 2018-12-13).
  7. a b c Arkitektura hiztegia, EHU
  8. a b c Francis D.K. Ching. (2010). Arkitektura-hiztegi irudiduna. Euskal Herriko Unibertsitateko Argitalpen Zerbitzua ISBN 9788498600544..
  9. Precious Stones, Max Bauer, p 2
  10. a b Euskaltzaindia: Hiztegi Batua.
  11. Esaerak eta atsotitzak (pdf) Anoeta.eus gunean (noiz kontsultatua:2021-09-24)
  12. Antonio Zabala. (1985). (pdf) ESAERA ZAARREN BILDUMA BERRIA(1). Auspoa liburutegia.

Ikus, gainera

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]