iBet uBet web content aggregator. Adding the entire web to your favor.
iBet uBet web content aggregator. Adding the entire web to your favor.



Link to original content: https://eu.wikipedia.org/wiki/Gorbeia
Gorbeia - Wikipedia, entziklopedia askea. Edukira joan

Gorbeia

Koordenatuak: 43°02′06″N 2°46′48″W / 43.035°N 2.7799°W / 43.035; -2.7799
Wikipedia, Entziklopedia askea
Gorbeia
Datu orokorrak
Garaiera1.481 m
Prominentzia866 m
Motagailur
Geografia
Map
Koordenatuak43°02′06″N 2°46′48″W / 43.035°N 2.7799°W / 43.035; -2.7799
MendikateaGorbeiako mendilerroa
Herrialdea Euskal Herria
Probintzia Araba
Arabako eskualdeaGorbeialdea
UdalerriaZuia
Mendizaletasuna
Ohiko bideaPagomakurre (Areatza), Ubide, Zarate, Murua
LuberriLuberri
Artikulu hau mendiari buruzkoa da; beste esanahietarako, ikus «Gorbeia (argipena)».

Gorbeia Araba eta Bizkaia arteko mugan dagoen mendi bat da[1], herrialde bietako eta Gorbeiako mendilerroko tontorrik garaiena (1.482 metro), Bizkaiko bost deiadar mendietako bat. Zeanuri, Orozko, Ubidea, Zuia eta Zigoitia udalerrien artean banatuta dago. Gorbeia baino garaiagoa den mendirik hurbilena, Arbelaitz (1.513 m), 37,09 kilometrora dago.

Gailurra itsas mailatik 1.482 metro gorago du. Goian, 17 metroko gurutze ezaguna dauka, 1907an ezarria. 1901an eraiki zuten jatorrizkoa, 33,33 metrokoa, baina ekaitzak eraitsi zuen, bai eta bigarrena (1903koa) ere.

Hegoaldetik —Arabatik— tontorreraino igotzeko abiapuntu ohikoak dira Zarate (2 ordu eta 30 minutu), Muruako harrobiak (2 ordu eta 10 minutu), Murua (2 ordu eta 45 minutu), Sarria (2 ordu eta 50 minutu), Altube (4 ordu) eta Baranbio (4 ordu eta 30 minutu).

Iparraldetik —Bizkaitik— abiatzeko lekurik ohikoena Pagomakurre da (1 ordu eta 45 minutu); beste batzuk Barazar (2 ordu eta 45 minutu), Ubide (2 ordu eta 45 minutu) eta Zeanuri dira. Areatza herritik, ibilbidea 4 ordukoa da.

Puntan dagoen gurutzea.

Lehen eta bigarren gurutzeak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

1899an Leon XIII.a aita santuak kristau herrialdeetako mendirik altuenetan gurutzeak paratzeko agindu zuen, XX. mendea hastear zegoela eta. Hala, bada, herritarren eta erakunde publikoen artean dirua biltzeko batzorde bat eratu zuen Zeanuriko abade Juan Bartolome Altzibarrek; Zigoitiko artzipreste Jose Maria Urratxa buru zela, batzordeak Casto Zabala arkitektoari agindu zion lana. Zabalak lau egitasmo egin zituen. Aurrekontua 50.000 pezeta zen, eta 13.000 kilo burdina erabiliz gurutzea Lutxana (Barakaldo) auzoan egin zuten, Serapio Goikoetxearen lantegian, udalerri hartako alkate zela. Handik trenez Izarraraino garraiatu zuten, eta hortik gurdietan Zarateko bizilagunek igo zuten tontorreraino, 14 orduko bidaldia eginda.[2]

Lehen gurutze hura 1901eko azaroaren 12an bedeinkatu zuten, artean gurutzea erabat amaitu gabe zegoela. 33,33 metro luze zen (Kristok gurutziltzatu zutenean 33 urte baitzituen kristau sinesmenaren arabera), eta eraiki zutenetik hilabete zehatz batera erori zen, 1901eko abenduaren 12an, lurpean behar bezain oinarri sendorik ez zuelako.[3]

Bigarren gurutzea eraikitzeari ekin zioten berehala, eta 1903ko urriaren lehenean bedeinkatu zuten bigarren gurutze hori. Estreinako gurutzea baino 8 metro laburragoa zen, 25 metro luze baitzen. Hogeita zortzi hilabetez zutik iraun eta gero, 1906ko otsailaren 12an erori zen.[3]

Hirugarren gurutzea, gaur egungoa

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Bigarren gurutzea ere haizeteak lurreratu zuen, eta gaur egungoa hirugarrena da, Lutxanako toki berean egina eta 1907ko udaberrian[2] Gorbeiako tontorrean ezarria. Erromatar Eliza Katolikoak hain menpean zuen gizarte hartan, eguraldiaren erasoek gurutzea behin eta berriz eraistea katolikoen Jainkoaren ahultasuntzat har zitekeenez, ospakizunik egin gabe eta albiste handirik argitaratu gabe jarri zuten hirugarrena.[3]

Aurreko gurutzeek izandako bukaera ikusirik, hirugarren proiektuan hala egitura nola altuera arindu zituzten.[2] Gurutzeak 17 metro baino gehixeago du (jatorrizko gurutzearen erdia ia). 1931n orientazio mahaia ipini zuen inguru hartan Gasteizko mendi talde batek, eta 1963an Begoñako Andre Mariaren irudia gehitu zuen Baskonia mendi taldeak. Berriztapenen batzuk ere egin dira azken hamarkadotan.

Parke Naturala

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Gorbeiako Parke Naturala 1994an izendatu zen, 20.016 hektareako azalera betetzen duelarik bi euskal probintzien artean hedatuta.

Parkearen ezaugarri nagusiak:

  • Klima: Prezipitazioak ugariagoak dira Bizkaiko aldean Arabakoan baino. Klima atlantikoaren eta kontinentalaren arteko muga dugu Gorbeiako tontorra.
  • Geologia: Bizkaian Aldamin edo Lekanda bezalako kareharrizko tontor zorrotzak dira nagusi; Araban, aldiz, tontor biribilduak ikus ditzakegu silizeo harrien gainean (Berretin edo Oketa, esate baterako)
  • Basoak: Pagoak dira Gorbeian azalera gehien betetzen duten zuhaitzak, 6000ha alegia. Haritzak (Quercus robur eta Quercus Petraea) eratutako basoak urteetan zehar moztu egin ziren baso-landaketak (gehien bat Bizkaian) eta nekazal lursailak (Araban) ezarriz. Ibai-ertzetako basoak hedadura gutxikoak izan arren, garrantzia handikoak dira ibaien aniztasuna mantentzeko. Gorbeian ondo zaindutako ibaien adibide ugari ditugu: Arratia, Arnauri, Baias, Arralde, Ugalde...

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. Gailurraren izena: Gorbeia (Mendikat webgunean)
  2. a b c «Gorbeiako gurutzea», Bizkaiko Foru Aldundiaren webgunea.
  3. a b c Iñaki GARCÍA URIBE: «La cruz de Gorbeia», Euskonews & Media, 90. zenbakia, 2000-09-08.

Ikus, gainera

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Euskarazko Wikipedian bada atari bat, gai hau duena:
Euskal Herriko Wikiatlasa