Frantzisko Borjakoa
Frantzisko Borjakoa (Gandía, 1510eko urriaren 28a - Erroma, 1572ko urriaren 1a) espainiar aitoren seme eta jesuita izan zen. Jesusen Lagundiko hirugarren aita jenerala izan zen.
Kataluniako erregeorde (1539-1543) eta Gandiako duke izan zen. 1546an alargun gelditurik, jesuiten lehen ikastetxea sortu zuen Gandian, eta ondoren Jesusen Lagundian sartu zen. Jeneral zen garaian, konpainiak indar handia hartu zuen, Amerikan batez ere. Klemente X.ak kanonizatu zuen 1671ean; jaieguna urriaren 10ean da.
Bizitza
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Frantzisko Borjakoa Gandían jaio zen, 1510eko urriaren 28an. Joan Borgia Gandiako dukea eta Joana Aragoikoa izan zituen gurasoak. 12 urte zituela familiak Tordesillasko gaztelura bidali zuen, Joana Gaztelakoaren alaba Katalinaren morroi izan zedin. 1525ean, Katalina Joanes III.a Portugalgoarekin ezkondu zen, eta Frantzisko Zaragozara itzuli zen, bere heziketa osatzera[1].
1528an Karlos Habsburgokoaren gortean sarturik, zaldiketa, ehiza eta zaldun guduetara zaletu zen. Leonor de Castro portugaldar aitoren alaba eta Elisabet enperatrizaren ohorezko damarekin ezkondu zen ondoko urtean; ezkon saritzat, Karlos enperadoreak Llombayko markes izendatu zuen. Senar-emazteek zortzi seme-alaba izan zituzten. Handik aurrera, egoera abantailatsua izan zuen gortean, eta Elisabet enperatrizaren aholkulari aritzen zen, enperadorea Tunisia, Sizilia eta Napoliko gerra kanpainetara joaten zelarik. 1536an, enperadorearen ondoan parte hartu zuen Proventzako kanpainan; han ikusi zuen hiltzen Garcilaso de la Vega, laguna eta poeta handia[2].
1539ko maiatzaren 1ean, Elisabet enperatriza hil zen Toledon; 36 urte besterik ez zuen. Frantziskoren ardura izan zen gorpua Granadaraino eramatea, bertako katedralean lurperatua izatea baitzen enperatrizaren azken nahia. Bidaia horrek zirrara sakona eragin zion, eta lurreko bizitzaren iheskortasunaz egin zuen gogoeta[2]. Ekainaren 26an, Karlos enperadoreak Kataluniako erregeorde izendatu zuen, eta Bartzelonan kokatu zen. 1543an, aita hil ondoan, Gandiako duke bilakatu zenez gero, Bartzelonatik sorterrira aldatu zen bere jabegoak gobernatzera[1]. Garai hartan ezagutu zituen Fabro eta Araoz jesuitak, eta Jesusen Lagundiko ikastetxea sortu zuen Gandian. Azkenik, emaztearen heriotzak Lagundian sartzera bultzatu zuen; 1548ko otsailaren 1ean egin zuen profesa[1].
1550eko abuztuaren 30ean, tituluak Carlos semeari utzita, Gandia utzi zuen betiko. Erroman hiru hilabete igaro eta gero, Oñatira jo zuen. Madalena baseliza kokaturik, 1551eko maiatzaren 23an apaiztu zen. 1551-1553 bitartean, predikari ibili zen Euskal Herrian zehar, eta Madalena baseliza erromes leku bihurtu zen[1]. 1554-1559 bitartean, Jesusen Lagundiko arduraduna izan zen Espainia eta Portugalen; urte horietan Iberiar penintsula osoa korritu eta 20 ikastetxe baino gehiago fundatu zituen. Horrezaz gainera, eginahal handiak egin zituen diru-emaileak atzematen Erromako Ikastetxearentzat. 1559an Inkisizioaren jazarpena jasan zuen[2].
1565ean Jesusen Lagundiko aita jeneral izendatu zuten, Diego Laínezen ondorengo. Lan gaitza egin zuen kargu horretan, ikastetxe eta nobiziatu ugari fundatu zituen eta Lagundiaren araudia argitaratu zuen. Lagundiaren hedapena ikusgarria izan zen, Espainia, Portugal, Erroma, Piemonte, Frantzia, Flandria, Bohemia, Tirol, Alemania eta Polonian, besteak beste; India eta Ekialde Urruneko misioak erreformatu, eta Amerikakoak sortu zituen[1]. 1.000 jesuita zeuden Ignazio Loiolakoa hil zelarik, 4.000 Frantzisko Borjakoa zendu zenean[2]. 1571ko ekainean, Espainia eta Frantziara bidali zuen Pio V.a aita santuak, gestio diplomatikoak egitera. Bidaian larriki gaixoturik, 1572ko urriaren 1ean hil zen Erroman[1].
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2014-5-13 egunean. Egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek CC-BY 3.0 lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.
Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Frantzisko Borjakoa |