iBet uBet web content aggregator. Adding the entire web to your favor.
iBet uBet web content aggregator. Adding the entire web to your favor.



Link to original content: https://eu.wikipedia.org/wiki/Erresistentzia_(osagaia)
Erresistentzia (osagaia) - Wikipedia, entziklopedia askea. Edukira joan

Erresistentzia (osagaia)

Artikulu hau Wikipedia guztiek izan beharreko artikuluen zerrendaren parte da
Wikipedia, Entziklopedia askea

Material desberdinetako erresistentziak
Erresistentziaren ohiko ikur bi
Hiru dimentsioko eredu bat, erresistentzia 0,25 watt

Erresistentzia osagai elektriko pasibo bat da. Erresistentzia ideal baten erresistentzia elektrikoa ez da aldatzen, nahiz eta hari ezarritako potentzial diferentzia edo hura zeharkatzen duen korronte elektrikoa aldatu.

Erresistentzia edo erresistore deritzo zirkuitu elektriko bateko bi punturen artean erresistentzia elektriko jakin bat sartzeko diseinatutako osagai elektronikoari. Beste kasu batzuetan, xafletan, berogailuetan, eta abarretan, erresistentziak beroa sortzeko erabiltzen dira, Joule efektua aprobetxatuz. Ikatzez eta beste elementu erresistibo batzuez osatutako materiala da, korrontea igarotzearen aurka egiten duena.

Erresistentzia bateko gehieneko korrontea eta gehieneko potentzial-diferentzia baldintzatzen ditu haren gorputzak xahutu dezakeen potentzia maximoak. Potentzia hori bisualki identifika daiteke diametrotik abiatuta, bestelako adierazpenik behar izan gabe. Balio ohikoenak dira: 0.25 W, 0.5 W eta 1 W.

Ekoizten diren erresistentziak ez dira idealak, eta, horrela, tenperatura edo ingurugiroaren beste ezaugarri batzuen aldaketek erresistentzia elektrikoaren aldaketa egiten dute; halere, nahigabeko aldaketa hori ahal den txikiena izatea lortu nahi izaten dute erresistentzia ekoizleek.

Erresistentziak finkoak edo aldagarriak izan daitezke; aldagarriei, potentziometroak edo erreostatoak ere deritze eta euren erresistentzia elektrikoa aldatzeko mugimendu mekanikoa egin behar da, adibidez biraketa eskuz edo bihurkinez eginda.

Balioa eskuz doi daitezkeen erresistoreak daude, potentziometroak, erreostatoak edo, besterik gabe, erresistentzia aldakorrak deritzenak. Erresistentzia kanpoko parametroen arabera aldatzen zaien gailuak ere sortzen dira, hala nola termistoreak (tenperaturarekin aldatzen diren erresistoreak); jasaten duten tentsioaren mende dauden baristoreak edo jasotako argiaren arabera jarduten duten fotorresistentziak.

Erresistentzia batzuk luzeak eta meheak izaten dira, eta erresistentzia elektrikoa duen materiala erdian egoten da; material horri, metalezko hankatxo bira itsatsita egoten dira, bere ezarpena errazteko.

Erresistentziak zirkuitu elektrikoetan eta zirkuitu integratuen barnean egoten dira. Konputagailuetan eta beste tresna elektroniko batzuetan erabiltzen diren erresistentziak oso txikiak izan ohi dira; sarritan, SMD motakoak izaten dira. Erresistentzia handiagoek kapsula sendoagoak izaten dituzte, barnean sortzen den berotasuna errazago kanporatzeko.

Erresistentziek duten erresistentzia elektrikoaren nazioarteko unitatea (SI) ohm (Ω) da.
Erresistentzia batek 1 Ω duela esaten da; hari ezarritako potentzial diferentzia, 1 V zeharkatzen duen korronte elektrikoa 1 A denean.

Erresistentzia baten funtzio elektrikoa erresistentziaren arabera zehazten da: Erresistentzia komertzial arruntak bederatzi magnitude-ordena baino gehiagoko tartean fabrikatzen dira. Erresistentziaren balio izendatua osagaian adierazitako fabrikazio-perdoiaren barruan dago.

Portaera zirkuitu batean

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
0,25 watteko erresistentzia baten eredua hiru dimentsiotan

Erresistoreak korrontearen balioa mugatzeko edo tentsioaren balioa finkatzeko erabiltzen dira zirkuituetan, Ohmen legearen arabera. Beste osagai elektroniko batzuek ez bezala, erresistoreek ez dute polaritate definiturik.

Kodetze sistema

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
2. irudia: Hainbat erresistentzia, guztiak ere paketatze axialekoak.

Erresistentzien gutxi gora-beherako balioa ezagutzeko, kolore-kodea erabiltzen da. Kolore-kode hori, gehienbat, erresistentzia elektrikoekin erabiltzen da, baina kondentsadoreekin ere erabil daiteke, aldaketa txiki batzuk eginda.

Erresistore baten ezaugarriak zehazteko, hiru balio behar dira: erresistentzia elektrikoa, gehienezko disipazioa eta doitasuna edo perdoia. Balio horiek kapsuletan adierazten dira normalean, kapsula motaren motaren arabera; argazkietan ikusten den kapsulatze axial motarako, balio horiek koloretako eraztun-kode batekin errotulatzen dira.

Balio horiek koloretako marren bidez adierazten dira elementuaren gorputzean. Hiru, lau edo bost marra dira; perdoi-marra (normalean, zilarreztatua edo urreztatua) eskuinean utzita, ezkerretik eskuinera irakurtzen dira. Azken marrak perdoia (zehaztasuna) adierazten du. Gainerakoetan, azkena biderkatzailea da, eta gainerakoek erresistentziaren balioaren zifra esanguratsuak adierazten dituzte.

Erresistentzia elektrikoaren balioa lortzeko, balioak bat, bi edo hiru zifrako zenbaki gisa irakurtzen dira; biderkatzaileaz biderkatzen da, eta emaitza ohmetan (Ω) lortzen da. Tenperatura-koefizientea, hala, doitasun handiko edo % 1etik beherako perdoiko erresistentzietan baino ez da aplikatzen.

Erresistentzia finko baten adibidea

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Lehenengo eraztuna (A) balioaren lehen zifra da.
Bigarren eraztuna (B) balioaren bigarren zifra da.
Hirugarren eraztuna balioaren hirugarren zifra da. Eraztun hori ez da erresistentzia guztietan agertzen.
Laugarren eraztuna (C) biderkatzailea da.
Bosgarren eraztuna (D) perdoia da.

Kolorea 1. eraztuna 2. eraztuna 3. eraztuna Biderkatzailea Perdoia Tenperatura koefizientea
beltza 0 0 0 ×100    
marroia 1 1 1 ×101 ±1% 100 ppm
gorria 2 2 2 ×102 ±2% 50 ppm
laranja 3 3 3 ×103   15 ppm
horia 4 4 4 ×104   25 ppm
berdea 5 5 5 ×105 ±0.5%  
urdina 6 6 6 ×106 ±0.25%  
morea 7 7 7 ×107 ±0.1%  
grisa 8 8 8 ×108 ±0.05%  
zuria 9 9 9 ×109    
urrea       ×0.1 ±5%  
zilarra       ×0.01 ±10%  
kolore barik         ±20%  

Nola irakurri erresistore baten balioa

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Erresistentzia batean, oro har, koloretako lau lerro izaten ditugu, baina bost lerro dituzten batzuk ere aurki ditzakegu (4 koloretakoak eta 1 perdoia adierazten duena). Adibidetzat, orokorrena hartuko dugu, lau lerrokoa. Eskuineko Perdoiari dagokion bandarekin; gainerako bandak ezkerretik eskuinera irakurriko ditugu, honela:

Lehenengo bi zerrendek bi zifrako zenbaki oso bat osatzen dute[erreferentzia behar]:

  • Lehenengo eraztunak hamarrekoen digitua irudikatzen du.
  • Bigarren eraztunak unitateen digitua adierazten du.

Gero:

  • Hirugarren zerrendak 10en potentzia adierazten du, zeinarengandik zenbakia biderkatzen den.

Zenbakizko emaitza ohmetan adierazten da.

Adibidez:

  • Lehen eraztunari erreparatuko diogu: berdea = 5
  • Bigarren eraztunari erreparatuko diogu: horia = 4
  • Bigarren eraztunari erreparatuko diogu: gorria = 100
  • Batzen ditugu lehenengo bi lerroetako balioak, eta hirugarrenaren balioaz biderkatzen dugu.

54 X 102 = 54.00Ω edo 5,4 kΩ, beraz, hau da erresistentziaren balioa, ohmetan adierazita.

  • 2.700.000 Ω-eko (2,7 MΩ) erresistentzia baten ezaugarriak, ±% 10eko perdoiarekin, 3. irudian adierazitakoak dira:
1. zifra: gorria (2)
2. zifra: morea (7)
Biderkatzailea: Berdea (100.000)
Perdoia: zilar-kolorea (±% 10)
  • 4. irudiko erresistentziaren balioa 75 Ω da, eta ±% 2ko perdoia. Izan ere:
1. zifra: morea (7)
2. zifra: berdea (5)
3. zifra: beltza (0)
Biderkatzailea: urre-kolorea (10-1)
Perdoia: gorria (±% 2)

Gainazal-muntaketako erresistoreen kodeketa

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Irudi honetan, gainazalean muntatzeko lau erresistore agertzen dira (goiko ezkerreko aldeko osagaia kondentsadore bat da), zero ohmeko bi erresistore barne. Zero ohmeko loturak, askotan, alanbrezko loturen ordez erabiltzen dira
Gainazal-muntaketako erresistentzia edo SMDa

Erresistoreei, gainazalean muntatzeko teknologia duten zirkuituetan aurkitzen direnean, zenbakizko balioak inprimatzen zaizkie, erresistore axialetan erabiltzen den antzeko kode batean.

Muntaia mota horietan, perdoi estandarreko erresistoreak (Standard-tolerance Surface Mount Technology) hiru digituko kode batekin markatzen dira. Kode horretan, lehen bi digituek lehen bi digitu esanguratsuak adierazten dituzte, eta hirugarren digituak, berriz, hamar digituko potentzia (zero kopurua).

SMD erresistentzien kodeketa

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

SMD edo gainazal-muntaketako erresistentzietan, haien kodeketarik ohikoena da:

1. Zifra = 1. zenbakia

2. Zifra = 2. zenbakia

3. Zifra = Biderkatzailea

Adibide honetan, erresistentziak balio hau du:

1.200 ohm = 1,2 kΩ

1. Zifra = zenbakia

Rak: koma hamartarra adierazten du

3. Zifra = 2. zenbakia

Adibide honetan, erresistentziak balio hau du:

1,6 ohm

Rak: koma hamartarra adierazten du (0,)

2. Zifra = 2. zenbakia

3. Zifra = 3. zenbakia

Adibide honetan, erresistentziak balio hau du:

0,22 ohm

  • Adibidez:
"334" 33 × 10.000 Ω = 330 kΩ
"222" 22 × 100 Ω = 2,2 kΩ
"473" 47 × 1.000 Ω = 47 kΩ
"105" 10 × 100.000 Ω = 1 MΩ

100 Ω baino gutxiagoko erresistoreak honela idazten dira: 100, 220, 470, etab. Azken zero zenbakiak hamar zeroren potentzian adierazten du, eta hori 1 da.

  • Adibidez:
"100" = 10 × 1 Ω = 10 Ω
"220" = 22 × 1 Ω = 22 Ω

Batzuetan, balio horiek "10" edo "22" gisa markatzen dira, akatsak saihesteko.

10 Ω baino txikiagoak diren erresistoreek R bat dute puntu hamartarraren posizioa adierazteko.

  • Adibidez:
"4R7" = 4,7 Ω
"0R22" = 0,22 Ω
"0R01" = 0,01 Ω

Doitasun-erresistoreak lau digituko kodeekin markatzen dira: lehenengo hiru digituak zenbaki esanguratsuak dira, eta, laugarrena, hamarreko potentzia da.

  • Adibidez:
"1001" = 100 × 10 Ω = 1 kΩ
"4992" = 499 × 100 Ω = 49,9 kΩ
"1000" = 100 × 1 Ω = 100 Ω

000 eta 0000 balioak, batzuetan, gainazal-muntaketako loturetan agertzen dira, gutxi gorabehera zerorekiko erresistentzia dutelako.

Industria-erabilerako kodeketa

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

XX 99999 edo XX 9999X formatua [bi letra]<zuriunea>[erresistorearen balioa (hiru/lau digitu)]<zuriunerik gabe>[perdoiaren kodea(numerikoa/alfanumerikoa - digitu bat/letra bat)]

Potentzia izendatua 70 °C-tan
Mota, Zkia Potentzia
nominala
(watt)
MIL-R-11
Norma
MIL-R-39008
Norma
BB 1/8 RC05 RCR05
CB ¼ RC07 RCR07
EB ½ RC20 RCR20
GB 1 RC32 RCR32
HB 2 RC42 RCR42
GM 3 - -
HM 4 - -


Izendapen industriala Perdoia MIL izendapena
5 ±% 5 J
2 ±% 20 M
1 ±% 10 K
- ±% 2 G
- ±% 1 F
- ±% 0.5 D
- ±% 0.25 C
- ±% 0.1 B

Tenperatura operazionalaren tarteak osagaien mota komertzialak, industrialak eta militarrak bereizten ditu.

  • Mota komertziala: 0 °C-etik 70 °C-era
  • Mota industriala: −40 °C-etik 85 °C-era (batzuetan, −25 °C-etik 85 °C-era)
  • Mota militarra: −55 °C-etik 125 °C-era (batzuetan, -65 °C-etik 275 °C-era)
  • Mota estandarra: -5 °C-etik 60 °C-era

Erresistentzia finkoak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Lineako erresistentzien pakete bat (SIL), 47 ohmeko banakako 8 erresistentziarekin. Pakete horri SIP-9 ere deritzo. Erresistentzia bakoitzaren mutur bat hanka independente bati lotzen zaio, eta beste muturrak, elkarrekin, gainerako hankari (komuna) lotzen zaizkio; 1. hanka, puntu zuriak identifikatutako muturrean du.

Harien antolaketa

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Through-hole osagaiek gorputzetik axialki ateratzen diren kableak izaten dituzte, hau da, piezaren ardatz luzeenaren paraleloa den lerro batean. Beste batzuek kableak dituzte, eta horiek erradialki ateratzen dira beren gorputzetik. Beste osagai batzuk SMTak (gainazalean muntatzeko teknologia) izan daitezke; potentzia handiko erresistentziek, berriz, bero-disipadorean, diseinatutako kable bat izan dezakete.

Karbono-konposizioa

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Antzinako estiloko «txakur hezur» erresistentziak
Karbono konposizioko hiru erresistentzia irrati-balbula (huts-hodia) batean.

Karbono-konposizioko erresistentziak elementu erresistibo zilindriko solido bat dira, kableak itsatsita edo tapa metalikoekin, non kableak itsasten diren. Erresistentziaren gorputza pintura edo plastikoarekin babestuta dago. XX. mende hasierako karbono-konposizioko erresistentziek isolatu gabeko gorputzak zituzten; berunezko kableak erresistentzia elementuaren hagatxoaren muturren inguruan biltzen ziren, eta soldatu egiten ziren. Erresistentziaren fabrikazioa amaitutakoan, bere balioaren kolore-kodearekin pintatzen zen[1].

Karbono-konposizioko erresistentziak erabilgarri daude oraindik, baina nahiko garestiak dira. Balioak ohm batetik 22 megaohmetara joan daitezke. Garestiak direnez, erresistentzia horiek jada ez dira aplikazio gehienetan erabiltzen. Hala ere, elikadura-iturrietan eta soldadura-kontroletan erabiltzen dira[2].​ Ekipo elektroniko zaharrak konpontzeko ere eskatzen dira, zeinetan autentikotasuna faktore garrantzitsua baita[3][2].

Karbono-erresistentzia oso zaharrak daude, eta haien kolore-kodea honela irakurri behar da: Muturraren kolorea, lehenengo zifra adierazten duena; gorputzaren kolorea, bigarren zifra adierazten duena; eta gorputzean markatutako puntu baten kolorea, gehitu beharreko zeroen kopurua adierazten duena.

Karbono-pilen erresistentzia bi ukipen-plaka metalikoren artean konprimitutako karbono-diskoen pila batek osatzen du. Estutze-presioaren doikuntzak plaken arteko erresistentzia aldatzen du. Karga doigarri bat behar denean erabiltzen dira erresistentzia horiek, adibidez, autoen baterien probetan edo irrati-transmisoreetan. Karbono-pilen erresistentzia abiadura kontrolatzeko ere erabil daiteke, ehunka watt arteko potentziadun etxetresna elektrikoen motor txikientzat, esaterako (josteko makinak, eskuko irabiagailuak...)[4].​ Karbono-pilaren erresistentzia sorgailuetarako tentsio-erregulatzaile automatikoetan sar daiteke, non karbono-pilak landa-korrontea kontrolatzen baitu tentsio konstante samar bati eusteko[5].​ Printzipioa karbono mikrofonoan ere aplikatzen da.

Karbono-geruza

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Karbono-geruza erresistentzia, karbono-espirala agerian duela (Tesla TR-212 1 kΩ)

Substratu isolatzaile baten gainean, karbono-geruza bat ezartzen da, eta, bertan, helize bat mozten da bide erresistibo luze eta estu bat sortzeko. Formen aldakuntzak eta karbono amorfoaren erresistibitateak (500 eta 800 μΩ/m bitartekoa) erresistentzia-balio ugari eman ditzakete. Karbono konposizioarekin alderatuta, zarata-maila baxua dute, aglutinatzailerik[6] gabeko grafito purua zehatz banatuta baitago. Karbono-geruza erresistentziek 0,125 W-etik 5 W-era bitarteko potentzia-maila dute 70 °C-etan. Eskuragarri dauden erresistentziak 1 ohm-etik 10 megaohm-era bitartekoak dira. Karbono-geruza erresistentziak 55 °C-etik 155 °C-era arteko funtzionamendu-tenperatura du. 200-600 volteko lan-tentsio maximoa du. Karbono-geruza erresistentzia bereziak bulkada-egonkortasun handia behar duten aplikazioetan erabiltzen dira.

Karbono-erresistentzia inprimatuak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
PCB baten SMD (azaleko muntaia gailua) plaketan zuzenean inprimatutako karbono-erresistentziak (laukizuzen beltzak). 1989ko Psion II antolatzaile baten barruan.

Karbono-konposizioko erresistentziak zuzenean inprima daitezke zirkuitu-inprimatu plakan (PCB), PCBa fabrikatzeko prozesuaren zati gisa. Teknika hori, PCB modulu hibridoetan ohikoagoa den arren, beira-zuntz estandarreko PCBtan ere erabil daiteke. Perdoiak nahiko handiak izan ohi dira, eta % 30 ingurukoak izan daitezke. Aplikazio tipiko bat litzateke pull-up erresistentzia ez-kritikoena.

Geruza lodia eta mehea

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Keithley DMM7510 multimetroan erabilitako Fluke laser bidez ebakitako doitasunezko geruza meheko erresistentzien sarea, zeramikazko bizkarraldeaz eta itxitura hermetikoko beirazko estalkiaz

Geruza lodiko erresistentziak 1970eko hamarkadan egin ziren ezagun, eta SMD (azaleko muntaia gailua) gehienak, gaur egun, mota horretakoak dira. Geruza lodietako elementu erresistiboa geruza mehekoa baino 1.000 aldiz lodiagoa da[7], baina desberdintasun nagusia da geruza zilindroari (erresistentzia axialak) edo gainazalari (SMD erresistentziak) nola aplikatzen zaion.

Geruza meheko erresistentziak egiten dira sputtering edo ihinztatze-katodikoa substratu isolatzaile baten gaineko material erresistiboari aplikatuz. Ondoren, geruza zirkuitu inprimatuen plakak fabrikatzeko prozesu zaharraren (kentze prozesua) antzera grabatzen da; hau da, gainazala material fotorresistente batez estaltzen da; gero, geruza patroi batez estaltzen da; argi ultramorez irradiatzen da, eta, ondoren, agerian dagoen geruza fotosentikorra errebelatzen da, eta azpiko geruza mehea grabatzen da.

Geruza lodiko erresistentziak serigrafia eta txantiloi pintatu prozesuen bidez fabrikatzen dira[2].

Geruza metalikoa

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Berun axialdun erresistentzia mota arrunt bat, gaur egun, metalezko geruza-erresistentzia da. Berunik gabeko elektrodo metalikoaren erresistentziek teknologia bera erabili ohi dute.

Geruza metalikozko erresistentziak nikel-kromoz (NiCr) estalita egon ohi dira, baina, lehen, geruza meheko erresistentzietarako aipatutako edozein zermet (zeramika-metal) materialez estalita egon daitezke. Geruza meheko erresistentziak ez bezala, materiala sputtering edo ihinztatze-katodikoa teknika ez den beste teknika batzuen bidez aplika daiteke (nahiz eta hori izan tekniketako bat). Gainera, geruza meheko erresistentzietan ez bezala, erresistentziaren balioa zehazteko, grabatu beharrean, helize bat ebakitzen da estalduran zehar. Karbono-erresistentziak egiteko moduaren antzekoa da. Emaitza arrazoizko perdoia da (% 0,5, % edo % 2), eta 50-100 ppm/K[8] bitarteko tenperatura-koefizientea. Geruza metalikozko erresistentziek zarata-ezaugarri onak eta ez-linealtasun txikia dituzte, tentsio-koefiziente txikia baitute. Halaber, onuragarriak dira perdoi estua, tenperatura-koefiziente txikia eta epe luzerako egonkortasuna[2].

Metal-oxidoaren geruza

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Oxido metalikozko geruza-erresistentziak oxido metalikoz eginda daude, eta horrek funtzionamendu tenperatura handiagoa eta geruza metalikodunek baino egonkortasun eta fidagarritasun handiagoa ematen ditu. Erresistentzia eskakizun handiko aplikazioetan erabiltzen dira.

Kable harilkatua

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Alanbrez harilkatutako potentzia handiko erresistentziak, tren elektriko bagoi batean balaztatze dinamikoa erabiltzeko. Erresistentzia horiek kilowatt asko xahutu ditzakete denbora luzean.
Haril-erresistentzien haril-motak

Erresistentzia harilkatuak fabrikatzeko, metalezko hari bat, normalean nikel-kromoa, bildu ohi da zeramikazko, plastikozko edo beira-zuntzezko nukleo baten inguruan. Kablearen muturrak bi estalki edo eraztunera soldatzen dira, nukleoaren muturrera lotuak daudenak. Multzoa pintura geruza batez, plastiko moldeatu batez edo labean, tenperatura altuan, egindako esmalte batez babestuta dago. Erresistentzia horiek ezohiko tenperatura altuak jasateko diseinatuta daude, 450 °C-rainokoak[2]. Potentzia txikiko wirewound erresistentzien kableek 0,6 eta 0,8 mm arteko diametroa izaten dute, eta eztainuztaturik daude soldadura errazteko. Potentzia handiagoko erresistentzia harilkatuetarako, zeramikazko edo aluminiozko kanpo-karkasa bat erabiltzen da geruza isolatzaile baten gainean; kanpoko karkasa zeramikazkoa bada, erresistentzia horiek, batzuetan, «zementuzko» erresistentzia gisa deskribatzen dira, baina ez dute inolako ohiko Portland zementurik edukitzen. Aluminiozko karkasadun erresistentziak beroa xahutzeko bero-disipadore batera konektatzeko diseinatuta daude; potentzia izendatua bero-disipadore egoki batekin duen erabileraren araberakoa da, adibidez, bero-disipadore batekin erabiltzen ez bada, 50 W-eko potentzia izendatuko erresistentzia bat xahututako potentziaren frakzio batera gainberotzen da. Harilkatutako erresistentzia handiek 1.000 watteko edo gehiagoko potentzia izendatua izan dezakete.

Harilkatutako erresistentziak elektromagnetikoak direnez, beste erresistentzia mota batzuek baino induktantzia baztergarri gehiago dute. Hala ere, kablea norabide alternoko sekzioetan biltzeak induktantzia gutxitu dezake. Beste teknika batzuek, izan ere, harilkatua, bi hariko edo eratzaile lau eta fin bat erabiltzen dute (harilaren zeharkako sekzioaren azalera murrizteko). Zirkuitu zorrotzenetarako, Ayrton-Perry harildun erresistentziak erabiltzen dira.

Erresistentzia harilkatuen aplikazioak konposizio-erresistentzien aplikazioen antzekoak dira, goi-maiztasunekoak izan ezik. Wirewound erresistentzien maiztasun handiko erantzuna konposizio-erresistentzia batena baino askoz okerragoa da[2].

Xafla metalikozko erresistentzia

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Xafla metalikozko erresistentzia

1960an, Felix Zandmanek eta Sidney J. Steinek[9] egonkortasun handiko erresistentzia-garapena aurkeztu zuten.

Xafla baten erresistentzia primarioko elementua, izatez, kromo eta nikelezko aleazio-xafla bat da, hainbat mikrometro lodi dena. Kromo-nikel aleazioek erresistentzia elektriko handia dute (kobrearenak baino 58 aldiz handiagoa), tenperatura-koefiziente txikia eta oxidazioarekiko erresistentzia handia. Adibide batzuk Chromel A eta Nikromo V dira. Horien konposizio tipikoa 80 Ni eta 20 Cr da, eta urtze-puntua 1.420 °C da. Burdina gehitzean, kromo-nikel aleazioa harikorragoa bihurtzen da. Nikromoa eta Chromel C, esaterako, burdina duen aleazio baten adibide dira. Nikromoaren ohiko konposizioa 60 Ni, 12 Cr, 26 Fe, 2 Mn da, eta Chromel C, 64 Ni, 11 Cr, Fe 25 da. Aleazio horien fusio-tenperatura 1.350 ºC eta 1.390 °C da, hurrenez hurren[10].

1960ko hamarkadan sartu zirenetik, xaflazko erresistentziek edozein erresistentzia erabilgarriren zehaztasun eta egonkortasunik onena izan dute. Egonkortasunaren parametro garrantzitsuenetako bat da erresistentzia elektrikoaren tenperatura-koefizientea (CTR). Xafla erresistentzien CTRa izugarri baxua da, eta, urteetan zehar, hobetuz joan da. Ultradoitasunezko xaflen erresistentzia-sorta batek 0,14 ppm/°C-eko CTRa eskaintzen du, perdoia ±% 0,005, epe luzerako egonkortasuna (1 urte) 25 ppm, (3 urte) 50 ppm (zigilatze hermetikoak 5 aldiz hobetua), kargapeko egonkortasuna (2.000 ordu) % 0,03, EMF (eremu elektromagnetikoa) termikoa 0,1 μV/°C, zarata  -42 dB, tentsio-koefizientea 0,1 ppm/V, induktantzia 0,08 μH, kapazitatea 0,5 pF[11].

Horrelako erresistentzien egonkortasun termikoak badu zerikusirik metalaren erresistentzia elektrikoaren kontrako efektuekin; izan ere, erresistentzia hori tenperaturarekin handitzen da, eta murriztu egiten da hedapen termikoaren bidez, xaflaren lodiera handitzera baitarama; xaflaren beste dimentsioak, berriz, zeramikazko substratu batek mugatzen ditu[12].

Neurketa gailuak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Shunt-a edo deribatzaile amperemetrikoa korrontea detektatzeko erresistentzia mota berezi bat da, lau terminal eta balioa miliohm edo, are, mikro-ohmetan dituena. Korrontea neurtzeko tresnek, berez, korronte mugatuak baino ez dituzte onartzen. Korronte handiak neurtzeko, korrontea shuntetik igarotzen da, eta, hortik, tentsio-erorketa neurtzen da, eta korronte gisa interpretatzen da. Shunt tipiko bat oinarri isolatzaile baten gainean muntatutako metalezko bi bloke solidok osatzen dute, batzuetan, letoizkoak. Blokeen artean, eta haiei soldatuta, manganina-aleazioko zerrenda bat edo gehiago daude, erresistentzia-tenperaturaren koefiziente txikia dutenak. Blokeetan hariztatutako torloju handi batzuek, hala, korronte-konexioak egiten dituzte, eta torloju askoz txikiagoek, berriz, voltmetroaren konexioak. Shuntak korrontearen arabera sailkatzen dira, eskala osora, eta, askotan, 50 mV-eko tentsio-erorketa bat jasaten dute korronte izendatuan. Neurgailu horiek deribazioaren korronte izendatura egokitzen dira behar bezala markatutako esfera bat erabiliz; ez da beharrezkoa neurgailuaren gainerako zatietan aldaketarik egitea.

Sare erresistentzia

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Goi-korronteko aplikazio industrialetan, sareta-erresistentzia sare handi bat da, bi elektrodoren artean errenkadetan konektatutako aleazio metalikozko zerrenda estanpatuen konbekzioz hoztua. Erresistentzia industrial horiek hozkailu bat bezain handiak izan daitezke; diseinu batzuek 500 ampereko korronte baino gehiago maneia ditzakete, 0,04 ohmetik beherako erresistentzia-mailarekin. Hainbat aplikaziotan erabiltzen dira, hala nola lokomotoretarako eta tranbietarako balaztatze dinamikoan eta karga-bankuan; korronte alternoaren banaketa industrialerako neutroaren lur-konexioan; garabi eta ekipo astunetarako kontrol-kargetan; sorgailuen karga-proban, eta azpiestazio elektrikoetarako harmonikoen iragazketan[13].

«Sareta-erresistentzia» terminoa, batzuetan, huts-hodi baten kontrol-saretari konektatutako edozein motatako erresistentzia deskribatzeko erabiltzen da. Ez da erresistentzien teknologia bat, zirkuitu elektronikoaren topologia bat baizik.

Ikus, gainera

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. Harter, James H. and Lin, Paul Y. (1982) Essentials of electric circuits. Reston Publishing Company. pp. 96–97. ISBN 0-8359-1767-3
  2. a b c d e f Beyschlag, Vishay (2008). Basics of Linear Fixed Resistors Application Note, Document Number 28771
  3. HVR International (ed.): "SR Series: Surge Resistors for PCB Mounting." (PDF; 252 kB), 26. May 2005, retrieved 24. January 2017.
  4. Morris, C. G. (ed) (1992) Academic Press Dictionary of Science and Technology. Gulf Professional Publishing. p. 360. ISBN 0122004000
  5. Principios de los vehículos de motor Estados Unidos. Dept. of the Army (1985). pp. 13-13
  6. «Resistencia de película de carbono». The Resistorguide, Consultado el 10 de marzo de 2013.
  7. «Película Gruesa y Película Fina». Digi-Key (SEI). Archivado desde el original el 27 de septiembre de 2011. Consultado el 23 de julio de 2011.
  8. Kuhn, Kenneth A. «Medición del coeficiente de temperatura de una resistencia». Archivado desde el original el 4 de marzo de 2016. Consultado el 18 de marzo de 2010.
  9. (Ingelesez) Zandman, F.; Stein, S.. (1964-06). «A New Precision Film Resistor Exhibiting Bulk Properties» IEEE Transactions on Component Parts 11 (2): 107–119.  doi:10.1109/TCP.1964.1135008. ISSN 0097-6601. (Noiz kontsultatua: 2024-08-20).
  10. John Strong. Procedures In Experimental Physics. (Noiz kontsultatua: 2024-08-20).
  11. «Alpha Electronics Corp. -Bulk MetalR Foil Resistors-» www.alpha-elec.co.jp (Noiz kontsultatua: 2024-08-20).
  12. NEW HIGH - PRECISION FOIL RESISTORS FOR SPACE PROJECTS, WITH ZERO TEMPERATURE COEFFICIENT, VERY LOW POWER COEFFICIENT AND HIGH RELIABILITY, Hero Faierstein.
  13. «Milwaukee Resistor Corporation» web.archive.org 2012-07-27 (Noiz kontsultatua: 2024-08-20).

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]