Boxeo
Boxeoa, ukabilketa, boxeo ingelesa edo boxeo irlandarra, eskularruak jantziak dituztela eta araudi bat errespetatuz bi borrokalarik aurrez aurre joka diharduten borroka-kirola da. Hauek soilik gerritik gora kolpatu dezakete aurkariaren gorputza. Hau guztia horretarako bereziki diseinatutako ring izeneko lauki baten barruan egiten da. Esandako hau borroka-sekuentzia laburretan egiten da, asaltoak izenekoetan, eta araudi zehatz baten arabera. Araudi horrek pisu-kategoriak eta topaketaren iraupena arautzen ditu, besteak beste.
"Boxeo" terminoa eskuarki "boxeo ingelesari" egozten zaion arren, boxeoa eremu geografiko eta kultura ezberdinetan garatu da. Oro har, boxeoa kolpea ardatz duten borroka-kirolen multzo bat da. Bertan, bi aurkarik gutxienez ukabilak erabiliz egiten diote aurre borrokari, eta baliteke beste ekintza batzuk ere egitea, hala nola, ostikoak, ukondokadak, belaunkadak eta burukadak, arauen arabera. Kirol modernoaren formetako batzuk dira boxeo ingelesa, eskularru gabeko boxeoa, kickboxing-a, muay-thai, lethwei, savate-a edo sand-a. Boxeo-teknikak, arte martzial, entrenamendu militar, autodefentsa eta beste borroka-kirol askotan sartu dira.
Boxeo-borrokak arautzen dituzten arauen lehen kodifikazioa 1743 ingurukoa da, eta oraindik indarrean dauden arauak 1889an ezarri zituen Queensberry markesak, besteak beste, eskularruen erabilera sartu baitzuen.
Tradizioz, kirol-jarduera maskulinotzat hartu izan da soilik, nahiz eta kirol hori egiten duten emakumeak egon. Emakumeen eskubideen aitorpenak eta diskriminazioaren aurkako borrokan egindako aurrerapenek azken hamarkadetan emakumeen boxeoak gora egitea ahalbidetu dute. 2011ko joko panamerikarrek eta 2012ko udako joko olinpikoek emakumeen boxeoa barneratu zuten kategoria ezberdinetan.
Historia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Antzinako Grezian eta Erroman ezaguna zen boxeoaren antzekoa; kirol moduan egiten zen batzuetan, eta borroka soila izaten zen beste batzuetan. Boxeo modernoa Ingalaterran sortu zen XVIII. mendean eta gaur egun boxeoa arautzen duten legeak Queensberry markesak eman zituen 1865ean. Boxeoak historian bi fase izan ditu, eskularru gabeko boxeoa, alde batetik, eta boxeoa eskularruekin, bestetik.
- Lehenengo fasea Ingalaterran eta bere Amerikako kolonietan erabiltzen hasi zen. Lehenengo borroka 1681ean izan zen. Boxeoa apustuak egiteko asmatu zen eta borrokaldi hauetan ia ez zeuden erregelarik, borrokaldia ez zuen mugarik eta baita eskularru gabe borrokatzen zuten, askotan borrokalariak lesionatzen ziren eta baita hil. Boxeoaren fase honetan bi fase desberdin daitezke; Broughton-en erregelak eta London Prize Ring erregelak.
- Lehen fasean, Jack Broughton garai hartako hoberenetarikoa izan zen. Honek boxeoari teknika eman zion eta erakutsi zuen dena ez dela indarra. George Stevenson-i irabazi zion 35 minutuko borroka batean (egun gutxira hil zen Stevenson). Arrazoi honengatik Broughton boxeotik erretiratu zen, eta denbora batera konturatu zen horrelako gertaerak aldatu ahal zirela; horretarako, erregela batzuk asmatu zituen, gaur egun Broughton-en arauak deiturikoak.
- London Prize Ring erregelak 1838an sortu ziren Broughton-en arauetan oinarrituta. Azkar hartu zituzten erregela hauek eredu bezala Ingalaterra eta Amerikako Estatu Batuetan. 23 erregela ziren, baina oraindik eskularrurik gabeko borroka praktikatzen zen.
- Bigarren faseko lehenengo borrokaldi 1867an Londresen “Lillie Bridge Grounds” polikiroldegian. John Graham Chambersen ideia izan zen eta borrokaldi hauetan bi gauza berri gertatu ziren; lehenengo aldetik pisutan banatuta zeuden borrokalariak, hiru pisu desberdin ziren pisu txikia, erdia, eta altua. Bigarrenik, eskularruak erabiltzen hasi ziren eta borroka “rounds” izeneko tarteetan banatuta.
Honen ondoren XIX. mendearen bukaeran boxeoa mundu osora eraman zen, indar handien izan zuen herrialdeetan Argentina, Uruguai, Panama, Kuba, Mexiko, Puerto Riko, Filipinas, Hegoafrika eta Espainia. Urteetan zehar hainbat irabazle egon ziren baina 1885 urtetik aurrera estatubatuarrak izan dira hoberenak.
Espainia mailan
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Espainiari dagokionez, 1920an Defentsa Pertsonaleko Kirolen Espainiako Federazioa eratu zen ofizialki, federazio horren jarduerak esgrima, borroka greko-erromatarra eta boxeoa izanik. 1922. urtean Boxeoko Federazioaren izena aldatu zen, beste bi kirol adar horien esku-hartzerik gabe.
Urte haietan, boxeo-jarduera osoa eremu profesional bati zegokion, eta Ramonetek boxeo-sail amateurrak sortu eta indartzeko lan egin zuen. Hala ere, boxeolari amateur izan gabe, ez zion inori utzi boxeo profesionalean debutatzen. Ramoneten lehendakaritzapean jarri ziren abian Boxeo amateurren Espainiako lehen txapelketak, 1924an Bartzelonan. Ordutik gaur egun arte hirurogeita bat Espainiako Txapelketa izan dira, 1925. urtean eta 1936tik 1939ra izan ezik.
1924. urtean Espainiako taldeak olinpiadetan lehen parte-hartze boxistikoa izan zuen Parisen, Espainia Nazioarteko Batzorde Olinpikoan sartu zenean. Hogeita hamarreko hamarkadan, Bartzelonako Joko Olinpikoak mugimendu handia eragin zuen ekitaldi garrantzitsu bat izan zen.
1947. urtean, olinpiaden ondoren garrantzitsuena zen boxeoko txapelketan, Luis Martínez Zapatak urrezko domina irabazi zuen Chicagon. Urte bereko Maiatzaren 28an Chicagon europako eta amerikako boxeolari onenen arteko txapelketa bat antolatu zen. Luis Martínez Zapata, garaipena lortu zuen europar bakarra izan zen, besteek amerikarren prestakuntza eta maila tekniko hobeagoaren aurka galdu zuten.[1]
Euskal Herri mailan
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Euskal Herriko historiari buruz hitz egiten hasita, 1923. urtean Bilbon ekitaldiak antolatzen hasi ziren eta, urte horretan, Paulino Uzcudun-ek debuta egin zuen pisu astunen kategorian profesional bezala. Paulino Uzcudun euskalduna izan zen Espainiako txapelketetan lehen txapelduna eta, bere ondoren, Antón Gabiola, 1927. urtean.
20 eta 30. hamarkadetan Euskal Herrian maila altuko hainbat boxeolari zeuden eta, Amerika osoan zehar ibili ziren leku ezberdinetan borrokatzen. Beranduago, gerra zibilak hainbat boxeolari gazteen karrera zapuztu zuen, Francisco Buenorena adibidez.
Euskal Herrian, Luis Pinedo eta Eloy Lafuentek, biak Espainiako txapeldunak izandakoek, garai bat markatu zuten. 1943. urtean Fidel Arciniegak egin zuen debuta, eta Espainiako boxeolari hoberenen aurka borrokatu zuen. 1945. urtean Madrilen Espainiako txapeldun bihurtu zen Arciniega, Paco Bueno garaitu ondoren “Las Ventas” zezen plazan. 1947. urtean New York hirira joan zen eta bertako borrokalarien aurka aritu zen. Azkenik 1950. urtean Kuban egon ondoren, boxeoa utzi zuen.[2]
Gaur egun, boxeolari famatuena Kerman Lejarraga da, 2013. urtean, profesionaltasunerako jauzia egin zuen Bilboko La Casillako kiroldegian, eta errekor garbi-garbiari eutsi zion (0-27) 2019ko martxora arte. WBAko welter pisuko nazioarteko titulua, Espainiako txapelketa eta Europako txapelketa (EBU) irabazi ditu. 2018ko apirilaren 28an, welter pisuko EBU Europako txapeldun izendatu zuten Bradley Skeete britainiarra garaitu ondoren, Bilbon egindako borroka batean. 2019ko martxoaren 30ean, David Avanesyan errusiarrak garaitu zuen, eta Europako titulua eta bere errekorra galdu zituen.
Gaur egungo arauak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Gaur egungo arauak 2008an egin ziren eta boxeoaren borroka “garbiagoa” izateko egin ziren nahiz eta herrialde batzuetan permisiboagoak izan. Erregelak borroka profesionalarentzat eta “amateur”-arentzat erabiltzen dira.
Ohiko boxeo neurketa batean, erasoaldi kopuru jakin bati aurre egitea da helburua. Erasoaldi bakoitzak 3 minutuko iraupena dauka eta 9-12 round egoten dira. Round bakoitzaren amaieran minutu bateko tartea egoten da atseden hartzeko, hurrengo erasoaldia hasi arte.
Topaketa arbitro batek arautzen du, bere lana borroka ahalik eta garbiena izatea da. Horretarako, arbitroa epaileekin eta borrokalariekin harremanetan egoten da.
Boxeolarien arteko norgehiagokan, egokia da borroka bat garbia izatea, nahiz eta hori ez den borroka guztietan gertatzen. Beste alde batetik, hiru epaile egon daitezke eraso bakoitza puntuatzeko eta boxeolari bakoitzari puntuak emateko. Puntu kopurua kolpeen, defentsaren, eustearen eta bestelakoen arabera izaten da. Honek batzuetan eztabaidak sortu izan ditu eta borrokalarietako batek desadostasuna sentitu dezake epaileen puntuazioarekiko. Boxeolari bakoitzak izkina bat dauka eta round bakoitzaren amaieran bertara itzuli behar da.
Borrokaldia irabazteko ahalik eta puntu gehien irabazi behar da. Epaileen erabakia ahobatezkoa edo desadostasunezkoa izan daiteke. Irabaztea lortzeko beste bide bat knock-outa da; epaileak aztertu beharko du knock-outaren arrazoia erabateko eraisketagatik izan den edo irrist egin duelako.
Knock-outaren ondoren arauz markatua dago arbitroak hamarrera arte zenbatzen duenean knock-outa ofiziala izango dela. Bestetik knock-out tekniko batengatik irabazi daiteke, hau hirugarren pertsona batek ematen du, adibidez, mediku batek, boxeolariaren segurtasuna bermatzeko.
Erregelamenduak zehatz-mehatz zehazten ditu debekatutako puntuak, eta kirolean zigortutako agertokiak zehazten ditu, profesionala edo afizionatua izan, bai kategoria maskulinoan, bai femeninoan ere. Debekatutako puntu horiek gerritik behera jotzea, txistua botatzea, heltzea, kosk egitea edo bultzatzea izango lirateke. Boxeoko prakak altu lotzen dira, aurkariak izterrondoa jo ez dezan. Debekatuta dago, halaber, ostikoak, kolpeak ematea buruarekin edo gorputzeko beste atal batekin. Debekatuta dago, halaber, bizkarrean edo buruan, lepoan edo giltzurrunetan kolpeak ematea. Epaileak hizkera mimikoa erabiltzen du borrokan zehar hutsegiteak adierazteko.
Oro har, boxeo-borroka batean onartzen ez diren ekintza batzuk aipatuko dira:
●Soilik ukabilak erabil daitezke.
●Garondoa edo buruaren atzealdea kolpatzea. Aurkariari ostikoa ematea, zapaltzea edo kosk egitea.
●Aurkariaren besoak, aldaka edo lepoa heldu.
●Aurkariari bizkarra eman, eta borrokari ihes egin.
●Aurkariaren izter edo hankekin estropezu egitea, jaurtitzea, heltzea edo kolpatzea.
●Gerrikoaren mailaren azpian izterrondoa jotzea (kolpe baxua).
●Buruarekin, ukondoarekin edo sorbaldarekin kolpeak nahita ematea.
●Esku irekiaren kolpeak egin, edo hatzak begietara sartu.
●Eskuaren kanpoko aldearekin kolpeak ematea baimenduko da, besoa jotzen ez duen bitartean.
●Jauziarekin emandako kolpeak legezkoak dira aurkaria beste gorputz-adar batekin kolpatzen ez den bitartean.
●Arauzko eskularruak ez diren beste objektu batzuk erabiltzea kolpatzeko.
●Gerrikoaren lerrotik behera makurtzea.
●Bestearen atzeko aldean ezin da kolpatu.
Arau horietakoren bat betetzen ez bada, hutsegiteak egin dituen jokalariari abisuak, puntuak deskontatzea edo zuzenean boxeolariaren deskalifikazioa ekar dezake, borroka zuzenean galduz. Deskalifikatua izateko modurik ohikoena adierazitako hutsegiteren bat nahita egiten saiatzea da.[3]
Round
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Borroka zatitan banatuta dago, hauek “rounds” deitzen dira. Hasieran ez zuten denbora mugarik, gero 5min-ko 20 asalto egiten zituzten eta gaur egun maila nazionalean 3min-ko 10 asalto egiten dira, baina maila handiagokoak badira 3min-ko 12 asalto dira, hau borroka profesionalean, baina amateurrean horrelakoak dira:
- Gizon senior: 3min-ko 3 asalto.
- Emakume senior: 2min-ko 4 asalto.
- Gizon junior: 2min-ko 4 asalto.
- Emakume junior: 2min-ko 3 asalto.
- Gizon kadete: 2min-ko 3 asalto.
- Emakume kadete: 1,5min-ko 3 asalto.
Eskularruak eta bendak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Estalki berezi batzuk erabili behar ditu boxeolariak eskuetan, boxeoko eskularruak izenekoak, hauek, 143 eta 228 g bitarteko pisua izan behar dutenak (170 g-koak txapelketetarako).
Historian zehar ukabilak agerian edukita borrokatu den arren, gaur egun kirola era arautuan egin nahi ez gero, eskularruen erabilera derrigorrezkoa da. Eskularruak egiteko erabilitako materiala ere aldatu egin da; lehen behi edo ahuntz larrua erabiltzen zen kanpoko aldea egiteko, eta barru alderako lastoa. Gaur egun, material sintetikoak erabiltzen dira, izan ere, erabilitako materialek eskularruen gogortasunari eragiten diote.
Eskularruen helburuetako bat hatz-koskorrak babestea da. Boxeoko eskularru normalek eskularru puztu pare baten itxura dute, eta eskumuturren inguruan lotzen dira besaurrearen barrualdetik. Eskularru batzuek, lokarriak izan beharrean, belkroa dute.
Boxeolariek ukabilak eta eskumuturrak lotzen dituzte bendak erabiliz eskularruak jantzi aurretik.
Benda edo hesgailuak, erabat lehortuta egongo dira bendajea egiten den unean. Hauts lehorrak edo bestelakoak jartzea debekatuta dago. Edozein luzerako benda bigun eta ehun itsasgarriak (oihalezko esparatrapua) erabil daitezke.
Borroka aurretik
[aldatu | aldatu iturburu kodea]●Pisua: Planifikatutako borrokan parte hartzeko, boxeolari guztiak aldez aurretik adostutako kategoria araberako pisua izanbehar dute borrokaren aurretik. Adostutako pisu horretan ez egotearen ondorioa, antolatutako borrokan parte ez hartzea izango da. Borroka hasi aurretiko une honi pisaketa deitzen zaio.
●Bitxiak: boxeolariek bitxirik eraman gabe borrokatu behar dute. Arbitrajeko langileak dira hortaz arduratzen direnak.
●Ukendua: gorputzean ukendu oliotsu edo koipetsuren bat aplikatzea ohikoa da, eta, bereziki, bekainean eta aurpegian, hau aurkariaren ukabilkada irristatzea errazten duen elementua baita.
Borrokaren bukaera
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Boxeolarietako bat lurrera erori eta arbitroak hamar segundo zenbatu aurretik altxatzen ez denean amaitu ohi da borroka, baina beste zenbait arrazoi ere izan daitezke horretarako: jokoaren arauren bat hautsi duelako bietako bat kanporatzea, saio-kopurua betetzea, bi boxeolarietako baten maila teknikoa eskasagoa izatea edo boxeolari batek amore ematea.
Borrokaren bukaera
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Boxeolarietako bat lurrera erori eta arbitroak hamar segundo zenbatu aurretik altxatzen ez denean amaitu ohi da borroka, baina beste zenbait arrazoi ere izan daitezke horretarako: jokoaren arauren bat hautsi duelako bietako bat kanporatzea, saio-kopurua betetzea, bi boxeolarietako baten maila teknikoa eskasagoa izatea edo boxeolari batek amore ematea.
Kolpeak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Lau kolpe desberdin daude: Zuzena , Gurutzatzea, Kolpe laterala eta Gantxoa. Boxeolari bat eskumatia bada, bere ezkerreko eskua aurrean eramango du; eskuina, berriz, atzeko posizioan mantentze da. Boxeolari ezkertiar batentzat, aurrez esandako posizioen aurkakoa da bere postura.
●Zuzena: Ukabilkada indartsu eta azkarra da, defentsarako posiziotik aurreko eskuarekin erabiltzen da. Kolpe hau ematerakoan soinaren eta aldaken errotazio txiki bat egiten da erlojuaren noranzkoan (ezkertietan alderantziz), bitartean ukabilak 90 gradutara biratu behar dira, kolpatzen den momentuan hatz-koskorretan kolpe-lerro horizontal bat hartuz. Ukabilkadaren magnitudea handitu ahala, aurreko posizioan dagoen sorbalda kokotsaren aurretik jartzen da, hura babestuz. Atzeko posizioan dagoen eskua aurpegiaren ondoan dago, masailezurra babesteko. Talka egin ondoren, aurreko eskua azkar atzeratzen da, aurpegiaren aurretik zaintza-posiziora berriz bueltatuz.
●Gurutzatzea: Zuzena baino askoz indartsuago da baina motelagoa, hau defentsarako posiziotik atzeko eskuarekin erabiltzen da. Zaintza-posiziotik, atzeko eskua kokotsetik mugitzen da, gorputza gurutzatzen du eta zuzenean aurkariaren aurpegira zuzentzen da. Atzeko sorbalda aurreratu egiten da eta kokotsaren kanpoaldea ukitzen du. Aldi berean, aurreko posizioan dagoen eskua atzeratu egiten da, horrela kokotsaren barrualdea babestuz. Azkenik kolpe honi indar gehiago emateko, krosa egiten den momentuan gorputz-enborra eta aldaka erlojuaren orratzen kontrako noranzkoan mugitzen dira.
●Kolpe laterala: Ukabilkada semizirkularra da, aurreko eskuarekin erabiltzen da eta oso indartsua da gorputz osoa ukabilkadari laguntzen diolako mugimenduarekin. Zaintza posiziotik, ukondoa atzeratu egiten da ukabila horizontalean jarriz eta jarrera kurbatua hartzen du. Bitartean, kontrako eskua aurretik jartzen da, kokotsa babesteko. Gorputz-enborra eta aldaka erlojuaren noranzkoan biratzen dute, horrela, ukabila era zirkular batean aurrera joaten da, aurkariaren gorputza astinduz. Aldi berean, aurrean dagoen oinak bira egiten du orpoa kanporantz eramanez. Kolpearen ondoren, ibilbide zirkularra amaitu egiten da eta aurreko eskua azkar atzeratzen da, horrela, zaintza posizioa errekuperatuz.
●Gantxoa: Atzeko eskuarekin egiten den kolpea da, mugimendua bertikala eta behetik gorakoa da. Zaintza-posiziotik abiatuta, enborra eskumarantz kokatzen da eta eskuineko eskua aurkariaren bularraren azpian kokatzen da belaunen flexio txiki batekin. Posizio honetatik abiatuta, atzean dagoen eskua gorantz abiatzen da aurkariaren bular edo kokotseraino. Momentu berean, belaunen estentsio bat egiten da eta gorputza erlojuaren ardatzen noranzkoaren aurka biratzen da eskumatietan; ezkertiarretan, berriz, mugimendua alderantzikoa izaten da.[4]
Gero praktikan kolpatze mota hauek “combos” izenekoetan erabiltzen dira, hau da, batzuk elkartzen dira aurkariari min gehiago egiteko.
Defentsa posizioak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Boxeoan zaintza-posizio ezberdinak erabiltzen dira. Defentsa guztiz pasibo bat falta kontsideratzen baita. Estilo bakoitzaren barruan, moldaketa nabarmenak daude borrokalarien artean, batzuek eskuak gorago eramaten dituzte burua ondo babesteko, beste batzuek, berriz, eskuak beherago, gorputza hobeto babesteko. Hiru oinarrizko posizio daude:
Peek-a-boo
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Zaintza posizio honetan eskuak buruaren alboan eta aurrean jartzen dira, ukondoak gorputzerantz tinko sartuta.
Defentsa estilo honetan borrokalariei aurkariaren kolpeak nola jaso erakusten zaie, ondoren behin esperientzia irabazten dutenean aldaketak egin ditzakete. Zaintza jarrera honetan eskularruak erabiltzen dira babesteko. Defentsa posizio honek aurpegia ondo babesten du, baina gerrialdea ez da hainbeste zaintzen.
Zaintza frantsesa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Zaintza posizio honetan, besoak horizontalean eta flexio txiki batekin kokatzen dira, bata bestearen gainean, gorputza gurutzatuz lurrarekiko paralelo. Posizio honetan, besoak, batez ere ukondoak, aurkariaren kolpeak blokeatzen ditu, berdin da ze kolpe jasotzen den, guztiak blokeatu ahal dira. Aurkaria kolpatzea posizio honetan ez da funtzionala eta hau da bere arazo nagusia.
Philly Shell
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Posizio honetan, aurreko besoa gerrialde inguruan kokatzen da eskuak atseden hartzen duen , bitartean, atzeko eskuaaurpegiaren alde batean jartzen da. Aurrean kokaturiko sorbalda aurpegi parean jartzen da. Defentsa mota hau egiteko esperientzia handia behar da. Kontraerasoa egiteko erabiltzen den zaintza posizioa izaten da.
Gero praktikan kolpaketa mota hauek “combos” izenekoetan erabiltzen dira, hau da, batzuk elkartzen dira aurkariari min gehiago egiteko. Baita defentsarako hiru posizio daude: Peek-a-boo, “cruz armado” eta Philly Shell edo Hitman.
Ring-an ezaugarriak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Gaur egungo boxeoan, borroka-eremuari ring deitzen zaio. Lau aldeko karratu bat
da eta plataforma baten gainean dago ikusleek borroka ikus dezaten. Plataformak goratasuna ematen dio ekitaldiari, baina ez da gehiegi altxatzen, haren ondoan geldirik dauden pertsonen bularraren edo sorbalden mailan gera dadin. Eraikuntza segurua eta nibelatua izan behar da eta azalera nagusiak ez du inolako oztoporik izan behar.
Olana
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Ring-a estaltzen duen olana, kolore naturalekoa da eta modu sofistikatuagoan urdina izan daiteke, gainera, ekitaldiaren arabera. Sustapen marketin eta publizitate baliabide gisa erabil daiteke.
Eskailerak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Hiru eskailera egon behar dira laukiaren inguruan, bat boxeolariei esleitutako izkina bakoitzean, bertatik boxeolari eta haien laguntza-taldeak igo ahal izango dira. Horrez gain, eskailera bat jarriko da ertz neutral batean, hortik epaile eta medikuak borroka eremura sartu ahal izango dira.
Izkinak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Ring-eko izkina bat boxeolari bati esleituko zaio eta diagonalean dagoena besteari. Izkina horiek boxeolariak beraien taldearekin berrelkartzea irudikatzen duten eremuak dira, atsedenaldian zehar, minutu batez, round artean.
Kirolariaren laguntza-taldeak, halaber, zauriak garbitzeko, ura eskaintzeko eta aholkua emateko erabiltzen du leku hau. Round-a bukatzean, ohikoa da banku bat igotzea, boxeolaria esertzeko eta atseden hartzeko. Boxeolaria hurrengo round-a borrokatzera itzultzen denean, eserlekua (eta beste edozein objektu) kendu egiten dira eremua libre uzteko.
Sokak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Sokek borroka egiteko arautua dagoen espazioa finkatzen dute, gainera segurtasun maila handi bat ematen diote kirolariari, plataformatik ez jausteko. Hauek forraturik daude eta kolore ezberdinetakoak izan daitezke; bata bestearekiko paraleloki kokaturik daude eta normalean hiru edo lau izaten dira alde bakoitzeko. Soken diametroa mugaturik dago lodieran; hiru eta bost zentimetro arteko lodierakoak baimenduz.
Soken erabilera borrokan zehar estrategikoa izaten da. Gaizki dagoen borrokalari batek, bizkarra soken aurka bermatzea bilatuko du edo izkinaren aurka jarriko da bizkarra estaliz.
Kanpaia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Round bakoitza denbora mugatukoa da eta hauek hasi eta bukatzearen abisua kanpaiaren soinuarekin egiten da, hau entzutean ezin izango da kolperik eman. Normala izaten da boxeatzaileak kanpaia jo baino 10 segundo lehenago ohartaraziak izatea.
Kategoria Profesionalak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Borrokalariak, pisuaren arabera, kategoria ezberdinetan sailkatzen dira. Boxeo profesionalean kategoria eta pisu mugak berdinak dira gizonezkoentzat eta emakumezkoentzat. Salbuespen bakarrak hauek dira: alde batetik, pisu gurutza ontzi kategoria, ez dela existitzen emakumezkoetan eta, beste aldetik, pisu astunen kategorian, emakumeentzako muga txikiagoa dela.
Hurrengo 17 kategoriak daude boxeo profesionalean:
● Gutxienekoa edo lastoa - 47.7 kg baino gutxiago (105 lb)
● Mini euli edo euli juniorra - 49 kg (108 lb)
● Eulia - 50,8 kg (112 lb)
● Super eulia edo oilar juniorra - 52,2 kg (115 lb)
● Oilarra - 53,5 kg (118 lb)
● Super oilarra edo luma juniorra - 55,3 kg (122 lb)
● Luma - 57,2 kg (126 lb)
● Super luma edo junior arina - 59 kg (130 lb)
● Arina - 61,2 kg (135 lb)
● Super arina - 63,5 kg (140 lb)
● Welterra edo ertaina - 66,7 kg (147 lb)
● Super welterra edo junior ertaina - 69,9 kg (154 lb)
● Ertaina - 72,6 kg (160 lb)
● Super ertaina - 76,2 kg (168 lb)
● Erdiastuna - 79,4 kg (175 lb)
● Gurutza ontzi - 90,72 kg (200 lb). Gizonezkoentzat bakarrik.
● Pisu astuna:
○ Gizonezkoak: +90,72 kg (+200 lb)
○ Emakumeak: +79,37 kg (+175 lb)[5]
Boxeolariak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Historian hainbat boxeolari onak egon dira, adibidez:
- Muhammad Alí: 61 borroka eginak horietatik 56 irabaziak eta 37 KO-rengatik, 5 galduta eta 1 nulo.
- Mike Tyson: 58 borroka eginak horietatik 50 irabaziak eta 44 KO-rengatik, 6 galduta eta 2 nulo.
- Floyd Mayweather Jr.: 43 borroka eginak eta horietatik 43 irabaziak eta 27 KO-rengatik.
- Roberto Durán: 119 borroka eginak horietatik 103 irabaziak eta 70 KO-rengatik eta 16 galduak.
Hauek dira historian estatistika onenak dituzten boxeolariak.
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2011/12/26 egunean. Egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek CC-BY 3.0 lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.
- ↑ Breve historia. .
- ↑ (Gaztelaniaz) Espabox. (2017-05-18). «Historia del boxeo en el País Vasco-Primera parte» Espabox (Noiz kontsultatua: 2023-05-10).
- ↑ reglamento de boxeo profesional. .
- ↑ (Gaztelaniaz) ▷ Uppercut perfecto | Pasos para realizarlo correctamente. 2021-11-16 (Noiz kontsultatua: 2023-05-10).
- ↑ Reglas del boxeo profesional y aficionado. historia, ring, categorías, pesos. .
Kanpo estekak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- (Ingelesez) Boxeoaren inguruko albisteak