Bosnia-Herzegovinako Federazioa
Federacija Bosne i Hercegovine Федерација Босне и Херцеговине | |
---|---|
Bosnia-Herzegovina | |
Administrazioa | |
Estatua | BIH |
Izen ofiziala | Federacija Bosne i Hercegovine Federacija Bosne i Hercegovine Федерација Босне и Херцеговине |
ISO 3166-2 | BA-BIH |
Hiriburua | Sarajevo |
lehendakaria | Fadil Novalić (en) |
Geografia | |
Koordenatuak | 43°51′30″N 18°24′50″E / 43.8583°N 18.4139°E |
Azalera | 26,110 km² |
Mugakideak | Brčkoko Barrutia eta Bosniako Serbiar Errepublika |
Demografia | |
Biztanleria | 2.219.220 (2013) |
Dentsitatea | 117 bizt/km² |
Informazio gehigarria | |
Izaera | Bosnia-Herzegovinako azpiestatu-entitatea |
Hizkuntza ofiziala | Bosniera, Kroaziera eta serbiera |
Ordu eremua | Europa Erdialdeko Ordua |
www.fbihvlada.gov.ba/ | |
1 Brčkoko Barrutia kontuan hartu gabe. |
Bosnia-Herzegovinako Federazioa (serbokroazieraz bi alfabetoetan Federacija Bosne i Hercegovine eta Федерација Босне и Херцеговине) Bosnia-Herzegovina estatu independentea osatzen duten bi entitateetakoa da, bestea Bosniako Serbiar Errepublika delarik. Banaketa hau Bosniako gerraren ostean definitu zen eta Entitateen arteko muga lerroak bereizten du; egoera politiko korapilotsuak hirugarren egitura, Brčkoko Barrutia, sortzea eragin zuen.
Gerran suertatutako populazio mugimenduen ondorioz Federazioan gehienbat "bosniakoak" (tradizio musulmaneko eslaviarrak) eta kroaziarrak bizi dira; horregatik batzuetan era informalean Federazio Bosniako-Kroaziarra izena ematen zaio. Serbiar Errepublikan serbiarrak dira nagusi.
Historia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Federazioa 1994ko martxoaren 18an sinatutako Washingtongo Itunak sortu zuen, Bosniako gerraren denboran. Akordioaren arabera Bosnia-Herzegovinako Errepublikako Armadak (batez ere bosniakoek osatua) eta Kroaziar Defentsarako Kontseiluak mendean zituzten lurrak 10 kantonamendu autonomotan banatu ziren. Kantonamendu bakoitzaren osaera "talde etniko" bakar baten nagusitasuna ekiditeko egin zen, gehienetan hala gertatzen bada ere.
1995ean gobernu bosniarraren eta Bosniako kroaziarren agindupeko indar armatuek Mendebaldeko Bosniako Probintzia Autonomoa ere kontrolatzea lortu zuten. Urte bereko Daytongo Itunaren arabera Bosnia-Herzegovinako Federazioa Bosnia-Herzegovina osatzen duten bi entitateetakoa da eta estatuak duen azaleraren %51 du.
Entitateen arteko muga ezin erabat itxi eta 2000ko martxoaren 8an Brčkoko Barrutia sortu zen; eremu autonomoa da, bi entitateen lurrekin osatu zen eta Kroaziarekin mugakidea da. Gaur egun barrutia bi entitateek konpartitzen duten lurraldea da.
Gaur egun bere hiriburua, gobernua, parlamentua, presidentea, aduana eta polizia departamenduak, hegazkin konpainia (BH Airlines) eta posta sistema (de facto bi daude, "bosniakoa" eta "kroaziarra"). Lehen bere armada (Bosnia-Herzegovinako Federazioko Armada) izan zuen baina 2006ko ekainaren 6an Serbiar Errepublikako Armadarekin bat egin eta Bosnia-Herzegovinako Indar Armatuak sortu zituzten. Hasieratik bi alderdi izan dira nagusi, bosniakoen Ekintza Demokratikorako Alderdia (Stranka demokratske akcije, SDA) eta kroaziarren Bosnia-Herzegovinako Kroaziar Batasun Demokratikoa (Hrvatska demokratska zajednica, HDZ).
2010eko irailean International Crisis Groupek egindako txostenaren arabera buruzagi bosniako eta kroaziarren arteko ika-mikek Federazioan erabakiak hartzeko orduan arazo larriak egotea ekarri du eta horrek entitatea -eta ondorioz estatu osoa- ustelkeria eta ezinegon sozialaren arriskupean jarri du[1].
Geografia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Daytongo Itunak ezarritako Entitateen arteko muga lerroak (Inter-Entity Boundary Line, IEBL) Bosnia-Herzegovinako bi entitateak banatzen ditu eta ororen buruan Bosniako gerraren amaieran zeuden gerra fronteekin bat egiten du; fronteekiko aldaketa batzuk egin ziren, batez ere mendebaldean eta Sarajevoren inguruan. IEBLren luzera 1.080 kmkoa da; lerroak ezaugarri administratiboa du eta gaur egun ez dago kontrol polizial edota militarrik.
Estatu osoan bezala, mendi ugari dago eta Dinariar Alpeak osatzen dituzten mendilerro batzuk daude. Federazioko (ez estatukoa, Serbiar Errepublikan baitago) altuena Čvrsnica mendiko Pločno tontorra (2.228 m) da.
Banaketa administratiboa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Federazioa 10 kantonamendutan (serbokroazieraz, aldaeraren arabera kantoni -bosnieraz- edo županije -kroazieraz) banatuta dago:
Zkia. | Kantonamendua | Center | Zkia. | Kantonamendua | Center | ||
---|---|---|---|---|---|---|---|
I. | Una-Sana | Bihać | VI. | Erdialdeko Bosnia | Travnik | ||
II. | Posavina | Orašje | VII. | Herzegovina-Neretva | Mostar | ||
III. | Tuzla | Tuzla | VIII. | Mendebaldeko Herzegovina | Široki Brijeg | ||
IV. | Zenica-Doboj | Zenica | IX. | Sarajevo | Sarajevo | ||
V. | Bosniar Podrinje | Goražde | X. | 10. kantonamendua[2] | Livno |
Biztanleriaren gehiengoa bost kantonamendutan (Una-Sana, Tuzla, Zenica-Doboj, Bosniar Podrinje eta Sarajevo) bosniakoa da eta hirutan (Posavina, Mendebaldeko Herzegovina eta 10.a) kroaziarra. Beste biak (Erdialdeko Bosnia eta Herzegovina-Neretva) "etnikoki nahasiak" dira; horren arabera "talde etniko eratzaile" guztiak babesteko prozedura legal bereziak definitu dira.
Brčkoko Barrutiaren zati inportantea ere Federazioaren barruan zegoen; orain Bosnia-Herzegovina osatzen duten bi entitateren artean partekatzen da, estatuko gobernuaren zuzeneko agindupean.
Udalerriak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Kantonamenduak udalerritan banatuta daude; gaur egun Bosnia-Herzegovinako Federazioak 79 ditu. Biztanle gehien dituztenak hauexek dira[3]:
Zkia. | Udalerria | Biztanleria |
---|---|---|
1. | Sarajevo | 304.614 |
2. | Tuzla | 174.558 |
3. | Zenica | 145.000 |
4. | Mostar | 128.488 |
5. | Bihać | 105.000 |
6. | Travnik | 75.000 |
7. | Cazin | 66.881 |
8. | Sanski Most | 60.307 |
9. | Bosanska Krupa | 58.320 |
10. | Zavidovići | 57.164 |
11. | Lukavac | 56.830 |
12. | Gradačac | 56.378 |
13. | Kakanj | 55.857 |
14. | Gračanica | 55.000 |
15. | Živinice | 54.768 |
16. | Tešanj | 52.249 |
17. | Srebrenik | 47.938 |
18. | Bugojno | 46.630 |
19. | Velika Kladuša | 44.350 |
20. | Konjic | 43.878 |
21. | Maglaj | 43.294 |
22. | Goražde | 36.496 |
23. | Livno | 32.454 |
24. | Odžak | 30.651 |
Brčko hiria bi entitateek partekatzen duten Brčkoko Barrutian dago.
Erabilitako ikurrak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Bosnia-Herzegovinako Federazioko bandera eta armarria 2007ko martxoaren 31n Bosnia-Herzegovinako Epaitegi Konstituzionalak plazaratutako agiriaren arabera "antikonstituzionalak" dira. Arrazoi nagusia serbiarren ikurren presentziarik eza da[4].
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ Federation of Bosnia And Herzegovina – A Parallel Crisis.
- ↑ Tokiko agintariek erabiltzen duten "Herzeg-Bosnia" izendapena ez da legezkoa Bosnia-Herzegovinako epaitegien arabera.
- ↑ Estatuko Estatistika Bulego Federala, 2008ko ekainaren 30a.
- ↑ Epaitegiaren ebazpena.