Bertolt Brecht
Bertolt Brecht (Eugen Berthold Friedrich Brecht; Augsburg, Bavaria, 1898ko otsailaren 10a - Buckow, Berlin, 1956ko abuztuaren 14a) antzerkigile eta olerkari alemaniarra izan zen.
Medikuntza ikasi zuen eta denbora labur batean horretan egin zuen lan, Lehen Mundu Gerran. Gerra amaiturik, talde ezkertiarretan sartu zen. Max Reinhardt antzerki zuzendariaren laguntzailea izan zen Berlinen (1923) eta gero, Piscatorren lankide (1927).
Nazien agerpenarekin erbestera joan behar izan zuen, bere ideologia komunista zela-eta. Danimarka, Suedia eta Finlandia iragan eta gero, Estatu Batuetara iritsi zen gerratik ihesi. 1948an itzuli zen Alemaniara, eta Ekialdeko Berlinen finkatu zen. Bertan, Berliner Ensemble antzerki-taldea sortu eta zuzendu zuen.
Miokardio infartu akutuak jota hil zen.
Bizitza
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Lehenengo urteak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Bertolt Friedrich Brecht eta Sofie Brecht-en semea, Bertoltek ume-umetatik ikasi zuen Augsburgen, 1908 eta 1917. urteen bitartean. Brechtek zenbait osasun arazo izan zituen umetan, kardiopatia kongenitoa baitzeukan diagnostikatua eta baita aurpegiko tic bereizgarri bat ere. Bere lehenengo ikasketak sei urterekin jaso zituen Lehen Hezkuntzako eskola protestante batean (Volksschule) eta, hamar urterekin, eskola pribatu batera mugitu zuten, Koeniglich-Bayerisches Realgymnasium-era. Garaiko ume gehienen antzera, latinez hezia izan zen eta humanitateak ikasi zituen. Horren ondorioz, gaztetatik izan zuen Nietzscherekin eta beste hainbat filosoforekin harremana. Hala ere, hamabi urterekin bihotzeko batek jo eta denbora batez bere ikasketak eten zituen, nahiz eta denbora gutxira bere ikasketekin jarraitu. [1]
Oraindik eskolan zela, idazteari ekin eta eskolako aldizkaria izango zena zuzendu eta sortu zuen, The Harvest izenarekin ezagutu zena. Hamasei urterekin herriko egunkari batean idazle lanetan zebilen dagoeneko eta bere lehenengo obra ere idatzi zuen, Biblia. Bere lehenengo lan honetan neskatxa gazte baten historia kontatzen da, zeina bizitzera edo hiltzera behartuta dagoen, baina hilez gero jende mordoa salbatuaz. Ikertzaileen artean oso zabaldua den teoria da Bertolt Brechten ibilbidean eragin gehien izan zuen liburua Biblia bera izan zela. [2]
Hasierako hezkuntza mailak gaindituta, Munichen medikuntza ikasketak egingo ditu Bertoltek. Hala ere, denbora gutxira eten beharko ditu ikasketak, lehenengo urtean zehazki, Lehenengo Mundu Gerraren ondorioz ospitale militar batean zerbitzu lanetan jardun behar izan baitzuen. Garai honetan ezagutuko du Paula Banholzer Bertoltek, gerora bere emazte eta bere semearen ama izango dena. 1919. urtean jaioko da Frank Brecht, Bertolt eta Paularen semea, zeina 1943. urtean, Bigarren Mundu Gerraren testuinguruan, Errusian hilko den.
1920. urtetik aurrera, geroz eta ugariagoak izango dira Bertoltek Berlinera egingo dituen bidaiak. Bidaia hauek ahalbidetuko dizkiote Bertolti antzerkiarekiko lehenengo harreman eta kontaktuak eta pixkanaka Berlineko eszena literarioaren berri izango du. 1924. urtean Berlinen ezarriko du bere egoitza eta, hasieran, Carl Zuckmayer antzerkigilearekin batera, Max Reindharten Deutsches theater obran egingo du lan. 1922. urtean, behin Paula Banholzerrekin zeukan harremana bukatuta, ezagutuko du bere lehenengo emaztea izango den emakumea, Marianne Zoff. Bikoteak 1922. urtean emango dio baiezkoa elkarri. Urte berean Bertolt gazteak “Munchen kammmerspiele” eta “Deutsches theather” antzezlanetan antzezle papera lortuko du. 1923. urtean jaioko da bere lehenengo alaba, Hanne, eta urtebete beranduago , 1924. urtean, Stefan, bere bigarren semea. Dena den, 1926. urtean dibortziatu eta hiru urte beranduago, 1929. urtean, bere bigarren emaztea izango denarekin ezkonduko da, Helene Weigel aktore alemaniarrarekin.
Ezkerreko mugimenduarekin eta sozialismoarekin kontaktuan gaztetatik hasiko da Bertolt, 1926. urte ingururako. Kontaktu eta harremanok berebiziko eragina izango dute bere ideologiaren bilakaeran. Bilakaera hau bere hasierako lanetatik antzeman daiteke, besteak beste, Hegelen lanen interpretazio propioa, Karl Marxen eragina eta honen printzipio filosofikoak antzeman baitaitezke lehenengo idatzietan.
Bere lehenengo olerki liburuak, “Devocionari domestic”-ek, 1927. urtean ikusiko du argia eta urtebete beranduago, 1928. urtean, bere lehenengo antzezlana izango den “Die Dreigroschenoper” (“Lau soseko opera”) argitaratuko du. Bere lehenengo antzezlan honek ikaragarrizko zeresana eman zuen garaiko Weimarren Errepublikan.
Brechtek marxismoarekiko zeukan erakarpenaren arrazoi nagusia ez zen ez ekonomia politikoaren teoria ezta proletalgoaren historia bera ere, baizik eta marxismoak metodo kognitibo gisa zeukan boterea bera. Bestela esanda, metodo eta ideologia marxistak baldintza sozialak prozesu gisa ulertzeko eta baldintza sozial hauetan kontraesanak bilatzeko ahalmen hori zen benetan erakargarri egiten zitzaiona.[3]
Brechten lanen ezaugarri nagusietako bat publikoaren inplikazioa da. Horretarako, teknika eta baliabide desberdinak erabiliko ditu, besteak beste irratia, antzerkia eta, batez ere, zinema. Publikoaren inplikazioak bete-betean egingo du bat aipatu berri den eragin ideologiko marxistarekin. Hala, bere lanetan argi identifika daiteke burgesiari egiten zaion kritika gordina, eta, esaterako, bere “Die Dreigroschenoper” antzezlanean, klase burgesa gaizkileez gainezka dagoen gizatalde bezala irudikatuko da. Brechten antzerkiaren helburuetako bat ideologiaren eta baldintza sozial errealen arteko bateragarritasun eza proiektatzea da.[3] Horretarako, publikoari edo irakurleari erronka bota eta gizarte burges eta kapitalista kritikatzera bultzatzeaz gain, gizarte modu honen historikotasuna eta dituen mugak identifikatzera bultzatzen du.
1932. urtean, Bertolt Brechtek komunismoa eta zinema uztartuko zituen difusio proiektu bat aurkeztu zuen, Kuhle Wampe (“Zeinena da mundua?”) izenpean. Film honek krisi egoera larrian zegoen Weimarren Errepublikako biztanlegoari komunismoak eskaini diezazkiokeen aukerak irudikatzen ditu. Dena den, 1933. urtean Naziak Alemaniako boterera heldu bezain pronto debekatuko dute Brechten filma, eta 1933. urtetik 1945. urtera bitartean egongo da debekupean Kuhle Wampe pelikula.
Exilioa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]1933. urtean ekingo dio ihesari Brechtek bere lagun eta familiarekin batera, hain zuzen otsailaren 28an, Reichstagaren erreketa gertatu eta hurrengo egunean. Bere exilioko lehenengo 5 urteak Danimarkako Skovsbostrand herrian pasatuko ditu Bertolt Brechtek. Bost urte hauetan, egoera ekonomiko larriak behartuta, Londres, Paris eta New York bezalako metropoli garrantzitsuetara egin beharko ditu bidaiak, bere lanak bertan bakarrik erakutsi zitezkeelako. Aipatu beharra dago, dena den, exilioko urte hauetan idatziko dituela Brechtek bere lan ezagunetako asko.
1939. urtean, bizileku zuen Danimarka utzi eta 1940. urtean Helsinkira egingo du ihes. Gerra kontestu honetan, Brecht Exiliteratura delakoaren idazle oparoa bilakatu zen. Nazional Sozialismoaren eta mugimendu faszisten aurkako bere oposizioa garai honetan idatzitako zenbait lanetan antzeman daiteke. Lan hauetako batzuk honakoak dira: Galileoren bizitza, Mutter Courage und ihre Kinder, The Good Person of Szechwan, The Resistible Rise of Arturo Ui, The Caucasian Chalk Circle eta Fear and Misery of the Third Reich, beste zenbaiten artean.
Garai honetan idatziko du aurretiaz aipatutako bere antzezlan famatuetako bat, “Galileiren bizitza”. Antzezlan honetan, modu nahiko inplizituan bada ere, Brechtek bere burua gizartearen baitan nola ikusten duen erakutsiko du. Bertoltek honakoa erakutsi nahi du antzezlanean: Galileok ez zion inoiz elizari kritika zuzenik egin, bestela inkisizioak herejetzat hartuko baitzuen. Galileoren jarrera berdina hartuko du Brechtek ere bere exilioan: ez zaie inoiz autoritateei, estatuari eta nazien presiopean bizi zen gizarteari modu zuzen eta kritikoan zuzenduko, bai ordea modu inplizitu eta subliminal batean, bere ideiek izan zezaketen ondorio lazgarrien mirabe izan ez zedin.
1941. urteko udaran Estatu Batuetara egingo du ihes eta Santa Monican, Hollywodetik gertu, ezarriko du bere egoitza berria. Ihesaldirako Mosku eta Vladivostok lotzen dituen tren transiberianoa erabili zuen, garaiko SESB-a gurutzatuaz. Hollywooden zinearen industrian lan egitea izango du helburu eta lortu egingo du, baina ez guztiz. Horrez gain, zenbait antzezlan ere zuzendu eta gidatuko ditu, batez ere komunitate emigranteek jabetzan zeuzkaten antzerkietan. Pixkanaka hasiko da Brecht politika munduan eskua sartzen eta komunismoarekin harremana oraindik gehiago errotzen. Hori dela eta, bere obra garrantzitsuenetan, tartean “Galileiren bizitza” dela, zentratuko da buru eta belarri, zeina 1943. urteko irailaren 9an estreinatuko den lehenengo aldiz Zurichen.
Brechtek bere idolo pertsonaletako bat ezagutuko du Hollywooden garai honetan, Charles Chaplin.[4] Hala ere, aspaldikoa zen Chaplinekiko zuen admirazioa, Brechtek miresmen handiz ikusi baitzituen 20. hamarkadaren hasieran bere film laburrak, gerra hotzaren ondoren lehenengo aldiz produktu amerikarrak Alemaniara heldu zirenean. Garaiko beste intelektual ugariren antzera, Brecht erakarrita sentitu zen inolako babes ez laguntzarik gabeko kaleko eskalearekin eta egoera serioetan honek zerakustan trataera komikoarekin. [5] Chaplinek, Brechten antzera, pantomima komikoa eta pertsonaiaren psikologizazio merkea eta fundamenturik gabekoa gogor arbuiatu zituen. Chaplinek antzeztutako Gold Rush (1925) film mutuan antzezleak zerabiltzan gag eta etendako, bukatu gabeko gestuek Brechtengan eragin nabarmena izan zuten. Brechtek hala imaginatzen zuen Antzerki Epikoan protagonista zen antzezle ideala, hots, identifikatzeko errazak izan zitezkeen portaerak antzezteko gai zen baina horretarako barnekoak edo psikologikoak ziren ekintzak kanporatzeko gai zen antzezlea. [3]
1945. urtean Bigarren Mundu Gerra bukatu bazen ere, Bertolt Brechten egoerak ez du hobera egingo: maccarthismoak artista eta intelektual komunisten kontrako sorgin ehiza bat hasiko baitu. Hori dela eta, 1947. urteko urriaren 30ean Ekintza Antiamerikarren Batzordeak Brecht-i galdeketa zorrotz bat egingo dio. Hala ere, hurrengo egunean, New Yorken bere “Galileoren Bizitza” estreinatzen zen egun berean, Estatu Batuak utzi eta Suitzara egingo du ihes, Suitza baitzen joan zitekeen herrialde bakarra.
Azken urteak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]1949. urtean helduko da Brecht Ekialdeko Alemanian kokatuta zegoen Berlinera. Berlinera heldu eta denbora gutxira Deutsches Theater-eko zuzendari nagusia bilakatuko da eta urtearen bukaerarako, Helene Weigelekin batera, Berliner Ensemble antzerki konpainia sortuko du. Momentu honetatik aurrera buru belarri ekingo dio antzerkiari Bertolt Brechtek eta bere lan gogorraren ordainetan Mendebaldeko Alemanian kokatuta zeuden zenbait hiritan bere lana aurkezteko aukerak izan zituen. Hala ere, mendebaldean bere lanak erakusteko aukerak izan zituen bere ondorio ilunak ere. Mendebaldeko hirietan aurkezteak arazoak sortu zizkion Alemaniako Alderdi Sozialista Unifikatuarekin, baina baita burokrazia kulturalaren ordezkariekin ere. Tentsio hauen eraginez, bere lanetako zenbait arbuiatuak izan ziren denbora batez. Hori bakarrik ez eta, behin Ekialdeko Alemanian finkatuta, Bertolt Brechtek ez zuen bere bizi denbora osoan hainbeste eta hain sutsuki defenditu zuen justizia soziala aurkitu Alemania Sozialistaren baitan[6].
Bertolt Brechten antzerkiaren ezaugarri nabarmenetako bat komedia da. Bertolten helburuetako bat ikuslearengan irribarrea eta hausnarketa sozialaren uztarketa errotzea da eta hala ikus daiteke bere lanetako gehienetan. Hala ere, inor ez da kontzienteago Brecht bera baino bere audientzia —erregimen Nazional Sozialistaren boterepean 12 urte eman ondoren, bigarren mundu gerran jasotako porrotaren ondoren eta pixkanaka-pixkanaka gizartean holokaustoaren kontzientzia handitzen zioan garaian— ez zegoela oraindik barre askorako. Dena den, Brechtek bere ohiko jardunean jarraitu zuen, behin eta berriz errepikatuz antzerkiak alaia (Spass) izan behar duela eta mundua aldatzeko irrika horren erakusle bezala jardun behar duela.[3]
« | Umorerik ez dagoen herrialde batean bizitzea onartezina da, baina oraindik okerragoa da umorea behar duen herrialde batean berau gertatzea[3]. | » |
—Bertolt Brecht |
1954. urtean, bere azken arnasa eman baino bi urte lehenago, Bertoltek, Sobietar Batasunaren eskutik, Bakearen Lenin Saria jasoko du. 1956. urtean, Berlineko Charité ospitalean, abuztuaren 14ean bihotzeko batek jota hil zen antzerkigile, filosofo eta erreferente kultural alemaniarra.
Lanak eta ondorengo irakurketak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Bertolt Brechten izateak esparru germanikoaren mugak gainditu ditu, gerraosteko antzerkiaren aurpegi esanguratsuenetako bat bilakatuz. Esan daiteke aro berri baten bultzatzailea izan zela, ondoren izan zituen jarraitzaileen kopuru handia ikusita. Egia esan, bere bizi denboraren azken urteetarako, Bertolt Brechten izate iraultzailea pixkanaka itzali zen. Hala, “antzerki epikoaren” izatea ez zitzaion jada bere egiten eta “antzerki dialektikoa”-rengatik aldatzeko ahaleginak egin zituen. Honek, hala ere, ez zuen bere obra osoaren balio estetikoa zapuztu, egunez egun eta urtez urte geroz eta oihartzun zabalagoa hartzen joan baita mundu osoan barna. Antzerkiaren kontzepzio tradizionala, bere esanetan, eguneroko errealitate berrietara egokitzeko oso konplexu bezain zaila da, hots, antzerki sozial berri bat sortzen saiatuko da, ohorea, errua, tragedia edo helburua bezalako kategoriak errotik desagertaraziz[6]. Brechtek deboraren, lekuaren eta ekintzaren unitate aristoteldarrekin apurtuko du, eta haren antzerki dramatikoaren aurrean, antzerki epikoa deituko duena proposatuko du. "Epiko" kontzeptuak ez dio heroi klasikoaren figurari erreferentzia egiten, ezpada bere izaera narratiboari. Brechtek, bere antzerkiarekin, ekintza bakoitza independenteki kontatu nahi izan zuen, haiek ikuslearentzat ezohikotuz, alienazio- edo historizazio-efektuaren bidez. Finean, publikoari eragin nahi ziona ekintzekiko harridura zen, haiek gertakari aldagarri gisa uler zitzaten.
Bere horretan uzten duen gauza bakarra fatalismoa da, metafisikoa ez dena, baizik eta gizabanakoaren izatearena gizartearen baitan. Destinoaren indarrek baldintza jakin batzuen eraginez funtzionatzen dute: egoerak eta gizarteak ezarritako baldintzak. Laburbilduz, esan daiteke, beste ororen gainetik, arazo soziologikoek baldintzatzen dutela izatea bera. Bertolt Brechten intentzio artistikoa bizitza desidealizatzea da, bere esperientzia pertsonalak eta ideologiak eraginda. Bertoltek gerra bere ondorio lazgarri eta krimen denekin bizi izan zuen eta, Marxen eraginez, mundua kaosaren ikuspegitik begiratzen ikasi zuen, zeinean norbanakoak injustiziak markatutako helmuga pairatzen duen.[6] Hori dela eta, ezinezkoa egin zitzaion berak bizitako errealitate gogorra poesiaren munduarekin modu armonikoan uztartzea.
Bere teknika dramatikoa katastrofe historikoak ordena sozial berri baten ekidingarriak diren gertaerak direla aurkeztean datza, hitz laburretan. Doktrina marxistaren jarraitzaile, desoreka ekonomikoaren eta klase borrokaren ideiak uztartzen ditu bere obra guztian zehar. Ez da, beraz, errukia, baizik eta espantua, haserrea, antzerkiak sortu behar duen efektua. Eta hauxe da, Bertolt Brechten eraginez, garaiko estilo dramatikoak jarraitu duen joeretako bat, arte eszenikoaren topikoetako bat. Efektu hau sortze aldera, hertsiki lotu behar dira, Brechtek egin bezala, musika eta herri xehearen hizkera popular eta lakonikoa. [7]
Idazle moduan, alemanezko literaturak eman duen egile handienetarikoa da eta eragin nabaria izan du, literaturan ez ezik, baita Mendebaldeko gizartearen pentsamenduan ere, orokorrean.1920ko hamarkadan, Brechtek antzerki anarkista eta espresionista plazaratu zuen: Baal (1922), Mann ist Mann ("Gizona gizona da", 1926). "Lau soseko opera" (Die Dreigroschenoper, 1928), hots, John Gayren Beggar's Opera lanaren moldaerak, arrakasta handia izan zuen.
Hitlerrek jazarpenaren ondoko erbestean, Brechtek obra garrantzitsuak idatzi zituen: Der gute Mensch von Sezuan ("Sezuango gizon ona", 1939), Herr Puntila und sein Knecht Matti ("Puntika jauna eta bere morroia Matti", 1940), Der aufhaltsame Aufstieg des Arturo Ui ("Arturo Ui-ren igoera geraezina", 1941), Mutter Courage und ihre Kinder (1941), Leben des Galilei ("Galileoren bizitza", 1947).
Alemaniara itzuli ondoren, hainbat lan ondu zituen: Der Kaukasische Kreidekreis ("Kaukasoko kreazko biribila", 1948); zenbait moldaera (Sofokleren Antigona, Shakespeareren Coriolano); Der Dreigroschenroman ("Hiru kontakizun luze", 1949), izen bereko operaren egokitzapen dena.
Teoria lanetan, Kleines Organon für das Theater ("Antzerkirako organo txikia" 1948) obrak, literaturaren ikuspegi dialektikoaren ildotik, garbi adierazten du bere antzerkiaren funtzio didaktikoa: errealismoa, parabola edo alegoria, musika eta kantaren bitartez antzertiak kontzientzia hartzera eraman behar du ikuslea eta, azken finean, politikan esku hartzera. Urruntze efektua (Verfremdunseffekt) erabiltzen du bere antzertia egunerokotasunetik aldendu nahiz, gogarte eta kritikarako bide bilaka dadin.
« | Gure artean badira behin borrokatu direnak; horiek garrantzi handikoak dira.
Badira beste batzuk denboraldi luze batez borrokan aritu direnak eta horiek oraindik garrantzitsuagoak dira; Baina izan badira, bizitza osoa borrokari eman diotenak eta horiek ezinbestekoak ditugu. |
» |
—Bertolt Brecht[8] |
Idazlanak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Baal (1918)
- Die Dreigroschenoper (1927)
- Die heilige Johanna der Schlachthöfe (1930)
- Die Mutter (1932)
- Die Gewehre der Frau Carrar (1937)
- Mutter Courage und ihre Kinder (1939)
- Leben des Galilei (1939)
- Der aufhaltsame Aufstieg des Arturo Ui (1941)
- Die Gesichte der Simone Machard (1943)
- Der kaukasische Kreidekreis (1945)
- Die Tage der Kommune (1948)
- Turandot oder der Kongress der Weisswäscher (1950)
Euskaratutako liburuak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- "Keuner jaunaren kondairak" (Joxerra Garzia, Alberdania, 1999).
- "Galileoren bizitza" (Miren Billelabeitia, Euskalerriaren Adiskideen Elkartea, 2004).
- "Kaukasiar kreazko biribila" (Itxaro Borda, Artez-blai, 2005): Lan hori 2005eko urriaren 13an antzerkian estreinatu zuten Izpuran.
- "Poema hautatuak – Ausgewählte Gedichte" (Askoren artean – EuskAlema, EuskAlema elkartea, 2011).
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ (Ingelesez) GradeSaver. «Bertolt Brecht Biography | List of Works, Study Guides & Essays» www.gradesaver.com (Noiz kontsultatua: 2018-06-02).
- ↑ (1898-1956), Brecht, Bertolt,. (2012). Teatro completo. (3a. ed. argitaraldia) Catedra ISBN 9788437630434. PMC 823279321..
- ↑ a b c d e Silberman, M. (2012). Bertolt brecht, politics, and comedy. Social Research, 79(1), 169-188,272. Retrieved from https://search-proquest-com.proxy-oceano.deusto.es/docview/1019433828?accountid=14529
- ↑ 1918-2007., Gordon, Bernard,. (1999). Hollywood exile, or, How I learned to love the blacklist : a memoir. (1st ed. argitaraldia) University of Texas Press ISBN 9780292756403. PMC 607393938..
- ↑ Morley, Michael. 2006. “‘Fading to Black’: Emotion Re-Collected and a Lack of Tranquility in Brecht’s Reworking of Chaplin.” In Young Mr. Brecht Becomes a Writer: The Brecht Yearbook 31, Jürgen Hillesheim-ek editatua, 285–295. Pittsburgh: International Brecht Society.
- ↑ a b c M. ESSLIN, (1960). Brecht. The man and his work, Garden City
- ↑ J. Desuché, (1966). La técnica teatral de Bertolt Brecht, Vilasar de Mar.
- ↑ «Daniela Albizu, Lapurdiko euskal erroak» ZUZEU 2020-07-12 (Noiz kontsultatua: 2023-12-03).
- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2011/12/27 egunean. Egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek CC-BY 3.0 lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.
Wikiesanetan badira aipuak, gai hau dutenak: Bertolt Brecht |
Bibliografia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Brecht, Bertolt; Maio, Sara (itzul.): Burges ttipien zazpi bekatu buruzagiak (Die sieben Todsünden der Kleinbürger). - Egan, 2010-3/4, 159-169.
Ikus, gainera
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Orain borrokarenean
- Liluraren kontra
- Gaberako aterbea
- Alemanezko literatura
- Marxismoa
- Antzerki epikoa
- Nazionalsozialismoa
- Antzerkia
- Alemania