iBet uBet web content aggregator. Adding the entire web to your favor.
iBet uBet web content aggregator. Adding the entire web to your favor.



Link to original content: https://eu.wikipedia.org/wiki/Batuta
Batuta - Wikipedia, entziklopedia askea. Edukira joan

Batuta

Wikipedia, Entziklopedia askea
Orkesta zuzendari bat bere batutarekin.

Batuta orkestrako zuzendari gehienek lan bat zuzentzeko erabiltzen duten ziri fin eta motza da, nahiz eta esku eta beso bidez bakarrik ere egin ohi den.

K. a. 709an, Patrasen (Grezia), musika ekitaldi batean “Patrasko Perekides, erritmo emaileakmusikariak zuzentzeko makila bat erabili zuela geratu zen jasota buztinezko taula batean. “Erdian kokatu zen, eserleku altu batean eserita, urrezko bastoi bat astintzen, txirula nahiz zitara joleak inguruan zituela (...) Perekidesek urrezko makilarekin agindua eman zuenean, eskarmentudun artista guztiak batera hasi ziren jotzen[1].

XVI. - XVIII. mendeak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

XVI. mendean Giovanni Pierluigi da Palestrinak ere makila handi bat erabiltzen omen zuen musikariei erritmoa markatzeko. Baina ziurrenik horiek salbuespenak besterik ez ziren izan. Luzaroan orkestretako lehen biolina edo concertinoa izan baitzen kideei noiz sartu behar zuten adierazten ziena[1].

XVII. mendean zenbait orkestra zuzendarik oinekin lurra joaz edo txaloka markatzen zuten erritmoa, baina emanaldi luzeetan oso nekagarria zenez geroz eta maizago lurra bastoi batez jotzen hasi ziren. 1687ko urtarrilaren 8an, Jean-Baptiste Lully Te Deum bat zuzentzen ari zen, Luis XIV.a Frantziakoa gaixotasun batetik onik atera zela ospatzeko. Denbora makila luze batez adierazten ari zela, nahigabe, behatz bat jo zuen lurra jo beharrean. Zauria gangrenatu zitzaion, baina Lullyk ez zien utzi sendagileei behatza anputatzen eta infekzioa zabaldu egin zen. Martxoaren 22an hil zen. Manchesterreko Hallé orkestraren emanaldi baten kronikak dio Daniel Turk zuzendariak ere 1810ean makila bat erabili zuela, baina lurra jo beharrean airean astintzen zuela. “Makila astindu beharraren beharraz, argi-armiarma jo zuen eta kristal zatiak gainera erori zitzaizkion”, hots, makila txikitzen zuten[1].

Itxuraz, Carl Maria von Weber konpositorea izan zen, 1817an, Dresden antolatutako kontzertu batean, ziri mehe eta arina, egungo batuten antzekoa, erabiltzen lehena. 1832an Felix Mendelssohn Londresera joan zen bertako Orkestra filarmonikoarekin hainbat kontzertu ematera. Batuta erabiltzeko asmoa zuen, eta hasieran biolin-joleek kontra egin arren, azkenean makilatxoaz zuzendu zituen musikariak. Hurrengo urtetik aurrera Londresko Orkestra sinfonikoan batuta erabiltzea ohiko bihurtu zen[1].

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. a b c d Irazustabarrena, Nagore. (2016-05-06). «Musikariei ziria sartu zietenekoa» Argia CC-BY-SA lizentzia.

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]