Azentu zorrotz
Azentu zorrotza ( ´ ) zenbait hizkuntzatan hainbat ezaugarri adierazteko erabiltzen den ortografia zeinua da (esate baterako, irekiera, intentsitatea edo tonua).
Gaur egungo euskaran ez da erabiltzen, baina 1936ko Espainiako Gerra Zibilaren aurretik nahiko orokortuta zegoen sabindar euskara idatzian ŕ hizkian erabiltzen zen, alegia, egungo rr bikoitzaren ahoskera adierazteko (eŕe, egun erre), baina gerra ondorenean erabilpena gainbehera joan zen eta euskara batuaren sorrerarekin jada 1970eko hamarkadaren amaieraldetik aurrera erabiltzeari utzi zitzaion.
Hizkuntza erromantzeetan zeinu arrunta da, batez ere frantsesean, baina baita katalan eta italieran ere, bokar itxiak adierazteko: katalanez, é [e] ahoskatzen da eta ó, [o]. Aldiz, portugesez alderantzikoa adierazten du, é eta ó bokal irekiak dira. Bestalde, gaztelania, katalan, galiziera eta portugesez azentu zorrotzak azentua daraman bokala intentsitate handiagoz ahoskatu behar dela adierazten du. Alegia, gaztelaniaz azentua deritzona: límite ("muga", izen proparoxitonoa) vs limite ("muga dezadan", "muga dezan", "muga dezazun", aditz paroxitonoak) vs limité ("mugatu nuen", aditz oxitonoa).
Polonieraz ó bokala itxiago eta biribilduago ahoskatu behar dela adierazteko erabiltzen da.
Galeseraz normalki intentsitatea hitzaren azkenaurreko silaban dago: hala ez bada, azentu zorrotzak zein silaba intentsitate handienaz ahoskatu behar den adierazten du. Bokalez gain, galeserak w eta y hizkiak ere onartzen ditu eta horiek ere batzuetan azentu zorrotza daramate (ẃ, ý), bi hizki horiek ere hizkuntza horretan bokal soinuak adierazten baitituzte.
Txekiera, eslovakiera, hungariera eta irlanderaz azentu zorrotzak bokal luzea adierazten du. Eslovakieraz, bokalez gain, ŕ eta ĺ hizkiak ere azentu zorrotza eraman dezakete.
Kroaziera, mazedoniera eta serbieraz ć hizkiak [ʨ] soinua adierazten du.