Austriako historia
Austriako historia Austria eta honen aurreko estatuen historia da, Burdin Aroan hasi eta XXI. mendera arte.
Historiaurretik Erdi Aroa arte
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Historiaurretik bertatik ezagutzen dira biztanleak Austrian. Goi Brontze Aroan eta Burdin Aro goiztiarrean Hallstatt kultura garatu zen. Erromatarrek Norika zeltiar erreinua menderatu zuten. Bertan, Raetia, Noricum eta Pannonia probintziak eratu zituzten bertan, eta garrantzi handiko hiriak sortu: Vindobona (Viena), Lentia (Linz) eta Claudia (Klagenfurt). Danubio ibaia merkatari bide garrantzitsua bihurtu zen. III. eta VI. mendeen artean inbasio berriak izan ziren Danubioren hegoaldeko lurraldean: bandaloak, godoak, hunoak, alamanak. VII. mendean avaroen inperioaren mende geratu zen. 788an, frankoen errege Carolus Handiak lurraldea menpean hartu eta Ekialdeko Marka (Marchia Orientalis edo Ostmark) eratu zuen.[1]
IX. mendearen amaieran, magyarrek Enns ibairainoko herbehereak inbaditu zituzten, baina 955etik aurrera, Oto I.aren agintaldian, egotzi zituzten. X. eta XIII. mendeen artean Babenberg familiak gobernatu zuen Ekialdeko Marka.[2] Osterreich izena («Ekialdeko erresuma») Oton III.a enperadore germaniarrak (983-1002) sinaturiko dokumentu batean agertu zen lehenengo aldiz.
1156. urtean, Henrike II.a Babenbergekoak marka dukerri bihurtzea lortu zuen Frederiko I.a enperadorearengandik, Privilegium Minus-aren bitartez; Viena bihurtu zen hiriburu. 1192an, Babenbergtarrek Estiriako dukerriaz (Steiermark) ere jabetu ziren. 1253tik aurrera, Bohemiako Otakar II.ak agindu zuen. 1278ko Dürnkruteko porrotaren ostean, Habsburgo dinastia alemaniarrak boterea hartu eta agintean jarraitu zuen Lehen Mundu Gerra arte.
Habsburgotarren Aroa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]XIV. eta XV. mendeetan zehar, Habsburgotarrek mendean hartu zituzten Austriako Dukerriaren inguruko eskualdeak. Hori zela eta, 1438an Alberto II.a Germaniako Erromatar Inperio Santuko enperadore hautatu zuten. Koroatua izan baino lehen hil zen arren, handik aurrera Inperio Santuko enperadoreak Habsburgo etxekoak izan ziren, salbuespen bakar batekin.
Habsburgotarrek, konkistaz ez ezik, oinordetzaz ere lortu zituzten lurraldeak. Maximiliano I.a Habsburgokoak, 1477an Borgoinako Dukerriko oinordekoarekin ezkondu eta gero, Herbehereak bereganatu zituen. Maximilianoren seme Filipe Ederra, berriz, Joana Gaztelakoarekin ezkondu zen, alegia, Gaztela eta Aragoiko oinordekoarekin. Beraz, Filipe eta Joanaren seme Karlosek, Habsburgotarren lurraldeak, Borgoina, Gaztela eta Aragoi oinordetzeaz gain, Italiako zati bat, Afrikako lurraldeak eta Amerikako lurrak ere jaso zituen. Karlosek 1555-56an abdikatu zuen. Espainia eta Herbehereak Filipe II.a semeari utzi zizkion eta Austria Fernando I.a anaiari.[1]
Fernando I.a Habsburgokoa Ana Jagellonekin, Bohemiako eta Hungariako erregearen alabarekin, ezkondu zen. 1526ko Mohácseko guduan Luis II.a Hungariakoa hil ostean, Fernando eta Anak bi erresuma horiek jarauntsi zituzten. Hala ere, 1533ko Konstantinoplako Itunak hiru zatitan banatu zituen Hungariako Erresumako lurrak: iparraldea eta mendebaldea Habsburgotarrentzat, erdialdea Otomandar Inperioarentzat eta Transilvania Joan Zapolya eta haren oinordekoentzat.[2] Fernando II.a, Bohemiako erregea 1617tik eta Hungariakoa 1618tik, kontrarreforma bultzatzen eta katolizismoa inposatzen saiatu zen. Baina Bohemiako protestanteek Fernando kargutik kendu zuten eta, haren ordez, Frederiko V.a aukeratu zuten errege. Gertaera horrek piztu zuen Hogeita Hamar Urteko Gerra.[3]
Austria Europako boterea
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Leopoldo I.aren erreinaldian (1657–1705) Austriak Otomandar Inperioaren eta Frantziaren aurkako gatazkak izan zituen. 1683an Viena setiatu zuten arren, otomandarrak garaituak izan ziren, eta 1699ko Karlowitzeko Itunaren ondorioz, ia Hungaria osoa Austriaren menpean gelditu zen. Frantziaren aurka borrokatu zen Bederatzi Urteko Gerran eta Espainiako Ondorengotza Gerran.[4]
1792an, Frantziako Iraultza zela medio, Austria eta Frantziaren arteko gerra hasi zen, 1797 arte iraun zuena. Napoleonen garaipenak Germaniako Erromatar Inperio Santuaren desagerpena ekarri zuen (1806). Baina Habsburgotarrek Austriar Inperioa eratu zuten (1804). 1814an, Austriak Errusiak eta Prusiak Frantzia menperatzea lortu zuten. 1815eko Vienako Batzarrean, garaileek adostu zuten Europako egoera berria. Batzarrean, besteak beste, Germaniar Konfederazioa eratzea erabaki zen, Austria buru zela baina Prusiaren laguntzarekin.
1848ko iraultzak alemaniar biztanleriaren arazo sozial, politiko eta nazionalak nabarmendu zituen. Lurraldetasun auzia nahiko korapilatsua zen: batzuk Alemania Handia (Großdeutschland) sortzearen aldekoak ziren, alemanez mintzatzen zen Austriako lurraldeekin batera, eta beste batzuk Alemania Txikia (Kleindeutschland) sortzearen aldekoak. Austriak bere izaera ez galtzeko agertu zuen jarrera tinkoak Kleindeutschland-en garaipena ekarri zuen.
1864an, Austria eta Prusiak Schleswig eta Holstein dukerriak defendatu zituzten Danimarkaren aurka. Garaipenaren ondoren, bi aliatuek ezin izan zuten adostu dukerrien administrazio berria. Hain zen gogorra auzia, non Austriak, Alemaniako estatu batzuekin batera, Prusiaren aurkako gerra egin baitzuen, 1866ko Austria-Prusia Gerra hain zuzen ere. Sadowako gudua galdu ondoren, Austriak utzi behar izan zituen Alemania eta Italia, eta Germaniar Konfederazioa desagertu zen (Pragako bakea).
Hungariar nazionalismoa baretzeko asmoz, Frantzisko Josef I.a Austriakoak Austria-Hungariako Inperioa eratu zuen: 1867ko Austriar-Hungariar konpromisoaren arabera, boterea bitan banatu zen, Austriako Inperioa eta Hungariako Erresuma, biak Frantzisko Josef I.aren agindupean. Baina lurraldean bizi ziren gutxiengoek (poloniarrek, ukraniarrek, txekiarrek, eslovakiarrek, esloveniarrek, serbiarrek, kroaziarrek, italiarrek eta errumaniarrek) inperioren oinarriak azpijan zituzten.
Lehen Mundu Gerra
[aldatu | aldatu iturburu kodea]1914ko ekainaren 28an Gavrilo Principek (Esku Beltza serbiar taldeko kidea) Franz Ferdinand artxidukea hil zuen Sarajevon. Gertaera hau Lehen Mundu Gerraren lehergaia izan zen. Gudak anabasa politikoa eta hondamena ekarri zizkien Erdialdeko Potentziei (Austria-Hungaria, Bulgariako Erresuma, Alemania eta Turkia) eta Austria-Hungariako Inperioaren bukaera eragin zuen.
1919ko irailean garaileek eta Austriak sinatutako Saint-Germaingo Itunak Habsburgotar monarkiaren amaiera ekarri zuen. Hungariaren burujabetasuna onartu zen, Txekoslovakia, eta Serbiar, Kroaziar eta Esloveniarren Erresuma (aurrerago Jugoslaviako Erresuma deitua) sortu ziren eta beste lurralde batzuk Polonia eta Italiako Erresumari eman zitzaizkien.[5] Austria errepublika bilakatu zen (Austriako Lehenengo Errepublika) baina Inperioko eskualde aleman-hiztun batzuk (Hego Tirol, Sudeteak) kanpo gelditu ziren. Horrez gain, Alemaniarekin bat egitea debekatu zitzaion. 1920an konstituzio berria promulgatu zen.
Gerraren ostean Austriako egoera oso larria zen. Hondamen ekonomikoa bukatu zedin, 1922an nazioarteko mailegua lortu zuen, Nazioen Ligak gainbegiraturik. Finantzak egonkortu ziren arren, langabeziak oso handia izaten jarraitu zuen. 1929tik aurrera Depresio Handiak gogor astindu zuen herrialdea.[6]
Austrofaxismoa eta Hirugarren Reicha
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Arazo ekonomikoez gain, 1920ko hamarkadan alderdi nagusien armada paramilitarren arteko gerra zibil isila izan zen. Sozial Kristauen laguntza zuen Heimwehr talde erreakzionarioaren eta Sozial Demokraten aldeko Republikanischer Schutzbunden artean liskar ugari gertatu zen.[7]
Austriako Lehenengo Errepublikak 1933 arte iraun zuen. Urte hartan, Engelbert Dollfuss kantzelerrak parlamentua desegin eta Italiako faxismoaren pareko erregimen autokratikoa (austrofaxismoa) ezarri zuen. Ordurako (1933ko udaberria) Alemanian Hitler zegoen agintean, eta naziek Alemania eta Austria batzearen aldeko propaganda egiten zuten. Hori eragozteko Dollfussek Hungaria eta Italiaren laguntza bilatu zuen. Sozial Demokratak jazarriak izan ziren eta 1934ko otsailean armak hartu zituzten. Lau egun iraun zuten borroketan Heimwehr taldea eta Dollfuss garaile irten ziren. Urte berean, alderdi politiko guztiak, Dollfussen Fronte Patriotikoa izan ezik, legez kanpo gelditu ziren eta maiatzeko konstituzio berriak kantzelerraren boterea indartu zuen. Baina 1934ko uztailaren 25ean nazi talde batek Engelbert Dollfuss hil zuen.[7]
Dollfussen ondorengo Kurt Schuschnigg herrialdearen independentziari eusten saiatu zen, baina 1936an Mussolinik Hitlerrekin elkar hartu zuenetik Austria erabat bakarturik gelditu zen. 1938ko martxoaren 12an, Alemaniako armada Austrian sartu zen eta biharamunean Hitlerrek herrialdearen Anschluss edo anexioa aldarrikatu zuen.
Alemania naziak arras beretu zuen Austria eta Ostmark izena eman zion (Alpen-Donau-Reichsgaue 1942tik aurrera). Kristal hautsien gaueko gertakariek erakutsi zuten bezala, antisemitismoa oso bortitza zen Austrian. Juduen erdiek (100.000 inguru) Bigarren Mundu Gerra hasi baino lehenago ihes egin zuten herrialdetik. Gerra amaitzerako, 65.000 judu austriar baino gehiago erailak izan ziren, hauetako asko sarraski-esparruetan, ijito, aurkari politiko eta ahalmen urriko pertsona askorekin batera. Ehunka mila austriar Wehrmachten borrokatu ziren, eta ez gutxi SSetan. Borroketan 250.000 inguru hil ziren, eta beste asko preso eraman zituzten. Nazien aurkako erresistentzia, bai ezkerrekoa (sozialistak eta komunistak), bai kontserbadorea (sozial kristauak eta monarkikoak) haintzat hartzekoa izan zen. Hamarka mila pertsona motibo politikoengatik atxilotu zituzten, eta asko sarraski-esparru edo espetxeetan hil ziren.[7]
Aliatuen okupazioa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]1945eko apirilean, Hirugarren Reicha bukatzear zegoela, Karl Rennerek behin-behineko gobernua osatu zuen Vienan, Sozial Demokrata, Sozial Kristau eta komunisten parte hartzeaz eta Sobietar Batasunaren isilbidezko onarpenaz. Aliatuek 1945eko maiatzaren 9an okupatu zuten herrialdea eta uztailean lau okupazio eremutan banatu zuten, Sobiet Batasuna, AEB, Frantzia eta Britainia Handiak administraturik. Viena ere, Berlin bezala, lau zatitan banandu zuten. 1945eko azaroko hauteskundeetan, Karl Renner aukeratu zuten bigarren errepublikako presidente. Gerraren ondoren, ekonomia lur jota zegoen, baina 1948tik aurrera Marshall Planak suspertzen lagundu zuen.[8]
1955eko maiatzaren 15ean Austriak lau indar okupatzaileekin sinatu zuen itunaren ondorioz, independentzia osoa berreskuratu zuen. Urte bereko urriaren 26an, parlamentuak Austriaren «betirako neutraltasuna» onartu zuen. Neutraltasun horrek gaurdaino jarraitzen du.
Gerraondoa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Lehenengo errepublikan ez bezala, Austriako Bigarren Errepublikak herriaren sostengua jaso zuen hasieratik, nahiz 1955era arte nazioarteko erabateko onespena izan ez zuen. Proporz izan zen sistema politikoaren berezitasun nagusietako bat, hots, kontserbadoreek (SPÖ) eta sozial demokratek (ÖVP) elkarrekin adosten zituztela gai politiko garrantzitsuenak. Kontsentsua zen beste ezaugarri nagusia, hau da, legegintza prozesuetan talde interesatuak kontsultatuak izaten zirela. Proporz eta kontsentsuak herrialdearen egonkortasuna sendotu zuten, baina gaur egun sistema hau historiaren zati bat baino ez da.
1970-1983 bitartean Bruno Kreisky eta sozialistak egon ziren gobernuan, eta Austria berdintasunaren eredu bihurtzen saiatu ziren. Baina 1983an, legebiltzarrean zuten gehiengo absolutua galdu zutenean, koalizio bat osatu zuten liberalekin. Koalizio hori, ordea, hautsi egin zen liberalek eskuinerantz egin zutenean. Austriarrak gobernuaren eta sozialisten kontra azaldu ziren administrazio arazoak, sektore publikoan izan ziren langileen kaleratzeak eta pribatizazioak zirela-eta.
1986ko lehendakaritzarako hauteskundeak Alderdi Popularreko Kurt Waldheimek irabazi zituen, nahiz eta kontrako jarrerak sortu ziren Bigarren Mundu Gerran alemaniar gudarostean egin zituen lanengatik. Legebiltzarrerako hauteskundeen ondoren, Fred Sinowatz kantzilerrak dimititu eta Franz Vranitzky sozialistak hartu zuen kargua, eta koalizio bat osatu zuen Alderdi Popularrarekin. Gobernuak aurre egin behar izan zien sektore publikoaren pribatizazioei, aurrekontuen defizitari eta Waldheimen hautaketa zela-eta nazioartean sortu zen kezkari. Koalizioak aurrera jarraitu zuen 1990eko hauteskundeen ondoren (Alderdi Popularrak 17 aulki galdu zituen). Hala ere, 1992an Thomas Klestil Alderdi Popularreko hautagaia hautatu zuten lehendakari.
1994an austriarrek erreferendum baten bidez erabaki zuten Europar Batasunean sartzea, baina neutraltasuna gordez. Urte horretako hauteskundeetan Jörg Haideren Austriako Askatasunaren Alderdiak (FPÖ) botoen %23 lortu zuen, eta Alderdi Sozialistak, berriz, 7 puntu galdu zituen. 1994. urtean Austrian bizi ziren atzerritarren kopurua 300.000ra iritsi zen, eta garai horretan hasi ziren etorkinen kontrako ekintza terroristak. 1995ean Alderdi Sozialistaren eta kontserbadoreen arteko hitzarmena eten egin zen, eta Vranitsky-k hauteskunde berriak deitu zituen; Alderdi Sozialistak %38 lortu zuen, Alderdi Popularrak %28 eta Haider-ek %22. Hura izan zen Haider-en lehenengo beheraldia.
1996. urtearen lehenengo erdialdean langabezia %4,4ra iritsi zen eta 1.600 konpainiak kiebra jo zuten; sindikatuen federazioak lanaldia 35 ordura jaistea eskatu zuen. Egoera horrek atsekabea eragin zuen, eta aldi berean, talde ultranazionalista ugari sortu ziren. Urte berean, Askatasunaren Elkartasunak, lehen FPÖ zenak, berdindu zituen lehenengo aldiz sozialisten emaitzak Europako Legebiltzarrerako hauteskundeetan; eskualdeko hauteskundeetan Askatasunaren Elkartasunak 7 aulki irabazi zituen. 1997an Franz Vranitzky kantzelerrak dimisioa aurkeztu zuen, eta Viktor Klima, Alderdi Sozialistakoa, izan zuen ondorengoa.
Azken urteak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]1999ko Legebiltzarreko hauteskundeetan, biziki sendotu zen Jörg Haideren FPÖ alderdi eskuinzalea; gobernuko koalizioko bi alderdiek, berriz, sozialistak eta popularrak, atzera egin zuten. Hala, SPÖ bihurtu zen hurrengo koalizioaren ardatz; eztabaida askoren ondoren, Alderdi Popularreko presidente Wolfgang Schüsselek 2000ko otsailaren 3an koalizio hitzarmen bat izenpetu zuen. Azkenean, Errepublikako presidente Klestilek gobernu berria osatu zuen: gobernuburua Schüssel zen eta gobernuburuordea FPÖ-ko Susanne Riess-Passer. Europar Batasuneko gainerako gobernuak egoera horren kontra jarri ziren, eta zigor ekonomikoak jarri zituzten abian; izan ere, FPÖ alderdiaren iragan politikoa (Alderdi Nazional-Sozialistako kide ohiek sortua) eta azkenaldiko kanpaina xenofoboak eta eurofobia, izan ziren erabaki horren sorburuak. Hilabete batzuk geroago, eta EBk bidalitako zenbait adituren txostenak kontuan izanik, badirudi egoera ez zela hain larria, eta 2000ko irailean kendu egin ziren zigorrak.
2006ko hauteskunde orokorretan sozialdemokratek lortu zuten garaipena. 2007an, Alderdi Popularrak eta Alderdi Sozialdemokratak koalizio handi bat osatu zuten, Alfred Gusenbauer kantzeler zela. 2008ko hauteskundeetan, bi alderdi nagusiek indarra galdu zuten baina gehiengoari eutsi zioten elkarrekin, sozialdemokratak nagusi zirela. Edonola ere, Askatasunaren Elkartasunak eta FPÖ-ko kideek 2005ean sorturiko Austriaren Etorkizunerako Elkartasuna eskuineko alderdiak indar hartzen ari ziren.
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2016-10-26 egunean. Egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek CC-BY 3.0 lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.
- ↑ a b «Austria», Harluxet Hiztegi Entziklopedikoa
- ↑ a b (Gaztelaniaz) «Historia de Austria», Guiadelmundo.org.uy.
- ↑ (Ingelesez) «Ferdinand II», Encyclopædia Britannica, britannica.com.
- ↑ «Leopold I», Encyclopædia Britannica.
- ↑ «Saint-Germaingo Ituna», Puntubi.com.
- ↑ (Frantsesez) «Autriche», Encyclopédie Universalis.
- ↑ a b c «Austria: First Republic and the Anschluss», Encyclopædia Britannica.
- ↑ (Ingelesez) «Austria: Second Republic», Encyclopædia Britannica.
Kanpo estekak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- (Ingelesez) History of Austria: Primary Documents («Austriako historia: dokumentu primarioak»]
Europako historia herrialdearen arabera | ||
---|---|---|
Albania • Alemania • Armenia • Andorra • Austria • Azerbaijan • Belgika • Bielorrusia • Bosnia-Herzegovina • Bulgaria • Danimarka • Erresuma Batua • Errumania • Errusia • Eslovakia • Eslovenia • Espainia • Estonia • Finlandia • Frantzia • Georgia • Grezia • Herbehereak • Hungaria Estaturik gabeko nazioak: Bretainia • Eskozia • Euskal Herria • Flandria • Gales • Galizia • Irlanda • Katalunia • Korsika • Okzitania • Sardinia |