Zuberoa
Zuberoa | |||
---|---|---|---|
Xiberua / Xiberoa | |||
Geografia | |||
Hiriburua | Maule-Lextarre 43°13′48″N 0°52′48″W | ||
Hiririk handiena | hiriburu | ||
Azalera | 772 km² | ||
Administrazioa | |||
Demografia | |||
Biztanleria | 15.350 | ||
Dentsitatea | 19,88 bizt/km² | ||
Bestelako informazioa |
Zuberoa (zubereraz, Xiberua edo Xiberoa; frantsesez: Soule; Bearnoko okzitanieraz, Sola) Euskal Herriko zazpi herrialdeetako bat da, guztietan txikiena eta biztanle gutxien dituena: 814,5 km² eta 12.716 biztanle (2019) (zuberotarrak; zubereraz, xiberotarrak). Euskal Herriaren ipar-ekialdean dago, Pirinioen iparraldean. Ühaitz ibaiaren eta haren ibaiadarren ibarra biltzen du. Hiriburua Maule-Lextarre du. Administrazioari dagokionez, Frantziako Akitania eskualdeko Pirinio Atlantikoak departamenduko (64. departamendua) parte da. Mugakide ditu Bearno ekialdean eta iparraldean, Nafarroa Beherea mendebaldean eta Nafarroa Garaiko Erronkaribar hegoaldean.
Zuberoako euskalkia zuberera da.
Geografia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Orografia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Hiru lurralde-mota bereizten dira Zuberoan: iparraldean, lur behere lauak dira nagusi; erdialdea menditsuagoa da, oihanalde zabalekin; eta hegoaldean, Basabürü eskualdean, Ahüñemendi edo Pirinio mendiak daude, bai eta Iratiko oihanaren zati bat ere, Larraineko lurretan barneratua.
Orhi mendia da Zuberoako garaiena (2017 m, Larraine). Pirinioetan, 2.000 metrotik gorako mendebaldeko lehenengo tontorra da Orhi, eta Euskal Herri osoko gailurrik garaienetan laugarrena[erreferentzia behar] da (Hiru Erregeen Mahaia, Ezkaurre eta Arlas mendien atzetik, guztiak Nafarroakoak). Otsogorrigaina (1922 m) eta Sardekagaina (1893 m) dira herrialdeko bigarren eta hirugarren mendirik garaienak. Guztira, 1.000 metroko mailatik gorako 27 tontor daude Zuberoan.
Basabürüko alde honetan daude, bestalde, Euskal Herriko arroila edo mendi-zintzur ikusgarrienak (Holtzartekoa, Larrainen, eta Kakuetakoa, Santa Grazin).
Hidrografia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Ühaitza da Zuberoako ibai nagusia (uhaitza esaten zaio ibaiari zubereraz). 60 km luze da, eta Ligin eratzen da, Pirinio mendietatik jaisten diren Larraine eta Santa Grazi uhaitzek bat egiten duten lekuan. Aphurra eta Gesalia uhaitzetako ura hartzen du, eskuinaldetik, iparralderago, eta Bearnoko Salbaterra hirian Oloroeko uhaitzarekin bat egiten du, Aturri ibairako bidean. Oloroeko ibaira doazen beste erreka batzuk ere sortzen dira Zuberoako iparraldean.
Klima eta landaretza
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Zuberoako klima atlantikoa da, epela eta hezea oro har. Hegoaldeko lur garaietako klima alpinoa da. Euri asko egiten duen lurraldea da, bestalde (1.800-2.000 mm urtean). Oihanak guztiz zabaltzen dira Zuberoako erdialdean eta hegoaldean: haritza eta pagoa 1.000-1.300 m bitarte, eta izeia eta lerra 1.300 m-tik gora (Santa Grazi, Irati). Atlantiko aldeko beste zuhaitz-mota asko daude, halaber, Zuberoan.
Historia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Historiaurrea
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Goi Paleolitokoak (K.a. 25000-K.a. 9000) dira Zuberoako lurretan aurkitu diren giza aztarna zaharrenak. Etxeberriko Karbia eta Sasixiloaga, Altzürükün biak, eta Gatzarria (Gamere-Zihiga) dira Paleolitoko zuberotar aztarnategi garrantzitsuenak. Haitzuloetako pintura ikusgarriak daude Etxeberriko Karbian.
Mesolitoko eta Neolitoko arrastoak aurkitu dira, halaber — Basabürüan, bereziki. Neolitoko eta metalen aroetako hileta-monumentuen artean, ugari dira tumuluak; gutxi, ordea, harrespilak, trikuharriak eta jentilarriak. Burdin Aroko aztarnategi aipagarri bat bada Larrainen. Basabürüan ugari dira, halaber, K.a. V. mendetik aurrerako gotorlekuak. Horietako baten gainean eraiki zen Mauleko gaztelua. Erromatar historialarien arabera (Julio Zesar), sibusate (beste batzuen arabera, Plinio Zaharrarengandik hasita, sibyllate edo sibulate zuten izena) izeneko herria bizi zen egungo Zuberoako lurretan K.a. I. mendean. Leinu euskalduna zen hura, tarbellien leinu berekoa.
Erromatarrak Zuberoan
[aldatu | aldatu iturburu kodea]K.a. 19. urtean amaitu zuen Augustok Akitaniako lurren konkista, eta erromatar probintzia haren barnean geratu zen "suburati" haien lurraldea. Pirinio mendiak igarotzen zituzten bi bide nagusien artean (Astorgatik Bordelerako zihoan Ab Asturica Burdigalam, Ibañetan barrena; eta Jacatik Oloroerakoa, Somporten barrena) geratu ziren antzinako zuberotarrak. Donazaharretik Oloroerako bidean bigarren mailako galtzada bat bazen, Zuberoa mendebaldetik ekialdera zeharkatzen zuena. Erromatarren eragina ez zen handia izan gaur egungo Zuberoan: utzitako aztarnen artean, aipagarria da Atharratzen Madalenako kaperan aurkituriko aldarea (bertan aurkitutako harri-inskripzio batek aipatzen du Herauscorritsehe izeneko etxe-jainko baten gurtza).
K. o. I. mendean Novempopulania edo eusko-akitaniarren probintzia eratu zelarik, suburatiak tarbeliengandik bereizi eta Oloroeko hiriaren mendeko lurraldean geratu ziren. K.o. IV. mendean Novempopulania zaharrean hiri-banaketa berria egin eta bederatzi oppidum nagusien ordez hamabi civitas edo hiri nagusiren araberako lurraldeak egituratu zirenean, Zuberoak Oloroeko hiriari loturik iraun zuen, Aspe eta Ossauko haranekin batean. Garai haietan euskaldunak ziren lurralde hartako herri guztiak (izan ere, euskarak bizirik iraun du Oloroeko ateetan XX. mendea arte), eta VI. mendetik aurrera hasi zen, arian-arian, bertako latin hizkuntza (geroko bearnes gaskoia) Novempopulaniako hirietatik lurralde zelaietara, lehenik, eta Pirinio mendien erdialdera, ondoren, zabaltzen. Zuberoako jendeak euskarari eutsi zion, ordea, eta Oloroe Bearnoko hiri nagusietakoa bihurtu zenez gero, Zuberoako mugek eratu dute euskararen ipar-ekialdeko muga (Bearno aldean luzaroan euskaldun iraun duten herriak barne).
Nolanahi ere, Oloroeko hiriari loturik bizi izan da Zuberoa historian zehar.
Frankoak Zuberoan
[aldatu | aldatu iturburu kodea]V. mendearen hasieran hasi ziren herri barbaroak Pirinioak iparraldetik hegoaldera zeharkatzen; ez dirudi, ordea, Zuberoa aldean deus aipagarririk gertatu zenik. Okzitaniako Tolosan, lehenik, eta Hispaniako lurretan, ondoren, kokatu ziren bisigodoek ere ez zuten zuzeneko eraginik izan; besterik gertatu zen, ordea, frankoekin.
VI. mendean, Vouilléko Batailaz geroztik (507), frankoak nagusitu ziren Tolosa eta Bordele aldean, eta Pirinio mendien magaleraino. Mehatxupean ezarri zituzten euskaldunen lurrak. Garaipen militarra erdietsiagatik, ez da VI. mendean frankoen aztarnarik Zuberoan; izan ere, etorkin frankoak Garona ibaiertzaren inguruko zenbait gunetan bakarrik heldu ziren sustraitzera eta kopuruz adierazgarri izatera. Akitania zaharreko euskaldun guztiek bat egin zuten frankoen aurka, Bortuez hegoaldeko bisigodoen aurka egin zuten bezala. Frankoek, ordea, bide guztiak erabili zituzten beren aginpidea zabaltzeko, eta VI. mendean Oloroeko elizbarrutia eta zuberotarrak Akitaniaren barnean geratu ziren.
VII. mendearen hasieran, Baskoniako dukerria sortu zuten frankoek euskaldunei eustearren, eta 630ean helburu berarekin sortu zuen Dagoberto errege frankoak Akitaniako erreinua. Euskaldunek ez zuten horrelakorik onartu, eta 636. urtean Dagobertoren gudarosteko talde bat menderatu zuten Zuberoan. 660-670 bitartean erreinu burujabe bat eratu zuen Lupo Otsoak Novempopulania zaharrean, eta haren ingurura bildu ziren lurralde hartako apezpikuak, Oloroekoa barne. VII-VIII. mende haietan gorpuztu zen hurrengo mendeetan Zuberoa izenaz ezagutu zen lurraldea.
VIII. mendean, frankoek erasopean ezarri zituzten Pirinioez hegoaldeko euskaldunak ere, eta Orreagako guduen ondotik (778 eta 824), sortu ziren Iruñeko erreinua (824) eta Baskoniako dukerria (832). Zuberoako lurrak azken horren barnean geratu ziren, Bidasoaz iparraldeko gainerako euskal lurraldeak bezala, eta bertako agintariek harreman estuak izan zituzten, orobat, Iruñeko erreinuarekin.
Zuberoako bizkonderria
[aldatu | aldatu iturburu kodea]832. urtetik 1058. urtea arte (urte hartan batu zen Akitaniako dukerriarekin) burujabe, Iruñeko Erresumarekin familia-lotura estuak izan zituen Baskoniako dukerriak. 1023. urtean sortu zuen Antso VI.a Gilen Baskoniako duke edo printzeak Zuberoako bizkonderria, eta Gilen Fort edo Azkarra I.a, Lavedango bizkondea, izan zen lehen bizkondea.
XI. mendean zehar, Akize eta Bearnoko bizkondeen gutiziapean izan zen Zuberoa, eta mende haren erdialdetik aurrera Iruñeko erregearekiko loturak estutu zituzten zuberotar bizkondeek, Bearnotik bereiz izateko eta Baskonia-Akitaniako dukeen gehiegikeriei aurre egiteko. Izan ere, luzaroan onartu zituzten Zuberoako bizkondeek Nafarroako erregeak, Akitania-Gaskoiniako dukeekin egiten zuten bezala.
1154. urtean, Leonor Akitaniakoaren ezkontzaz lotu zitzaion Akitania-Gaskoiniako dukerria Ingalaterrako koroari; XII. mendearen bukaeratik aurrera, ingelesen aurka izan ziren Zuberoako bizkondeak, baina bertako jaun batzuek ingelesen alde jardun zuten nabarmen. Raimundo Gilen V.a Henrike III.a Akitaniako duke eta Ingalaterrako erregearen kontra jarri zen, eta Nafarroako Tibalt I.a erregetzat ezagutu zuen (1234). Nafarroako erregeari lagundu zion Nafarroa Behereko lurralde batzuk eskuratzen (Amikuze, Oztibarre) eta, 1249an Henrike III.aren aurka matxinatu zen, Gaston Bearnokoa eta Gaskoiniako beste jaun batzuk bezala. Luza gabe, ingelesek Mauleko gaztelua hartu eta, Erramun Gilenek haiek ezarritako bahitura-saria ordaindu nahi ez zuelarik, Gilen Arnalt Atharratzeko jauna izendatu zuten bizkonde.
1257an, ordea, Liginagako jauna Raimundo Gilenen aurka matxinatu zen, Ingalaterrako erregearen seneskalak eta Bearnoko bizkondeak lagunduta, eta Mauleko gazteluaz jabetu zen Raimundo Gilen hil ondoren. Oier III.a haren semeak armetara jo eta berriro nagusitu zen Maulen.
1261. urtean, aita santuak auzian parte hartu ondoan, Oier III.ak Ingalaterrako erregearen esku utzi zituen Zuberoako lurrak, Marensin eta Landetako beste lur batzuen truke. Ingalaterrako koroak Lapurdin bezala, zuzenean administratu nahi zituen Nafarroaren ondoko euskal lurraldeak. Bestalde, Nafarroara jo zuen Oier III.ak handiki aberats gisa.
1294an Filipe Ederra Frantziako eta, garai hartan, Nafarroako erregeak, Gaskoiniaz jabetzeko kanpaina bati ekin zion, eta egokiera hartaz baliatu zen Oier III.a berriro Zuberoako bizkonde izateko (1295). 1299an Atharratzeko hiriberrirako gutuna eman zuen. 1307an Nafarroako erregeari leial eta Ingalaterrakoaren etsai zirauen, baina, Filipe Ederra Frantziako erregearen eta aita santuaren eskariei men eginez, Luis Setatia Nafarroako erregearen esku utzi zuen bizkonderria. Akordio haren arabera, Oier III.ak, Marensin eta Landetako lurraldeez gainera, Nafarroako Arradako jaurerria lortu zuen eta alferez nagusi titulua eskuratu, Nafarroako erregearen mende; Zuberoako bizkonderriaz, berriz, Ingalaterrako erregea jabetu zen.
Horrenbestez amaitu zen Zuberoako bizkonderria: aurrerantzean, Mauleko kapitainek bete zituzten ordu arteko bizkondeen administrazio-mailako zereginak, Gaskoiniako seneskalaren zuzeneko agintepean.
Zuberoako ahaide nagusien arteko gatazkak eta Frantziako koroaren konkista
[aldatu | aldatu iturburu kodea]XIV. mendearen hasieran zehaztu ziren Zuberoako mugak, Bearno eta Amikuze aldera, eta berretsi zuten Zuberoako ordezkariek Nafarroako koroari urtero ordaindu beharreko zerga. 1307tik aurrera garrantzi handia izan zuen Mauleko gazteluzainak. Haren bitartez sendotu zen erregearen erakundeen eragina; hala ere, beren horretan iraun zuten jatorrizko erakundeek eta Mauleko gazteluzaina bertako edo inguruko norbait izan zen beti, zuberotarra, nafarra edo biarnesa.
XIV. mendean zehar, harreman-giro onean jardun zuten Nafarroako eta Ingalaterrako koroek, eta XIII. mendean, batzuen eta besteen arrimuan, Nafarroa Beherean sendotu ziren etxe noble batzuek eragin handia izan zuten XIV. mendetik aurrera Zuberoan. Karlos Beaumontekoa, Donibane Garaziko gazteluzaina, Baionako eta Mauleko gazteluzain izan zen aldi berean; izan ere, beaumontarren aginpideak 1449. urtea arte iraun zuen Zuberoan eta Lukuzeko nafar etxe beaumontarrak Atharratzeko jaurgoa eskuratu zuen XV. mendean. Agaramontarren eta beaumontarren arteko gatazkak eta gudu-giroak XV. mendearen bukaera arte iraun zuen Zuberoan, gatazka latzenak frantses konkista baino lehentxeago gertatu ziren arren.
Giro nahasi hartaz baliatu ziren, beraz, frantsesak Mauleko hiriaz eta Zuberoaz jabetzeko. 1449an frantsesek Mauleko hiria setiatu zuten, Gaston IV.a Bearnoko bizkondea buru zutela. Zuberoaz jabetu ondoren, Baionako bidean jarraitu zuen Gaston IV.ak.
Zuberoako gizartea eta erakundeak Erdi Arotik aurrera
[aldatu | aldatu iturburu kodea]1520. urtean idatzi zen Zuberoako Kostüma (Zuberoako forua edo lege zaharren bilduma). Han aipaturiko erakundeak XIV. mendearen hasiera ingurukoak dira. Oro har, esan liteke sistema feudalak ez zuela beste lekutan bezain indar handia Zuberoan, baina nobleek, Nafarroan gertatu bezala, aginpide handia izan zuten herrialde hartan luzaroan. Hiru klasetan bereizten zen Zuberoako gizartea Frantziako Iraultza baino lehen: nobleak, Elizaren ordezkariak, laborari libreak eta botoy, fibater edo zergapekoak.
Nobleen burua zen bizkondea, eta hamar potestat edo lurjabe handi zeuden haren ondoren. Maila apalagoan zeuden berrogeita hamar aitoren semeak, eta noble xumeenak ziren kapareak. Elizako hierarkiak ez zuen eragin handirik Zuberoan, Mauleko kaperau nagusiak eta hainbat ospitaletako abade nagusiek izan ezik; izan ere, apezpikua Oloroen zegoen. Biztanle gehienak laborari libreak ziren, armetarako eskubidea zuten eta salerosketak egin zitzaketen. Laborari zergapeko gehienek nobleen lurretan jarduten zuten zerga baten truke, baina laborari libreen pean egon zitezkeen halaber. Azkenik, errege-aginduz sortu eta jendeztaturiko hirietako biztanleak Zuberoako forutik kanpoko lege batzuen arabera gobernatzen ziren.
Zuberoako administrazio-, politika- eta justizia-erakundeei dagokienez, Mauleko gazteluzaina zen erregearen ordezkari zuzena, Gaskoiniako seneskalaren aginduetara ere bazegoena. Buru zen Zuberoako Estatu Orokorren bilkuretan eta Lextarreko Justizia Gortean; buruzagi militar nagusia zen, orobat, eta haren ardurapean zegoen errege administrazioa (zergak, lurrak, eta abar). Horrez gainera, haren agintepean zeuden mezulariak edo herriaren eta errege-agintearen arteko bitartekariak, eta Zuberoako bi baileak edo polizia nagusiak.
Zuberoako lurraldea hiru mezutegi edo lurraldetan banatu zen: Pettarra iparraldean, Arbaila erdialdean, eta Basabürüa hegoaldean. Lurralde bakoitzak bere mezularia zuen, baina, zenbaitetan, mezulari bakar bat izan zen hirurentzat. Mezutegi bakoitzak bere dégairie edo eskualdea zuen, dégan edo ordezkari baten ardurapean. Hauek ziren: Lahüntze, Domintxine eta Arüe Pettarran, Arbaila Txipian eta Arbaila Handian, eta Ibarrezker eta Ibarresküin Basabürüan. Administrazio-eremu horietatik kanpo zeuden Atharratze, Barkoxe, Hauze, Larraine, Maule, Muntori eta Santa Grazi hiriak, eta beren zinegotziak aukeratzen zituzten Zinbidetan ere parte hartzeko.
Hauek ziren herriaren erakundeak: Zuberoako Estatu Orokorrak edo Ordena Gortea, erakunde gorena; hara biltzen ziren herri-ordezkariak, nobleak eta Elizaren ordezkariak. Nobleek eta eliz ordezkariek osatzen zuten Grand Corps deitua. Laborari libreen eta hirugarren estatuaren ordezkariek Zinbideta (frantsesez, Silviet) izeneko bilkura osatzen zuten Irabarneko oihanean. Zinegotzi eta jüratü izena zuten bertako ordezkariek. Zinbidetak hautatzen zuen halaber Zuberoako sindiko nagusia, Ordena Gorteko sindiko ere bazena (kargu hori ez zen XVI. mendearen erdialdea baino lehen agertu). Dégairie bakoitzeko laborari libreen ordezkariek hautatzen zituzten déganak.
Baziren, haietaz gainera, herri eta igurbe edo auzo-batzarrak. Zainhoako gizona edo so-egilea izena zuten, bestalde, herri-batzarrek aukeratzen zituzten administrazio- eta justizia-arduradunek. Justiziaren alorrean, Lextarreko Gortea zen erakunde bakarra Zuberoa osoan. Mauleko gazteluzaina zen burua, eta hamar potestat edo lurjabe handiak eta hainbat aitonen seme ere bertako kide ziren. Jüje izena zuten epaile horiek, eta euskaraz jakin behar zuten denek. Horretaz gainera, baziren zergapean hartutako lurrei loturiko arazoak erabakitzeko gorte berezi batzuk, aitoren semeek zuzenduak eta faymidret deituak.
Zuberoa XVI-XVIII. mendeetan
[aldatu | aldatu iturburu kodea]1449. urtean konkistatu zuen Zuberoa, Frantziako erregearen izenean, Gaston IV.a Bearnoko bizkondeak, baina 1478 arte ez zen Frantziako koroa Zuberoaz benetan jabetu. Aldaketa garrantzitsu hori gertatuagatik, ez zen Zuberoako agaramontarren eta beaumontarren arteko liskar-giroa baretu.
1555ean, Joana Albretekoa Nafarroakoko erregina eta Bearnoko bizkonde egin zuten; Zuberoa, beraz, haren lurraldeen artean geratu zen. Higanoten aldeko hautua egin zuen erreginak, eta era guztietako bitartekoak erabili zituen bere mendeko herritarrek ere beste horrenbeste egin zezaten. Bearnon nolabaiteko arrakasta izan zuen arren, Nafarroa Behereko eta Zuberoako jende gehienak fede katolikoari eutsi zion. Handiki eta nobleen artean, ordea, askok hartu zuten Kalbinoren bidea. Horretaz gainera, katolikoak Lukuzeko etxe beaumontarraren ingurura bildu ziren, eta protestanteak agaramontarren aldera, eta, horrenbestez, berriro piztu ziren oraindik guztiz itzali gabeak ziren XV. mendeko ahaide nagusien arteko liskarrak. Zuberoako jaun noble asko bihurtu zen protestante (Ezponda, Bela, Zalgiz eta beste asko); herrietan, berriz, garrantzikoak izan ziren Sohüta, Ezpeize, Muntori eta Zalgizeko talde protestanteak. Mauleko Maitia familia aberatsa nabarmendu zen katolikoen aldekoen artean, Atharratze-Lukuzeko etxearekin batean.
1566an Joana Albretekoak gurtza katolikoa debekatu zuen, eta zuberotar katolikoek Bearnora eta Nafarroa Beherera jo zuten. Zuberotarrak Joana Albretekoak ezarri nahi zuen protestantismoaren aurka azaldu ziren. Alde batetik, gehienak katolizismoaren alde zeuden; bestetik, Joana Albretekoa, Nafarroako erregina izateaz gainera, Bearnoko bizkondea ere bazen, eta Bearno eta Zuberoa elkarren etsai ziren. Hala, eta istilu askoren ondoren, 1569aren hasieran Bearno bakarrik zen protestante. 1571n Joana Albretekoa hil ondoren ere ez ziren gerrak amaitu, eta Zuberoa nafar agintarien gogara gobernatu zen urte haietatik aurrera. Henrike III.a Nafarroakoak, gerokoan Henrike IV.a Frantziakoa bihurtu zenak, politika-modu berari eutsi zion.
1620an Nafarroako eta Bearnoko Gorteak Paueko Parlamentura bildu ziren, eta haren mendeko ezarri zuten, halaber, Zuberoako Lextarreko Gortea. Protesta egin zuten zuberotar ordezkariek, Jakes Bela, Arnaut Oihenart eta Gabriel Etxart buru, eta 1626an Bordeleko Parlamentuaren barrutian geratu zen Zuberoako Gortea. XVII. mende hartan, ordea, asko ahuldu zen Zuberoako erakundeen nortasuna, eta gehiegikeria handiak egin ziren herri-lurren alorrean, Frantziako erregearen eta jaun aberatsen probetxurako.
1640-1643. urteetan, Arnaud-Jean Peyrer —Frantziako erregearen zerbitzupean aberasturiko Oloroeko merkatari baten semea— hasi zen aitak Zuberoan, Irurin, zituen lur eta ondasunak zabaltzen. Herri batzuez jabetu ondoren, Zuberoako errege-lurrak erosi zizkion Frantziako koroari. 1642an Mauleko gobernari-postuaren alde saiatu zen, eta 1643an Iruriko konde egin zuen bere burua. 1661. urtean matxinatu ziren zuberotarrak, Matalas apaiza buru zutela; nolabaiteko arrakasta izan zuten hasieran, baina azkenean guztiz nagusitu ziren erregeren osteak eta Frantziako koroaren nahia.
XVIII. mendean guztiz ahuldu ziren Zuberoako erakundeak. 1730ean biderik gabe geratu zen Zinbideta edo hirugarren estatua sindikoa hautatzeko, eta, beraz, goi-nobleen eta Elizako hierarkiaren gaineko kontrola bideratzeko zuen eskubidea. 1776an deuseztatu zen Lextarreko Gortea, eta haren lekua Mauleko gobernariak hartu zuen. Horretaz gainera, biziki gehitu ziren zuberotarrek koroari ordaindu beharreko zergak. Frantziako Iraultzaren ateetan, inolako autonomiarik ez zuen erakundea ziren Zuberoako Estatuak.
Frantziako Iraultzatik aurrera
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Zuberotarrek gogo onez ikusi zuten iraultzaren hasiera; gauzak, ordea, gogortu egin ziren Elizaren Konstituzio Zibila eman eta gero. 1789ko maiatzean bildu ziren Zuberoako Estatu Orokorrak eta, Lapurdikoen antzera, Zuberoako antzinako askatasun eta erakundeen aldeko programa bat prestatu zuten. Eskatu ere egin zuten Maule hiria Zuberoako lege nagusira bil zedila. Frantziako konstituzioak, ordea, ez zituen eskaera horiek aintzat hartu, eta Zuberoak erabat galdu zituen aurreko erakunde guztiak.
1790. urtean geratu zen Zuberoa Pirinio Behereko departamenduaren barnean, Nafarroa Beherea eta Lapurdi euskal herrialdeekin eta Bearnorekin batean. Errepublika ondoko urteetatik aurrera, Zuberoako historia Frantziako politika-gertakari nagusiei lotu zitzaien.
1793ko konstituzioak biztanle heldu guztien boto-eskubidea onartu zuen arren, 1848ko iraultzaren ondoko hauteskundeetan izan zuten gizaseme guztiek botoa emateko eskubidea lehenengo aldiz, eta 1871 arte ez zen Frantzian bozketa unibertsala erabat ezarri. Beraz, politika jaun handiki batzuen kontua baizik ez zen izan luzaroan Frantzian eta Ipar Euskal Herrian.
1830etik aurrera Zuberoan eskuinak gehienetan irabazi duen arren, indar handiagoa izan du ezkerrak Zuberoan, Nafarroa Beherean eta Lapurdiko barnealdean baino. XIX. mendean, Zuberoak nekazaritzari, artzaintzari eta mendiko ekonomiari lotua jarraitu zuen; Mauleko hirian, ordea, eskulangintza (ehule eta sokagileak bereziki) indartsua zen aspaldidanik, eta 1849an zabaldu ziren bertako lehen espartin-lantegiak, gero, gaurko eguna arte, asko hazi zirenak. XIX. mendearen hasieran baziren, halaber, burdinolak Larrainen, Santa Grazin eta Muntorin.
Bestalde, gizarteari dagokionez, emigrazioak bereziki jo du Zuberoako biztanleria XIX. mendetik aurrera, Atharratzeko kantonamenduan batez ere, eta XX. mendean egoera horrek ez du aldaketarik izan. Administrazioaren aldetik, Zuberoa lotuago egon da oraintsu arte Bearnori, Ipar Euskal Herriko beste bi lurraldeei baino; duela gutxi sartu zen Baionako Merkataritza Ganberaren esparruaren barnean eta, neurri handi batean indar abertzaleen eraginez etorkizun hurbilari begira egituratu nahi den Ipar Euskal Herriko departamenduaren zutabeetako bat izango litzateke Zuberoa.
Ekonomia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Zuberoa nekazaritza-lurraldea izan da batez ere, baina, gaur egun, zerbitzuek dute pisu nagusia: langileen % 48,9k dihardu sektore horretan, eta % 21,5ek lehen sektorean (2001). Zerbitzuen sektorea da, oro har, Euskal Herriko hiriburuetan jende gehien enplegatzen duen sektorea; Maule-Lextarre da, ordea, sektore horretan jende gutxien hartzen duena (% 56,3). Bestalde, Zuberoan hartzen dute emakumezkoek biztanle okupatuen zati handiena (% 43,1), Lapurdirekin batera (% 45).
Azpibanaketak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Eskualdeak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Zuberoak hiru eskualde hauek ditu, tradizioz:
- Pettarra (Behe Zuberoa edo Barhoa izenez ere ezaguna), iparraldean.
- Arbaila, erdialdean. Bi alde ditu: Arbaila Handia eta Arbaila Txipia.
- Basabürüa (Goi Zuberoa izenaz ere ezaguna), hegoaldean. Bi alde ditu: Ibarresküin (Ühaitz ibaiaren goi-arroko ezkerraldean) eta Ibarrezker (ibai horren eskuinaldean).
Banaketa administratiboa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Administratiboki, lau kantonamendutan banatuta dago: Mauleko kantonamenduan dira iparraldeko 19 udalerri; Atharratzeko kantonamenduan, hegoaldeko 16 udalerri; Donapaleuko kantonamenduan, ipar-mendebaldeko zazpi udalerri; eta Oloroe-Donamaria Mendebaldeko kantonamenduan, Eskiula.[1]
Horrenbestez, Zuberoak 43 udalerri ditu, eta jendetsuenak hauek dira (1999ko biztanle-kopuruak):[1]
- Maule-Lextarre (3.347 biztanle),
- Sohüta (1.104 biztanle),
- Barkoxe (774 biztanle),
- Bildoze-Onizepea (743 biztanle),
- Atharratze (590 biztanle).
Lehengo administrazioa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Zuberoa osatzen duten hiru eskualde horien iturburua herrialdeak Aro Modernoan zuen antolaketan datza, eta zehatzago, mezutegietan.
Herrialdearen lurralde antolaketa hiru mailatan egina zen Zuberoako foruen arabera:
- herriak,
- degeriak (bailarak, hamar bat herri edo parrokiak osatutakoak)
- eta mezulari-eskualdeak.
Zazpi degeria ziren orotara, eta hiru mezulari eskualde. Horiez gain, hiri bat (Maule) eta sei errege burgu (Atharratze, Barkoxe, Hauze, Larrañe, Montori, Santa Grazi) zeuden, degerietan sartuak ez zirenak.
Zazpi degeria edo bailarak ondokoak ziren: Basabürüan bi (Ibar Ezkerra eta Ibar Esküina), hiru Pettaran (Lahüntze, Arüe eta Domintxinekoak), eta bi Arbailetan (Arbaila Handia eta Arbaila Txipia).
Zuberoako Foruak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Zuberoako foruak 1520an idatzi ziren (Zuberoako Kostüma), baina pentsatzekoa da aurreragoko antolamenduaren ezaugarri asko mantendu zituztela haien baitan. Foruen arabera, Mauleko gazteluko kapitaina —Gaztelüzaina— zen Frantziako erregearen ordezkaria. Ordako gortean —nobleen biltzarra― hura zen lehendakari, bai eta Lextarreko gortean ere —Justizia gortea—. Hark izendatzen zituen erregeren izenean hiru mezulariak, eta hauek jakinarazten zituzten haren aginduak; bi baileak ere berak izendatzen zituen. Haien eginbidea kapitainaren edo Lextarreko gortearen erabakiak betetzea zen.
Ordako gortea zen, ordea, biltzarrik garrantzizkoena; haren barnean biltzen ziren alde batetik nobleak eta apezak (apezgoaren izenean eliza kargudun batzuk mintzatzen ziren), eta bestetik herritarren edo hirugarren estatuaren ordezkariak (zazpi deganak eta sei errege burguetako ordezkariak).
Herritarren ordezkariek beren batzar berezia zuten: Zinbideta. Batzar horrek zuen, hain zuzen ere, indar gehiena. Zinbidetak hautatzen zuen Zuberoako sindiku orokorra; hirugarren estatuko sindikua izaten zen Ordako gorteko sindikua.
Degeria bakoitzean, urteoro, maiatzaren 1ean hautatzen zuten degana, hau da, degeriako ordezkaria. Mezulari eskualdeetako bakoitzean, kapitainak izendatzen zuen mezulari bat, bere aginduak eta deiak, eta batzuetan, Lextarreko gortearenak, jakinaraz eta bete zitzan.
Antolaketa honek XVII. mende azken-azkenera arte iraun zuten, 1790ean Frantziako Iraultzak desegin arte alegia.
Zuberoako Foruen hiztegia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Txomin Peillen Karrikaburu idazle eta euskaltzainak, Euskara eta zuzenbide hiztegia Zuberoan lanean (PDF formatuan), Zuberoako Foruaren hiztegi berezia —"frantses Iraultzak galarazia"— jaso du:
- Abelhatsegarri: ezkontzako abere oparia
- Afios: erregeak edo jaun batek alkilatua edo saldua
- Altxubide: (orain bortübide)
- Bizkünte: bizkondea
- Botoi: lur noble edo eznoble bati lotua
- Degan: degeria burua, bailara ordezkaria
- Degeria: hamar bat herri edo «parropia»
- Detxema: elizaren hamarrena
- Detxemari: detxema biltzaile
- Erkida: lur edo abere jabe erdizka
- Erregebide: (orain bide berri)
- Etxama: bizpahiru etxe berrien jatorrizko etxe zaharragoa
- Etxamendi: etxetik hurbil den mendia
- Galerak: kartzel gogorrena edo txalupetakoa
- Gaztelüzain: Mauleko gazteluaren buru edo kapitaina
- Hogeigerrena: XVIII. mendeko errege prodigoek eskatu zerga
- Iheska: mendi aterpe eskubidea
- Larrari: artzainaren urteko ahari zerga jabeari
- Laurdenkatu: laurdengatu
- Lürdün: lurjabeak, batzuk nobleak besteak ez
- Lextarreko Kortea: Zuberoako epaitegi nagusia
- Orda Kortea: nobleen biltzarra
- Paster: lur bat, etxalde bat, alogeran daukana
- Potestatak: Zuberoako hamar aitonseme nagusiak
- Proküradore: erregeren ordezko epaitegian
- Sisak: janarietan eta Zuberoako ugetan kobratzen diren zergak (orain tasak)
- Üztapide: bearnesez «Camin de garba»
- Zainhoa: herriko auzoen bermea
- Zinbideta: Zuberoako «herenbesoaren» biltzarra, arau eta lege egilea.
- Zinegotzi: Zinbidetako diputatua
- Zuberoa: herrialdearen izen zaharra XVIII. menderaino; egun euskalkian Xiberoa erabiltzen da.
Demografia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Zuberoa da, Ipar Euskal Herrian, kilometro karratuko biztanle-kopuru txikiena duen herrialdea (17,0 biztanle km2-ko). XIX. mendean baino herritar gutxiago bizi dira, gaur egun, Zuberoan; izan ere, hazkundea % -38,1 izan da 1877-2001 bitartean. Zuberotar asko eta asko Lapurdi aldera, Parisa, Bearnora edo Frantziako beste hiri handietara joan dira. Hori dela eta, azken urteotan, herriak hustu eta elkartu egin dira udalerriak osatzeko; Lakarri-Arhane-Sarrikotagainek, esate baterako, 1900. urtean zituen biztanleen hiru laurdenak baino gehiago galdu ditu XX. mendean.
Zuberoak du, halaber, hilkortasun-tasa handiena Euskal Herrian, eta bertan dago biztanleria zaharrena: 100 gazteko 174 zahar daude. Migrazio-mugimenduei dagokienez, 1960ko eta 1970eko hamarraldietan saldo negatiboak izan ziren nagusi Zuberoan, hau da, gehiago izan ziren herrialdea uzten zutenak bertara joaten zirenak baino. Joera hori, ordea, urtetik urtera leunduz joan zen, eta 1999-2005 bitartean saldu positibo txikiak izan ditu: 82 lagun gehiago izan dira Zuberoara iritsitakoak bertatik joandakoak baino.
Despopulazioa, hala ere, errealitate bat da: 1999an 15.484 biztanle zituen probintziak, eta 2019an 12.716, ia 3.000 pertsonako galera azken 20 urtetan.[2]
Kultura
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Euskara
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Zuberoako jatorrizko hizkuntza euskara da, zuberera, ia lurralde osoan. Euskarak atzera egin du, azken mendean batez ere, frantsesaren mesedetan, eta euskaldunen ehunekoa gero eta txikiagoa da.
Horrez gain, Zuberoako inguru batzuetan (Montoriko inguru batzuk, Jeztaze eta abar) jatorrizko hizkuntza gaskoia da, eta badira inguru elebidun batzuk ere, etxaldea zein den, gaskoia edo euskara nagusitzen da, Zuberoa ekialdean (Eskiula...) bezala.[3] Dena den, bai euskaldunen artean, bai gaskoi hiztunen artean, hizkuntza horiek galdu eta frantsesarekin ordezkatzeko prozesua azkarra da, belaunaldi gazteetan batez ere.
Euskararen kale erabilera 2011:
> % 50 > % 30 > % 20 > % 10 > % 5 > % 0 |
-
Zuberoa
-
Zuberoko udalerriak eta eskualdeak
Literatura
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Musika
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Hedabideak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Egunkariak: Sud Ouest Pays Basque, Sud Ouest Béarn et Soule, Berria,
- Astekariak: La Semaine du Pays Basque, Herria, Argia, Mediabask, Kazeta.eus, Ipar Euskal Herriko Hitza
- Irratiak: Xiberoko Botza
Zuberotar ospetsuak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Jakes Bela (1586-1667), legegizona eta euskal idazlea.
- Joan Filipe Bela (1709-1796), militarra eta frantsesezko idazlea.
- Joan Tartas (1610/1612-????), euskal idazlea eta apaiza.
- Bernard Goienetxe —ezagunagoa Matalas goitizenaz— (? - 1661), zuberotarren altxamendu baten buru izandako apaiza.
- Pierre Topet —ezagunagoa Etxahun goitizenaz— (1786 - 1862), euskal olerkaria.
- Agosti Xaho (1811-1858), euskal idazlea eta politikaria. Euskal nazionalismoaren gurasoetako bat.
- Pierre Lhande (1877-1957), apaiza eta euskal idazlea. Baionan jaioa, Atharratzen hazi zen.
- Pierre Bordazarre —ezagunagoa Etxahun-Iruri goitizenaz— (1908-1979), euskal idazlea, pastoralgilea eta artzaina.
- Junes Casenave-Harigile (1924-), apeza, idazlea eta euskaltzain urgazlea.
- Jon Mirande (Paris, 1925-1972), euskal idazlea.
- Txomin Peillen (1932-), idazlea eta euskaltzaina.
- Jean-Louis Davant (1935-), idazlea eta euskaltzaina.
- Jean Espilondo (1948-), politikaria eta Angeluko alkate ohia.
- Niko Etxart (1953-), musikaria.
- Mixel Etxekopar (1963-), txirulari, irakaslea, kantari eta bertsolaria.
Iruditegia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]-
Maule hiriburuaren erdigunea, Mauleko gaztelutik ikusia.
-
Ramuntxo pastorala, Idauze-Mendin.
-
Larraineko pilotalekua.
-
Atharratze-Sorholüzeko plaza.
-
Maskarada, Eskiulan.
-
Zuberoako ohiko eliza trinitario bat, Sohütan.
-
Orhi mendia.
-
Zuberoako landa paisaia, Idauze-Mendin.
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2011/12/26 egunean. Egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek CC-BY 3.0 lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.
- ↑ a b Jean-Louis Davant: «Errolda: zonbat züberotar?», Herria, 2000ko azaroaren 16a.
- ↑ "Eskasiatik eskaintzara" (Berria, 2021/08/17).
- ↑ "Euskara bidaide", Nora aldizkaria, 22. alea, 2009ko azaroa
Ikus, gainera
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Kanpo estekak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Euskarazko Wikipedian bada atari bat, gai hau duena: Zuberoa |
- Webgune turistikoa
- Pastoralak Xiberuan
- Sü Azia kultur alkartea
- Zuberoako maskaradari buruzko erreportajea ARGIA aldizkarian