William-Adolphe Bouguereau
William-Adolphe Bouguereau (1825eko azaroaren 30a - 1905eko abuztuaren 19a) frantziar margolari akademizista eta tradizionalista izan zen. Bere margolan errealistetan gai mitologikoak erabiltzen zituen, pertsonai nahiz gai klasikoen interpretazio modernoak eginez eta emakumeen gorputza nabarmenduz.[1] Margolariaren lanak forma eta teknika erabat menperatzeagatik bereizten dira. Estilo aldetik XIX. mendearen bigarren erdialdean nabaritu zen korronte eklektikoaren parte izan zen. Ikuspegi naturalista batetik eta idealismo kutsu handiarekin elementu neoklasiko eta erromantikoak nahasten zituen. Bere bizitzan zehar ospe nabaria izan zuen Frantzian eta Estatu Batuetan. Ohore asko jaso zituen, baita sari garrantzitsuak ere, hala nola, Prix de Rome eta Ohorezko Legioa [2]. XX. mendearen hasierarekin batera, Bouguereauren izena aurremodernisten nahiz inpresionistengatik gutxietsia izan zen. Era berean, publikoak ere bizkarra eman zion, garai horretan artearekin lotutako gustuak aldatu egin ziren eta.[3] Hil eta gutxira, bere lana azkar ahaztu zen, eta bere obra huts nahiz artifizialtzat hartua izan zen. Dena dela, 1970eko hamarkadan bere lana berriro aztertua izan zen, eta gaur egun Bouguereau XIX. mendeko margolaririk garrantzitsuenetako bat konsideratzen da. Bere bizitzan zehar, margolariak 822 margolan margotu eta amaitu zituen, beste lan asko non dauden ezezaguna delarik [3].
Bouguereaurengatik mirespena adierazi zuten pertsonai garaikideen artean, Napoleon III.a edota Chopin konpositorea aurki daitezke. Bestalde, Cezanne edo van Gogh bezalako margolariek gorrotatu edo alde batera utzi zuten.
Margolaria izateaz gain, Bouguereau arteko irakaslea izan zen Frantziako Arte Ederretako akademian, Parisko Arte Ederretako Eskolan edota Julián Eskolan, besteak beste. Margolariaren influentziari esker, artearekin lotutako erakunde asko, hala nola, Frantziako Arte Ederretako akademia, emakumeei ireki ziren lehenengo aldiz.
Biografia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Lehenengo urteak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]William-Adolphe Bouguereau 1825eko azaroaren 30ean jaio zen, La Rochellen, bere familia bertan XVI. mendetik bizitzen zeramala. Bere gurasoak Théodore Bouguereau eta Marie Marguerite Bonnin izan ziren. 1832an familia Saint-Martinera, Réko uharteko hiri nagusia, lekualdatu zen. Bertan, aita salerosketan hasi zen portuan. Semea eskola batera joaten hasi zen arren, denbora gehiena marrazten igarotzen zuen. Aitaren negozioa ez zen oso onuragarria izan eta Bouguereau familia arazo ekonomikoekin hasi zen. Ondorioz, mutikoa bere osaba Eugène Bouguereaurekin bizitzera joan zen. Osaba, Montagne sur Gironde parrokiako apaiza, kultura handiko gizona zen, eta iloba klasikoen nahiz literatura frantses eta Biblikoaren munduan sartu zuen. Gainera, latineko klaseak eman, ehizatzen nahiz zaldian ibiltzen irakatsi eta mutikoarengan naturarekiko maitasuna piztu zuen. [4]
Klasikoen ezagutzan sakontzeko, 1839an William-Adolphe gaztea Ponseko eskola erlijiosora bidali zuten, non mitologia grekoarekin, anztinako historiarekin eta Ovidio nahiz Virgilioren poesiarekin harremanetan hasi zen. Era berean, Ingres margolariaren ikasle ohia izan zen Louis Sageren eskutik marrazketa klaseak jaso zituen. 1841ean, Bouguereau familia Bordelera lekualdatu zen, non olio eta ardo salerosketan hasi zen. Hasiera batean gazteak bere aitaren urratsak jarraituko zituela zirudien arren, aitaren dendako bezero batek gaztearen marrazkiak ikusi ostean aitari semea marrazketa eta margoketako udal-eskolara bidaltzeko behin eta berriz esan zion. Aitak ideiarekin bat egin zuen, semeak salerosketan jarraitzearen baldintzarekin, bertan etorkizun oparoagoa ikusten zuen eta.[5] Eskolan 1842an izena eman ondoren, Jean-Paul Alauxekin batera ikasten hasi zen. Eskoletara egunean bi orduz joaten zen arren, oso azkar egin zuen aurrera, eta 1844ean bere lehen margoketa saria jaso zuen, San Roke irudikatzen zuen margolan batekin. Honek, gaztearen bokazioa sendotu zuen. Ikasi bitartean, diru pixka bat irabazteko asmoz, zenbait jakiren etiketak diseinatzen zituen.[6]
Hobekuntza eta karreraren hasiera
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Bere osabaren bitartez, Bouguereau gazteak eliztarren erretratuak marrazteko enkargua jaso zuen. Lan horren irabaziekin, Alauxen gomendiozko eskutitzarekin batera, 1846an Parisko Arte Ederretako eskolan sartu zen. François-Édouard Picotek ikasle bezala jaso zuen eta bere eraginpean Bouguereauk metodo akademizista hartu zuen. Garai horretan, eskolara sartu izanak "gogoz beterik" utzi zuela onartu zuen, egunean 20 orduz ikastera iritsiz eta gutxi janez. [5] Marrazketa anatomikoa hobetzeko, disekzioetara joaten zen, historia eta arkeologia ikastearekin batera. [7] Bere hobekuntza benetan azkarra izan zen eta etapa honetako lanak, Berdintasuna heriotzaren aurrean (1848), kasu, ezin hobeki bukatutako lanak dira. Izan ere, urte horretan bertan Prix de Rome-ko aurretiko fasean lehenengo postua Gustave Boulangerrekin partekatu zuen. 1850ean sari finala irabazi zuen bere obrarekin: Zenobia artzainek Araxeren ertzean aurkitua.[8]
Sari moduan, urte batez Villa Medicira joan zen, Victor Schnetz eta Jean Alauxen ikasle gist. Bertan Errenazimenduko maisuengandik zuzenean ikasi ahal izan zuen, baita antzinako lan greko, etrusko eta erromatarretatik ere[9]. Villa Medicin bizitzen zegoela, Toskanako nahiz Unbriako hiriak bisitatu zituen, antzinako artea ikasiz, Asiseko artearengatik interes berezia azalduz eta San Franziskoko Basilikako Giottoren freskoak beren osotasunean kopiatuz. Era berean, Ponpeian ikusi zituen antzinako freskoengatik ere miresmena azaldu zuen, hauek bere etxera 1854ean itzultzean erreproduzitu zituelarik.[9] Denboraldi bat bere senideekin Bordele eta La Rochellen igaro zuen, Moulon merkatari aberatsen etxea dekoratu zuen, eta beranduago Parisen bizitzen ezarri zen.[9] Urte horretan bertan Parisko aretoan Martirioaren garaipena, aurreko urtean burutu zuena, erakutsi zuen eta beste bi etxe dekoratu zituen. Jada garai horretan, kritikoek marrazketan erakutsi zuen maisutasuna eta irudien konposizio egokia txalotu zuten. Aldi berean, bere lana originala zela esan zuten, dena antzinako artearengandik ikasi zuen arren.[10]
1856an Marie-Nelly Monchablonekin ezkondu zen, bost seme-alaba izan zituztelarik.[10] Urte horretan bertan, Frantziako gobernuak Taraskoneko hiria dekoratzeko enkargua egin zion, eta helburu horrekin Napoleon III. Taraskoneko uholdeen biktimak kontsolatzen (1856) margolana burutu zuen.[9] Hurrengo urtean, Aretoan lehenengo postuko domina irabazi zuen[11], Napoleon III. enperadorearen eta Eugenia Montijokoa enperatrizaren erretratuak burutu zituen eta Émile Pereire bankari aberatsaren etxea dekoratu zuen.
Obra guzti hauekin, Bouguereau artista ospetsu bihurtu zen, irakasle bezala lan egitea eskatu ziotelarik. Urte honetan ere, bere alaba Henriette jaio zen. 1859an, bere semea Georges jaiotzeaz gain, artistak bere konposizio handienetako bat burutu zuen, Santu Guztien Eguna, Bordeleko buruzagitzak eskuratu zuena.[12]
Garai honetan ere, Picoten begiradapean, Parisko Santa Klotilde Elizako San Luis kapera dekoratu zuen estilo sinple batean, artistak berak errenazimenduarengatik sentitzen zuen mirespenari kontra eginez.[9] Bouguereauren bigarren alaba, Jeanne, 1861eko Gabonetan jaio zen, baina urte gutxiz bizi izan zen.
Estiloaren trantsizioa eta ospea
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Bere lehen obrak gai historiko eta erlijiosoetan oinarritzen ziren bitartean, tradizio akademikoa jarraituz, 1860ko hamarkadan publikoaren nahiak aldatu egin ziren. Ordun, artistaren margolanak aldaketa nabarmena jasan zuen, kolorearen azterketan sakonduz, akabera teknikoa nahiz kalitate handikoa burutuz, eta bere obra jendearentzako erakargarriagoa eginez. Izan ere, etapa honetako bere lanak dira Bouguereauren ezagunenak.[10]
Parisko agustindarren eliza apaintzeaz arduratu zen, baita Bordeleko Grand-Théâtre-ko kontzertu gela ere, aldi berean beste lan batzuk eginez, nolabaiteko melankoliaz bustirik daudenak[9]. Hortaz gain, Jean-Marie Frotuné Durand, honen semea Paul Durand-Ruel eta Adolphe Goupil arte-merkatari ezagunen lagun egin zen, aretoetan modu oso aktiboan parte hartuz.[11] Garai honetan, bere lanek harrera ona izan zuten eta bere ospea Ingalaterrara zabaldu zen. Honek Montparnassen etxe bat, tailerra barne, erosteko aukera eman ziolarik[10]. 1864ean, Paul, artistaren bigarren semea jaio zen.
1870ean, Frantzia-Prusia Gerra bitartean, Paris setiatua izan zen. Bouguereau Ingalaterratik bakarrik itzuli zen, bere familia atzean utziz. Soldadu xehe bat bezala armak hartu eta barrikaden defentsan lagundu zuen, bere adinarengatik zerbitzu militarra beharrezkoa ez izan arren. Behin hesia altxata, artista bere familiarekin elkartu zen eta La Rochellera joan ziren. Bertan, hiriko katedrala apaindu eta Thomas apezpikuaren erretratua burutu zuen.[4] 1872an Vienako Mundu-Azokako epaimahaian jardun zuen[4]. Garai horretan bere lanek izaera sentimental, gazte eta dinamikoa azaltzen zuten, umeak bere obran maiz agertzen zirelarik, hala nola, Ninfak eta satiro (1873) obran. Dena dela, izaera hau 1875ean amaitu zen, artistaren semea Georges hil egin zenean. Mutikoaren heriotza kolpe ikaragarria izan zen familiarentzat, hau gai sakratuko bi obra garrantzitsuetan islatu zuelarik: Pietà eta Kontsolamenduaren Ama Birjina. Aldi berean, Parisko Julian Akademian irakasle moduan lan egiten hasi zen. 1876ean, bere azken semea, Maurice, jaio zen, eta margolaria Frantziako institutuko kidetzat onartua izan zen, ordura arte egin zituen 12 eskaerek huts egin zutelarik.[4] Urte bat beranduago, sufrimendu bortitzek artistaren bizitza kolpatu zuten: bere emaztea hil egin zen eta bi hilabete beranduago, Maurice sema ere zendu zen. Dena dela, etapa honetan artistak bere obrarik handi eta bikainenak sortu zituen. Hurrengo urtean, Bouguereauk Erakusketa Unibertsaleko Ohorezko Domina jaso zuen[9]. 1870eko hamarkada bukaeran, artistak bere ikasle ohia zen Elizabeth Gardnerrekin ezkontzeko nahia azaldu zuen. Bouguereauren amak eta alabak kontra egin zuten, baina bikotea sekretuki ezkontzeko hitz eman zuen 1879an. Ezkontza 1896an burutu zen, Bouguereauren ama hil ondoren.[13]
1881ean Parisko San Bizente Pauleko elizako Jainkoaren amaren kapera dekoratu zuen, enkargu hau burutzen 8 urte igaro zituelarik.[9] Enkargua, Kristoren bizitza irudikatzen zuten 8 margo-oihal handik osatzen zuten. Handik gutxira, Société des artistes françaises-eko buru bihurtu zen, ardura hau urte askotan zehar mantendu zuelarik.[4] Bitartean, dimentsio handiko beste oihala margotu zuen, Bakoren gaztaroa (1884). Margolan hau artistaren gogokoenetariko bat izan zen, hil arte bere estudioan izan zuelarik. 1888an Parisko Arte Ederretako Eskolako irakasle izendatu zuten,[9] eta hurrengo urtean, Ohorezko Legioaren komandante izendatu zuten.[10] Garai honetan, bere ospea Estatu Batuetan nahiz Erresuma Batuan handitzen joan zen. Frantzian, aldiz, abangoardia eta eraso aurre-modernisten aurka bere ospeak behera egin zuen, hauek Bouguereau kaskarra eta originaltasun gutxiko artistatzat hartzen zutelarik.[9]
Azken urteak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Bouguereauk iritzi irmoak zituen eta behin baino gehiagotan bere kide, publiko edo kritikarekin istiluak izan zituen. 1889an Ernest Meissonier margolariaren inguruan bildutako taldeari aurka egin zion erakusketa-aretoak zirela eta. Ondorioz, Arte Ederretako Elkarte Nazionala sortu zen.[14] 1891ean Alemaniak artista frantsesak gonbidatu zituen Berlinen erakusketa bat egoteko asmoz. Bouguereau gonbidapena onartu zuen artista gutxienetako bat izan zen, bere hitzetan, aberriko betebehartzat ikusten baitzuen Alemanian sartzea eta hau pintzelaren bidez bereganatzea.[15] Dena den, margolariaren jarrera honek Parisko abertzaleen ligaren haserrea eragin zuen, eta Paul Déroulèdek kanpaina bat hasi zuen prentsan artistaren aurka. Bestalde, Bouguereauk Londresko Royal Academy-an antolatu zuen artista frantsesen erakusketak hainbesteko arrakasta izan zuen, erakusketa iraunkor bihurtu eta urtero ospatu zela.[4]
1900ean, margolariaren semea, Paul, legelari eta militar errespetatua bihurtu zena, hil egin zen. Honekin, Bouguereauk bere seme-alaba baten heriotza laugarren aldiz pairatu behar izan zuen. Semearen heriotzak eragin handia izan zuen artistaren osasunean, honek berehala behera egin zuelarik. 1902an bihotz-gaitzaren lehen sintomak azaldu ziren. Hala ere, Bouguereauk bere lanak Mundu Firman goraipatuak ikusi ahal izan zituen, eta 1903an Ohorezko Legioko Ofizial Nagusi-intsignia jaso zuen. Beranduago, Erromako Villa Mediciren mendeurren-ospakizunetara gobidatua izan zen eta Florentzian aste bat igaro zuen bere emaztearekin. Garai honetan, berari egindako omenaldietan parte hartzeko gonbidapen asko jasotzen zituen europar hiri askotatik. Dena den, bere osasun txarrak hauei uko egitea behartzen zion, eta azkenean, osasunak ere margotzea galarazi zion. Bere bizitza amaitzear zegoela ikusita, 1905eko uztailaren 31ean La Rochellera itzuli zen, eta bertan hil zen abuztuaren 19an.[4]
Obra
[aldatu | aldatu iturburu kodea]« | Egunero nire estudioan pozez beterik sartzen naiz; gauetan, iluntasunak lana uztera behartzen nauenean, saminez itxaroten dut hurrengo egunera. Ezin izango banu margolari bezala lan egin, sekulako zorigaiztokoa izango nitzateke.
-William Bouguereau- |
» |
-
Karitatea, 1859
-
Tête d'Etude l'Oiseau, 1867
-
Mahats-mordoa, 1868
-
Karramarroa, 1869
-
Ninfak eta Satiro, 1873
-
Venusen jaiotza, 1879
-
Neska umearekin, 1881
-
Bakoren gaztaroa, 1884
-
Ahizpa zaharra, 1886
-
Kupido eta Psike, 1890
-
Ezer gutxi eraamateko, 1895
Testuingurua
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Bougouereau akademizismoaren unerik gorenean loratu zen. Akademizismoa XVI. mendean sortu zen eta XIX. mendearen bigarren erdialdean eragin menderatzailea izatera iritsi zen.[16] Metodo honen arabera, artea bere osotasunean irakatsi zitekeen, teoria nahiz praktikaren bidez irakatsi zitekeen corpus batean bihurtuz. Ondorioz, orijinaltasunaren garrantzia oso txikia zen. Akademiek gehien balioesten zutena maisu ospetsuen autoritatea zen. Tradizio klasikoa bereziki gurtzen zuten eta izaera estetikoa zuten kontzeptuekin lan egiteaz gain, testuinguru etikoa eta arteak irakasteko helburua izatea ere kontuan hartzen zuten, publikoa hezi eta gizartea positiboki eraldatzea bilatzen zutelarik.
Akademien ohitura tipikoenen artean, aldizkako aretoak zeuden. Hauek izaera artistiko eta komertziala zuten ekitaldi lehiakorrak ziren, non etorkizun handiena zuten margolari berrien eta izen oneko maisuen lanak erakusten ziren, irabazleei dominak eta sari garrantzitsuak emanez.[17]
Parisko aretoko sari gorena Prix de Rome zen, Bouguereauk 1850ean lortu zuena. Sari honen ospea garai horretan ikaragarria zen, gaur egun Nobel Sariak duenarekin alderatu daitekeena.[18]
1891ean Parisko aretoak batez beste 50.000 bisita eguneko jaso zituen, sarrera dohainik zen egunetan, igandetan izan ohi zena,[19] eta urteko 300.000 bisita izatera iritsi zen[10]. Honela, aretoak margolari berriek euren lanak erakusteko aukera paregabean bihurtzen ziren. Era berean, margolari hasiberriek euren lanak merkatuan saltzea errazten zuten, kolekzionistak honelako ekitaldietara maiz joaten ziren eta. Aretoetan parte hartu arte, artista batentzat oso zaila zen bere lanak saltzera iritsi ahal izatea.[11]
Bestalde, erakusketak ez ziren soilik aretoetara mugatzen. Izan ere, txalotuenak ziren lanak “margolan bizi” bezala aurkezten ziren zineetan, leku batetik bestera zabaltzen ziren, margolanetan kopiatzen ziren eta jendetzak kontsumitzen zituen produktu anitzetan erreproduzitzen ziren, hala nola, egunerokoak, aldizkarien azalak, zirkulazio handiko inprimatzeak, bonboi-kutxak, egutegiak, postalak... gizartean eragin handia zutelarik. Modu honetara, artista ezagunenak eragin handiko pertsonai bihurtzen ziren, hauen ospea gaur egungo zine-izarrek dutenarekin alderatu daitekeelarik.[20]
Merkatua eta bere estiloaren finkatzea
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Sistema akademizistak betidanik garrantzi handia eman zion tradizio klasikoari. Baina 1860ko hamarkadatik aurrera, klase ertainaren eragina artearekiko handitzen hasi zen, klase ertaineko pertsonak aretoetako publiko garrantzitsu bihurtu eta artea erosten hasi zirelarik. Ondorioz, akademiak euren enfokeetan aldaketa nabariak egiten hasi ziren, erosle berriei atsegina emateko asmoz. Garai horietan, egiaren bilaketaren inguruan eta hau artearen bidez nola komunikatu zitekeen inguruan interes handia zegoen. Akademiek ez zuten lortzen euren antzinako programa mantentzea, non publikoari soilik elite agintariek handitzat hartzen zituzten gaiak eskaintzen zizkioten. Hala nola, lan historikoak, mitologikoak, alegorikoak edo erlijisioak, modu inpertsonal eta handian irudikatzen zirelarik. Bouguereauk bere indarrak publiko burges berriari atsegin emateari eskaini zituen. Dena den, antzinako tradizioarekin lotutako idealismoari, eta arteaz nahiz edertasunaz zuen kontzeptuari lehial mantendu zen.
Aldi batean hurrengoa adierazi zuen:[12]
« | Margoketan idealista bat naiz. Artean soilik edertasuna ikusten dut, eta niretzako artea edertasuna da. Zertarako erreproduzitu naturak dituen alderdi itsusiak? Ez dut ulertzen hau beharrezkoa denik. Ikusten dudana zehazki margotzea? Ez! Edo gutxienez, ez, talentu gutxi dutenentzako. Talentuak dena barkatzen du. Gaur egun margolariek urrutiegi joan nahi dute, idazle eta nobelagileek bezain beste. Ez dakigu noraino iritsiko diren | » |
.
Eskaleak irudikatzen zituen lanak barne, artistak idealizatzera jotzen zuen. Eta joera hau, bere bizitzan zehar kritikek artifiziala izatea leporatzearen arrazoietako bat izan zen. Familia txiroa-n (1865), gaiaz egin zuen tratamenduaren anbiguotasuna nabaria da: lanak miseria islatu beharko lukeen bitartean, Errenazimenduaren oreka eta armoniaz konposaturik dago, gaia gorestea helburu duelarik. Azaltzen diren pertsonak garbiak daude, ederrak dira, eta amaren besoetan azaltzen den haurtxoa lodia eta arrosa kolorekoa da, guztiz osasuntsua. Erika Langmuirren iritziz, gaiaren nahiz artistaren errukitasun eta eskuzabaltasun nabariaren arren, “lanak ez du erreportaje sozial edo pobreziaren aurka dei egitearen helbururik”. Hau bera, kritiko garaikideek artistari leporatu zioten bere lana erakutsi zuenean: “Bouguereau jaunak bere ikasleei nola marraztu irakatsi diezaieke, baina ez da gai aberatsei beren inguruko jendeak nola sufritzen duen erakusteko”.[9]
Bouguereauren testuingurua eta bere gustu pertsonalak kontuan hartuta, bere estilo eklektikoa honela laburtu daiteke:
- Hasiera batean, Antzinaroko eta Errenazimenduko tradizio idealista klasikoarekin lotura zeukan, honekin David Ingresen eskola neoklasikoan jarraitu zuelarik. Dena den, elementu gehigarriak jaso zituen, bere estiloari bizitasun, dotoretasun, sentsualitate eta gertutasun handiagoa eman ziotelarik, artistak bere izaera idealizatzailea galdu gabe. Faktore hauen artean, nabarmenenak hurrengoak dira:
- Indar handiko osagai erromantikoak. Hauek nolabaiteko sentimentaltasun moduan azaltzen dira, testuinguru idiliko moduan eta zenbaitetan nabaria den erotismoan.
- Traza errealistak, teknikoki perfektua den akabera batekin azpimarratzen direnak. Akabera honek artistaren margolanei askotan argazki batera gerturatzen ziren efektuak ematen zizkien. Teknika honek garai horretan arrakasta handia izan zuen, eta Bouguereauk batzuetan laguntza moduan erabiltzen zuen bere lanetan.
- Margolan batzuetan Rokokoaren baloreak berreskuratzen ditu, dekorazio-zentzu nabarmenarekin, forma dotore, konposizio sinple eta gai arin nahiz alaiak.
- Era berean, Prerafaeliten detailez beteriko estiloaren eragina jaso izana erakusten du.
- Bere lana, modu batean, Modernismoaren aurrekaritzat hartu daiteke, munduaz azaltzen duen ikuspuntu baikorrarengatik, gehienbat zientziaren aurrerapen eta positibismoaren doktrinak eragina.
Metodoa eta teknika
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Bere garaiko edozein akademiko bezala, Bouguereau mailaz mailako ikaskuntza sistematiko batetik igaro zen, maisu ospetsuak eta euren teknikak ikasiz.
Marrazketa menperatzea ezinbestekoa zen, hau lan akademikoaren oinarria baitzen. Bai edozein konposizioaren egituraketarako, baita, hasierako etapetan, ideia baten aspektu desberdinak aztertzeko ere, behin betiko emaitza bat lortu baino lehen.
Naturalki, Bouguereauren lan egiteko moduak prestatze-zirriborro asko burutzea zekarren, irudi eta atzealde guztiak xehetasunez burutuz. Era berean, giza-gorputzaren errepresentazioa modu perfektuan menperatzeak erabateko garrantzia zeukan. Lan guztiak figuratiboak zirenez, gizonen edota antropomorfikoak ziren jainko mitologikoetan oinarritzen ziren eta.[12]
Giza-azalaren leuntasunaz eta esku, oin nahiz aurpegien keinu eta formen samurtasunaz Bouguereauk egiten zuen deskribapen grafikoa oso miretsiak izan ziren kritikoengatik. Artistaren garaiko kronista anonimo batek bere iritzia honela jaso zuen:[12]
« | Artistaren lan paregabetan dena kontu handienarekin irudikatuta dago, xehetasun txikiena ere maitasun handiz margotuta dago, eta hau ez da erraza menperatzen. Lana segurtasunez eta azkartasunez burutzen du, baina prestakuntzak lan handia eta garapen osoa eskatzen du: irudi guztiak posible diren forma guztietan behatu eta aztertzen dira bozetoen laguntzarekin, zirriborroak behin betiko eskala batean eta tindarekin egindako froga preliminar asko. Bouguereau betiereko perfekzionista zen, askotan bere margolanetan berriro lan egitera itzultzen baitzen, baita hauek amaitutzat eman ondoren ere. | » |
Bouguerreauk askotan olio-pinturaren teknikarekin lan egin zuen. Bere pintzelkada askotan ikusezina da, kalitate handiko akaberarekin.[21] Kolorista paregabea izan zen,[21] inguruak modu argian delineatuak zituzten formak eraikitzen zituen, marrazketaren menderatzea azalduz. Bolumenak definitu egiten zituen, esfumatura leunen bidez argia trebetasunez graduatuz.[22] Bere teknika bikaina izateagatik ezaguna zen arren, azkeneko urteetan, ikusmen arazoengatik seguruenik, ez zen hain zehatza, eta pintzeladak askeagoak ziren.
Hala eta guztiz ere, batzuetan bere teknika ikaragarri aldakorra izatera iritsi zitekeen, irudikatzen zuen objektu mota bakoitzera moldatuz. Honek, margolanari bizitasun eta naturaltasun handiak ematen zizkion, inprobisaziorako tarte handirik utzi gabe, bere zirriborroen eta amaitutako margolanen arteko antzekotasunak azaltzen duen bezala.
Margolan erotikoak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Emakume biluziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Burgesiak korronte akademizistan eragin zituen aldaketen artean, eduki erotikoa zuten lanen eskakizuna izan zen. Honek, Bouguereauren obran biluziak maiz azaltzea eragin zuen. Aspektu honek egungo kritikoen interesa piztu zuen. Theodore Zeldaren hitzetan, margolariak kultura klasiko ukaezina eduki arren, bere lanak ez ziren jainko eta jainkosa mitologikoetan ardazten. Aldiz, hauek aitzaki bezala erabiltzen zituen emakumezkoen gorputz eder eta hauen azal distiratsuak erakusteko. Biluzi mitologikoen artean, artistaren ezagunenak bi dira: Bakoren gaztaroa, non irudi biluzi eta erdi biluzi ugari azaltzen diren ardoaren eta estasiaren jainkoaren inguruan dantzari;[23] eta Ninfak eta satiro, non biluzirik dauden lau ninfa lizuna izateagatik ezaguna den pertsonaia mitologikoa erakartzen saiatzen diren.[24]
Bouguereau emakumezko biluzien margolaririk balioetsienetako bat izan zen bere garaian, Jules Lefebvreren hitzetan[9]. Artistak bere obretan kontsakratu zuen emakumezkoaren gorputza, bere garaian idealizatua zegoen emakumezkoaren-edertasun eredu zen: bular txikiak zituzten emakume gazteak, perfektuki proportzionatutako gorputzarekin. Itxura etereoarekin, askotan gorputza aurrez aurre dute, baina pubiseko ilerik gabe, edo alua modu estrategikoan ezkutatua. Garai horretan, gizonezkoak emakumeen aurrean “hankak” edo “haurdunaldia” bezalako hitzak aipatzera ausartzen ez zirela kontuan hartuta, emakumea biluzik ikusi ahal izateko, ezin zitekeen mundu honetakoa izan.
Bestalde, publiko kontserbatzaileenaren artean, artistaren obrek eskandalua eragin zuten. Ninfak eta Satiro lanak, bere garaian Estatu Batuetan Bouguereauren obrarik ezagunena bihurtu zen arren, moralistak asaldatu zituen[25]; kritiko batek Bouguereauren obretako bat "burdel baterako aproposa" zela esanez definitu zuen [26]. Artistaren biluzietako bat Chicagora bidali zenean, bertako kazetarien artean sekulako istilua eragin zuen, Bouguereau "bere talentuarekin edonoren morala usteldu nahi zuen sasikumea" zela idatzi zutelarik[27]. 1890an Udaberriaren itzulera lana Omahan erakutsi zenean, artzain presbiteriano batek aulki bat hartu eta margolanari eraso zion, honek beregan esnatu zituen "irrika eta gogapen lizunengatik" haserreturik.[28] 1976an, margolan bera bigarren aldiz erasoa izan zen, antzeko arrazoiengatik. [12]
Bere biluzi handienen artean, Bi bainulariak aurki dezakegu. Genero tradizionalarentzat ekarpen nabaria izan zen, lan berritzailea izan zelarik. Honen arrakastaren arrazoi nagusia, gorputz delineatuak atzealde zabal baten aurka azaltzea zen, gorputzen formak nabarmenduz eta hauei edertasun zardaia emanez.
-
Bainularia, 1864?
-
Bainularia, 1870
-
Bainua eta gero, 1875
-
Bainularia, 1879
-
Egunsentia, 1881
-
Eguna, 1881
-
Arratsaldea, 1882
-
Gaua, 1883
-
Emakume biluzia eserita, 1884
-
Udaberriko haizea, 1895
-
Olatua, 1896
-
Ozeanoko ninfa, 1904
Kupidoak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]XIX. mendean, Europako gizonezko erotismoan garapen bitxia eman zen, irudikapen artistikoan bide berriak irekiz. Bouguereau bertan zalantzarik gabe murgildu zen. Garai horretan, emakume heldu eta errealak antzina zuen garbi eta bertutezko emakumearen papera galtzen ari zenean, gizonezko erotismoak gaztarora atzera egin zuen. Kasu batzuetan, gizonezkoen nerabezaroaren hasieran kokatuz. Jon Strattonek deskribatu zuenez, "bateratze bat eman zen". Hasiera batean, neska nerabeak gizon burgesentzako desiragarriak bihurtu ziren. Era berean, gizonezkoek nerabezaroa desiorik gabe bizi zezaketela pentsatzen zen arren, garapen honekin, gizonen irudia erotizatu egin zen. Bram Dijkstrak hurrengoa esan zuen Bouguereauren Kupido bustia obrari buruz, 1891ko Aretoan erakutsi zenean: "Margolariak ezingo luke hau baino nerabe sexualki estimulagarriagoa aurkeztu. Baina, Oscar Wilde ez bezala, pederastiagatik espetxeratua izan zena, Bouguereauk sariak eta ohoreak jaso zituen". Bien arteko desberdintasuna, Strattonen iritziz, Wilde ekintzetara pasa zen bitartean, Bouguereau fantasiaren eremuan seguru mantendu zela da.[29] Dena dela, Bouguereauren lan erotikoek ez dituzte gizonak lehenesten, hauetan zenbait Kupido azaltzen diren arren.
Lan hauen tratamenduak, leuna nahiz sentimentala, errealitatetik aldentzea eragiten zuen. Bouguereauk Kupidoak merkatuaren eskakizunei erantzuteko margotzen zituela esan zuen:[30] "zeren gai umil, dramatiko eta heroikoek ez dute saltzen, eta publikoak Venusak eta Kupidoak nahiago dituenez, nik nagusiki hauek pintatzeari ekiten diot".
Alyce Mahonek, Gaztea Kupidoz babesten, lanean ematen den neutralizazioa azpimarratzen du.[31] Alde batetik, konposizioaren bidez, non gazteak maitasunaren jainkoari irribarre egiten dion besoekin urruntzen duen bitartean, eta bestetik, paisaiari dagokionez, landako irudi idilikoa, xehetasun erakargarriak agertzen diren bitartean, hala nola, gaztearen gorputz eder erdi biluzia eta jainko txikiaren ipurmasail arrosak.
-
Kupido itsasoko munstroaren gainean, 1857?
-
Udaberriaren itzulera, 1886
-
Maitasunaren xuxurlak, 1889
-
Psike eta Maitasuna, 1889
-
Udaberriko abestiak, 1889
-
Maitasun ezkutua, 1890
-
Etendako lana, 1891
-
Bihotzaren itzartea, 1892
-
Gaztaroa, 1893
-
Psikeren bahiketa, 1895
-
Maitasuna eta Psike, 1899
-
Udaberriko ametsa, 1901
Nekazariak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Emakume helduak edo gazteak dira artistaren lanetan gehien azaltzen diren irudiak, ez soilik gai mitologikoen bidez, baita alegoria nahiz biluzietan. Esan beharra dago, margolariaren ospea ninfei eta bainulariei buruzko margolanekin zabaldu zela, baita nekazal emakumeak eguneroko zereginetan azaltzen zituzten margolanekin ere. Emakume nekazariek XIX. mendearen amaieran arrakasta handia izan zuten, inozentzia eta garbitasunaren idealizazio erromantiko gisa, baita osasun eta indarraren irudi gisa ere. Garai horretan nekazariek zuten bizimodua gorabehera, bai Bouguereauk baita beste margolariek ere, nekazariak beti garbi-garbi, pozik, ardurarik gabe eta ondo jantziak irudikatzen zituzten. Era berean, hiriko jendeak naturatik, lurretik hurbil imajinatzen zituzten, eta ondorioz, maitasunean sutsuagoak zirela suposatzen zuten.[32]
-
Neska ijitoa euskal danborrarekin, 1867
-
Nekazaria, 1869
-
Anai-arreba bretoiak, 1871
-
Neskato italiarra ura ateratzen, 1871
-
Bi ahizpak, 1877
-
Erreka ertzean, 1879
-
Puntu egiten, 1882
-
Intxaurrak biltzen, 1884
-
Egarria, 1886
-
Artzaina, 1889
Margolan erlijiosoak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Bouguereauren lana bere osotasunean aztertzen bada, burutu zituen margolan erlijiosoak gutxi izan ziren.[33] 1860ko hamarkada baino lehen, artistak gai erlijiosoa indar gehiagorekin landu zuen, Rafael eta Poussinen eskola klasizistako izaera kontserbadore eta goratua islatuz. Bouguereauren obra erlijiosoak oso preziatuak ziren [34] eta Bonninek, garaiko kritiko batek, artistaren kristau sentimenduaren egiazkotasuna eta bere irudien nobletasuna balioetsi zituen, Pietà-n azaltzen diren eran. Kontsolamenduaren Ama Birjina aurreko obraren antzekoa da, bizantziar artearekin lotutako konposizio handi eta hieratikoa. Obra honetan, artistak Maria bere oinetan hildako semea duen samindutako ama bezala irudikatzen du. Margolan hau Frantzia eta Prusiaren Gerra amaitu eta gutxira burutu zuen, gatazkan euren semeak galdu zituzten ama frantsesen omenez.[35] Artistaren hasierako interesaren ostean, beste gaiekiko jakin-mina adierazi zuen. Izan ere, Bouguereauk arte erlijiosoko merkatuak oso azkar behera egin zuela onartu zuen[36].
Dena dela, bere bizitzan zehar aldizka hainbat lan erlijioso burutu zituen, Elizaren zenbait enkargu garrantzitsu barne, hala nola, Parisko Saint-Vincent-de-Paul elizaren dekorazioa 1881ean.[9] Bere lan berantiarretan hasierako produkzioetako modu berdina mantentzen zuen arren, bere estiloa dinamiko nahiz malguago bihurtu zen. Aingeru taldeak irudikatzen zituenean, askotan irudiak eredu gozo eta etereo batean oinarrituz aldaketa txikiak eginez sortzen zituen. Regina angelorum (1900) margolaean, irudikatutako 21 aingeruak oso antzekoak dira; Aingeruen abestia (1881) lanean, berdin gertatzen da, eta Pietà (1876) margolaean, 8 aingeruak bi ereduetan oinarriturik daude. Kara Ross adituaren iritziz, prozedura honen bitartez artistak Jainkoarekin lotutako printzipioen deklarazioa egiten du. Jainkoaren presentzia izaki askoren bidez sentitu daitekeen arren, funtsean botere bakar batek osatzen du.[33]
Era berrean, Jay Fisherren hitzetan, harrigarria da margolan erlijiosoetan ere adierazgarri erotikoak nabariak izatea, hala nola Gure Jaunaren azorriatzea obran. Izan ere, margolanak nolabaiteko gorrotoa eragin zion publikoari aurkeztua izan zenean.[37]
-
Kontsolamenduaren Ama Birjina, 1875
-
Pietà, 1876
-
Gure Jaunaren azorriatzea, 1880
-
Ama Birjina eta umea
-
Gupida, 1897
-
Regina angelorum, 1900
-
Larrosen Madonna, 1903
Margolan historikoak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Lan historikoek, garaiko kontzeptuarekin bat eginez, helburu didaktikoa zuten irudikatze erretorikoak ziren, eta euren gaiak literaturatik, folkloretik eta antzinarotik hartzen zituzten. Era berean, artistikoki irudikatzea merezi zuten gertatu berriko gertaerak ere irudikatzen ziren. Orokorrean, lan hauek tamaina handikoak ziren, balio positiboak aldarrikatzen zituzten, publikoarengan eragina eta zirrara sortzeko ikuspegi batetik margotuak. Bouguereauren lanen artean, 1850. urtean Erromako Saria irabazarazi zion Artzainek Zenobia aurkitzen dute Araxe ibaiaren ertzean aurki daiteke, gupida eta moral balioak defendatzen zituena.[18] Bestetik, Napoleoi berak estatu-enkargua bisa egin zion Napoleoi Taraskoneko uholdeetako biktimak bisitatzen margolanean, artistak herritar nahiz gizartearekiko lotura azaltzen du.[9]
Alegoriak arlo berean aurki daitezke. Hala nola, Aberria, non itxura ohoragarriko emakume bat irudikatzen den ereinotz koroarekin, tronu batean eserita eta babes bila dauden hiritarrak irudikatzen dituen umeez inguratuta. Bere oinetan lurraren aberastasuna irudikatzen duten bi irudi azaltzen dira: mahatsondo adarra eta galburua. Karitatea margolana aurrekoaren antzekoa da, emakume babesle eta amatiarra irudikatzen duelarik.[12] Margolan erlijiosoekin gertatu zen moduan, gai historikoen moda 1860. hamarkadaren inguruan pasa zen, gai prosaikoak nagusitu zirelarik[38]. Bailey Van Hookek adierazi zuenez, gaiz aldatu arren, bere lanei ematen zien tratamendu formala nahiko berdintsua zen genero guztietan, irudiak osatzeko eta eszenak konposatzeko egitura antzekoak jarraituz.
-
Artzainek Zenobia aurkitzen dute Araxe ibaiaren ertzean, 1850
-
Napoleon Taraskoneko uholdeetako biktimak bisitatzen, 1856
-
Tobias bere aitari adio esaten, 1860
-
Homero eta bere gidaria, 1874
-
Karitatea, 1878
-
"Aberria", 1883
Erretratuak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Bouguereauren erretratuak oso preziatuak izan ziren bere bizitzan zehar.[9] Lan hauek, orokorrean, irudikapen erromantikoak dira, emozioak nahiz irudikatutako pertsonen izaera islatzeko gaitasuna nabaria islatzen dutelarik. Itxuraz, arlo honetan artista garaiko konbentzioetatik aske sentitzen zen, pertsonen irudia hauek benetan ziren bezala irudikatu zezakeelako, tradizio klasikoari aurre eginez[12]. Bere gaztaroan hasi zen genero hau lantzen, bere jaioterriko pertsonak irudikatuz, erretratugile inperiala izan zen eta bere erretratuetatik goraipatuenetariko bat Aristide Boucicaut enpresariarena izan zen.
-
Amelina Dufaud Bouguereau, 1850
-
Eugène Bouguereau, 1850
-
Geneviève Bouguereau, 1850
-
Aristide Boucicaut, 1875
-
Neskatxa baten burua, 1888
-
Lady Maxwell, 1890
-
Gabrielle Cot, 1890
-
Neska gazte baten burua, 1898
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ ISBN 978-0876545829..
- ↑ .
- ↑ a b .
- ↑ a b c d e f g Bartoli, Damien & Ross, Fred. William Bouguereau. Art Renewal Center
- ↑ a b Txantiloi:Ref-llibre
- ↑ Wissman 1996, p. 11.
- ↑ Wissman|1996|p=11
- ↑ Wissman 1996, p. 12.
- ↑ a b c d e f g h i j k l m n o The Grove dictionary of art. From Monet to Cézanne : late 19th-century French artists. St. Martin's Press 2000 ISBN 0312229712. PMC 44022605. (Noiz kontsultatua: 2019-04-26).
- ↑ a b c d e f g Wissman, Fronia E.. (1996). Bouguereau. (1st ed. argitaraldia) Pomegranate Artbooks ISBN 0876545827. PMC 33947605. (Noiz kontsultatua: 2019-04-26).
- ↑ a b c Jensen, Robert, 1954-. (1994). Marketing modernism in fin-de-siècle Europe. Princeton University Press ISBN 0691033331. PMC 29670936. (Noiz kontsultatua: 2019-04-26).
- ↑ a b c d e f g Bouguereau, William(-Adolphe). Oxford University Press 2003 (Noiz kontsultatua: 2019-04-26).
- ↑ Bassett, Deborah R.. National Museum of Women in the Arts. SAGE Publications, Inc. ISBN 9781412976855. (Noiz kontsultatua: 2019-04-26).
- ↑ Knepper, Kerstin; Bräse, Stefan. (2003-08). «Bartoli Indole Synthesis on Solid Supports» Organic Letters 5 (16): 2829–2832. doi: . ISSN 1523-7060. (Noiz kontsultatua: 2019-04-26).
- ↑ Yates, Kyle M.. (1926-07). «Book Review: Great Painters and Their Famous Bible Pictures» Review & Expositor 23 (3): 388–388. doi: . ISSN 0034-6373. (Noiz kontsultatua: 2019-04-26).
- ↑ Cosgrove, D.. (2005-10-01). «THOMAS DACOSTA KAUFMANN. Toward a Geography of Art. Chicago: University of Chicago Press. 2004. Pp. xiv, 490. $25.00» The American Historical Review 110 (4): 1120–1121. doi: . ISSN 0002-8762. (Noiz kontsultatua: 2019-04-26).
- ↑ Weber, Eugen, 1925-2007.. (1986). France, fin de siècle. Belknap Press ISBN 0674318129. PMC 13003214. (Noiz kontsultatua: 2019-04-26).
- ↑ a b Jacquet, Jean-Marie; De Bosschere, Koen. (2001-03). «Blackboard relations in the μLog coordination model» New Generation Computing 19 (1): 23–55. doi: . ISSN 0288-3635. (Noiz kontsultatua: 2019-04-26).
- ↑ Schatzki, Stefan C.. (1997-04-02). «The Art of JAMA: One Hundred Covers and Essays From The Journal of the American Medical Association» JAMA: The Journal of the American Medical Association 277 (13): 1082. doi: . ISSN 0098-7484. (Noiz kontsultatua: 2019-04-26).
- ↑ «Returning the Gaze» Agenda (49): 96. 2001-01-01 doi: . ISSN 1013-0950. (Noiz kontsultatua: 2019-04-26).
- ↑ a b BOUFFETTE, A; BIEMONT, C; BOUFFETTE, J. (1975-03). «Comparaison des croisements au hasard, frère-sœur et demi frère-sœur par le coefficient de dépression» Bulletin of Mathematical Biology 37: 37–49. doi: . ISSN 0092-8240. (Noiz kontsultatua: 2019-04-26).
- ↑ «Masterworks of European painting in the California Palace of the Legion of honor» Choice Reviews Online 37 (10): 37–5471a-37-5471a. 2000-06-01 doi: . ISSN 0009-4978. (Noiz kontsultatua: 2019-04-26).
- ↑ Addison, Julia de Wolf; Potter, Mary Knight. (1905). «The Art of the National Gallery» The Collector and Art Critic 4 (2): 56. doi: . ISSN 1948-0202. (Noiz kontsultatua: 2019-04-26).
- ↑ Stevens, Carolyn; Freedman, Estelle B.; D'Emilio, John. (1988). «Intimate Matters: A History of Sexuality in America» The Antioch Review 46 (4): 525. doi: . ISSN 0003-5769. (Noiz kontsultatua: 2019-04-26).
- ↑ Geophysical abstracts 135, October-December 1948. 1948 (Noiz kontsultatua: 2019-04-26).
- ↑ Hirsch, Susan. (2006-12). «John Franch. Robber Baron: The Life of Charles Tyson Yerkes. Champaign, Ill.: University of Illinois Press, 2006. vii + 374 pp. ISBN 0-252-03099-0, $45.00 (paper).» Enterprise and Society 7 (04): 851–853. doi: . ISSN 1467-2227. (Noiz kontsultatua: 2019-04-26).
- ↑ «Naturalism’s Specula(riza)tion:» Sexualizing Power in Naturalism (University of Calgary Press): 173–184. ISBN 9781552384473. (Noiz kontsultatua: 2019-04-26).
- ↑ Gerber, Lynne. (2010-02-20). «Schmidt, Leigh Eric.Heaven's Bride: The Unprintable Life of Ida C. Craddock, American Mystic, Scholar, Sexologist, Martyr and Madwoman» Theology & Sexuality 16 (3): 312–314. doi: . ISSN 1355-8358. (Noiz kontsultatua: 2019-04-26).
- ↑ «The desirable body: cultural fetishism and the erotics of consumption» Choice Reviews Online 34 (06): 34–3382-34-3382. 1997-02-01 doi: . ISSN 0009-4978. (Noiz kontsultatua: 2019-04-26).
- ↑ Springer, Julie; Hook, Bailey Van. (2000). «Angels of Art: Women and Art in American Society, 1876-1914» Woman's Art Journal 21 (1): 44. doi: . ISSN 0270-7993. (Noiz kontsultatua: 2019-04-26).
- ↑ BETTERTON, ROSEMARY. (2008-02). «WOMEN, ART, AND SOCIETY BY WHITNEY CHADWICK AND EROTICISM & ART BY ALYCE MAHON» The Art Book 15 (1): 42–43. doi: . ISSN 1368-6267. (Noiz kontsultatua: 2019-04-26).
- ↑ SHARPE, PAMELA. (1999-05). [http://dx.doi.org/10.1017/s0268416098253100 «Karen Sayer, Women of the fields: representations of rural women in the nineteenth century. (Manchester: Manchester University Press, 1995.) Pages xi+201. £45.00.»] Continuity and Change 14 (1): 131–157. doi: . ISSN 0268-4160. (Noiz kontsultatua: 2019-04-26).
- ↑ a b Bouguereau, William Adolphe. Oxford University Press 2011-10-31 (Noiz kontsultatua: 2019-04-26).
- ↑ «5. Newspaper Days» Searching for Justice (University of Toronto Press) 2005-01-31 ISBN 9781442679665. (Noiz kontsultatua: 2019-04-26).
- ↑ «Shoreditch Madonna» Shoreditch Madonna 2005-07-07 doi: . (Noiz kontsultatua: 2019-04-26).
- ↑ Lloyd, Rosemary; Mallarme; Kearns, James. (1991-07). «Symbolist Landscapes: The Place of Painting in the Poetry and Criticism of Mallarme and His Circle» The Modern Language Review 86 (3): 739. doi: . ISSN 0026-7937. (Noiz kontsultatua: 2019-04-26).
- ↑ Brennecke, N.. (2006-08-02). «N. Mishoe Brennecke. Review of "The Essence of Line: French Drawings From Ingres to Degas" by Jay Fisher.» caa.reviews doi: . ISSN 1543-950X. (Noiz kontsultatua: 2019-04-26).
- ↑ «Pierre-Auguste Renoir: La promenade» Choice Reviews Online 35 (10): 35–5455-35-5455. 1998-06-01 doi: . ISSN 0009-4978. (Noiz kontsultatua: 2019-04-26).