Platuxa latz
Platuxa latz | |
---|---|
Iraute egoera | |
Arrisku txikia (IUCN 3.1) | |
Sailkapen zientifikoa | |
Erreinua | Animalia |
Filuma | Chordata |
Klasea | Actinopteri |
Ordena | Pleuronectiformes |
Familia | Pleuronectidae |
Leinua | Pleuronectini |
Generoa | Platichthys (mul) |
Espeziea | Platichthys flesus |
Platuxa latza (Platichthys flesus; Linnaeus, 1758) hondarreko itsas-hondotan bizi den arrain zapala da.
Euskal izendegia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Platuxa latza izendatzeko modu ezberdinak daude Euskal Herriko herri ezberdinetan[Euskal Herriko Arrainen Gida 1]:
Izena | Erabilera-eremua (udalerria) |
---|---|
platesa[2] | |
platusa[3][ArgitaratuGabe 1] | Ondarroa |
platusia[2] | |
platuxa[4][5][ArgitaratuGabe 2] | Bermeo, Mundaka, Elantxobe, Getaria |
txabaloi[2] | |
xabalo[2] |
Ezaugarriak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Ezaugarri fisikoak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Platuxa helduek 50 zm inguru izaten dute[6].
Gorputz obalatua dute, ronboidala. Azal leunekoak dira, eta begiak gorputzaren eskuinaldean dituzte ia-beti, salbuespenen bat ere eman daitekeen arren. Burua erlatiboki handia da, gorputzaren laurden bat hartzen duena. Ahoa txikia izan ohi da, eskuin begia ia ikutzera arte iristen dena. Edozein kasutan, ahoa sendoa izaten da, krustazeo txiki nahiz molusko bibalboen moduko harrapakinak aise apurtzeko gai dena. Lerro laterala zuzena da, tuberkuluak dituena, eta aleta pektoralaren alturan okertu egiten da[7].
Kolorea gris xamarra izaten dute, marroi iluna goikaldean, orban laranjak ere agertzen dituztelarik. Alde bentral itsua zuria da, batzuetan orban marroiak ere agertzen dituena.
Nahastu daitezken espezieak[Euskal Herriko Arrainen Gida 1]:
- Platuxa leuna (Pleuronectes platessa): Platuxa latzaren aldean, kolorazio uniforme eta lisoa aurkezten du. Platuxa latzak orban argi-ilunak ditu, orban beltz nabarmenekin gorputz nahiz aleta dortsal eta bentraletan zehar; platuxa leunak ordea ez du orbanik, nahiz eta kolore ezberdinak hartu ditzaken. Platuxa leunak begien atzean tuberkulo oseoz osaturiko lerroa dauka, platuxa latzak ordea, ez.
- Erreboiloa (Scophthalmus maximus) eta erreboilo ezkataduna (Scophthalmus rhombus): Erreboiloak edota platuxak ongi ezagutzen dituztenen artean zalantzarik ez dagoen arren, gerta daiteke kasuren batean espezie hauek nahastea. Platuxen gorputza fusiformeagoa da erreboiloen aldean, are nabarmenago aletei muzin egin eta soilik gorputzari erreparatuz gero. Hala ere, ezaugarri nabarmen batek bereizten ditu platuxak erreboiloengandik; platuxek burua eskuinaldean dute (alde zuri bentrala beherantz jarriz gero); erreboiloek ordea, ezkerraldera dute haien burua.
Nutrizio-ezaugarriak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Platuxen haragia ez da erreboilo arrunt nahiz erreboilo ezkatadunarena bezain preziatua gastronomian[7]. Hala ere, kalitate handiko arrain zuria da, duen gantz kantitate baxuagatik. Omega-3 eta proteina kantitateari dagokionez beste arrain askoren azpitik kokatzen bada ere, ano bakar batek populazioarentzat gomendatutako eguneko kopuruaren %10 suposatzen du. Mineralei dagokienez, aipatzekoak dira bere haragiaren ano batek dituen selenio eta fosforo kantitateak, eguneko beharrizanen %48 eta %40 osatzen dutenak, hurrenez hurren. Bitaminei erreparatuz gero, B12 bitamina, D bitamina eta niazina dira aipagarrienak[7].
Kontsumo-garaia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Urte osoan zehar harrapatu daitekeen arren, udan erruten dutenez, Ekaina eta Uztailan espezie honen kontsumoa mugatzen saiatu behar genuke [Euskal Herriko Arrainen Gida 1].
Ekologia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Europa mailan itsaso gehienetan bizi da. Ipar-ekialdeko Atlantikoan zehar, Marokotik Norvegiar kostalderaino hedatzen da. Mediterraneoan eta Itsaso Beltzean ere badago[8][6].
Arrain zapal gehienak bezala, itsas-hondo hondartsu nahiz lohitsuetan bizi ohi da, baina platuxen kasuan hauek itsas-hondo harrokatsuetan ere zabaldu daitezke, beti ere tarteka hondarra badago. Platuxak itsasadarretan barrena ere sartu daitezke, gazitasun aldakorrak ongi jasaten baitituzte[7].
Platuxa latzaren arrantza Euskal Herrian
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Eguneko arrainaz ari bagara, artisau-arrantzaleek sareak (hala nola, mallabakarra edo tresmaila) erabiltzen dituzte platuxak arrantzatzeko[Euskal Herriko Arrainen Gida 1], eta kasu bakan batzuetan, eskuzko amuekin[7] eta hondoko tretzarekin[Euskal Herriko Arrainen Gida 1] ere bai. Hala ere, arraindegietan ohiko arraina izanik, platuxa asko arraste-arrantzarekin harrapatutakoa ere izan daiteke, sarritan atzerriko uretan arrantzatutakoa.
Laket-arrantzan ere espezie preziatua izaten bada ere, platuxen harrapaketak ez dira hain ohikoak; eta izatekotan, laket-ontzietatik harrapatzen dira normalean[9].
Bitxikeriak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Begien migrazioa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Larbak pelagikoak dira eta simetria bilaterala mantentzen dute. 90 bat egunetan ordea,10 mm hartzen dituztenean, gorputza zapaldu eta begien migrazioa ematen da, albo bakarrera, simetria bilaterala galtzen dutelarik; une honetatik aurrera bizitza bentonikoa mantenduko dute[7].
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ (Ingelesez) Froese, Rainer & Pauly, Daniel ed. (2006), «Platichthys flesus», FishBase webgunean. Bertsioaren data: 2006(e)ko apirila.
- ↑ a b c d Mieg in Aranzadi Unamuno, T. (1933) Nombres de peces en Euskera. Don Fernando de Buen; Boletín de la Sociedad Española de Historia Natural. Revista Internacional de los Estudios Vascos (24), 386-397.
- ↑ Barrutia, Eneko. (2019-02-24). «arrantzalien fonotekie: Bizkaiko arrantzaleen hiztegia A» arrantzalien fonotekie (Noiz kontsultatua: 2023-01-03).
- ↑ Aranzadi Unamuno, T. (1933) Nombres de peces en Euskera. Don Fernando de Buen; Boletín de la Sociedad Española de Historia Natural. Revista Internacional de los Estudios Vascos (24), 386-397.
- ↑ Barrutia, Eneko. (2003). «Arrainen izenak Bizkaian XX. mendean» (pdf) Zainak (Donostia: Eusko Ikaskuntza) (25) ISBN 8484198790. ISSN 1137-439X. Bibcode: 1137-439X.
- ↑ a b «Platichthys flesus, European flounder : fisheries, aquaculture, gamefish» www.fishbase.se (Noiz kontsultatua: 2023-01-05).
- ↑ a b c d e f https://www.mapa.gob.es/es/ministerio/servicios/informacion/platija_tcm30-102846.pdf
- ↑ www.marlin.ac.uk
- ↑ Bachiller, Eneko; Korta, Maria; Mateo, Maria; Mugerza, Estanis; Zarauz, Lucia. (2022-08-24). «Assessing the unassessed marine recreational fishery in the Eastern Cantabrian coast» Frontiers in Marine Science 9: 975089. doi: . ISSN 2296-7745. (Noiz kontsultatua: 2023-01-05).
Argitaratu gabeko erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ Ondarroako “Kalare Deuna” Arrantzaleen Kofradiako hiztegia.
- ↑ Getariako 'Elkano' Arrantzaleen Kofradiako hiztegia (2019-2020).