iBet uBet web content aggregator. Adding the entire web to your favor.
iBet uBet web content aggregator. Adding the entire web to your favor.



Link to original content: http://eu.wikipedia.org/wiki/OpenStreetMap
OpenStreetMap - Wikipedia, entziklopedia askea. Edukira joan

OpenStreetMap

Wikipedia, Entziklopedia askea
 OpenStreetMap
Jatorria
Sortzailea(k)Steve Coast (mul) Itzuli
Sorrera-urtea2004
Argitaratze-data2004
IzenburuaOpenStreetMap
Jatorrizko herrialdeaErresuma Batua
Ezaugarriak
Hizkuntzaeleaniztuna
Egile-eskubideakcopyrightduna
Kokapena
LekuaErresuma Batua
JabeaOpenStreetMap Foundation (en) Itzuli
Fikzioa
Erabiltzen duground truth (en) Itzuli
Historia
Jasotako sariak

openstreetmap.org
Facebook: OpenStreetMap Twitter: openstreetmap Mastodon: openstreetmap@en.osm.town GitHub: openstreetmap Edit the value on Wikidata

OpenStreetMap (OSM siglekin laburtua) mapa libre eta editagarriak egiteko erabiltzen den proiektu kolaboratibo bat da[1]. Mapa horiek egiten dira informazio geografikoa erabilita, GPS ibiltari, ortoargazki eta beste informazio iturri batzuk oinarri gisa hartuta. Kartografia hori guztia, bai irudi sortuak eta baita bere datu basean bildutako datu bektorialak ere, Open Database lizentziapean banatzen dira.[2][3]

2009ko irailean proiektuak 160.000 erabiltzaile baino gehiago zituen bertan izena emanda eta horietatik 14.000 inguruk hilero egiten zuten edizio lanen bat datu basean. Erabiltzaile kopurua bikoiztu egin daiteke bost hilabetetik bost hilabetera. Izena emanda dauden erabiltzaileek GPSetatik jasotako arrastoak igo ditzakete, datu bektorialak sortu eta zuzendu, horretarako erabilita zenbait edizio erreminta, OpenStreetMap proiektuko komunitateak berariaz sortuak.

Egunero gaineratzen zaio 25.000 km berri OSM proiektuari, errepidez eta kaminoz, denetara duela 34.000.000 km bide, gehitu ez diogularik bestelako daturik (interes guneak, eraikinak, etab.). Datu basea (zeinari baiteritzo planet.osm) tamainaz 160 gigabyten gainetik dago (6,1 GB bzip2 konpresioaz), eta egunero 10en bat MB gehitzen doa datu konprimituetan.

Herrialderik gehienetan informazio geografiko publikoa ezin da libre erabili. Administrazio publikoek ez dutenez jotzen herri azpiegituren parekotzat, erabiltzaileak birritan ordaintzen du informazio publiko horrengatik: lehendabizi sortzerakoan, zerga bidez, eta bigarrengoz eskuratzerakoan erabiltzeko.

Halaber, zenbaitetan lizentziek ez diote uzten behar beste erabiltzen erabiltzaileari, honek mugatuta dauka-eta eskubidea kartografia aplikatzeko. Ezin daitezke akatsak zuzendu, ezin datu gehiago gehitu edo ezin mapa horiek erabili beste zenbait modutan (txertatuta aplikazio informatikoetan, argitalpenetan…), eurok ordaindu ezean.

Bestetik, azken urteotan hainbat ekimen komertzial sortu dira, hala nola MapShare Tom Tom enpresak sortua edo MapMaker Googlek sortua, zeinen bidez animatzen baitira zerbitzuotako erabiltzaileak eurok osatzera, bere kartografia eguneratuz eta zuzenduz eta datu gehiago sartuz. Kasurik gehienetan, ostera, erabiltzaileek ez dute bat ere eskubiderik kartografia horretan gehitzen ari diren datuen gainean. Enpresak egingo dira haien ekarpenen jabe. Alegia, kartografiak segituko du izaten jabeduna eta lotuta egoten.

Era berean, zerbitzu komertzial horiek bereziki kokatzen dira hiri handietan, eta horrek zailago egiten du kartografia lantzea herri txikietan.

2004ko uztailean Steve Coast ingelesak OpenStreetMap sortu zuen[4], ez baitzegoen ados Ordnance Survey Bretainia Handiko agentziarekin, jakinda zelako prezio garestiak kobratzen zituen bere informazio geografikoa erabiltzeagatik.

2006ko apirilean OSMk fundazio gisa eman zuen izena Ingalaterrako eta Galesko erregistroetan:

« OpenStreetMap fundazioa nazioarteko erakundea da, irabazi asmorik gabea, eta helburua du datu geoespazial libreak sustatzea, garatzea eta banatzea eta edonori ematea datu geoespazialak, berauek erabiltzeko eta partekatzeko. »

2006ko abenduan Yahoo! enpresak jakitera eman zuen OpenStreetMapek erabil litzakeela bere aireko argazkiak datu basetzat mapak sortzeko.

2007ko apirilean, Automotive Navigation Data (AND) Herbehereetako enpresak datu piloa eman zizkion dohaintzat OSM fundazioari, eta berauetan informazio asko zegoen Herbehereen gainean eta Indiako zein Txinako errepide nagusiei buruz. Urte bereko uztailean, The State of the Map 2007 nazioarteko bileran, Manchester hirian egina, Britainia Handian, jakin eragin zen OSMk 9.000 erabiltzaile zituela izena emanda. Abuztuan proiektu independente bat abiarazi zen, OpenAerialMap izenekoa, eta beronek helburua du datu base bat sortzea aireko argazkiz osatua, lizentzia librearekin banatzeko gertu. Urrian, berriz, inportatu egin ziren TIGER datu baseko geodatuak, AEBetako Erroldaren bulegokoak. Abenduan, Oxfordeko Unibertsitatea bihurtu zen lehen erakunde handia OpenStreetMapeko datuak erabiltzen bere webgunean.

2008ko urtarrilean beste funtzionalitate bat sortu zen OSMren kartografia GPS gailuetan jaisteko, bereziki hiri txirrindularitza eta zikloturismoari begira. Otsailean hainbat ikastaro egin ziren, irakasteko zelan sortu OSM datuak Indian. Martxoan OpenStreetMap fundazioak iragarri zuen 2,4 milioi euro jaso zituela finantziaziotzat CloudMade enpresarengandik, honek ordainetan erabiliko dituelarik aurrerantzean OpenStreetMapen datuak.

2008ko uztailean, The State of the Map 2008 egin zenean Limerick hirian, Irlandan, jakitera eman zen OpenStreetMap proiektuak 45.000 erabiltzaile zituela izena emanda.

2008ko azaroan OpenStreetMap fundazioak eta GeoBase.ca ekimen publikoak iragarri zuten bigarrenak eman ziola dohaintzat lehenengoari bere geodatu guztiak Kanadari buruz. Ordura arte, berau izan zen OpenStreetMap proiektuak jasotako dohaintzarik handiena.

2009ko urtarrilean Frantziako agentzia katastralak baimena eman zion OSMri WMS zerbitzua erabiltzeko geodatuak bektorizatzeko.

Etorkizunerako proiektuak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Gasteizeko mapa OpenStreetMapen

2009ko apirilean Wikimediako adar alemaniarrak iragarri zuen Berlinen, bere garatzaileen bileran, 15.000 euro emango zizkiola proiektu pilotu bati, lankide duela OpenStreetMap, proiektu biak lotzeko. Erabaki horrekin errazago txertatu nahi da OSMren base kartografikoa Wikipedian, beronen artikuluak ilustratu eta aukera emateko edukiak lotzeko alde bietara (kontsulta itzazu Wikipediako artikuluak OpenStreetMapatik eta alderantziz).

Kartografia produkzioa

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hasierako datuak boluntarioek jaso zituzten hutsetik, landa-lan sistematikoari esker, erabilita eskuko GPS gailuak, ordenagailu eramangarriak edo ahots grabagailuak. Datuok bilduta, OpenStreetMapeko datu basera pasatzen ziren.

Gaur egun lan bera askoz ere bizkorrago egiten da, aireko argazkiei eta informazio iturri komertzial zein publikoei esker. Horiei esker, informazio batzea askoz ere zehatzagoa da.

Datu mordoa batzen denean, talde tekniko bat arduratu ohi da datuak moldatzen eta inportatzen.

Zelan jasotzen den informazioa

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Tokian tokiko boluntarioek jasotzen dute informazioa, eta hauetako askorentzat lan hau bihurtzen da hobby utzi ezina ia. Baliatuta oinez, bizikletaz edo autoz egiten dituzten bidaiak, eta GPS gailuak erabilita, arrastoak eta intereseko puntuak harrapatzen doaz. Horrekin batera, zenbaitek ohar-bloka, grabagailua edo argazki kamera digitala erabiltzen dituzte, eta azken aldian, telefono adimendunak, berauetan ezaugarri horietako gehienak elkartzen direlako. Orobat, datu biltzaileek ohitura dute bertakoei galdetzeko, zenbait kasutan beraiek baino hobeto ezagutzen dituzte-eta bazterrak (kaleen izenak, zirkulazioaren noranzkoak, etab.). Ondoren, informazio hori guztia ordenagailura pasatu eta bertatik OSMren datu basera igotzen da. Zenbait lagunek sistematikoki kartografiatzen dute beren hiria edo bizilekua, harik eta inguruak erabat landuta ikusi arte. Batzuetan, gainera, mapping parties direlakoak antolatzen dira, bilera bereziak non elkartzen baitira OSM proiektuan ari diren boluntarioak, informazioa trukatu, elkarri lagundu eta falta diren eremuak osatzeko.

Informazio batze antolatu horretaz gain, lan asko eta asko izaten dira edizio txikiak, boluntarioek egiten dituztenak akatsak zuzendu edo datu berriak sartzeko mapan.

Datutegi publikoak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Herri erakundeen datu publikoak era bateragarrian askatzeak OpenStreetMap-en lizentziarekin posible egin du informazio geografiko hori guztia inportatzeko proiektuaren datu basera. Horrela, AEBei dagokien informazio gehiena era horretako informazio iturrietatik dator, legeak behartzen baitu gobernu federala datuok publiko egitera. Horixe gertatu da ondoko kasuetan:

  • Landsat 7 satelitetik datozen irudiak.
  • Prototype Global Shorelines (PGS) delakoaren kobertura bektorialak.
  • TIGER datuak AEBetako Errolda Bulegokoak.

Zenbait agintari lokalek ere askatu egin dituzte beren aireko argazkiak, eta herritarren esku jarri dituzte OpenAerialMapen bidez.

Espainian Institutu Geografiko Nazionalak (IGN), erakunde publikoa arduratzen dena herrialdeko kartografia ofiziala sortu, gorde eta merkaturatzeaz, 2008ko apirilean aldatu du lizentzia bere datuak erabiltzeko, eta askatu egin ditu horietako zenbait, edozein eratara erabiltzeko.

Ildo beretik, kartografiaren gaineko egile eskubideak iraungitzen direnean, bai paperezkoak zein digitalak, orduan erabil daitezke OpenStreetMap proiektuan.

Datutegi komertzialak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Zenbait enpresak datuak eman dizkiote proiektuari, horretarako beharrezko diren lizentzia egokiak erabilita. Horien artean, nabarmentzekoa da Automotive Navigation Data (AND) Holandako enpresak emandako informazioa, zeinak estaltzen baitzituen Herbehereak bere osotasunean eta Txina zein Indiako errepide handienak.

Yahoo! enpresak ere baimena eman zion OpenStreetMap fundazioari erabiltzeko bere aireko fotografiak, halako eran non editoreek marraztu baitezakete haien gainean, horretarako erabilita proiektuak garatutako zenbait aplikazio. Editoreek sor ditzakete mapa bektorialak eratorritako lanak bezala, baina lizentzia libre eta irekia erabilita.

Datuen formatua

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

OpenStreetMapek erabiltzen du datu egitura topologikoa. Datuak gordetzen dira WGS84 lat/lon (EPSG:4326) datumean, Mercatorren proiekzioan. OSM kartografiaren oinarrizko elementuak dira:

  • Nodoak. Puntuak dira, eta jasotzen dituzte kokapen geografiko jakinak.
  • Bideak (ways). Nodo zerrenda bat, irudikatzen duena polilerroa edo poligono bat.
  • Erlazioak. Nodo, bide eta beste harreman sortak dira, eta hauei izenda dakizkieke hainbat ezaugarri.
  • Etiketak. Nodoak, bideak edo harremanak zehazteko. Etiketa batek bi elementu ditu: giltza (key) eta balioa (adibidez: higway=trunk).

Mapa bateko ezaugarrien ontologia (bereziki etiketen esanahia) wiki baten bidez gordetzen da.

OpenStreetMap heldu eta bere datu basea kalitatez eta estalduraz hobetu ahala, ekosistema bat sortu da haren inguruan, erreminta informatiko eta zerbitzuz osatua, eta bihurtu dute datu iturri sendoa, berorren gainean proiektu konplexuak eusteko. Esate baterako, hainbat aplikazio sortu dira kartografia editatu, tratatu eta aurkezteko, eta datu horiek erabiltzen dituzte orain arte pentsatu ere ezin ziren era sortzaile, produktibo eta ustekabekoetan.

Renderizazioa eta aurkezpen kartografikoa

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  • AJAX ikusgailu kartografikoa OpenLayers-en oinarritua. Mapen teselak erakusten ditu, aplikazio hauek renderizatuak:
  • Mapnik renderizatzailea.
  • Osmarender. SVG renderizazio motorra, irudi eta mapa inprimatuak sortzeko.
  • Mahaigainekoa
  • Marble. Aplikazio kartografikoa, kode librekoa eta garatua erabiltzeko KDE inguruneetan, OSM datuak erabiltzen ditu (sortzez Google Earth-ekoen antzekoak).
  • Viking. GPS datuak ikusteko eta editatzeko software libreko aplikazioa. OSM mapak erabiltzen ditu ibilbideak eta puntuak kokatzeko.
  • Kosmos. Softwarea OSM kartografia lokalean renderizatzeko.
  • OSMMap.
  • OSM kartografia eskuko telefono eta GPS gailuetan.

Editatzeko tresnak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  • iD. iD nabigatzailean zuzenean erabiltzeko OpenStreetMap editatzeko aplikazioa da. JavaScript lengoaia erabiliz egindako aplikazioa da. Erabiltzaileentzat erraztasuna biltzeko asmoz egindako aplikazioa da[5].
  • Potlatch. Flash programa, ActionScript-en dago, sarean.
  • Potlatch 2[6] OSM editatzeko tresna Flash pluginak erabilita.
  • JOSM[7]. Java programa, mahaigainekoa. Oraingoz ez dago euskaraz.[8]
  • Merkaartor. Mahaigaineko programa.
  • StreetComplete[9][10][11] Android 4.2+ sistema eragilearekin editatzeko tresna.

Ibilbideak markatzeko zerbitzuak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]


Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]


Ikus, gainera

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Euskarazko Hezkuntza Atarian:

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. «OpenStreetMap, mapa libreak euskaraz» sustatu.eus (Noiz kontsultatua: 2021-11-08).
  2. RWeait. OpenStreetMap data license is ODbL v1.0. OSM Foundation (Noiz kontsultatua: 5 November 2012).
  3. «OpenStreetMap» OpenStreetMap (Noiz kontsultatua: 2019-10-19).
  4. Goñi Beltza, Ander. (2011-02-16). «Mapak sarean erabilgarri» Berria.eus (Noiz kontsultatua: 2017-08-12).
  5. a b (Ingelesez) OpenStreetMap. (WikiMedia) iD. (Noiz kontsultatua: 2017-08-15).
  6. a b (Ingelesez) (Wikimedia) Potlatch 2. (Noiz kontsultatua: 2017-08-12).
  7. «JOSM» josm.openstreetmap.de (Noiz kontsultatua: 2021-11-08).
  8. (Ingelesez) «svn - Revision 18318: /trunk/resources/data» josm.openstreetmap.de (Noiz kontsultatua: 2021-11-08).
  9. «StreetComplete, euskarazko aplikazioa zure inguruko kartografia librea egiteko» sustatu.eus (Noiz kontsultatua: 2021-11-08).
  10. a b StreetComplete. (Noiz kontsultatua: 2017-08-12).
  11. «Oporretan ere OpenStreetMap mapak hobetu nahi? StreetComplete» (WordPress) librezale.eus (Noiz kontsultatua: 2017-08-12).