iBet uBet web content aggregator. Adding the entire web to your favor.
iBet uBet web content aggregator. Adding the entire web to your favor.



Link to original content: http://eu.wikipedia.org/wiki/Ohorezko_Legioko_ofizial_handia
Ohorezko Legioa - Wikipedia, entziklopedia askea. Edukira joan

Ohorezko Legioa

Wikipedia, Entziklopedia askea
Ohorezko Legioko ofizial handia» orritik birbideratua)
Ordre national de la Légion d'honneur
Ohorezko Legioaren Ordena Nazionala
BabesleaFrantziako Gobernua
Herrialdea Frantzia
AurkezleaFrantziako presidentea
Lehen sari banaketa1802ko maiatzaren 19a
Webgune ofizialalegiondhonneur.fr

Ohorezko Legioa, izen osoa Ohorezko Legioaren Ordena Nazionala duena (frantsesez: ordre national de la Légion d’honneur), Frantziako intsignietatik ezagunena eta garrantzitsuena ematen duen konpainia da. Napoleonek ezarri zuen. Ordena horren saria gizon eta emakumeei ematen zaie —frantziar izan nahiz ez izan—, arlo zibil edo militarrean lortutako ohiz kanpoko merituengatik. Ohorezko Legioaren Frantziako Ordenan sartzen dira sarituak, eta ordenaren barruan bost maila hauetako bat izango dute (maila beherenetik gorenera aipatuko ditugu):

  1. zalduna (chevalier)
  2. ofiziala (officier)
  3. komandantea (commandeur)
  4. ofizial handia (grand officier)
  5. gurutze-handia (grand-croix).

Ohorezko Legioko kideak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Gizon-emakume kopurua
Hiru mailak
125.000 zaldun
10.000 ofizial
1.250 komandante
Bi duintasunak
250 ofizial handi
75 gurutze-handi

Ohorezko Legioko kide izendatuek jasotzen duten saria

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Dominaren aurrealdea apaintzen duen irudia, aldatzen joan da historian zehar. 1815 arte eta 1848 eta 1880 bitartean, Napoleonen profila ageri zen; baina, Frantziako Berrezarpenarekin, haren ordez Henrike IV.a Frantziakoarena jarri zuten. XIX. mendearen amaieraz geroztik, emakume baten irudia da domina apaintzen duena.

Ohorezko Legioaren ordenan mailarik baxuenean sartzen dira gehienak, zaldun mailan; baina merituen arabera, goragoko mailetara hel daiteke (dena dela, batzuk zuzenean goragoko mailetan sartzen dira). Gorengo kargua maisu handiarena da; Frantziako presidenteari dagokio eta Ohorezko Legioko kantzilerrak ematen dio. Kantzilerra gurutze-handi titulua dutenen artean hautatzen da eta ordenaren Kontseiluko presidentea da.

Ohorezko Legioan sartzeko, beharrezkoa da ministro batek Ordenaren kontseiluari hautagaia aurkeztea. Ministroak proposatutakoa onartua izanez gero, hautagaia Legioko partaide bihurtzen da eta intsignia jasotzen du hotsandiko zeremonia batean.

Intsigniak aldatu egiten dira maila batetik bestera, batez ere tamainaren aldetik. Zaldun eta ofizialenek 37 milimetroko diametroa dute; komandanteenek, berriz, 60 milimetro. Ofizial handi edo gurutze-handi mailetara iristen denak, dominaz gain, urre edo zilarrez estalitako 90 milimetroko plaka bat jasotzen du.

Dekorazioa
Zalduna
Ofiziala
Komandantea
Ofizial handia
Gurutze Handia

Ohorezko Legioaren jatorria eta historia

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Napoleon Bonaparte enperadorea, Ohorezko Legioko lehenengo dominak ezartzen, 1804ko uztailaren 14an (margolanaren egilea: Jean-Baptiste Debret)

1802ko maiatzaren 20an, Napoleon kontsulak Ohorezko Legioaren ordena nazionala sortu zuen, horrela, domina emate publikoetara itzuliz, Antzinako Erregimenekoak ezeztatuak izan baitziren 1789ko iraultzarekin. Erabakiari buruzko kritikez (domina helduentzako jostailua zela esaten baitzen), Napoleonek berak honela erantzun zuen: "Jostailu hauengatik dator jendea nire atzetik".

1804ko uztailaren 15ean, Parisko Hôtel des Invalidesen eginiko zeremonia handi batean, Napoleonek Ohorezko Legioaren lehen dominak eman zizkien meritu bikaineko mariskal, soldadu, gerrako baliaezin, zientzialari, artista eta idazleei. Handik egun batzuetara, abuztuaren 16an Boulogne-sur-Merreko zelaian, non 200.000 soldadu kanpatuak zeuden Ingalaterra inbaditzeko prest, Napoleonek Ohorezko Legioaren beste domina bat eman zuen, berotasun giro deskribaezinean.

Ohorezko Legioa jaso zuen lehen emakumea Frantses Errepublikako Indar Armatuetako sarjentu Angélique Duchemin izan zen, 1851ko abuztuaren 15ean. 1900. urtea baino lehen, beste 47 emakumek jaso zuten.

Historian zehar, Ohorezko Legioaren ospea gora joan zen eta, 1914an, Lehen Mundu Gerra hasi zenean, ordenak 50.000 "legionario" zituen.

Lehen Mundu Gerrako borroka latzek eta soldaduen heroi ekintzen ondorioz, Ohorezko Legioaren partaide kopurua emendatu zen, askotan zauriturik edo baliaezinik borrokan jasotako zauriengatik. Horrela, 1921ean, beharraren beharrez, "Société d'Entraide des Membres de la Légion d'Honneur" (Ohorezko Legioaren Partaideen Elkarren Arteko Laguntzaren Elkartea) sortu zuen Dubail jeneralak, legionarioen artean elkarlaguntza garatu eta berresteko, eta behartsuenei, baliaezinei edo lesionatuei laguntzeko. Urteak joan eta urteak etorri, elkarte hori sendotuz joan da eta arlo gehiagotan dihardu. Gaur egun, 60.000 partaide baino gehiago ditu eta Frantzian zein munduko beste herrialde askotan dago, bere tokiko sekzioekin, anaitasun bakar batean frantziarrak eta atzerritarrak bilduz.

Kantzilertza Handia Parisen dago, Parisko 7. barrutian, Salmeko hotelean, orain Ohorezko Legioaren Jauregia izenaz ezagutzen dena. Jauregiak Ohorezko Legioaren Museoa ere hartzen du.

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]