Morne de la Grande Montagne
Morne de la Grande Montagne | |
---|---|
Datu orokorrak | |
Garaiera | 240 m |
Prominentzia | 240 m |
Mota | mendi |
Geografia | |
Koordenatuak | 47°02′49″N 56°18′23″W / 47.0469°N 56.3064°W |
Estatu burujabe | Frantzia |
Overseas collectivity of France | Saint-Pierre eta Mikelune |
Commune | Mikelune-Langlade |
Leku geografikoa | Mikelune |
Mendizaletasuna | |
Ohiko bidea | Mirande aldetik |
Morne de la Grande Montagne (240 m) Ipar Amerikan dagoen Mikelune uharteko mendirik altuena da. Ternuaren ondoan eta administratiboki Frantziaren menpean dagoen Saint-Pierre eta Mikelune lurralde osoaren punturik altuena ere bada.
Izena
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Jatortasun handirik gabeko izena du muino honek eta literalki "Mendi Handiaren Muinoa" esan nahi du. Bitxia den kontu bakarra bi generikoren presentzia da: Morne[1] ("itxura biribileko muinoa", batez ere eragin frantseseko Karibean erabilia) eta Montagne)
Ezaugarriak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Mikelune uhartean bi alde desberdindu daitezke; iparraldean eremu txiki bat dago non Mikelune herria eta Le Cap ("lurmuturra") dauden. Uhartearen gehiengoa zonalde honetatik hegoaldera zabaltzen da, Grand Étang de Miquelon aintzira zeharkatu eta gero.
Bigarren honetan ez dago bereziki nabarmentzen den mendirik baina bada muino anitz; gehienak lerrokatuta daude, ipar-ekialdetik hego-mendebaldera doazenak eta altuena Morne de la Grande Montagne da. Baina antzeko altuerak dituzte beste batzuek; bere ipar-ekialdean Grande Morne à Sylvain (222 m) eta bere hego-mendebalderantz Morne du Noroit de l'Étang aux Outardes (215 m), Morne de Suroit (222 m) eta Morne de la Presqu'Ile (219 m) daude, besteak beste. Oro har lur pobreak dira[2]; hala ere, aipatzekoa da bere magalean dagoen pinudia frantses estatuko baso boreal bakarra dela[3]. Batzuetan Les Mornes izen kolektiboa ematen zaie muinoei[4].
Mendirako bidea
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Miquelon herriskan gaudelarik errepidea lehen eta pista finkoa dena hartu behar da uhartearen gorputz nagusira joateko; hegoalderantz jota Langladerekin lotzen duen errepidea ez da hartu behar, gorputz honen iparraldeko kostaldea zeharkatzen duen bidea baino. Bere lehen kilometroetan Chemin des Roses ("Larrosen bidea") du izena. Mirande aldera heltzen da: izen hori daramate Étang (aintzira) batek, hau itsasotik banatzen duen eta pistak zeharkatzen duen dunak, kostaldean dagoen Rocher edo haitz batek eta Ferme de Mirande delako etxegune txikitxoak.
Hementxe utzi behar dira bai kostaldea bai errepidea eta oinez barnealderantz jo behar da, le Chemin des Boeufs[5] ("idien bidea") erabiliz hego-ekialdeko norabidean. Bidea erreka baten paraleloan doa; erreka Ruisseau des Godiches edo de Mirande deitzen da eta erreka gora goazela Morne nagusiak ezkerrerantz agertzen dira; lehenago Grand Morne à Sylvain eta apur bat geroago Morne de la Grande Montagne. Klima baldintza onetan teknikoki erraza da lur honetatik ibiltzea, beraz gutxi gorabehera 100 metroko altueran errekaren ibilbidea utzi eta muinoetara jotzen da. Arazo nagusia eguraldia da: hilabete askotan oso gogorra da eta udan ere lainoa askotan ageri da; hori dela eta oso bisita gutxi izaten ditu mendiak.
Lau bat km daude Ferme de Mirandetik tontorrera. Teorian posible da kostaldeko beste leku batzuetatik (uharteko ekialdeko kostaldetik bereziki) igotzea baina distantzia dexente luzatzen da[6].
Kartografia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- IGN frantsesaren 4798 S mapa (Miquelon), 1:25.000 eskalakoa.
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ Quelques aspects de la toponymie des îles Saint-Pierre-et-Miquelon, ikus 2.or.
- ↑ Argazkia, ikus 11.or
- ↑ Aipamena eta Roger Etcheberryren argazkia Ornithomedia.comen.
- ↑ Argazki bat[Betiko hautsitako esteka] Patrick Boezen webgunean.
- ↑ Mirande aldea webgune pertsonal batean.
- ↑ Atal honetarako iturria kartografia erreferentzia da batez ere.
Ikus, gainera
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Kanpo estekak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- (Ingelesez) Morne de la Grande Montagne Peakbagger webgunean.
- (Ingelesez) Mendia GeoNames webgunean.
- (Ingelesez) Mendiaren kokapena.