Julius Vogel
Julius Vogel (Londres, 1835eko otsailaren 24a - Molesey, Surrey, 1899ko martxoaren 12a) zeelandaberritar politikaria izan zen. Zeelanda Berriko lehen ministroa izan zen 1873tik 1875era eta 1876an.
Londresen jaioa, kimika eta metalurgia ikasi zituen. 1852an Victoriara emigratu zuen eta meatze-kanpamenduetako hainbat egunkariren editorea izan zen. Victoriako Parlamenturako hautaketan porrot egin ondoren, 1861ean Otagora emigratu zuen eta Otago Witnessen kazetari bezala lan egin zuen eta Otago Daily Times sortu zuen.
1862an Otagoko Kontseilu Probintzialean eserleku bat irabazi zuen eta 1866tik 1869ra gobernu probintzialeko presidente izan zen.
1863an Zeelanda Berriko Ordezkarien Ganberako kide hautatu zuten eta 1869an William Foxen gobernuan sartu zen.
1873tik 1875era eta 1876an lehen ministro izan zen, eta Zeelanda Berrian kargu hori bete zuen lehen judua. 1870eko obra publikoen proiektuagatik eta maoriekin adiskidetzeko politikaren arrakastagatik nabarmendu zen.
1889an zientzia-fikziozko eleberri bat argitaratu zuen, Anno Domini 2000, or, Woman's Destiny izenekoa. Bertan, etorkizun utopikoa aurreikusten da, non emakumeek erantzukizuneko karguak beteko dituzten.