iBet uBet web content aggregator. Adding the entire web to your favor.
iBet uBet web content aggregator. Adding the entire web to your favor.



Link to original content: http://eu.wikipedia.org/wiki/Izokin_arrunta
Izokin arrunt - Wikipedia, entziklopedia askea. Edukira joan

Izokin arrunt

Wikipedia, Entziklopedia askea
Izokin arrunta» orritik birbideratua)
Izokin arrunt
Iraute egoera

Ia galzorian  (IUCN 3.1)
Sailkapen zientifikoa
ErreinuaAnimalia
FilumaChordata
KlaseaActinopteri
OrdenaSalmoniformes
FamiliaSalmonidae
GeneroaSalmo
Espeziea Salmo salar
Linnaeus, 1758
Banaketa mapa
Genomaren kokapenaensembl.org…

Izokin arrunta (Salmo salar) —hainbat hizkuntzatan Atlantikoko izokina ere deitua— Salmonidae familiako arraina da, Ozeano Atlantikoan eta bertara isurtzen diren ibaietan bizi dena. Migratzaile anadromoa da: umeak marroi pikartak dira, eta, jaio ziren ibaian 1-3 urtez bizi ondoren, itsasora migratzen dute. Helduek bizkarraldea urdinkara eta sabelaldea zurixka dute, eta, itsasoan 1-3 (5) urtez elikatu eta gero, sortu ziren ibaira itzuli eta han ugaltzen dira.

Itsasoan bizi diren izokin helduek, eta ibaietara iritsi berriak direnak ere, bizkarralde zilar kolorekoa, tanto beltz bakan batzuekin apaindua, eta sabelalde zurixka dute. Handienak 150 cm luze eta 46 kg izatera iristen ahal badira ere[1] gehienean askoz txikiagoak dira:

  • 2-3 kg itsasoan urte bat igarota ibaira itzuli direnak
  • 5 kg inguru itsasoan 2 urte igaro dutenak
  • 10 kg, eta gehiago ere, itsasoan hiru urtez egon direnak

Izokinkumeak marroiak dira, tanta beltz eta gorriekin. Itsas aldera abiatu baino lehen, ordea, azalaren kolorea urdin bihurtzen zaie.

Bere jatorrizko banaketak Ozeano Atlantikora isurtzen duten ibai gehienak hartzen zituen, Hudson (Ipar Amerika) eta Miño (Europa) ibaietatik iparrera, Itsaso Baltikoa eta Kolako penintsula barne. Euskal Herrian Oria, Urumea, Bidasoa, Urdazuri, Errobi eta Aturrin bizi da.

Hego Hemisferioko zenbait tokitan sartua izan da: Argentina, Australia, Txile eta Zeelanda Berrian[2]

Euskal Herrian

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Sakontzeko, irakurri: «Lehenbiziko (izokina)»

Izokinkumeek intsektuak (Ephemeroptera, Trichoptera, Diptera), moluskuak, krustazeoak eta arrain txikiak jaten dituzte. Itsasoan, berriz, krustazeoak (izkirak, anfipodoak, krilla), txipiroiak eta arrainak janda elikatzen dira. Dena dela, izokina handitu ahala jatekoa aldatuz doa. Faroe Uhartetako itsasoan, esate baterako, lehenbiziko urtean anfipodoak eta arrain txikiak (Myctophidae, Paralepididae) jaten dituzte batez ere. Izokin handiek (itsasoan hiru negu edo gehiago eman dutenek) arrain handiak jaten dituzte gehienbat[3].

Izokina migrazioan Matana ibaian gora (Quebec, Kanada)

Izokinak, itsasoan barrena ibilaldi luzeak egin ondoren, jaio ziren ibaietara itzultzen dira ugaltzera. Sorlekuari dioten fideltasun honi ingelesez homing deitzen zaio. Ibilbidean orientatzeko hainbat elementu erabiltzen dituzte: ilargiaren edo eguzkiaren kokapena, grabitate eremuak, itsaslasterrak, uraren gazitasuna eta, ibaiaren bokaletik hurbil direnean, usaimena. Antza denez beren ibaiaren usaina, edo beharbada ibaian diren izokinena, ezagutzeko gauza dira[4].

Ur gezan sartzen direnean jateari uzten diote eta ibaian gora abiatzen dira. Udazkenaren amaieran, azaro eta urtarrila bitartean, ur emaria gehitu eta tenperatura jaisten denean, erruteko sasoia iristen zaie. Orduko arrak eta emeak oso itxuraldaturik egoten dira. Emeak azalean hainbat orban beltz eta gorrixka izaten ditu eta sabelaldea handitua. Arrak, bizkarrean eta saihetsetan orban gorriak izateaz gain, barailak luzatuak izaten ditu eta behekoa era ikusgarrian kakotua.

Orduan, arreske dagoen emeak arrautzak uzteko leku egokia bilatzen du. Toki horiek errunlekuak dira eta hainbat baldintza behar dituzte:

  • Ur garbiak, hotzak eta ondo oxigenatuak.
  • Sakonera gutxikoak.
  • Korrontearen abiadura moderatua edo azkarra.
  • Ibai zola neurri egokiko errekarriz estalia egotea (3-5 eta 10 cm arteko diametroa dutenak).[5]

Emeak, errunleku egokia aukeratu ondoren, buztanari eraginez zulo bat egingo du eta bertan laranja koloreko arrabak egotziko ditu; arrak bere espermaz ernalduko ditu. Berehala, emeak, buztana astinduz, errekarriz estaliko ditu. Horrela jarraituko du emeak arrautza guztiak (1500-2000 pisatzen duen kilo bakoitzeko) errun arte. Askotan ar bat baino gehiago saiatzen da arrautzak ernaltzen. Izokinkume (parr) batzuk itsasora joan baino lehen sexualki helduak izaten dira eta, beraz, arrautzak ernaltzeko gai.[6] Ugalketaren ostean arrak, ahulduak eta babesik gabe, hilko dira. Gutxi dira itsasora bueltatzen direnak.

Izokinkumea

Izokinkumeak arrabetatik ateratzeko 400-450 gradu/egun behar dira. Esaterako, ura 5 °C-tan badago, 80 egun beharko dira, baino 8 °C-tan badago 50 egun aski izango dira[7]. Jaio ondoren, errekarrien artean babesturik, bitelo-zakuko erreserbetatik elikatuko dira.

Bitelo-zakua galtzen duenetik itsas aldera migratu arte, izokinkumeak hiru fase igaroko ditu[4]:

  • Alebin: udaberrian (martxo-apirilean) errekarrien artetik atera, igeri egiten ikasi eta ornogabez elikatzen hasten denetik, ondoko udara arte. Orduko 3,5-4 cm luze izaten dira.
  • Tacon (frantsesez), parr (ingelesez), pinto (gaztelaniaz): lehenengo udatik smoltifikazioa hasten den arte. Euskal Herriko ibaietako izokinkume gehienak urte batekin smoltifikatzen dira.
  • Smolt. Itsasora abiatu baino lehen, ur gazietara egokitzeko hainbat aldaketa izango ditu. Aldaketa-prozesu horri smoltifikazioa edo itsasora moldatzea deitzen zaio. Gorputza liraindu egiten da eta azala zilar-kolorekoa bihurtu. Barruko hainbat organo itsasaldi luzerako prestatzen dira. Ordura arte lurraldekoiak izan badira ere, migratze garaian taldekoi bilakatzen dira.

Itsasoko aldia

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Smolt-ak udaberri amaieran eta udan (zenbat eta iparralderago, beranduago) ur gezatik irten eta Ipar Atlantikoko bazkalekuetara joaten dira. Udaberriko uraldietan jaisteak harraparietatik babesten baditu ere, itsasoratu eta lehenbiziko hilabeteetan izaten da post-smolt-en heriotza-tasa handiena.

Post-smolt-ek nahiko bizkor migratzen dute Ipar Atlantikora. Adibidez, Hego-Ingalaterran markatutako izokinkume bat hiru hilabete geroago Norvegiako Itsasoan, 2.000 km iparraldera, atzeman zuten. 60ko urteetatik itsas zabaleko arrantzak, markatze kanpainekin batera, izokin handien hedapenari buruzko informazio ugari eman du. Arrantzaleku nagusiak Groenlandiako mendebaldean eta Norvegiako Itsasoan (Norvegia, Faroe Uharteak eta Islandiaren artean) zeuden. Groenlandiako mendebaldeko itsasoan Kanada, Britainia Handia (Eskozia batez ere), Irlanda eta, gutxiago badira ere, Hego-Europako izokinak bazkatzen dira. Norvegiako Itsasoaren iparraldean, berriz, Norvegia, Britainia Handia, Suedia eta Errusiako ibaietan sortutakoak[3].

Izokin haztegiak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Izokin haztegia Gunnister Voen (Shetland uharteak)

Izokin hazkuntza XIX. mendean hasi zen, baino orduko helburua izokinkumeak (parr-ak) produzitzea zen, gero ibaietara botatzeko. Izokin handien ekoizpen komertziala Norvegian hasi zen, 60ko urteetan. Harrezkero produkzioa ikaragarri handitu da: 2007an, mundu osoko haztegietan, 1.400.000 tona izokin baino gehiago produzitu zen. Ekoizle handienak Norvegia, Eskozia, Irlanda, Faroe Uharteak, Kanada, Ameriketako Estatu Batuak (ipar-ekialdeko kostaldea) eta Australia (Tasmania) dira[8].

Haztegietatik ihes egiten duten izokinek hainbat kalte egiten diote basaizokinari: lehia, kutsadura genetikoa eta baita eritasunak eta parasitoak (izokin-zorria, Lepeophtheirus salmonis, esate baterako) kutsatzea ere.

Izokinaren egoera

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Azken 30 urteotan basaizokinak beherakada handia izan du eta, bai Europan, bai Ipar Amerikan, hegoaldeko populazio gehienak egoera larrian dira. Iparraldeko populazioak egonkor daude eta tarteko latitudetan gainbehera doaz. Beherakada honen arrazoiak hauek dira: uraren kutsadura, ibaietan uharkak egitea, ur-emariak agortzea, gehiegizko arrantza eta izokin haztegien eragina[3].

Garaiko agiri eta testigantzen arabera Erdi Aroan Kantauri Itsasora isurtzen duten Euskal Herriko ibai guztietan izokinak bizi ziren. Gaur egun, Aturri, Errobi, Urdazuri,Bidasoa, Urumea eta Orian sartzen dira.[9]

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. mma.biodiversidad:Salmo salar
  2. http://www.iucnredlist.org/apps/redlist/details/19855/0
  3. a b c Hansen, L.P. (2004) A review of the biology of Atlantic salmon in the marine environement (15-32). M. Lamuela eta J. Alvarez (ed) Un viaje de ida y vuelta. ISBN 84-932524-4-1
  4. a b Le saumon atlantique. Patrick Prouzet
  5. Casaubon, Jakes. Arrain migratzaileen kudeaketa Bizkaiko Golkoko ibaietan. Basabizitzaren kudeaketa, buruxkak.eus (Noiz kontsultatua: 2020-8-27).
  6. E. Beall, J. Dumas, B. de Gaudemar, E. García-Vázquez. Alternative reproductive tactics of male Atlantic salmon in a small coastal stream at the southern limit of the species distribution: Temporal variation of reproductive succes and fitness. M. Lamuela eta J. Alvarez (ed) Un viaje de ida y vuelta. ISBN 84-932524-4-1
  7. SIAPA
  8. Izokin haztegiak FAOren webgunean
  9. Izokin arrunta. irekibai.eu (Noiz kontsultatua: 2020-8-27).

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]