iBet uBet web content aggregator. Adding the entire web to your favor.
iBet uBet web content aggregator. Adding the entire web to your favor.



Link to original content: http://eu.wikipedia.org/wiki/Gramatika
Gramatika - Wikipedia, entziklopedia askea. Edukira joan

Gramatika

Artikulu hau Wikipedia guztiek izan beharreko artikuluen zerrendaren parte da
Artikulu hau "Kalitatezko 2.000 artikulu 12-16 urteko ikasleentzat" proiektuaren parte da
Wikipedia, Entziklopedia askea

El imposible vencido
Manuel Larramendiren El imposible vencido (1729), euskararen lehen gramatika.

Gramatika hizkuntzalaritzaren atal bat da, hizkuntzaren arau eta oinarriak aztertzen dituena, hitzen eta bestelako osagaien sintaktikoen antolamendua eta egitura. Beraz, batez ere, morfologiaz eta sintaxiaz arduratzen da. Hala ere, hizkuntzaren beste maila batzuk ere jorratzen ditu, hala nola morfosintaxia, semantika edo pragmatika.

Gramatika esaten zaio, bestalde, hizkuntza bat deskribatzen duen lanari. hortaz, hizkuntza bakoitzak berea du. Izan ere, gramatikaren ikasketa formala (hizkuntzaren arauak) oso hedatuta dago hezkuntza sistema osoan, txikitik goiko mailetaraino.

Gramatika motak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hauek dira gramatika mota nagusiak:

  • Gramatika preskriptiboa edo arauemailea: hizkuntza baten erabilera arauak zehazten ditu, hots, zer eta nola erabili behar den eta zer baztertu. Ohiko gramatikak arauemaileak izaten dira: prestigioa duen aldaera edo aldaera estandarra izaten du oinarri eta autoritate-erakunde batek egin ohi du.
  • Gramatika deskriptiboa: hizkuntzaren erabilera erreala azaltzea du helburu eta ez du araurik ematen.
  • Gramatika tradizionala: mendebaldeko gizarteek antzinako Grezia eta Erromatik jasotako gramatikari buruzko ideia sorta da. Gehienetan, gramatika arauemaileek tradizionaleko termino eta kontzeptuak erabiltzen dituzte eta latinarekiko mendekotasun handia izaten dute.
  • Gramatika sortzailea: sintaxia aztertzeko teoria formal bat da, hizkuntza naturalen adierazpen zuzenak sortzeko balio duena. Gramatika unibertsala teoria horren parte da. Hizkuntza natural guztiek oinarri komun zehatzak dituztela uste du. Oinarri horiek, gainera, jaiotzetikoak dira, gure gizatasunaren parte dira. Haurrei beren ama hizkuntza ikasten laguntzen duen arau multzo bat dagoela defendatzen du. Gramatika unibertsala ikertzen dutenek hizkuntzen orokortasun komunak bereizten dituzte, hatsarre unibertsalak, ondorengo formularekin: “X zuzena bada, orduan Y gertatuko da”. Ikasketa hori hainbat diziplina linguistikotara garatu da, adibidez, fonologian eta psikolinguistikan. Ikuspegi horren gramatikari ezagunenak Noam Chomsky, Edward Sapir eta Richard Montague dira.
  • Gramatika formala: hizkuntzalaritza konputazionalari dagokio. Izan ere, programazio-hizkuntza bakoitzak bere gramatika arauak ditu.

Gramatika unibertsala

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Goragoko marko teoriko hauen artean, 20. mendean zehar, gramatika sortzailearen eremutik, gramatika unibertsalaren kontzeptua dator. Noam Chomsky da honen bultzatzaile nagusia, eta adierazi nahi luke gizakiok hizkuntza sortzeko dugun gaitasuna oinarritzen direla arau edo printzipio gramatikal batzuetan, eta gizaki eta kultura guztietan dagoenez hizkuntza(k) sortzeko gaitasuna, printzipio eta gramatika horiek unibertsalak izan behar direla ondorioztatzen da.[1]

Colorless green ideas sleep furiously (kolorerik gabeko ideia berdeek sutsuki egiten dute lo) Chomskyren adibideko esaldia, esanahiz absurdoa, baina gramatikalki ulergarri eta zentzuduna, gramatika unibertsaleko zuhaitz gisa adierazia.

Era berean, gramatika unibertsal honek oinarri genetiko bat duela uste dute Chomskyk eta bere lerrokoek, eta gaitasuna gizakiengan garatu bada, mutazio genetiko zehatz batek ahalbidetu behar izan du hori homo sapiensa-aren eboluzioan.[2] Chomskyren ikuspegian, hizkuntzaren jabekuntza prozesua ez dela ikasketa prozesu arrunt bat, inguruaren ezaugarri jakin batzuen barneratzean datzana, baizik eta ikasketa-prozesuaren aurrekoa den gaitasun baten zehaztapena, inguruko input linguistikoaren eraginez. Hau da, inputak ez du ezagutza determinatzen (izatez estimuluen pobrezia ere azpimarratzen da ikuspegi chomskyarrean: esaldi eta berriketa solteetik ikasten duela haurrak); hura gauzatzen laguntzen du, hizkuntza posibleen espazioan jomuga-hizkuntzari dagozkion aukera mugatuak finkatuaz.[3]

Gramatika unibertsalaren aldeko argudioetako bat pidgin hizkuntzen izaera eta bilakaera da, nola kreoleretan bihur daitezkeen. Hizkuntza berbera ez duten gizataldeen artean elkar ulertzeko sortzen da pidgin bat, unitate lexiko konpartituak dituen mintzaira bat, baina joera sintaktiko eta morfologiko oso egituratu gabe. Gizatalde batzuetan hitz egiteko modu nagusia hori denean, bigarren belaunaldi bat datorrenean, haur hiztunek egitura gramatikal sendoagoekin osatzen dute gurasoen mordoiloak eta horrela garatzen dira kreolerak, hizkuntza gramatikalki osoak.[4]

Gramatika teoriaren historia

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Ezagutzen den gramatika lan zaharrena sanskritoari buruzko Astadhiaia da, Indian, K.a. 480. urtearen inguruan, Pāṇinik idatzia. Honen jarraitzaile izan ziren Pingala (K.a. 200 infuruan), Katyayana eta Patanjali (k.a. II mendekoak). Sanskritoaren inguruko lanak izan ziren indiar hauenak.[5]

Antzinako grezieraren eta latinaren gramatikak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Mendebaldeko lehen ahalegin gramatikoak greziarrei sor zaizkie. Pergamoko eskolako filosofo eta filologoen artean , K.a. 3. mendetik 1.era, hizkuntzaren erregulartasunetan zentratu ziren batzuk izan ziren, batez ere 3. mendetik 1.era. Horien artean nabarmendu ziren Aristarko Samotraziakoa (217-145 K.a.), eta honen dizipuluetakoa, Dionisio Traziakoa (I. m. K.a), mendebaleko lehen gramatikaren egilea (Tekhne grammatike izenekoa). Tekhne grammatike lan laburra da, 45 lerrokada gordin, baina grekoen lau mendetako hausnarketa gramatikalaren fruitua. Bertan emango da esaldiaren, eta izen hori merezi lezakeen, lehen definizio zehatza: esaldia da... hitzez eginiko osotasuna, pentsamendu oso bat adierazten duena.[6] Era berean, hitzak funtzioen arabera ordenatu zituen lehen gramatikalaria izan zen Dionisio, zortzi mota hauek aurkitu zituelarik: adberdio edo adizlagunak, artikuluak, kojuntzioak, izenak, partizioak, preposizioak, izenordainak eta aditzak.[7]

Grezierarekin beste ahalegin batzuk egin zituen beste aditu bat, Krates Maloskoa izan zen K.a. II. mendean. Hau ere Pergamokoa zen jatorriz eta bertako errege Eumenes II.ak Erromara bidali zuen enbaxadore gisa. Erroman eman zituen hitzaldiak pizgarri izan ziren erromatar latindarren artean gramatika eta kritika beren kasa garatzeko.[8]

Islamiar zibilizazioaren urrezko garaian ikusi ziren lanak: arabierazko gramatika Abu al-Aswad al-Du'aliy-rekin sortu zela esan daiteke.

Hebreerazko gramatikako lehen tratatuak Goi Erdi Aroan agertu ziren, Mishnaren testuinguruan (Biblia hebrearraren exegesia). Diqduq delakoa (X. mendea) Biblia hebrearrari buruzko lehen gramatika-iruzkinetako bat da izan zen. Ibn Barunek, XII. mendean, arabiera eta hebreera konparatu zituen tradizio gramatikal islamiarrean.[9]

Auraicept gramatika irlandar primitiboa.

Zazpi arte liberalen Triviumaren zati bezala, gramatika diziplina nagusi bezala irakatsi zen Erdi Aro osoan, antzinate berantiarreko autoreen eraginaren ondorioz, Prisziano kasu. Elio Donatoren Ars Grammatica (IV. mendekoa) izan zen beste erreferente bat garaiko ikasketetan.[10]

Hizkuntza bernakuloen tratamendua pixkanaka hasi zen Goi Erdi Aroan, lan isolatuekin, hala nola Antzinako islandieraren lehen tratatu gramatikala (Fyrsta málfræðiritgerðin), baina Errenazimentu eta Barrokoko garaietan bakarrik eragin zuen. Lehenagoko aurrekari bitxi bat badago, ordea, VII. mendean irlanderaren gramatika bat sortu baitzen, Auraicept na n-Éces izenekoa.[11]

Nebrijaren gramatika eta bere irismen politikoa

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Latin hizkuntzei buruzko lehena Antonio de Nebrijak idatzi zuen, 1492 urtean, Gramática sobre la lengua castellana.[12] Kristobal Kolon Amerikara abiatu baino hiru hilabete lehenago, eta Gaztelaren hegemonia iberiar penintsulan ezartzen ari zen une zehatzean idatzian. Isabel erreginari zuzendutako hitzaurrean, Nebrijak gramatikaren eta hizkuntzaren balio politikoa azpimarratu zuen, bere asmoa ere "gure nazioaren gauzak handitzea" izan zelarik.[13] Beste esaldi ospetsu bat ere utzi zuen hitzaurrean Nebrijak, "hizkuntza beti inperioaren lagun izan zen".

Hizkuntza, beti inperioaren lagun.

Apologista batzuen arabera, klasizismoari eta Erromari egindako erreferentzia da hori; ez Espainiak edo Gaztelak ezarri behar zuen hegemonia politikoari. Hala ere, gramatikaren argitalpenaren baino lehenago ere, 1487an, lanaren beharra azpimarratzean erreginari, beste hizkuntza batzuen aipua egina zuen Nebrijak[13]:

« ...mas los vizcaínos, navarros, franceses, italianos y todos los otros que tienen algún trato y conversación en España y necesidad de nuestra lengua, si no vienen desde niños a la deprender por uso, podrán la más aína saber por esta mi obra »
Antonio de Nebrija, 1487

Eta hitzaurrean bertan ere aski argia da hizkera:

« Después de que Su Alteza haya sometido a bárbaros pueblos y naciones de diversas lenguas, con la conquista vendrá la necesidad de aceptar las leyes que el conquistador impone a los conquistados, y entre ellos nuestro idioma; con esta obra mía, serán capaces de aprenderlo, tal como nosotros aprendemos latín a través de la gramática latina »
Antonio de Nebrija, 14892

Alderdi formaletik, Nebrijarenak eta haren ondoren jesuitek Espainian argitaratu zituzten gramatiketan igartzen da eredu gramatikal grekolatindarraren jarraopen bat, eta eredu hori beste hizkuntza batean ezartzeak dakartzan zailtasunak gainditzeko ahalegin bat.[14]

Hizkuntzalaritza konparatuaren garaian

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Hizkuntzalaritza konparatuarentzako bultzada funtsezkoa izan zen indoeuropar hizkuntza taldearen egitatea ulertzea. 17. eta 18. mendeetan zehar, Europako zenbait jakintsuk iradoki zituzten lotura horiek, baina funtsezko ekarpena izan zen William Jones britainiarrak, epaile zelarik Indian, hitzaldi batean (1786) eta artikulu batean (1788) nabarmendu zuen sanskritoak loturak zituela grekera eta latinarekin, eta tartean hizkuntza iraniar eta zeltikoen loturak ere ikusi zituen. Jonesen lehen aipru nagusian, gramatikak ere pisua izan zuen, hitzen konparaketa hutsetik harago finkatuz hizkuntzalaritza historikoa edo konparatua, ordutik aurrera bereziki garatutako alorra.[15]

« The Sanskrit language, whatever be its antiquity, is of a wonderful structure; more perfect than the Greek, more copious than the Latin, and more exquisitely refined than either, yet bearing to both of them a stronger affinity, both in the roots of verbs and the forms of grammar, than could possibly have been produced by accident; so strong indeed, that no philologer could examine them all three, without believing them to have sprung from some common source, which, perhaps, no longer exists »
Sir William Jones, 1788

Gramatika unibertsalaren aurrekariak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

20. mendean gramatika unibertsala (bere kritikekin ere) kontzeptu funtsezko bat bihurtu delarik, aurretik ere bazituen kontzeptu honek aldarrikatuz.

Roger Baconek Erdi Aroan proposatu zuen: hizkuntza guztiak gramatika komun baten gainean eraikitzen dira, nahiz eta intzidente-aldaketak izan ditzakeen batetik bestera.[16] XIII. mendean jada, Baconi jarraiki, gramatikalari batzuek arau unibertsal batzuk postulatu zituzten.

XVII. mendeko hizkuntza filosofikoen proiektuak ezagutu ziren, hizkuntza artifizial perfektuak lortzeko egitasmoak, eta ahalegin horretan saiatu ziren egileetako batzuentzat, oinarrian gramatika orokor bat egon behar zen, unibertsala behar zuena. Halako bat deskribatzen Claude Lancelot-en eta Antoine Arnauld-en Grammaire générale lanean, ziena René Descartesen ideien gainean eraiki zuten, eta bertan ondorioztatu zuten gramatikak unibertsala izan behar duela.

XIX. mendean, Wilhelm von Humboldt- ek hizkuntzaren azterketa programa erromantizista nazionalarekin lotu zuen, hizkuntza pentsamenduaren ehuna zela pentsatuz. Pentsamenduak barne elkarrizketa moduko zerbait gisa sortzen dira pentsalariaren jatorrizko hizkuntzaren gramatika bera erabiliz. Gramatkaren adierazpide batzuk, Von Humboldt-ek argudiatutakoaren arabera, hala nola inflexio mota morfologikoa, pentsamendu nagusiago edo perfektuago bat harilkatzeko bide ematen dute; eta horretan, apaltasun gutxirekin, ondorioztatu zuen izaera hori zuten hizkuntzak, hala nola indoeuroparrak (bere ama hizkuntza, alemana, barne), hizkuntzak perfektuenak zirela eta, hortik, hizkuntza perfektuen hiztunen nagusitasuna azaldu zuen bide batez.[17]

XX. mendearen hasieran Otto Jespersen hizkuntzalariak ordura arteko "gramatika unibertsalen" oinarri teorikoak kritikatu zituen, esanez latinetik gehiegi eratortzen saiatu zirela, Jespersenen ustez latinean oinarritutako gramatika unibertsoal batek huts egin behar zuen, munduko hizkuntza-aldaketaren zabalera kontuan hartuta, baina ez horregatik egin zion uko ideiari: aldiz, Jespersenek kategoria sintaktiko unibertsalen edo superkategorien alorrean kokatzen du unibertsaltasuna hala nola kopurua, denbora eta antzeko elementuak. Era berean, ordura arteko ikuspegi nahiko hedatu bat kritikatu zuen Jespersenek: gramatika zela zuzen hitz egin eta idazteko arau multzo bat.[18] Teoria preskribitzaile horren ordezko ikuspegia zabaldu da ondoren: kultua izan edo ez, pertsonek modu gramatikalean mintzo ohi direla ebidentzia da harrezkero (salbu eta mintzairaren edo kognizioaren gaitz batzuk dituzten pertsonen kasuan).

Himba afrikar hizkuntzan koloreak nola izendatzen dituzten: hipotesi whorftarraren arabera, pertzepzioan ere eragina luke horrek?

Garai bertsuko beste teoria bat erlatibitate linguistikoaren teoria edo Sapir-Whorf hipotesia da, Edward Sapir-ek eta haren ikasle a, Benjamin Lee Whorfek formulatu den eran ezaguna batik bat.

Ezberdintasun linguistikoak gizakien kognizioan eta portaeran ondorioak dituztela dio teorian, eta bere adibide eta ustezko froga esperimentalak nagusiki semantikoak diren arren (koloreen izenak eta pertzepzioak desberdinak izan daitezkeelakoan hizkuntza desberdinetako hiztunen artean), alderdi gramatikalei ere begiratu izan zaie hipotesi honetan.[19] Honen ondorio erradikal bat da, adibidez, pentsatzea egitura gramatikal desberdinak dituzten arteko itzulpen gardena edo perfektua ezinezkoa dela, hizkuntza bakoitzak errealitatea modu berezi batera irudikatzen duenez, ondorioz hizkuntza desberdinetako hiztunek errealitatea modu berezian hautematen dute, eta ezin A hizkuntzako esperientzia B hizkuntzan zuzen eman (Sapirrek hau uste omen zuen).[20]

Euskal gramatiken historia

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Euskara aintzat hartu zuen lehen gramatika zantzuak Voltoireren L’Interprect ou Traduction du françois, espagnol & basque da, 1620 urte ingurukoa, [21] baina gehiago dira ikasbide gisako lan batean zantzu soil batzuk. Antzekoa izan zen Rafael Mikoletaren 1653ko ikasbide batean agertutako kapitulu parea, zeinak xaun hitzaren deklibabidea eta aditz jokabide batzuk ematen dituen, baina azalpenetan labur geratuz.[22]

Oihenarten Notitia utriusque Vasconiae historia-lanean euskararen gramatikari buruzko pasarteak daude.

Tartekoa da garaian, 1638 urtekoa, ahalegin serioago bat, Arnaut Oihenartena, bere Notitia utriusque Vasconiae historia-lanean euskararen gramatikari buruzko atalak sartu baitzituen.[21] Lehena, 1. liburuko hamaikagarren kapitulua, euskarazko izenen eta izenondoen ondarrean kausitzen den formaz idatzia da. Bigarrena, berriz, 14. kapitulua, euskararen gramatikaren eta morfologiaren aurkezpen orokorra da, titulu argikoa: Euskal mintzairaren berezitasun batzuez, eta euskal hitzen deklinatzeko eta konjugatzeko bideaz.[22]

Lehen gramatika osoa 1729 urtekoa da, Manuel Larramendik idatzia: El imposible vencido. El arte de la Lengua Vascongada.[21] Liburu horrek gramatikari hiru atal eskaintzen dizkio: lehenengoa, deklinabidea eta aditza; bigarrena, sintaxia; eta, hirugarrena, prosodia. Gainera, euskal poemagintzari eskainitako eranskin bat ere badu. Gramatika tradizionalari lotzen zaioen arren, zenbaitetan latinaren eredutik aldentzen da, euskararen ezaugarri batzuk hobeto azaldu nahian.

19. mendeko euskal gramatiketan, eredu latindarrari hertsitako azalpenak ematea ohikoa zen euskararen deskribapen dramatikoetan, esate baterako, mugagabearen aipamenik gabe edo euskal deklinabide edo post-posizio sistema latinezko sei kasuen egiturara egokitzeko ahaleginetan.[23]

Euskal aditzaren trataeran ere, gaur egun erabiltzen diren eskema batzuk ez dira erraz agertzen gramatika zaharretan. Esate baterako, kasuen arabera komunztadura egiten duten pertsonen araberako aditz formen sailkapenak ohikoak egin zaizkigu 20. mendean, dela nor-nork edo nor-nori-nork... Halako deskribapenik ez da ikusten gramatika zaharretan, baina aldiz euskal aditzaren funtsezko bereizketa bai ikusi zuten euskal gramatikalari aitzindariek: aditz trinkoen eta perifrastikoen arteko bereizketa. Batzuei eta besteei aditz jator (conjugatio propria) eta ez-jator (conjugatio impropria) deitu zien Oihenartek, eta irregular (trinkoak) / erregular Manuel Larramendik. Geroagoko ikuspegiarekin, bestalde, bitxia da ikustea nola gramatikalari zaharrentzat, adibidez Larramendi berarentzat edo Martin Harrietentzat, forma perifrastikoak diren garbienak euskaraz, eta trinkoak bigarren mailakoak. Sabindar euskararen garaian, ikuspegia eraldatu zen: aranatarrek aditz trinkoen antzinatasun eta jatortasunean sinisten zuten eta, ondorioz, joko trinkoa beste aditz batzuetara hedatu eta orokortu nahi izan zuten.[24]

Euskara batuaren garaia

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Euskara batuaren garaian, 1980. urtean Euskaltzaindiak Gramatika Batzordea sortu zuen. 1984an argitaratu zen EGLU edo Euskal Gramatika: Lehen Urratsak sortaren lehen liburukia, perpaus bakunei buruzkoa; eta beste sei kaleratu ziren 2011ra arte: aditzari, lokailuei eta juntagailuei buruzko bana, eta mendeko perpausei buruzko hiru.

Beste ahalegin paralelo bat ere izan zen Sareko Euskal Gramatika, Euskal Herriko Unibertsitateak bultzatua, 2008a eta 2011 artean garatua online jarri arte (baina gero ere osatuta).[25]

2011tik aurrera, bilketa lan bat bultzatu zuen Euskaltzaindiak. Lan osoago baten osaketara igaro zen Gramatika Batzordea, eta emaitza izan zen 2021. urtean Euskararen gramatika liburua argitaratu izana, bi liburutan eta 43 ataletan, 2.000 orri baino gehiago paperezko edizoan.[26]

Aurkeztu zenean, lanaren arduradunek nabarmendu zuten 21. mendeko kontzeptuen argira berrikusi direla kontu asko. Esate baterako, euskararen deklinabide kontzeptuaren berrikusketa bat dakar gramatikak, deklinabide kasuen ordez, kasu atzizkiak eta postposizio atzikiak dituelakoan euskarak.[27]

Era berean, beste lan bat ere aurkeztu zuen EHUk: Euskal Gramatika: Egiturak eta Osagaiak (EGEO). Patxi Goenagak zuzendutako lan bat da, 2022an sarean argitaratu zena eta ez dena kontsideratu behar, bere hitzaurrean jaso denez, arau-emailetzat: "EGEOk deskribapena eta analisia dituela helburu eta ez erabilera arautzea".[28]

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. (Ingelesez) «What Is Generative Grammar?» ThoughtCo (Noiz kontsultatua: 2023-05-02).
  2. Andoni, Barreña. (1994-06-01). «Chomskyren arauak eta hizkuntz jabekuntza» Zientzia.eus (Noiz kontsultatua: 2023-05-03).
  3. (Gaztelaniaz) Etxepare, Ricardo; Irurtzun, Aritz. (2007). «Noam Chomsky: gramatikaren teoria eta hizkuntzaren filosofia» Gogoa 7 (1)  doi:10.1387/gogoa.3993. ISSN 2444-3573. (Noiz kontsultatua: 2023-05-26).
  4. Véronique, Georges Daniel. (2000). «Créole, créoles français et théories de la créolisation» L'information grammaticale 85 (1): 33–38.  doi:10.3406/igram.2000.2769. (Noiz kontsultatua: 2023-06-07).
  5. (Ingelesez) «Panini to Patanjali: A Grammatical March | Exotic India Art» www.exoticindiaart.com (Noiz kontsultatua: 2023-05-27).
  6. Hidalgo Eizagirre, Victor. (1999). «Hitzen ordena eta esaldiaren egitura informatiboa: Gogotea historiko zenbatien berri labur: Antzinatea» Fontes linguae vasconum: Studia et documenta 31 (82): 431–458. ISSN 0046-435X. (Noiz kontsultatua: 2023-05-27).
  7. (Ingelesez) Yagoda, Ben. (2006-07-09). «Parts of Speech» The New York Times ISSN 0362-4331. (Noiz kontsultatua: 2023-06-07).
  8. (Ingelesez) «Crates of Mallus | Greek philosopher | Britannica» www.britannica.com 2023-05-11 (Noiz kontsultatua: 2023-05-27).
  9. «Historia de la gramática hebrea _ AcademiaLab» academia-lab.com (Noiz kontsultatua: 2023-06-27).
  10. (Ingelesez) Salgado García, Iván. (2016-02-23). Vicisitudes de la tradición gramatical latina I: algunas curiosidades | Seminario Interdisciplinario de Estudios Medievales. Seminario Interdisciplinario de Estudios Medievales (Noiz kontsultatua: 2023-06-27).
  11. Mora, María José Rodrigo. (2014). «Nebrija e Italia. Un precedente toscano de la primera gramática romance» Boletín de la Sociedad Española de Historiografía Lingüística (9): 5–27. ISSN 1695-2030. (Noiz kontsultatua: 2023-06-27).
  12. Fernando, Lázaro Carreter. (1974). Lengua española : historia, teoría y práctica. Ediciones Anaya ISBN 84-207-0726-0..
  13. a b (Gaztelaniaz) «La lengua, compañera del imperio» Tierra Adentro 2022-08-18 (Noiz kontsultatua: 2023-04-16).[Betiko hautsitako esteka]
  14. Gómez López, Ricardo. (1991). Larramendiren gramatika eta gramatikagintzaren historia. ISSN 0582-6152. (Noiz kontsultatua: 2023-06-07).
  15. «A Reader in Nineteenth Century Historical Indo-European Linguistics: 1. Wm. Jones» lrc.la.utexas.edu (Noiz kontsultatua: 2023-05-05).
  16. (Ingelesez) Bacon, Roger: Language | Internet Encyclopedia of Philosophy. (Noiz kontsultatua: 2023-06-27).
  17. «Wilhelm von Humboldt On Language (1767-1835)» www.marxists.org (Noiz kontsultatua: 2023-05-26).
  18. (Gaztelaniaz) Oposinet | Topic 12 – The concept of grammar: Reflection on language and learning.. (Noiz kontsultatua: 2023-05-26).
  19. (Ingelesez) Sapir–Whorf hypothesis (Linguistic Relativity Hypothesis). 2022-11-03 (Noiz kontsultatua: 2023-05-26).
  20. Hyde, G. M.. (1993). «The Whorf-Sapir Hypothesis and the Translation Muddle» Translation and Literature 2: 3–16. ISSN 0968-1361. (Noiz kontsultatua: 2023-05-26).
  21. a b c Gómez López, Ricardo. (2008). Euskal gramatikagintza zaharraren historia laburra: XVII-XVIII. mendeak. UPV/EHUren Argitalpen Zerbitzua & Gipuzkoako Foru Aldundia ISBN 978-84-9860-085-8. (Noiz kontsultatua: 2021-03-19).
  22. a b Bidegorri, Beñat Oihartzabal. (1994). «Oihenart, euskal gramatikaren aitzindaria» Oihenarten laugarren mendeurrena: Euskaltzaindiaren XII. Biltzarra, 1994, ISBN 978-84-85479-73-3, págs. 27-47 (Euskaltzaindia): 27–47. ISBN 978-84-85479-73-3. (Noiz kontsultatua: 2023-04-16).
  23. Gómez López, Ricardo. (2009). «Eredu latindarraren eragina euskal deklinabidearen XIX. mendeko deskribapenetan» Anuario del Seminario de Filología Vasca "Julio de Urquijo" (ASJU) 43: 405-421..
  24. Gómez López, Ricardo. (2006). «"Aditz bakarraren" teoria XIX. mendeko euskal gramatikagintzan» Anuario del Seminario de Filología Vasca Julio de Urquijo: International journal of basque linguistics and philology 40 (1-2): 377–408. ISSN 0582-6152. (Noiz kontsultatua: 2023-06-07).
  25. Hermosilla, Gotzon. (2011-04-04). «Berria.info - Euskal gramatika eta Egungo Euskararen Hiztegia sarean jarri ditu EHUk» web.archive.org (Noiz kontsultatua: 2023-04-16).
  26. Asensio Lozano, Maite. «‘Euskararen gramatika’ aurkeztu du Euskaltzaindiak» Berria (Noiz kontsultatua: 2023-04-16).
  27. Gara, Naiz.eus. (2021-12-03). «XXI. mendeko ‘Euskararen gramatika’ argitaratu du Euskaltzaindiak» naiz: (Noiz kontsultatua: 2023-04-16).
  28. Goenaga, Patxi; Fernández, Beatriz. (2022-12-20). Euskal Gramatika: Egiturak eta Osagaiak - Atarikoa. UPV/EHUko Argitalpen Zerbitzua ISBN 978-84-1319-361-8. (Noiz kontsultatua: 2023-05-03).

Ikus, gainera

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]