iBet uBet web content aggregator. Adding the entire web to your favor.
iBet uBet web content aggregator. Adding the entire web to your favor.



Link to original content: http://eu.wikipedia.org/wiki/Francisco_Alesón
Francisco Alesón - Wikipedia, entziklopedia askea. Edukira joan

Francisco Alesón

Wikipedia, Entziklopedia askea
Francisco Alesón

Bizitza
JaiotzaViana, 1634
Herrialdea Nafarroa Garaia, Euskal Herria
Heriotza1715 (80/81 urte)
Hezkuntza
Hizkuntzakgaztelania
euskara
Jarduerak
JarduerakCatholic theologian (en) Itzuli, filosofoa eta historialaria
Sinesmenak eta ideologia
Erlijio-ordenaJesusen Konpainia

Francisco Alesón (gaztelaniaz: Francisco de Alesón) (Viana, 1634ko ekaina-uztaila-Logroño, 1715eko urriaren 8a) jesuita eta historialari nafarra izan zen, Nafarroako kronikagile gisa Josef Moreten ondorengoa. Morte hil ondoren Annales del Reyno de Navarra obra osatu zuen.[1]

1650ean sartu zen Jesusen Lagundian, hamasei urte zituela, eta 1668an hartu zuen abitua. Humanitate, Filosofia eta Teologiako irakasle izan zen jesuiten ikastetxeetan, eta Soria, Donostia, Segovia, Loiola (1690), Iruñea (1692-1694), Valladolid (1698) eta Salamancakoen (1701) errektore. 1695ean Gaztelako probintziorde kargua bete zuen.

1687an Josef Moret hil zenean, Nafarroako Erresumako Diputazioak Nafarroako kronikagile proposatu zuen, Nafarroako Erresumako Analen idazketa eta argitalpena amaitzeko helburuarekin; ordurako, lehen liburukia baino ez zen argitaratua (1684). Alesonek baimena eskatu behar izan zien bere nagusiei enplegu hau onartzeko, eta hauek ukatu egin zioten, Inozentzio XI.a aita santuaren agindua betez, alegia, jesuitei ez uztea "historia sekularrak" idazten, beren erlijio-jarduerarekin zerikusirik ez zutenak, eta, jakina, kronikagilearen lanak ez zuen zerikusirik apostolutzarekin. Aldundiak behin eta berriz eskatu zuen, enkargua aldi baterakoa zela argudiatuz, "falta den apurra amaitu arte". Amaitutakoan, Aleson bere erlijio-jarduerara itzuliko zen. Egoera, 1689an aita santua hil zenean desblokeatu zen, bere oinordekoa zen Alexandro VIII.ak, gai honi buruzko irizpide malguago bat mantendu baitzuen. Beraz, izendapena 1690ean egin ahal izan zen. Orduan ere azken oztopo bat agertu zen: garai hartan Francisco Alesón Loiolako errektorea zen, eta bi urtez itxaron behar izan zuen, 1692ra arte, bere agintaldia amaitzeko eta, azkenean, Nafarroako erresumako kronista kargua hartzeko: Bitartean, aipatutako arrazoiengatik postua bost urtez hutsik egon zen.

Kronista lanak aurrekoaren baldintza berberetan egin zituen: 150 dukat urteko soldata, lauhileko bakoitzeko kobratzekoa, eta Analen inprimaketa-gastuak ordaintzeko betebeharra, salmentaren onurak jasotzeko kontrapartidarekin. Gainera, doako ehun ale inguru eman beharko lituzke, edizioa baimendu zuten Gorteetako eta Nafarroako beste erakunde batzuetako kideen artean banatzeko.[2]

Alesonek erakutsia zuen bere gaitasuna Nafarroako Errege Kontseiluak Felipe IV.aren hileta elizkizunetarako enkargatu zion hileta laudorioan, 1665ean Iruñeko katedralean egin zirenak. Gaspar Martínezek hurrengo urtean kronika bat inprimatu zuen, tartean egindako laudorioak jasoz; hauek zazpi hizkuntzetan zeuden, tartean euskaraz: Elogios fúnebres al Rey Nuestro Señor Felipe IV el Grande en siete lenguas, griego, latín, castellano, portugués, toscano, francés y vascuence, con la traducción de las menos comunes. Lana J. F. Agirre Alavak idatzi zuen. Alesonek euskarazko atala egin zuen «Gure errege Filipe andiaren eriotzean euskarazko Koplak» izenburuarekin.

Alensonek Loiolako santutegiko lanak bultzatu zituen erretore izan zenean, eta, Iruñean finkatu ondoren, 1694an San Ignazioren kapera eraikitzeko sustatu eta lagundu zuen, tradizioaren arabera 1521ean zauritua izan zen leku berean.[3]

Hauek ezagutzen dira:[4]

  • “Elogios fúnebres al Rey Nuestro Señor Felipe IV el Grande en siete lenguas, griego, latín, castellano, portugués, toscano, francés y vascuence, con la traducción de las menos comunes”, J. F. de Agirre Álava, Honores fúnebres que hizo el Real Consejo de Navarra a la piadosa memoria del Rey Nuestro Señor Philippo IV, Iruñea, Gaspar Martínez, 1665, 40-54 or.
  • Tomo segundo de los Annales de Navarra. Compuestos por el RRM Joseph de Moret. Obra posthuma dispuesta en otra forma por el P. Francisco de Alesón, Iruñea, Bernardo de Huarte, 1695
  • Tomo tercero de los Annales de Navarra. Obra posthuma y última del P. José de Moret, con scholios y addiciones al fin del P. Francisco de Alesón, Iruñea, Fernando Zepeda, 1704.
  • Tomo quarto de los Annales de Navarra o primero de su segunda parte. Compuesto por el P. Francisco de Alesón, Iruñea, Francisco Picart, 1709.
  • Tomo quinto de los Annales de Navarra o segundo de su segunda parte. Compuesto por el Padre Francisco de Alesón, Iruñea, Francisco Picart, 1715.

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. Quirós Rosado, Roberto (2019) "Francisco de Alesón". Notitia Vasconiae. Diccionario de historiadores, juristas y pensadores políticos de Vasconia. I. Madril, Marcial, Pons, 551-553 or.
  2. Iturbide Díaz, J. Los libros de un Reino. Historia de la edición en Navarra (1490-1841). Iruñea, Nafarroako Gobernua, 2015.
  3. Pérez Goyena, A. El segundo cronista de Navarra, P. Francisco Alesón, Vianako Printzea, 1944, 4.zk., 43-44 or..
  4. https://dbe.rah.es/biografias/18321/francisco-aleson

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]