Fernando I.a Germaniako Erromatar Inperio Santukoa
Fernando I.a Habsburgokoa (Alcalá de Henares, Gaztelako Koroa, 1503ko martxoaren 10a - Viena, 1564ko uztailaren 25a[1]) Austriako artxidukea (1521-1564), Bohemiako eta Hungariako erregea (1526-1564), Alemaniako erregea (1531-1564) eta, bere anaia Karlos V.ak koroa utzi ondoren, Germaniako Erromatar Inperio Santuko enperadorea (1558-1564) izan zen[1].
Bizitza
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Espainian hezi zen. Karlos V.ak habsburgotarren bost estatuen jabetza aitortu zion (Wormseko Hitzarmena) eta Hego Alemania, Tirol eta Goi-Alsaziako gobernadore izan zen. Hungariako Ana Jagellonekin ezkondu zen 1521. urtean, eta Bohemia eta Hungariako errege hautatu zuten Luis II.a hil ondoren (1526), Joan Szápolyairen ordez. Berehala aurre egin behar izan zion turkiarren erasoari (1529an setiatu zuten Viena). Budako gudua galdu (1541) eta zortzi urteko su-etena izenpetu zuen (1562). Turkiarrei zerga ordaindu eta Szápolyai Transilvanian onartu behar izan zuen. Humanismoak bultzaturik irekia zen protestanteekin. Horretarako, Suitzako bost kantoiekin Batasun kristaua osatu (1529) eta txekiarren matxinada zapaldu bazuen ere (1547), Eliza eraberritzen eta protestanteak eta katolikoak elkarri hurbilarazten saiatu zen. Ratisbonako Batzarrean (1524) parte hartu ondoren, Trentoko Kontzilioan bere ideia eraberritzaileak ezartzen saiatu zen. Augsburgoko Bakean parte hartu zuen (1555) eta protestanteen aldeko begiramena eskaini zuen.
Zuhaitz genealogikoa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2011/12/27 egunean. Egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek CC-BY 3.0 lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.
- ↑ a b Ferdinand I Encyclopædia Britannica
Wikimedia Commonsen badira fitxategi gehiago, gai hau dutenak: Fernando I.a Germaniako Erromatar Inperio Santukoa |