Euskal Herriko geologia
Euskal Herriko geologia batez ere Kretazeotik Eozenora bitarteko arrokaz osatua da, garai hartan sakonera eskaseko itsaso tropikal bat zenean. Iberiar plakaren eta Eurasiar plakaren arteko talkek sortutako egiturek paisaia menditsu eta ibartsua sortu dute.
Paleozoikoan hasi eta gaur egun arte luzatzen den historia geologikoa du Euskal Herriak. Denbora horretan paisaia oso menditsua sortu dute, bailaraz beterikoa, baina dibertsitate handikoa. Azken milioi urteetako historia geologikoa ezagutzeko parada ona eskaintzen du, batez ere orogenia alpetarraren ondorioz sorturikoa.
Mineral gutxi aurki daitezke, baina oso balio altukoak. Euskal Herriko hainbat eskualderen garapen ekonomikoa zuzenean lotua izan da aurkitzen diren baliabide materialekin, batez ere burdinari. Mineralaren bila ere sortu ziren Euskal Herriko kostaldean dauden lehenengo erromatarren ustialekuak.
Historia geologikoa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Kanbriarraurrea
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Kanbriarraurrea ez da agertzen Euskal Herrian, nahiz eta Ursuaia mendilerroan 1.000 eta 600 milioi arteko adina duten arroka metamorfikoak agertu diren. Arroka hauek gneis eta kuartzitak dira eta Armorika kontinente txikian zegoen mendikate baten erdigunea osa zezaketen.[1]
Paleozoikoa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Euskal Herriko arrokarik zaharrenak paleozoikoan sortu ziren. Arroka hauek gaur egun Pirinioetan aurki daitezke eta, oro har, Euskal Herriko ekialdean. Karboniferoan arroka horien ezaugarriak aldatu ziren, metamorfismoa eman zelarik. Garai honetan sortu ziren arroken artean Bortziriak, Kintoa eta Aiako Harria aurki daitezke gaur egun.
Aurkitzen diren arroka zaharrenak hauek direnez oso zaila da orogenia hertziniarraren aurretiko egoera paleogeografikoa zehaztea. Hala ere beste irizpide batzuk jarraituta badakigu behe Paleozoikoan itsaso sakoneko materialak metatu zirela, ondoren kuartzitak eta eskisto beltzak sortu dituztenak.[2] Bortzirietako hainbat harritan (batez ere piritatan) orogeniaren aurreko deformazio eta metamorfismoa aurkitu da, hidrotermalismoz sorturikoa.[3]
Ordoviziarreko fosilak dituzten arrokak aurkitu dira Donibane Garazi inguruan, Alduden eta Orreagan. Fosil hauek zianobakteria, graptolite, arkeoziatido, brakiopodo eta algak dira. Hainbat kruziana motako marka aurkitu dira, trilobitei egozten zaizkienak. Honi guztiari esker badakigu garai honetan sakonera eskaseko itsaso bat zegoela gaur egungo Euskal Herrian.[1]
Siluriarraren bukaeran Kaledoniar orogenia eman zen, Ebro eta Akitaniako arroak sortuz. Momentu horretan Euskal Herrian sakonera eskaseko itsaso bat zegoen, koral ugaridun kareharriak sortu zirenean. Egoera hau Karbonifero bukaera arte luzatu zen, Hertziniar orogenia sortu zen garaia. Garai honetan sortu ziren Ebro eta Akitaniako mendiak eta Pirinioetako zonalde axialeko mazizoak: Bortziriak, Aldude, Mendibeltza, Baigura eta Iguntza besteak beste.[2] Bortziriak oso ezagunak dira dituzten mineralizazioak direla eta (azkeneko urteetan uranioa ere aurkitu da). Gaia hartan 30 bat kmko irla luzanga bat osatzen zuen. Hegoaldean metatzen ziren sedimentuek geroago Belabieta eta Urdalarren gaur egun aurkitzen diren marmolak osatu zituzten.[4]
Devoniarreko fosilak aurkitu ziren lekuak badira Oiartzun eta Irun artean. Bertan krinoideoak aurkitu dira hainbat brakiopodoekin batera.[5] Gainera hainbat lekutan (Bertiz, Etxalar, Orabidea, Baztan, Urkiaga eta Bankan, adibidez) ekinodermo, briozoo, koral, trilobite, marmoka eta molusku koloniak aurkitu dira, ur epeleko eta sakonera eskaseko itsaso baten adierazle.[1] Devoniarra bereziki ondo ikusten da Bortzirietako Mazizoaren ekialdean. Bertan sedimentazio detritikoa eman zen, hainbat dolomitarekin tartekatuz; kareharri eta tupak ere metatu ziren. Devoniar Ertainean arbelen 500 eta 800 metro artean daude eta Devoniar Berantiarrean berriro ere terrigenoak metatu ziren.[6]
Karboniferoan bi eremu ezberdin aurki daitezke. Alde batetik Bortzirietako mazizoa, flysch itxurako sedimentazioarekin eta bere gainean kareharriak; bestetik Aldudeko mendigunea (Mendibeltza eta Iguntze) non kareharrien gainean arbelak kokatu diren. Hertziniar orogeniaren ondoren sorturiko erliebeak oso azkar higatu ziren eta sedimentazioa inguruetan eman zen. Hauen zatiak Adarra mendian, Aiako Harrian eta Etxalaren aurki daitezke. Sedimentuak gorrixkak dira, beraz ziurrenik egoera erdilehorreko klima zegoen garai hartan.[2] Horrez gain ur-gainean geratu ziren lurretan zingirak osatu ziren eta hauek landareek kolonizatu zituzten. Likopodio, ekiseto eta iratzez osatutako basoak sortu ziren eta hauetatik ikatza sortu. Garai honetako ikatza Bera, Etxalar, Ibantelli eta Saran aurki daiteke.Karboniferoan oraindik baina tektonika eman ondoren arbela eta hareharrien arteko tartekatzen bat eman zen.[6][1]
Permiarrean intrusio magmatiko bat gertatu zen, granito motakoa, Bortzirietako materialak metamorfizatuz. Hala ere material hauek ez ziren goraino igo eta higaduraz gaur egun Aiako Harria eta Larrun mendiak osatzen dituzte.[2] Hainbat datu ikertuta plutoi hau orogenia bitarte sortu zela ikusi da, egoera tektoniko transkurrente destro batean.[7]
Mesozoikoa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Mesozoikoaren hasieran mundu osoa biltzen zuen superkontinentea zegoen, Pangea izenekoa. Superkontinente hau hausten hasi zen eta orogenikoki lasaia izan bazen ere Euskal Herrian metakin ugari daude garai honetatik.
Triasikoa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Mesozoikoaren lehenengo atala Triasikoa da. Bertan germaniar fazies izenarekin ezagutzen diren metakinak egon ziren, Permiarraren oso antzekoak eta askotan bereizezinak. Triasikoan hiru geruza nagusi metatu ziren fazies honetan: buntsandstein, munschelkalk eta keuper. Lehenengoa hareharriz osatua dago, bigarrena kareharriz eta hirugarrena buztin eta gatz ebaporitikoz. Azken geruza honek garrantzi berezia izan zuen Euskal Herrian, leku askotan aurkitzen diren diapiroak sortzen baititu. Gainera ofita izeneko arroka ere sortu zen, jatorri bolkanikokoa, faila nagusiak jarraituz.
Higadura zela eta Euskal Herrian zeuden mendi asko ia lautu egin ziren eta itsas-mailaren jaitsiera orokortu bat dela eta laku eta fadura ugari sortu ziren.[2] Beste gune batzuetan deltak egon ziren. Ingurune hauetan sortu ziren germaniar faziesak, leku batzuetan harea metatzen zen bitartean beste batzuetan ebaporitak agertu baitziren.
Aiako Harriaren eta beste mazizoen inguruan pikor larriko sedimentuz osatutako arrokak ikus daitezke, antzinako kostaren hedapenaren seinale.[1] Triasikoaren bukaeran eta Jurasikoaren hasieran karbonatozko sedimentuak metatu ziren.[6]
Jurasikoa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Jurasikoan itsas maila asko igo zen eta horren ondorioz ia lurralde osoa urpean egon zen. Urak beroak zirenez fauna ugari agertzen da fosil ezberdinetan eta ammoniteak ugariak dira. Lehen azaldu bezala diapiroak keuper faziesko arroka triasikoz osatua dago eta hau hain moldagarria izanda gero egon ziren esfortzuen aurrean hausturak egin zituen. Bere gainean kokaturiko arroka jurasikoak dira, beraz, orogenia alpetarraren ondorioz azaleratzen diren lehenengo arroka gogorrak puntu askotan. Hala ere beste leku askotan higatua izan da eta beraz zaila da serie osoa aurkitzea.
Garai honetan Burgos inguruan Asturiasko mendiei loturik zegoen altugunea sortu zen, baita Akitania eta Ebro inguruetan ere. Honek geroago Kantauri Itsasoa izango zenaren eta geroago Mediterraneoa izango zenaren urak bereiztu zituen eta Eusko-Kantauriar arro berri bat sortu zen.[2]
Arro guztian zehar eta orokorrean Mesozoikoan ofita ugari agertu ziren. Daniarrean zehar egoera estentsiboa izan zen eta horregatik agertzen dira arroan zehar. Pirinioetan magma toleitikoa agertzen da, Triasikoaren bukaeratik Jurasikoko Lias garairaino.[8]
Garai honetan kareharrizko mazizoak sortu ziren, arrezifeen ondorioz askotan. Horietako batzuk Aralarren ageri dira,[9] bai eta Euskal Herriko arkuko mendietako batzuetan ere.
Behe eta Jurasiko Ertainean klima beroa eta hezea izan zen, sedimentazio karetsua sakonera handitan emanez. Jurasikoaren bukaeran klima lehorragoa bilakatu zen eta kareharriaren sedimentazioa eten egin zen.[6]
Kretazeoa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Kretazeoa da Euskal Herrian arroka bolumen handiena ematen duena. Kretazeoaren hasieratik Eozenora leku batzuetan 10.000 metro sedimentu metatu ziren eta beste batzuetan 2.000. Hau subsidentzia ezberdintasunengatik da, baina hala ere oso bolumen handia da.[10]
Garai honetan itsas-hondoak sakonera txikikoak ziren eta klima epela zegoen. Koral arrezife handiak sortu ziren ekialde-mendebalde norabidean. Kareharri urgoniar izenarekin ezagutzen dira eta horiek orain dela 120 milioi urte inguru hasi ziren sortzen. Kareharri urgoniarrak agertzen diren mendi nagusiak Aralar, Aizkorri, Hernio, Izarraitz, Anboto, Gorbeia, Udalaitz... daude.[1]
Garai honen hasieran hegoaldean Iberiar kontinentea zegoen eta delta eta zingira ugari sortu ziren Euskal Herritik hegoaldera. Errioxan dinosauro lorratzak aurkitu dira garai honetan. Arabako Buradon-Gatzaga eta Urizaharran mundu mailako garrantzia duten anbar ustiategiak aurkitu dira. Orain dela 120-130 milioi sortu ziren eta bi biotopo ezberdinen adierazgarri dira. Urizaharrakoa hondartza bateko ingurunea litzateke eta Buradon-Gatzagakoa lur-barnekoa.[11]
Bulkanismoa ere eman zen garai honetan eta eusko-kantauriar arroaren erdialdean sumendi ilara bat sortu zen. Ilara horrek bi lerro nagusi zituen: alde batetik Zumarraga, Elosu, Elorrio eta Durangokoa, eta bestetik Zumarraga, Elosu, Soraluze, Eibar, Markina, Fruiz eta Mungiakoa.[1][12] Hauetatik sumendiren bat ur-azpitik atera zen eta errautsak barreiatu, Deban ikus daitezkeen geruza txikiek adierazten duten bezala. Beste lekueta pillow-laba izeneko formazioak agertu ziren. Fruizen laba kolada handi batek zutabe disjuntzioa jasan zuen eta basalto hexagonoak agertzen dira. Hiru formazio ditugu:[13]
- Errigoiti Formazioa
- Gernikan eta Mungian agertzen da. Pillow-labaz, laba-koladaz eta sedimentu bulkanoklastikoz osatua dago. guztira 5 sekuentzia bolkanikok osatzen dute.
- Barinaga Formazioa
- Bizkaiko Sinklinorioaren ekialdean agertzen da eta 2.500 metroko lodiera izan dezake. Errigoiti formazioaren antzekoa da, baina askoz intrusio gehiago ditu.
- Astrabudua Formazioa
- Zamudio eta Getxo artean agertzen da eta 650 metro arte eduki ditzake. Koladak eta pillow-labak agertzen dira.
Goi Kretazeoan batez ere tupak eta buztinak metatu ziren Euskal Herrian. Materia organiko ugariko itsasoak ziren, sakonera eskasekoak eta klima epelekoak. Horregatik bertan belakiak, amoniteak, moluskuak eta itsas triku ugari zeuden (ugarienak Micraster eta Echinocorys motakoak)[1]. Fosil hauek erruz agertzen dira Ameskoetako San Martin herrian eta bertan galbarro hitza ematen zaio. Sakanan eta Arabako Lautadan ere agertzen dira. Kostako labarretan, Debatik Zumaiara doazenetan, adibidez, fosil ugari aurki daitezke garai honetatik.
Kretazeoaren amaieran itsas-mailaren igoera bat eman zen eta tupa zein hareharri turbiditikoaren txandakapenak eman ziren. Honi flysch izena ematen zaio eta Gipuzkoa eta Bizkaiko kostaldeetan oso ugariak dira. Flysch hauetan amonite, belemnite eta inozeramideak daude.
K/T muga
[aldatu | aldatu iturburu kodea]K/T muga izenarekin Kretazeo eta Tertziarioaren arteko muga ezagutzen da. Muga hori iridio ugari duen geruza mehe batek ematen du, ziurrenik meteorito baten talkak eragina. Geruza hau ikusten erraza da Zumaian, baina baita Euskal Herriko beste toki batzuetan.
Gaur egun 21 sekzio ezberdinetan ikusi da K/T muga, guztiak sakonera ertain-altuko itsas arroetakoak. Ikerketa baten arabera Euskal Herrian Sopelana eta Bidarte dira muga ikertzeko lekurik hoberenak, gutxienez foraminifero planktonikoen ikerketa eginez gero. Euskal Herrian egindako ikerketatan ikusi denez Kretazeoaren azkeneko garaian (Maastrichtiar Garaia) zeuden 63 foraminifero espezietatik 33 desagertu ziren, hau da %50a baino gehiago. Gainera beste 30 espezieak Tertziarioaren hasieran desagertu ziren. Gainera iridioa eta nikel ugariko espinelak aurkitu dira.[14]
Zenozoikoa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Zenozoikoa edo Tertziarioa orogenia alpetarragatik markatu izan zen, euskal kantauriar arroa itxi zen eta Euskal Herria lur egonkor moduan sortu zen bere osotasunean.
Paleozenoa eta Eozenoa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Paleozenoa ikertzeko munduko lekurik hoberena Zumaian dago eta bertan definitu da Paleozenoaren iraupena zein den.[15][16]
Paleozeno eta Eozenoan zehar Pirinioak sortzen zebiltzan eta horregatik itsasoko azkeneko sedimentuak garai honetakoak dira. Metaketa batez ere Urbasa-Andimendi-Trebiñu inguruan eman zen hegoaldean eta Galea lurmuturraren inguruan, Getarian eta Miarritzen iparralderago. Sedimentuak karetsuak dira baina K/T mugan fosil motak aldatu ziren, desagerpen masiboa dela eta. Nummuliteak agertu ziren eta hauek erruz aurki daitezke sedimentuetan. Antzeko makroforaminiferoak ere agertzen dira. Hauetaz gain algak, moluskuak, ekinodermatuak, krustazeoak, arrainak eta zetazeoak agertu dira (azken hauek Araba eta Nafarroako hainbat lekutan)[1].
Eozenoaren bukaeran lurra tolestu eta Pirinioak zein Euskal Herriko arkuko mendiak altxatu ziren. Lurraldeaurreko arro bat sortu zen Ebron eta beste bat Akitanian, sedimentazio lakutarra eman zelarik bertan.
Oligozenotik Pliozenora
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Oligozeno, Miozeno eta Pliozenoan zehar Euskal Herriko arkuko mendiak eta Pirinioak jada sorturik zeuden, eta bi isurialde egon ziren, bata Kantauri Itsasora eta bestea Ebroko arrora. Bertan bi laku handi sortu ziren, bata Erriberan eta bestea Trebiñun. Ebaporita ugari egon ziren, igeltsu eta gatzez osatutakoak, adibidez.[17]
Akitaniako arroa, Bretainiaraino luzatzen dena, 2 kilometroko lodiera duten Tertziarioko sedimentuak dituzte Pirinioen magalean. Bertan dagoen sekuentzia luzea bada ere Oligozenoan bukatu zen, konglomeratuekin.[18]
Hainbat lekutan ere molasak sortu ziren, mendien higaduraz sortutako konglomeratu sedimentuak[19]. Mendien alboetan arroen mugak markatzen zituztenak sortu ziren, adibidez Zangoza, Esa, Lokiz, Lizarra edo Gasteiztik gertu ikus daitezkeenak.
Bertan bizi ziren izakien inguruan hainbat fosil aurkitu dira: dortokak[20], krokodiloak[21], ugaztunak (mikrougaztunak[22], artiodaktiloak[23], perisodaktiloak[24], hiena eta elefanteak[1]), hegaztiak[25] eta arrainak aurkitu dira besteak beste.
Kuaternarioa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Kuaternarioan izotzak estentsio handia okupatu zuen, batez ere mendialdean. Itsas-maila ere baxuagoa zen eta kostalde inguruan klima egokiagoa zen. Garai honetako elur-oreinak aurkitu dira Kiputz kobazuloan, klimaren adierazle direnak.
Gaur egungo ibaien ibilguak sortu ziren eta hainbat terraza alubial ibaien inguruan. Mendietatik ere arrokaz sorturiko konoak agertu ziren.
Garai honetan ere gaur egungo kostaldeak bariazioak eduki ditu, baina ezagutzen duguna sortu da.
Tektonika
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Euskal Herriko tektonika lau zonalde ezberdinetan banatzen da. Ekialdean Pirinioak daude; mendebaldean, Iruñeko faila muga gisa hartuta, Eusko-kantauriar arroa; iparraldean, Ipar-Pirinioko faila muga gisa hartuta, Akitaniako arroa; hegoaldean, Hego-Pirinioetako zamalkadura frontala muga gisa hartuta, Ebroko arroa.
Bakoitzak bere berezitasunak ditu baina lehenengo biak dira konplexutasun handiena erakusten dutenak. Bilboko antiklinorioa, Bizkaiko sinklinorioa, Leitzako faila eta Euskal Arkua bezalako ezaugarri geologikoek markatzen dituzte banaketa garrantzitsuenak.
Pirinioak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Pirinioak bi zonalde ezberdinetan banatuko ditugu. Geologikoki Pirinioak Galiziaraino luzatzen dira, baina oso egitura ezberdina dute Iruñeko Failaren ekialde eta mendebaldean eta honek markatzen ditu mugak. Batetik bestera igarotzea, hala ere, ez da azkar egiten. Iruñeko Failarekiko paraleloak diren (IE-HM) hainbat faila daude. Failatik mendebaldera tolesen eta zamalkaduren bergentzia Iparekialderako da. Honen kontrakoak diren bakarrak Kantauri Mendilerroak osatzen du, hegoaldeko bergentziarekin.[6]
Zonalde Axiala
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Zonalde Axiala Paleozoikoan sortu ziren mendiez osatua dago, hainbat arroka metamorfikoz eta konglomeratu, kareharri eta hareharriz osatua. Bertan aurki daitezke metal astunen hobi mineralak (ikus azpian honen inguruko atala).
Paleozoikoa atalean aipatu diren mendiek osatzen dute. Orokorrean gailur biribilduak dituzte (Erakurri, Ortzantzurieta, Koroa...) edo malkartsuak (Aiako Harria, Gorramendi, Mendaur...).
Mendebaldean zonalde axiala Mesozoiko eta Hirugarren aroko materialen azpian galtzen da. Oria ibaitik aurrera Palezoikoko aztarnak guztiz desagertzen dira.[2] Gainera Ereñozuko Failak, IE-HM norabidekoa, Bortziriak eta Larrun beste inguruetatik bereizten ditu. Bi mazizo hauek ekialde eta mendebaldean daude failaz bereizturik. Bortzirietako mazizoaren hegoaldean Leitzako Faila dago, Ipar-Pirinioetako Failaren jarraipentzat hartzen dena. Faila honen gainean marmolen mantua kokatzen da eta hainbat arroka ultramafiko ere aurki daitezke, mekanikoki kokaturikoak.[6]
Pirinio-aurreak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Pirinio-aurreak Zonalde Axialaren gainean agertzen dira eta Mesozoiko zein Zenozoikoko materialez osaturik daude. Orogenia alpinoan tolestu ziren.
- Barnealdeko mendilerroa
- Ekialde-mendebalde eta Ipar ekialde-hego ekialde norabidea duten lerroak dira Barnealdeko Mendilerroak. Mesozoikoko edo Zenozoikoko barra kalkareoz osatuak daude, tupak edota flysch bigunak eta higidura jasateko ahalmenik ez dutenak ere agertzen dira. Horregatik haran zabalagoak eta iristeko errazagoak direnak sortu dira.
- Pirinioetako ibaiek sortutako higidura eta material desberdinak direla-eta baiara sail bat sortu da iparraldetik hegoaldera, Nafarroako mendebaldean eta erdialdean (Erronkari, Zaraitzu edota Erroibar, besteak beste). Ibai horiek material gogorrak igarotzen dituztenean ur-jauziak eta arroilak sortzen dira (Mintxateko arroila, Irunberriko arroila edota Burgiko arroila, besteak beste).
- Zonalde honetan daude Euskal Herriko gailur altuenak, 2.000 metro baino gehiagokoak: Hiru Erregeen Mahaia (2.438 m), Ezkaurreko harkaitza (2.407), Orhi (2.021 m).
Ipar-Pirinioko zonaldea
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Zonalde honetan estruktura Ekialde-Mendebalde norabideko tolesek eta iparralderanzko bergentzia duten zamalkadurek osatzen dute. Bere hegoaldeko muga Ipar-Pirinioko faila da. Egitura honek ehunka kilometroko jauzi sinistroa erakusten du. Faila honekiko paralelo beste hainbat estruktura ere aurki daitezke, metamorfismoa jasan dutenak eta mekanikoki arroka ultramafikoak dituztenak. Egitura hauek Eozenoan sortu zirela uste da. Ipar-Pirinioko zonaldea tolestutako lurralde-aurreaz Ipar-Pirinioko Aurreko Zamalkaduraz berezia dago. Hemen sortu den laburtzea hegoaldean dagoena baino nahiko txikiagoa da.[6]
Eusko-kantauriar arroa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Eusko-kantauriar arroa Iruñeko failaren mendebaldean hasten da eta berez Pirinioen jarraipena dira. Hala ere aldaketa nabari bat dute honekiko: ekialdean Iberiar plaka baldin bazen Eurasiar plakaren azpian sartu zena mendebaldean Kantauri itsasoa da azpitik sartzen dena. Horregatik bergentzia kontrakoa da, orokorrean iparralderantz. Eusko-kantauriar arroaren mugak honakoak dira:
- Mendebaldean Asturiar Mazizo paleozoikoa.
- Hegoaldean Demanda eta Kamerosko mendilerro paleozoiko eta mesozoikoak.
- Ekialdean Iruñeko arroa eta Aiako Harria eta Bortziriak bezalako mazizoak.
- Iparraldean Kantauri Itsasoa.
Aurretik aipatu bezala kretazeoan arro sedimentario gisa jokatu zuen eta Iberiar plakaren iparraldeko marjina zen. Geroago alpetar deformazioek eragin zioten eta gaur egun dagoen eskualde tolestua sortu zen.[6]
Hiru zatitan banatzen dugu:[6]
Peri-asturiar Domeinua
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Mendebaldeko aldea da eta Triasiko, Jurasiko eta Kretazeoko materialez sortua dago. Enkarterrietako ekialdea baino ez du ukitzen. Failek eragindako sedimentazioa eman da, blokeka eta toles gutxi daude. Failarik garrantzitsuena Kabuernigako Ezkutuko Faila litzateke.
Euskal Arkua
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Honek okupatzen du Eusko-kantauriar arroaren iparraldea: domeinu peri-asturiarretik Bortziriak eta Alduderaino luzatzen da, Lapurdin ere aurkitzen dugularik Batez ere Kretazeo eta Zenozoikoko arrokez osaturik dago eta oso tolestuta agertzen da. Hainbat zamalkadura ditu, iparraldeko norabidearekin eta kilometro askoko antiklinal zein sinklinalak aurkitzen ditugu. Hauek bata bestearen atzetik datoz eta oso nabaria den arkua sortzen dute Bilbo eta Donostia artean. Lehen azaldu bezala bulkanismo maila altuak ditu.
Hegoaldetik Iparraldera honakoak dira ezaugarri tektoniko garrantzitsuenak:[6]
Bilboko Antiklinorioa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Iparralderanzko bergentzia duen antiklinorio bat da, Behe Kretazeoko eta Weald faziesko materialez osatua. Antiklinorioaren nukleoa iparraldeko aldearen gainean zamalkatua dago. Egitura honek historia geologiko luzea du eta plataforma eta sakonera handiko itsasoen arteko muga moduan jokatu du.
Ipar-mendebalderantz bere tolestzea txikiagoa egiten da eta antiklinorioa asko zabaltzen da, ahalik eta Kantabrian desagertu arte. Hego-ekialderantz jarraitu daiteke Gorbeia eta Aizkorriraino. Egituraren nukleoan zokaloa oso gertu dagoela uste da. Dima inguruan gatza dago ardatzaren azpian.
Bilboko eta Aralarko Zamalkadura
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Bilbotik Otxandiora jarraitu daitekeen egitura da hau, Bilboko antiklinorioaren erdigunean. Testu batzuetan Bilbo-Altsasu faila moduan agertzen da[26] Otxandio inguruan lateralki Aretxabaleta mugitzen da eta hortik Zegamara jarrai daiteke. Hor berriro galtzen da baina ekaildean Aralargo Zamalkaduran jarrai daiteke. 1500-2000 metro arteko jauzia suposatzen du.
Bizkaiko Sinklinorioa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Bizkaiko Sinklinorioa (edo Oiz-Galea Lurmuturrako sinklinorioa) berez Marmolen Mantuarekin jarrai daitekeen egitura da. Turbiditak eta material bolkanikoak ditu barnean. Tolestura handia dute (60º-70º artekoak) eta egitura nahiko konplexua da. Marmolen Mantuak iparraldean Leitzako Faila du eta Hegoladean Lekunberriko Zamalkadura (Aralarkoaren azpitik dagoena estrukturalki). Ez dago argi zein den bere egitura, Alegia inguruan galtzen delako, baina Amezketa-Almandozko sinklinalaren eta Huiziko Antiklinalaren artean kokatzen da.
Leitzako Faila
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Leitzako faila Barrika-Fruizko zizaila eremuan jarrai daiteke. Deformazio altuko eta 45 km.ko gune bat da. Ipar-Pirinioetako Failaren jarraipena dela ondoriozta daiteke. Failak bretxa ugari sortzen ditu eta mekanikoki agertutako lherzolitak ditu.
Bizkaiko Iparraldeko Antiklinorioa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]10-15 kmko zabalera duen arku itxurako egtiura bat da, Azkoitia eta Tolosaraino luzatzen dena. Bere nukleoan urgoniarra agertzen da eta hainbat diapiro ere baditu. Tolosako mendebaldean Bortzirietako mazizoaren egiturarekin lotzen dela dirudi.
Zumaia-Donostiako Monoklinala
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Zumaia eta Hondarribia luzatzen den egitura da. Flysch materialak ditu. Dirudienez egitura handiago baten hegoaldeko alpea litzateke, baina iparraldekoa ez da inon agertzen (baliteke itsas-azpian egotea).
Nafar-Kantauriar Domeinua
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Arroaren hegoaldea hartzen du. Kretazeo ertaineko eta Zenozoikoko itsas plataformako eta trantsiziozko sedimentuz osatua batez ere, gainaldeko tektonika batek eragin dio eta bata bestearen ondoren datozen antiklinal eta sinklinalez osatua dago. Gatz diapiro ugari ditu; geruza horrek ere hegoalderanzko apurketa bat sortzen du, 10 eta 20 km. artekoa. Material hauek Ebroko Arroaren gainean daude zamalkatuak. Ekialdean Iruñeko Failarekin tupust egiten du, baina beste aldean ere jarrai daiteke Hego Pirinioetako Zamalkadura Frontal moduan.
Honako zatitan banatzen da iparraldetik hegoaldera:[6]
Gasteizko Sinklinorioa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Antiklinal eta sinklinal leunez osatua dago. Iparraldean Bizkaiko Antiklinorioarekin mozten da (ikus Bizkaiko Antiklinorioko irudia) eta hegoaldean Villarcayo-Miranda Ebro-Trebiñu-Urbasa sinklinalarekin. Murgiatik Gasteizera doan zeharebakia da sinklinorioaren gunerik zabalena. Dauden tolesek eragiten dute Badaia eta Arkamoko mendilerroen egitura. Egitura Sakanaraino eraman daiteke non monoklinala bilakatzen den eta lodiera gutxiagoko materialak dituen.
Urbasako sinklinala
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Villarcayo-Miranda Ebro-Trebiñu-Urbasako sinklinala erdigunean zenozoikoko materialak dituen kubeta handi bat da. Hegoaldean Kantabriako mendilerroa du mugatzen. Euskal Arkuarekiko subparaleloa den egitura da. Zentruan hainbat diapiro agertzen dira, Gesaltza, Maeztu eta Trebiñukoa bezala.
Kantabriako mendilerroa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Kantabriako mendilerroak ezartzen du hegoaldeko muga, Bernedoren hegoaldean. Triasikoko materialak ditu oinarrian eta horregatik diapiro ugari agertzen dira. Ekialdean Iruñeko Failarekin mozten da. Zamalkadura honek 10-15 kilometroko desplazamendua eragin du eta bertikalean gutxienez 5 km.
Ebroko Arroa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Ebroko Arroa ibai honen inguruan kokatzen den Tertziarioko arro sedimentarioa da. Berez oso handia den arren Euskal Herrian bere mendebaldeko eremuak baino ez du ukitzen, Nafarroa Garaiko hegoaldean. Bertan Tertziarioko sedimentuek toles monoklinalak dituzte, Iparraldeko bergentziarekin. Honen arrazoia azpian dauden egituren eraginean egongo litzateke. Ekialde-Mendebalde norabideko eta hegoaldeko bergentzia duten tolesak ere daude.[27]
Akitaniako arroa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Akitaniako Arroa Pirinioen iparraldean kokatuko litzateke, baina Euskal Herrian bere presentzia urria da, Atturri ibaiaren iparraldean eta ..
Hidrogeologia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Zaila da Euskal Herri osoko azterketa hidrogeologiko bat egitea, datuak oso sakabanatuak baitaude. Hala ere Euskal Herrian ditugun karbonato formazio guztiak direla eta lurrazpiko ur ugari dituen eremua da, akuifero garrantzitsuekin. Bizkaia, Gipuzkoa eta Araban bakarrik 710 hm3 ur daudela kalkulatzen da. 1996. urtean horietatik 82 Hm3 ustiatu ziren.[28] EAEn akuifero ugari daude, jatorri ezberdinekoak, gainera. Garrantzi berezia dute kareharrizko mendietakoak eta Gasteizko kuaternarioko akuiferoa, Salburuako sihetsa osatzen duena.
Nafarroaren kasuan 3 banaketa egiten dira akuiferoei dagokionez. Lehenengoa sistema karstikoen ingurukoa da. Hauek Larra eta Altzarretako akuiferoak dira. Fluxu dentsoko akuiferoak, guztietan garrantzitsuenak, Alboron, Antzin eta Genevillakoak dira. Tarteko akuiferoak Urbasa, Arteta, Riezu, Itxako eta Iribas dira.[29]
Ipar Euskal Herriaren kasuan Larra, Larrun, Urtsuia eta Aldudeetako akuiferoek garrantzi berezia dute. Horretaz gain ur-emari handiko lurrak badira.[30]
Kobazuloak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Euskal Herrian dagoen kareharri bolumena dela eta karst ugari daude eta horietan kobazulo kopuru handia. Enkarterrietan dagoen Torca del Carlistan dago Europako lurrazpiko gelarik handiena, 520x245 metrorekin[31].
Nafarroa eta Zuberoa artean, Larrako mendigunean haitzulo ugari daude, garrantzi handikoak. Leize sakonenen artean, Budogiako leizea (Bu-56, –1.408 m) edo P. S. Martin leizea (–1.342 m) daude. Harpe luzeenen artean, berriz, aipatutako P. S. Martin leizea (52,7 km) dago. Bizkaia aldean, Caballos-Valle sistemak 60 km luze ditu, eta Araban, SI-44 leizeak 42 km. Gipuzkoan 1.700 kobazulo inguru ikertu dira dagoeneko. Horien artean, sakonenak Aralarren dagoen Ormazarreta 2 (-576 m) eta Aitzgorri inguruan dagoen Gazteluko urzuloa (–522 m) dira.[32]
Euskal Herriko hamar haitzulorik sakonenak hauek dira:[33]
- San Martin Harriko Sistema
- Lonné-Peyret
- Arphidia Konplexua
- Couey-Lotge
- Pozo Estella
- Torca de Jornos-II
- Gazteluko Urzuloa-I
- Iñeritze
- Larretxikiko Leizea-II
- Gazteluko Leizea-III.
Pozalaguan estalaktita eszentrikoen munduko kontzentraziorik altuena aurkitu da, eta hauetako gehiago aurki daitezke Triano inguruan, Muniziaga 3 kobazuloan.[34]
Bizkaian 5 eskualde karstikoetan banatzen dira kobazuloak. Horrela Bizkaiko Meatze Aldean 598 kobazulo daude, Gorbeia inguruan 579, Durangaldean 341, Busturialdea eta Lea-Artibain 301 eta Karrantza-Jorrios eskualdean 237[35]. Nafarroa Garaiko katalogo espelelogikoak 2100 kobazulo biltzen zituen 1992an.[36]. Dentsitate handiena Urbasa-Andimendi mendilerroetan, Aralarren eta Pirinioetan dago. Gipuzkoan 1805 kobazuloren sarrera ezagutzen da.[37]. Araban 1200 kobazulo ezagutzen dira.[38]
Euskal Herri osoan aurki daitezke garrantzi arkeologikoa duten kobazuloak, euren artean bereziki garrantzitsuak dira Santimamiñe, Axlor, Sara, Izturitze, Zugarramurdi, Urdazubi eta Ekain.
Hobi mineralak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Eskuineko mapan hobi mineral nagusiak agertzen dira. Ikus daitekeenez 4 jatorri ezberdinetako hobi mineralak daude. Lehenengoa, bere antzinatasunaren arabera, Paleozoikoko mazizoetan dauden berun, zink, magnesio, fluor eta burdin hobiak dira. Hauek erromatarren garaian ustiatzen ziren, batez ere Aiako Harrian eta gero Oiassoko portuan garraiatu. Honetaz gain Aldude eta Bortzirietan ere agertzen dira mineral hauek. Hauetako askotan zilarra ere aurki daiteke. Ariben merkurioa ere esplotatu zen bere garaian.[42]
Kretazeoko mineralak bi mota ezberdinetan agertzen dira. Alde batetik Bilboko Antiklinalaren ardatzean burdinazko hobi oso garrantzitsuak daude. Burdina leku askotan atera badaiteke ere (burdinolak oso ugariak izan ziren garai batean) inon ez dago Euskal Herrian Meatzaldea eskualdean bezain beste. Triano mendia gaur egun guztiz zulatua dago, bertan zegoen minerala ateratzeko. Gallarta, Bilbo eta Otxandion ere ola garrantzitsuak egon dira. 1878tik 1898ra 80,5 milioi tona burdin atera ziren Triano ingurutik, 1899an 6,5 milioi tona atera ziren, hogei urte lehenago 1,3 ateratzen zirelarik[43].
Antiklinorioaren bi alpetan kareharria da nagusi, eta uharri ugari daude. Bertako askotan beruna eta zinka atera daiteke. Meatze hauek txikiak dira, baina ugariak. Bizkaiko sinklinorioaren iparraldeko alpean ere agertzen dira, hiru banda osatuz.
Hirugarrenik diapiroei lotutako gatz mineralak daude. Hauek gatzaga askotan esplotatu izan dira eta gaur egun Iruñea inguruan badute garrantzia. Nafarroan gatz arruntaren esplotazioak interes ekonomikoa du, 2004an 112.741 tona ekoiztu ziren.[44]
Azkenik hobi minerala izan ez arren bere balio ekonomikoa dela eta aipatzeko modukoa da Bermeotik iparraldera aurkitu zen gas natural boltsa. Bertan kokatu zen Gaviota izeneko gas ustiatzailea. Gaur egun ez dago esplotatzeko haina gas.
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ a b c d e f g h i j Euskal Herriko historia geologikoa
- ↑ a b c d e f g EDESO, J. M. Euskal Herriko Geologia Esparrua[Betiko hautsitako esteka]
- ↑ (Ingelesez) PESQUERA, A. VELASCO, F. The arditurri Pb-Zn-F-Ba deposit (Cinco Villas massif, Basque Pyrenees): A deformed and metamorphosed stratiform deposit
- ↑ (Gaztelaniaz) LABORDE WERLINGEN, M. Influencia de los niveles geológicos en un valle guipuzcoano sobre las estructuras de los caseríos
- ↑ Oiartzun haranaren historia geologikoa[Betiko hautsitako esteka]
- ↑ a b c d e f g h i j k ABALOS, B. Tectónica Comparada. X. gaia.
- ↑ P. OLIVIER, L. AMÉGLIO, H. RICHEN eta F. VADEBOIN. Emplacement of the Aya Variscan granitic pluton (Basque Pyrenees) in a dextral transcurrent regime inferred from a combined magneto-structural and gravimetric study
- ↑ J. Canérot, C. R. Geoscience 338 (2006).
- ↑ GALAN, C. Espeleologia física del Karst de Aralar.
- ↑ J. AROSTEGUI, M.C. ZULUAGA, F. VELASCO, M. ORTEGA-HUERTAS eta F. NIETO DIAGENESIS OF THE CENTRAL BASQUECANTABRIAN BASIN (IBERIAN PENINSULA) BASED ON ILLITE-SMECTITE DISTRIBUTION. Clay Minerals (1991) 26, 535-548
- ↑ (Gaztelaniaz) «Un segundo yacimiento de ámbar sitúa a Araba como puerta del Cretácico Inferior»[Betiko hautsitako esteka], Gara, 2007-03-08.
- ↑ Sánchez, Manuel Carracedo; Eguidazu, Fernando Sarrionandia-Ibarra; Juteau, Thierry. (2012). «El vulcanismo submarino de Edad Cretácica de la Cuenca Vasco-Cantábrica.» Macla: revista de la Sociedad Española de Mineralogía (16): 260–267. ISSN 1885-7264. (Noiz kontsultatua: 2021-09-22).
- ↑ (Gaztelaniaz) CASTAÑARES, L.M.; ROBLES, S. «El vulcanismo del Albiense-Santoniense en la Cuenca Vasco-Cantábrica», in Geología de España. J. M. Vera ed.
- ↑ Estibaliz Apellaniz, Juan Ignacio Baceta, Gilen Bernaola-Bilbao, Koldo Nunez-Betelu, Xabier Orue-Etxebarria, Aitor Payros, Victoriano Pujalte, Eric Robin, and Robert Rocchia. Analysis of uppermost Cretaceous-lowermost Tertiary hemipelagic successions in the Basque Country (western Pyrenees); evidence for a sudden extinction of more than half planktic foraminifer species at the K/T boundary. Bulletin de la Société Géologique de France; November 1997; v. 168; no. 6; p. 783-793.
- ↑ Overview of Global Boundary Stratotype Sections and Points (GSSP's)
- ↑ Zumaiako flysch'ari eman diote Paleozenoko estratipo izendapena nazioarteko adituek. Berria, 2007-06-21
- ↑ J.C. Larrasoaña, M. Garcés, X. Murelaga y E. Beamud. Magnetoestratigrafía y magnetismo ambiental de las Facies de Tudela (Mioceno inferior) en las Bardenas Reales de Navarra (sector occidental de la cuenca del Ebro)
- ↑ R. Curnelle, P. Dubois, J. C. Seguin, D. Whitaker, D. H. Matthews, D. G. Roberts, Peter Kent, A. S. Laughton, M. M. Kholief. The Mesozoic-Tertiary Evolution of the Aquitaine Basin, and Discussion. Philosophical Transactions of the Royal Society of London. Series A, Mathematical and Physical Sciences, Vol. 305, No. 1489, The Evolution of Sedimentary Basins (May 5, 1982), pp. 63-84
- ↑ R. PFLUG. El diapiro de Estella[Betiko hautsitako esteka]
- ↑ Murelaga, X.; Azanza, B.; Astibia, H. Restos de quelonios del Mioceno medio del área de Tarazona de Aragón (Cuenca del Ebro, España)
- ↑ Pereda Suberbiola, Xabier; Murelaga, Xabier; Astibia, Humberto; Badiola, Ainara. Restos fósiles del cocodrilo Diplocynodon (Alligatoroidea) en el Mioceno Inferior de las Bardenas Reales de Navarra.Revista Española de Paleontología, 2001 SEP; 16 (2)
- ↑ Murelaga, X.; Larrasoaña, J.C.; Garcés, M. Nueva localidad fosilífera en el mioceno inferior de las Bárdenas Reales de Navarra (cuenca del ebro, península ibérica). Geogaceta, 2004 SEP; 36
- ↑ Astibia, H.; Valle de Lersundi, J. Del; Murelaga, X. Icnitas de artiodactilos (Mammalia) del Paleogeno de Olcoz (Depresión del Ebro, Navarra). Estudios Geológicos, 1994; 50 (1-2)
- ↑ Murelaga, X.; Baceta, J.I.; Astibia, H.; Badiola, A.; Pereda, X.; Suberbiola. Icnitas de perisodáctilos en el Oligoceno de Navarra: posición estratigráfica y sistemática. Geogaceta, 2000 MAY; (27)
- ↑ Murelaga, X.; Astibia, H.; Baceta, J.I.; Almar, Y.; Beamud, B.; Larrasoaña, J.C. Fósiles de pisadas de aves en el Oligoceno de Etaio (Navarra, Cuenca del Ebro).. Geogaceta, 2006 NOV; (41)
- ↑ SERRANO, A; MARTINEZ DEL OLMO, W. Estructuras diapíricas de la zona meridional de la Cuenca Vasco-Cantábrica. in Geología de España. J. A. Vera, ed.
- ↑ PARDO, G et al. La Cuenca del Ebro in Geología de España. J. A. Vera, ed.
- ↑ EVE-ENTE VASCO ENERGÍA (1996).- Mapa Hidrogeológico del PaíVasco, escala 1:100.000. Ente Vasco de la Energía. Memoria + Anexos.
- ↑ JAVIER CASTIELLA MURUZÁBAL. El karst en Navarra. Recursos hídricos en los acuíferos de Loquiz, Urbasa y Andía.[Betiko hautsitako esteka]
- ↑ SIGES Aquitaine[Betiko hautsitako esteka]
- ↑ The Largest Underground Chambers by Surface Area
- ↑ Ilun, isil, heze... dagoen munduan barna[Betiko hautsitako esteka]
- ↑ Espeleología en el Pais Vasco
- ↑ Cueva de Municiaga 3, la pequeña Pozalagua
- ↑ Memoria del proyecto de creación de la base de datos para el inventario y catalogación de cavidades de Vizcaya.[Betiko hautsitako esteka]
- ↑ SANTESTEBAT, I; ACAZ, C. Catalogo Espelelogico de Navarra
- ↑ Catálogo Espeleológico de Gipuzkoa
- ↑ Memoria del Proyecto de catalogación de las cavidades del cretacico inferior en Alava[Betiko hautsitako esteka]
- ↑ Euskal Herriko geologia.
- ↑ Lazkaoko udala
- ↑ Metal Astunak
- ↑ Rincones singulares de Navarra[Betiko hautsitako esteka]
- ↑ MONTERO, M. La minería en Vizcaya durante el Siglo XIX
- ↑ Sales 2005. IGME