Etoliar Liga
Etoliar Liga, Antzinako Grezian, Etoliako hirien federazioa izan zen, K.a. IV. mendearen hasieran eratutakoa[1]. K.a. III. mendean hartu zuen garrantzia, Akaiar Ligari aurka egin zionean. Laster izan zen nagusi Greziako erdialde osoan, Itsaso Jonikotik Egeoraino, eta Peloponeso, Tesalia, Trazia eta Asia Txikia eskualdeak kontrolatu zituen. K.a. 220an, liskarrean sartu zen Filipo V.a Mazedoniakoarekin, eta galtzaile atera zen. Orduan erromatarrekin elkar hartu zuen, hauek ere borrokan ari zirelako Filiporen aurka. Erromatarrek Zinoszefalosko guduan garaitu zuten Filipo, K.a. 197an[2]. Baina etoliarrek ezin izan zituzten berreskuratu erromatarren esku zeuden euren lurraldeak, eta Antioko III.a Handiarekin elkartu ziren, Erromaren aurka. K.a. 190ean Antioko azpiratua izan zen, eta etoliarrek hurrengo urtean eman zuten amore. Liga, formalki, K.a. 167an desegin zen.
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ Aetolian League. global.britannica.com.[Betiko hautsitako esteka]
- ↑ Toynbee, Arnold J.. Historiaren azterketa. ehu.eus.