Chicago
- Beste esanahi batzuen berri izateko, ikus: «Chicago (argipena)»
Chicago (ingelesez jeneralean ʃᵻˈkɑːɡoʊ eta tokiko mintzaeraz ʃᵻˈkɔːɡoʊ ahoskatua)[1] Ameriketako Estatu Batuetako Illinois estatuko hiri handiena da, baita herrialde osoko hirugarrena, New York eta Los Angelesen ondoren, 2,8 milioi biztanle ditu eta.
Michigan Lakuaren hego-mendebaldean kokaturik, Chicagoko metropoli gunea Wisconsin, Indiana, eta Michigan estatuetara zabaltzen da. Chicagoland deritzon horrek 9.3 milioi biztanle dauzka, AEBetako hirugarrena.
1833an fundatu zen, muga hiri gisa. Gaur egun Erdi-Mendebaldeko ekonomia eta kultura-hiriburua da. AEBetan barnan, garraio, negozio eta arkitektura gunerik garrantzitsuenetakoa da. Hiriko etxe orratzak, sukaldaritza, politika ohiturak eta kirol taldeak dira haren ikur nabarmenenak.
Ekonomikoki, finantza gunea izateaz gain, merkataritza, industria, teknologia, telekomunikazioak eta garraioa dira sektore nagusiak. Dena den sektoreak nahiko orekatuta daude garai batean industriarekiko izan zuen mendekotasuna gaindituta.
Afro-estatubatuarrek populazioaren zati handi bat osatzen dute, bi bostenak baitira. Heren bat zuriak dira, laurden bat hegoamerikarrak, eta hogeiren bat Asiakoak.
Historia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Ezagutzen den lehen erreferentzia 1679 ingurukoa da, Robert de LaSallek egina "Checagou" izenarekin[2]. XVIII. mendearen erdialdean jatorri amerikarreko tribu bat bizi zen bertan, Potawatomi izenekoa, aurretik egondako beste herri batzuen tokia hartu zutenak. Bertan ezarri zen lehen kolono ez-indigena Jean Baptiste Point du Sable izan zen, 1780etan, eta bera jotzen da Chicagoko fundatzaile gisa.
1833ko abuztuaren 12an Chicagoko hiria fundatu zen bertako 200 biztanlerekin. Zazpi urtean biztanleria 4.000 pertsona baino gehiago izatera iritsi zen. Trenaren garapenarekin eta Illinois-Michigan kanalaren eraikuntzarekin, 1849n, laku handiak eta Missisipi ibaiarekin lotuz, hainbat industria ezarri ziren Chicagon. 1860ean errepublikarren konbentzioa izan zen bertan, hartzen ari zen garrantziaren adierazle, eta Abraham Lincoln aukeratu zuten hautagai. Bere agintepean gertatu zen gerra zibila eta gerraosteko periodoan oso garapen handia izan zuen hiriak. 1871n Chicagoko sute handia gertatu zen 250 hildako eraginez eta 100.000 pertsona etxerik gabe utziz. Azkar hasiko zer berreraikuntza eta 1893n erakusketa unibertsala antolatu zen bertan.
Lehenago, Haymarketeko matxinada gertatu zen, maiatzaren lehenaren aurrekaria. 1886ko maiatzaren 4ean hiriko Haymarket plazan emandako bonba-eztanda baten ondorioz gertatutakoari deitzen zaio Haymarket afera edo Haymarketeko matxinada.
XX. mendearen hasieran industriak hedapen handia izan zuen Lehen Mundu Gerra dela-eta. Horrek biztanleria beltzaren hazkunde handia ekarri zuen eta horrekin batera kultura beltzaren pizkundea. Gatazkak eta istiluak egon ziren, 1919ko Chicagoko arraza istiluak izanik horien artean ezagunenak.
1919 eta 1931 artean alkoholaren kontsumoa debekatu zen AEBetan, lege lehorra delakoa ezarriz, eta horren ondorioz biolentzia garai bat gertatu zen hirian eta gangster ezagun batzuk ezarri ziren bertan, Al Capone izanik horien artean nabarmenena. horrekin lotuta San Valentin eguneko sarraskia gertatu zen hirian 1929an. 1933 eta 1934an zehar hiriko mendeurrena ospatzeko erakusketa unibertsala antolatu zen hirian 48 milioi bisitari ekarriz.
Bestalde, Chicago izan zen homosexualen eskubideen aldeko lehen elkartea izan zuen hiria AEBetan. 1924an sortu zen eta gaiaren inguruko lehen argitalpena egin zuten, baina izandako errepresioarengatik erakundea desagertu zen.
Depresio handiak eragin handia izan zuen eta 1933an industriaren inguruko lanpostuen erdia galdu zen. Beltzen eta hispanoen artean langabezia %40ra iritsi zen. 1940tik aurrera ekonomia suspertu zen eta hiria oso bizia zen. Bigarren Mundu Gerraren ondorioz ekoizpen industriala izugarri handitu zen.
Altzairuren industria eta beste industria astunak krisian sartu ziren 1970etan, 1960etan altzairuren arloan lan egiten zuten 250.000 langileak izugarri jaitsiz (2015ean 28.000 baino ez ziren).
Auzoak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Hiriaren barruti nagusiak lau dira, erdigune komertziala (The Loop izena duena), iparraldea, hegoaldea eta mendebaldea. Iparraldea da alde populatuena, etxebizitza askorekin. Hiriko etxe orratz gehienak daude inguru honetan eta erdigunean (Chicagoko Board of Trade Building adibidez). Hegoaldea da azalera zabalena duena eta bertan Chicagoko kaiaren instalazioak daude. 1920etan Hiria 77 zonaldetan banatu zen eta gaur egun 200 bat auzo daude modu informalean definituta.
Klima
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Klima kontinental hezea du. Uda epela eta bero artean izaten da, 21 egunean baino gehiagotan 32 gradu baino tenperatura altuagorekin. Neguak hotzak eta elurtsuak dira, baina AEBetako ekialdeko kostaldean baino elur gutxiagorekin. Udaberria eta udazkena gozoak dira eta hezetasun gutxikoak.
Datu klimatikoak (Chicagoko Midway aireportua, 1981-2010) | |||||||||||||
---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|
Hila | Urt | Ots | Mar | Api | Mai | Eka | Uzt | Abu | Ira | Urr | Aza | Abe | Urtekoa |
Erregistraturiko tenperatura maximoa (°C) | 19 | 24 | 30 | 33 | 39 | 42 | 41 | 39 | 38 | 34 | 27 | 22 | 42 |
Batez besteko tenperatura maximoa (°C) | 0 | 3 | 9 | 16 | 22 | 27 | 29 | 28 | 24 | 17 | 10 | 2 | 15.6 |
Batez besteko tenperatura minimoa (°C) | -8 | -5 | -0 | 5 | 11 | 16 | 19 | 19 | 14 | 8 | 2 | -5 | 6.3 |
Erregistraturiko tenperatura minimoa (°C) | -32 | -29 | -22 | -12 | -2 | 2 | 8 | 6 | 1 | -7 | -19 | -29 | -32 |
Pilatutako prezipitazioa (mm) | 52 | 49 | 69 | 92 | 105 | 103 | 102 | 101 | 84 | 82 | 87 | 65 | 991.9 |
Prezipitazio egunak (≥ 0.01 in) | 10.7 | 8.8 | 11.2 | 11.1 | 11.4 | 10.3 | 9.9 | 9.0 | 8.2 | 10.2 | 11.2 | 11.1 | 123.1 |
Elur egunak (≥ 0.1 in) | 8.4 | 5.7 | 3.8 | 0.7 | 0 | 0 | 0 | 0 | 0 | 0.1 | 1.8 | 6.7 | 27.3 |
Eguzki orduak | 136.4 | 138.4 | 186.0 | 216.0 | 282.1 | 312.0 | 319.3 | 282.1 | 228.0 | 192.2 | 114.0 | 105.4 | 2511.9 |
Iturria: [3] |
Garraioa
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Chicago Transit Authority (CTA) da hiriko garraio operadorea, AEBetako bigarren handiena New Yorken atzetik. Autobusek, Chicago "EL" (elevated ingelesez) izeneko tren sareak (Chicagoko metroa ere deitzen zaio) osatzen dute garraio metropolitarra, 24 ordutan zehar aritzen dena.
Chicagoko nortasun-ezaugarrietako bat goitik doan tren hori da. Borobil-itxurako ibilbidea egiten du (The Loop) hiriko erosketa-leku eta finantza-gunean zehar. Film askotan ikusi da. Burdinazko zutabe altu batzuen gainean doa, eta azpitik autoak doaz. Geltoki batzuek duela 100 urte jarritako egurra dute oraindik. Chicagon goitik doan tren hori garai baten lekuko da, noiz eta azken belaunaldiko metroz eta tranbiez harro dauden hirien garaian.[4]
Bizikletaren aldeko hiri gisa aitortua izan da, bidegorri sare handiarengatik eta AEBetako mailegu sistema oparoena izateagatik (5.800 txirringa eta 580 geltoki 2016an).
Trena ere garrantzitsua da eta Union Station da geltoki garrantzitsuena. Amtrak distantzia handiko tren sarea bertatik abiatzen da, hiri askotara, Los Angeles eta New Yorkera esaterako. AEBetako beste hiriekin konektatzeko aipatutako Amtrak trenak eta Greyhound autobusak oso erabiliak dira.
Bi aireportu ditu Chicagok, O'Hare izenekoa, handiena, ipar-mendebaldean; eta Midway izenekoa hego-mendebaldean.
Kultura
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Kultur azpiegitura zabala dago hirian. Lakuaren ertzean, hirigunean, Museum Campus delakoan hiriko museo nagusietako hiru biltzen dira: Field Historia Naturaleko Museoa, Shedd Aquariuma eta Adler Planetarioa. Beste museo ezagun batzuk ondokoak dira: Arte Institutua, Arte Garaikidearen Museoa, Chicagoko Ekialdeko Institutua eta Zientzia eta Industriaren Museoa.
Musika modernoaren arloan ekarpen handiak egin dira Chicagotik, jazz (Nat King Cole, Benny Goodman), blues (Muddy Waters), soul (Sam Cooke, Curtis Mayfield) eta gospel (Thomas A. Dorsey) estiloetan eragin handia izan du hiriak.
Chicago izeneko musika taldeak ere oso ezaguna izan zen 1970etan, rock big-band estiloko sortzailetakoak izanik. House musikaren jaioterria ere izan zen.
1990eko hamarkadan, bestela aipatzekoak dira The Smashing Pumpkins eta Wilco, eta Rise Against 2000ko hamarkadan.
AEBko hiri handien artean, agian Chicago da AEB bere osoan ondoen islatzen duena. New York AEB da, baina New York munduko hiria da, arrazen, erlijioen eta hizkuntzen nahasketa. Los Angeles ere AEB da, baina Mexikok eta Latinoamerika guztiak eragin handia dute bertan; izan ere, bertako jende-kopuruaren zati handi samar bat hispanoa baita. Chicagon beltz asko bizi dira, eta hispanoak ere gutxi ez, baina ia jenderik gehiena zuria da. Gainera, barrualdean dago, eta ez kostaldean, New York eta Los Angeles bezala. Benetako AEB hori ondoen islatzen duen hiria dela esan daiteke, turistek bisitatzen ez duten hori alegia. Donald Trumpek presidentetza lortzeak jende asko harritu zuen, baina lorpen hori AEB barruko eremu horri esker lortu zuen, kanpotarrek hain gutxi ezagutzen duten horri esker hain zuzen ere.[4]
Kirola
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Saskibaloiaren zaleen artean oso ezaguna da hiria NBAko Chicago Bulls taldea dela-eta (6 aldiz txapeldunak 1990eko hamarkadan). Bertan jokatu zuen Michael Jordanek inoizko jokalaririk onena askorentzat.
Amerikar futbolean (Chicago Bears), beisbolean (Chicago Cubs eta Chicago White Sox taldeak), eta izotz hockeyan (Chicago Blackhawks) ere aritzen dira hiriko taldeak elite mailan.
Chicagoko maratoia ere oso ezaguna da eta munduko sei garrantzitsuenen artean dago.
Chicagotar ezagunak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Myrtle Reed (1874-1911), idazle, kazetari eta filantropoa.
- Raymond Chandler (1888-1959), idazlea.
- John Dos Passos (1896-1970), idazle eta margolaria.
- Al Capone (1899-1947), gangsterra.
- Gloria Swanson (1899-1983), aktorea.
- Walt Disney (1901-1966), zinema zuzendaria, ekoizlea, gidoigilea eta bikoiztailea.
- Vincente Minnelli (1903-1986), zinema zuzendaria.
- Don Siegel (1912-1991), zinema zuzendaria eta ekoizlea.
- Raquel Welch (1940-), aktorea.
- Harrison Ford (1942-), aktorea.
- Michael Mann (1943-), zinema zuzendaria, ekoizlea eta gidoigilea.
- Patti Smith (1946-), abeslaria.
- Hillary Rodham Clinton (1947-), politikaria.
- Dennis Farina (1944-), aktorea.
- Tom Berenger (1949-), aktorea.
- Robin Williams (1951-2014), aktorea.
- Robert Zemeckis (1952-), zinema zuzendaria, ekoizlea eta gidoigilea.
- Mr. T (1952-), aktorea, abeslaria eta borrokalaria.
- Frances MacDormand (1957-), aktorea.
- Michael Madsen (1958-), aktorea eta poeta.
- Michael Flatley (1959-), dantzaria, aktorea, musikaria eta koreografoa.
Herri eta hiri senidetuak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Chicago ondorengo herri eta hiriekin senidetuta dago:
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ Miami-Illinoiseraz: Shikaakwa; ojibwaz: Zhigaagong (Ingelesez) Carrico, Natalya. (2019-3-18). «'We're still here'» Chicago Reader.
- ↑ (Ingelesez) Quaife, Milo Milton. (1933). Checagou; from Indian wigwam to modern city, 1673-1835. (Noiz kontsultatua: 2018-07-08).
- ↑ http://www.nws.noaa.gov/climate/xmacis.php?wfo=lot NOAA
- ↑ a b «Aldizkari Digitala: Chicago ez da New York, ezta beharrik ere!» www.ikasbil.eus (Noiz kontsultatua: 2022-03-14).
- ↑ a b c d e f g h i j k l m n o p q r s t u v w x y z aa ab (Ingelesez) Sister Cities International. (Noiz kontsultatua: 2018-08-08).
Ikus, gainera
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Chicagoko Arte Institutua
- Chicagoko Ekialdeko Institutua
- Chicagoko Soziologia Eskola
- Chicagoko Unibertsitatea
- O'Hare nazioarteko aireportua
- Illinois
Kanpo estekak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Chicagoko Udalaren webgunea (Ingelesez)