Bitoriano Gandiaga
Bitoriano Gandiaga | |
---|---|
Bizitza | |
Jaiotza | Mendata, 1928ko urriaren 8a |
Herrialdea | Bizkaia, Euskal Herria |
Heriotza | Arantzazu (Oñati), 2001eko otsailaren 21a (72 urte) |
Hezkuntza | |
Hizkuntzak | euskara gaztelania |
Jarduerak | |
Jarduerak | poeta eta idazlea |
Sinesmenak eta ideologia | |
Erlijioa | Erromatar Eliza Katolikoa |
Erlijio-ordena | Anaia Txikien Ordena |
Bitoriano Gandiaga Artetxe (Mendata, Bizkaia, 1928ko urriaren 8a - Arantzazu, Gipuzkoa, 2001eko otsailaren 21a) fraidea eta euskal poeta izan zen.[1]
Bizitza
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Bitoriano Gandiaga Mendatan jaio zen, Orbelaun baserrian, 1928ko urriaren 8an. Hamahiru urte zituela Arantzazura joan zen fraidetarako eta apaiz-ikasketak egitera. Arantzazun eta Foruan ikasi zituen Humanitateak. Zarautzen zuen zuen nobizio-urtea (1947-1948). Erriberrin egin zituen Filosofiako ikasketak (1948-1951) eta Arantzazun Teologiakoak (1951-1955). Apaiztu ondoren, Arantzazun eman zuen bere bizitza osoa, fraide-gaien irakasle, idazle eta apaiz-lanetan. 1955-1990 urteetan seminarioko irakasle izan zen: mutikoei euskara eta esku-lanak irakatsiz, besteak beste. 2001eko otsailaren 21ean hil zen Arantzazun.[2]
Gaztetatik hasi zen olerkiak idazten –1950ean argitaratu zuen aurrena, Erriberriko Filosofiako ikasleen Gure Izarra barne-aldizkarian–; ondorengo urteetan olerkiak idazteari eutsi zion, eta 1951tik aurrera aldizkaritan hasi zen argitaratzen (Aránzazu, Euzko-gogoa, Olerti, etab.). Hainbat sari eta aipamen lortu zuen urte horietan olerki-lehiaketetan: Donostia (1951), Zarautz (1954) Arantzazu (1956), Euskaltzaindia (1959).
Aldizkaritan kaleratu zuen Gandiagak olerki hainbat (180 inguru) edota multikopiaturiko sortetan zabaldu (175 inguru). Horiez gain sei liburu argitaratu zituen Gandiagak bere bizitzan: Elorri (1962), Hiru gizon bakarka (1974), Uda batez Madrilen (1977), Gabon dut anuntzio (1986), Denbora galdu alde (1985) eta Ahotsik behartu gabe. Euskal abeslariek Gandiagaren poema ugari musikatu (150etik gora) eta grabatu eta publikatu (100 inguru) dute.
Literatur idatzi ugari utzi zuen argitaratu gabe hiltzean; bere bizitzan argitaraturikoak baino askoz gehiago: horietako gehienak nahikoa landuak edo guztiz burutuak; hainbat, zirriborro moduan. Idatzi guztien edizio kritikoa lantzearekin batera, eta argitaratu gabeko hainbat olerki eta testu bildu eta sailkatuz, aparteko bildumak argitaratu zituzten autorea hil ondoren: Adio (2005), eta lau tomo monografiko biltzen dituen Argitaratu gabeko poemak izenekoa (2006): Euskalminez, Biziminez, Jainkominez, Izadiminez. Gainera haren hainbat poema argitaragabe sartu zuten beste bi liburu hauetan: Justizia eta bakea. Poemak eta otoitzak (talde-liburua, 2003) eta Jaunarekin supazterrean. Gandiaga oroituz (Patxi Ezkiaga, 2003). .
Gandiagak bere bizitzan argitaraturikoen antologia zabalak ere argitaratu dituzte: Bitoriano Gandiaga Artetxe, Bizitza itxaropen delako (Amaia Iturbide; EHU, 2001, 306 or.) — XX. mendeko poesia kaierak. Bitoriano Gandiaga (Koldo Izagirre; Susa, 2001, 60 or.) — 50 0lerki gandiagatar. Berrogeita hamar urte (1951-2001) hitza zizelkatzen (Labayru, 2001, 68 or.).
Idazkera
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Artikulu honek erreferentziak behar ditu. Hemen erreferentzia egiaztagarriak gehituz lagun dezakezu. |
- Mundua lehen pertsonan bereganatzen du. Ez da errealitatea jasotze hutsarekin konformatzen. Arazoek sorrarazten dioten larri-mina nabari zaio. Etengabeko tenka erakusten du irudi poetikoetan: errealitatea/ametsa, desira/existentzia, landa/hiria. Haren krisiak kristau-fedean aurkitzen du sendabidea.
- Hiru gizon bakarka idatzi zuenean, poesia biribil eta biluzia egin zuen: formari dagokionez, antzeztua izateko sortua da; muinari dagokionez, Euskal Herriaren egoera adieraztea du helburu. Alegoria modura aurkeztuen du txakolinaren ospakizuna zatia. Euskal Herria eta txakolina berdindu egiten dira: “Ardo nahi ta ezina”. Oinarrizko frustrazio horretatik dator Gandiagaren sentiberatasuna.
- Hiriaren erasoa: denak elkarren ondoan egon eta bakarrik sentitzea da Uda batez Madrilen liburuaren giltzarria. Olerkien forma eta moldeak ere kaos hori adierazten dute.
- Gabriel Aresti garaikidearen eragina ere nabari da olerki sozialak deiturikoetan. Existentzialismoaren arrastoa ere bai.
- Gaietan zein moldeetan, gerraurreko olerkarien bideari eusten dio.
Idazlanak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Poesia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- Elorri (1962, EFA). 1952-57 bitartean idatziriko poemak.[3] Gerraurreko olerkarien zordun puntu batzuetan. Inpresionismotik kreazionismora arteko bidea egiten du olerkariak.
- Hiru gizon bakarka (1974, Gero Mensajero; Berrargitalpena: Elkar, 1991). Oteiza Arantzazuko santutegian lanean ari zenean egina; sinbolismoaren estetikarekin apurtzea ekarri zuen.
- Uda batez Madrilen (1977, EFA). Madrilen igarotako uda baten ikuspegi poetikoa.
- Denbora galdu alde (1985, Erein). Prosa poetikoa da.
- Gabon dut Anuntzio (1986, EFA). Eguberritako oroitzapena, neguko solstizioaren eta Jesusen jaiotzaz egindako olerki eta kantu-bilduma da. Gontzal Mendibilek kantatuko zuen gero.
- Ahotsik behartu gabe (1997, Erein).
- Bizitza itxaropen delako (2001, EHU-UPV). Bilduma elebiduna, gaztelaniazko itzulpenekin lagundua.
- XX. mendeko poesia kaierak - Bitoriano Gandiaga (2001, Susa). Koldo Izagirreren edizioa
- Adio (2004, Elkar).
- Poema argitaragabeak (2005, Elkar).
Abestietako hitzak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Euskal musikako Badok.eus atarian 110 erreferentzia agertzen dira abestietako hitzetan Gandiaga bilatuz gero, besteak beste, kanta hauetan:[4]
- Madrilgo lagunak Joseba Tapia musikariaren Real Politik albumean (2006)
- Errekan behera. Antton Valverde musikariaren Gaua, ausentziaren itzala albumean (2020).
- Euskal kantuen mezua Antton Valverde) musikariaren Bai Euskarari albumean (1978)
- Pazko-aldarria antzinako ereserkiaren euskarazko bertsioa. Pazko gaubeilan osorik abesten dute.
- Bai, bai, bainan gero ez Koldo Romero Eskamendi musikariaren Eskutari albumean (1972)
- Kezka Koldo Romero Eskamendi musikariaren Eskutari albumean (1972)
- Hitz urri batzuk Koldo Romero musikariaren Esperantzari leiho bat: antologia 1966-2004 albumean (2004)
- Ez dakit zergatik Koldo Romero musikariaren Esperantzari leiho bat: antologia 1966-2004 albumean (2004)
- Esperantzari leiho bat Koldo Romero musikariaren Kantua zuei albumean (2021)
Ikus, gainera
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ «Bitoriano Gandiaga» gandiaga.com (Noiz kontsultatua: 2022-04-19).
- ↑ Iraola, Rufino. (2002). Bitoriano Gandiaga (1928-2001).. Eusko Jaurlaritzaren Argitalpen Zerbitzu Nagusia, 3-8 or. ISBN 84-457-1867-3..
- ↑ (Gaztelaniaz) «Elorri (1962). Bitoriano Gandiaga - Auñamendi Eusko Entziklopedia» aunamendi.eusko-ikaskuntza.eus (Noiz kontsultatua: 2024-08-15).
- ↑ Gandiaga. «Badok atarian euskal abestietan 'Gandiaga' bilaketa (110 erreferrentzia)» Badok (Noiz kontsultatua: 2024-06-08).
Bibliografia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ALDEKOA, Iñaki. Historia de la literatura vasca. Donostia: Erein, 2004.
- AULESTIA, Gorka. "S. Mitxelena eta B. Gandiaga Arantzazuko". Muga. 79 zb., 1991. 45-59 or.
- Azurmendi, Joxe. 2009: Azken egunak Gandiagarekin, Donostia, Elkar.
- GANDIAGA, Bitoriano. "Nire obraz". Hegats. IV, 1991. 207-218 or.
- ITURBIDE, Amaia. "Adjektibazioa Bitoriano Gandiagaren Elorrin". Jakin. 67, 1991. 119-132 or.
- KORTAZAR, Jon. Euskal literatura XX. mendean. Zaragoza: Pramés, 2000. 183-194 or.
- LASA, Mikel. "Hitzaurrea" in Hiru gizon bakarka. Bilbo: Gero, 1974. 7-12 or.
- LEKUONA, Juan Mari. "Sarrera modura". XV-XXIX in Uda batez Madrilen. Oñati: Jakin, 1977.
- OTAEGI, Juan. Adjektiboa Euskal Literaturan, (tesia, 1994). UD/DU, Bilbo, 1999.
- URIA, Iñaki & ZUBIRIA, Pello. "Elkarrizketa Gandiagarekin, esperantza urratu nahi eta ezinean". Argia. 1985-II-24. 25-28 or.