Alderdi politiko
Politika |
---|
Alderdi politikoa ideologiaz eta helburuz kideko diren pertsonek osatzen duten erakundea da. Alderdi politikoa erakunde politiko egonkor eta iraunkorra da, eta, bere helburuak lortzeko, aginte politikoaz baliatzen da, alderdi anitzeko demokrazietan, hauteskundeetan lortutako ordezkarien bidez.
Sistema partitokratikoetan, alderdi politikoek herritarren esku-hartze politikoa bideratzeko helburua dute. Alderdi bakoitzak bere ideologia du, eta ekonomia, gizartea, hezkuntza eta hainbat arlori buruzko bere iritzia eta interesak ditu.
Gaur ezagutzen diren moduan, alderdi politikoak XIX. mendean sortu ziren, herritarren esku-hartzea eta ordezkaritzako demokrazia garatzearekin batera.
Alderdi politikoek honako modu honetan jarduten dute agintea eskuratzeko:
- Herritarrek hauteskundeetan agintean esku hartzeko ordezkariak bozkatzen dituzte.
- Hauteskundeen aurretik, kanpaina bat egiten da. Bertan, alderdi bakoitzak bere egitasmo politikoa azaltzen dio herritarrei, agintea lortzen badute zer ekintza egingo dituzten agertzeko.
- Ondoren, herritarrek, alderdi politiko horien artean, egokien irizten diotenari boza ematen diote.
- Bozen kopuruen arabera sortzen dira ordezkarien ganberak, eta, bakarrik edo beste hautagaitza batzuekin bat eginez, gehiengoa lortu duen alderdiak agintea eskuratzen du. Alderdiak, beraz, teorikoki aginte politikoaren eta biztanleen bitartekoak dira.[1]
Alderdi politiko kontzeptua hainbat modutan definitu izan da, une historikoaren eta errealitate soziokultural espezifikoaren. Stefano Bertolinik honela definitzen du: «Norbanako-talde bat, hautagaiei kargu publiko adierazgarriak eskaintzera iristeko asmoz hauteskunde-lehian parte hartzen duena», eta Ramón Cotarelok, berriz, honela definitzen du:
« | Denboran iraun dezakeen borondatezko elkarte oro, gizartearen gobernu-programa batez hornitua, interes jakin batzuk bideratzen dituena eta botere politikoa erabili edo horretan parte hartu nahi duena, hauteskunde-prozesuetan behin eta berriz aurkeztuz. | » |
Historia
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Mende asko dira boterearen alde borrokatu diren hainbat fakzio politiko. Nolabaiteko protopartidismoa erakusten duten adibide historiko batzuk lirateke: Erromako Senatuko Optimate eta Populares, Erdi Aroko guelfoak eta gibelinoak edo Frantzia iraultzailearen jakobinoak eta girondinoak, Britainia Handiko Whig eta Toryak. Hala ere, orain ulertzen dugun moduan, alderdi politiko modernoa XIX. mendean sortu zen Britainia Handiko Parlamentuan Alderdi Kontserbadore eta Liberalekin, hurrenez hurren, aipatutako talde politiko ingeles horien egiturazko antolamenduarekin[2].
Hala, nazio gehienetan, hasiera batean, bi talde nagusi sortzen hasi ziren; botere-taldeen pribilegioak (bereziki monarkien eta aristokrazien pribilegioak) gorde nahi zituzten kontserbadoreak, eta burgesia indartsuaren ordezkari liberalak, espazio politiko berriak eta eragina bilatzen eta ez zuena, neurri handi batean bere eragin politiko hutsa parekatu nahi baitzuten eragin ekonomiko berriarekin, hein handi batean plebeioak zirelako[3]. Borroka horiek, batez ere Europan gertatu ziren, non, indar liberal burgesen aurka, indar kontserbadoreek nobleziaren, kleroaren eta, bereziki, monarkiaren agintea babesten baitzuten (Antzinako Erregimena izenez ezagutzen dena)[4][5][6]. Kasu batzuetan, horrek, Europan, nahasmendua ekarri zuen, iraultza burges edo iraultza atlantiko ugariekin, hala nola Iraultza Ingelesa, Frantziako Iraultza, Italiaren eta Alemaniaren bateratzeak eta Estatu Batuetako eta Latinoamerikako independentzia-gerrekin[7]. Baina beste herrialde batzuetan, erreforma politikoak bitarteko baketsuagoen bidez lortu ziren, eta, hala, herrialde horietako askok odola isurtzea saihestu zuten, eta orain arte beren monarkiak gordetzea lortu dute, irudi apaingarri gisa bada ere.
Independentziaren ondoren, borroka hori Amerikara esportatu zuten, non liberalen eta kontserbadoreen arteko liskarrek ñabardura bat hartu baitzuten. Babestu beharreko monarkiarik edo nobleziarik gabe, hala ere, bazegoen gizarte-aldaketetatik babestu nahi zuen aristokrazia kreole bat, eta, Latinoamerikan, Eliza katolikoak, kontserbadoreekin bat eginik, pribilegioei eutsi nahi izan zien. Horri aurre egin zioten ideia abangoardistak zituzten liberalek, zeinek estatuaren sekularizazioa sustatu eta pribilegio klerikalen aurka egin baitzuten. Costa Rican izan ezik (liberalak nagusi eta alderdi benetan kontserbadorerik antolatu gabe[8]), Latinoamerikako gainerako herrialdeetan gerra handiak izan ziren liberalen eta kontserbadoreen artean, XIX. mendearen zati handienean eta XX. mendearen hasieran[9][10][11].
Hala ere, nahiz eta liberalek, askotan, langile-klaseen eskubideak sustatu zituzten, bai zeharka (gizartea demokratizatzeko beharrezkoak ziren erreforma politikoek eskubide politikoak proletarioetara zabaltzea eskatzen zutelako) edo zuzenean (jarrera sozioliberalago batera iristeagatik), praktikan, langile-klaseek, hasiera batean, ez zuten berezko ordezkari politikorik. Europako lehen alderdi sozialisten sorrerak (Industria Iraultzaren baldintza txarren ondorioz) aldatu egin zuen egoera hori. Langile-talde antolatu horiek Internazionala edo Lehen Internazionala izeneko Langileen Nazioarteko lehen Elkartea osatu zuten, elkartearen izaera internazionalista erakutsiz. Alderdi sozialistak hainbat herrialdetan sortu ziren, askotan beren testuinguruaren berezko ezaugarriekin.
Unitatea laster apurtuko zen, batez ere hiru talde handitan: marxistak, gizartearen aldaketa iraultzaile bortitz baten alde zeudenak langileriaren diktadura ezartzeko eta hauteskundeetan parte hartzea estrategikotzat hartzen zutenak[12]; erreformistak edo sozialdemokratak, erreformak bide baketsu eta demokratikoen bidez egin zitezkeela uste zutenak parlamentu-sistema eta demokrazia liberala mantenduz[13], eta anarkistak, estatuaren eta era guztietako autoritarismoaren desegitea bultzatzen zutenak epe ertainean eta hauteskundeetako interesik ez zutenak. Haustura horrek zatiketa eragin zuen langile-antolakuntzaren barruan; hala ere, mendebaldeko herrialde gehienetan, sozialista demokratikoak hauteskunde-arrakasta handiak izaten hasi ziren, eta berehala bihurtu zen alderdi nagusietako bat, baita boterea lortu ere, ia beti liberalak gaindituz eta hirugarren indar baten izatera edo are gutxiagora zokoratuak[Oh 1], Alemanian, Erresuma Batuan, Frantzian eta Suedian gertatu moduan[14][15].
Komunistek, jazarpen bortitzaz gain, ez zuten sozialdemokratek mendebaldeko herrialde gehienetan zuten hauteskunde-arrakasta bera izango, zenbait herritarrek aukera sozialista moderatuagoak nahiago baitzituzten. Hala ere, Alderdi Komunista izateak funtsezko funtzioa izan zuen teoria marxistaren eta ezkerreko mugimenduen barruan. Sarritan Mexikoko Iraultza lehen iraultza[Oh 2] sozialtzat hartzen den arren[16] (hau da, langile- edo nekazari-geruzetatik eratorria, eta ez iraultza burgesetik), Errusiako Iraultza da lehena benetan nazioarteko egoera aldatzen duena eta lehen gobernu iraultzaile sozialista ezartzen.
Hasieran ideologia askotako talde sozialistek osatu arren, laster marxista-leninistak inposatu, eta Sobietar Errepublika Sozialisten Batasuna sortu zen, Sobietar Batasuneko Alderdi Komunistarekin[17] alderdi bakar gisa[18]. Alderdi bakarreko sistema, izan ere, erregimen absolutisten alde normala litzateke. Halaber, garrantzi handia izango zuen Europan sortutako mugimendu faxisten artean, hala nola faxismo italiarra, nazionalsozialismo alemaniarra eta salazarismo portugesa.
1930eko hamarkadan, Moskuk, munduko alderdi komunista guztiak kontrolatzen zituen Internazional Komunistaren bidez, eta «Fronte Popularrak» sortzea sustatu zuen. Fronte horiek komunisten eta bestelako alderdi antifaxisten arteko aliantza bilatzen zuten hauteskunde-koalizioen bidez. Hala ere, dinamika hori Errusiak Alemania naziarekin zituen momentuko harremanen mende egongo zen. Bigarren Mundu Gerra amaitu eta faxismoak izen ona galdu ondoren, eskuin muturreko alderdiek porrota jasan zuten, eta, herrialde gehienetan, boteretik kanpo gelditu ziren, existitzeari utzi gabe. Hala ere, gerra hotzean, norgehiagoka ideologiko nagusia kapitalismoaren eta komunismoaren artekoa izan zen.
Ordurako, XX. mendean zehar alderdi politikoek lagundu ohi zituen bi ezaugarri agertuko ziren: «Internazionalen» agerpenak, hau da, alderdi politikoen nazioarteko sareak, hainbat foro, biltzar eta batzar, hala nola Internazional Sozialista, Zentroko Internazional Demokrata, Internazional Liberala, Internazional Komunista, etab., eta hauteskunde-koalizioak sortzea agintera iristeko antzeko ziren boto-emaileen botoa sakabanatu gabe. Biak XIX. mendetik zirenak baina indarra XX. mendean hartu zutenak[19][20].
Amerikan, langileen borrokak Europan baino beranduago iritsi ziren. Langileen mugimendu politikoak, batez ere, XX. mendearen hasieran antolatu ziren, baina, Estatu Batuetan izan ezik, alderdi sozialdemokratek indar politiko nagusietako bat bihurtu ziren Amerikako herrialde gehienetan, Europan gertatu zen moduan. Beste eragin garrantzitsu bat izan zen Elizaren doktrina sozialetik[21][22] sortutako kristau-demokraziarena, eta, Europan nahiz Latinoamerikan, herrialde bakoitzeko indar politiko garrantzitsuenetariko bat izan zen maiz. Latinoamerikako eta Europako herrialde askotan, alderdi-bitasuna ezarri zen sozialdemokraten eta demokrata kristauen artean, kontserbadoreen eta liberalen artean zegoenaren antzekoa: Kolonbia (PC eta PL), Venezuela (COPEI eta AD), Costa Rica PLN eta PUSC), Argentina (PJ eta UCR)... Ezker iraultzaileko mugimenduek ere agertu ziren, eta haien errepresioa, beren talde armatuekin elkartuta, gerra zibil ankerrak eta gerra-gatazkak ekarri zituen sarritan, bi alderdien ekintza eztabaidagarriekin. Hala ere, Gerra Hotzak eragin zuzena izan zuen mendebaldeko munduko alderdi politikoen dinamikan, eta, gatazkan zeuden superpotentzia handien alde zeuden alderdien artean, liskarrak izan ziren. Horrek berak kapitalismoaren eta komunismoaren arteko alternatiba gisa aldarrikatzen ziren mugimendu politikoak sortzea ere ekarri zuen, hala nola sozialdemokrazia, kristau-demokrazia, kristau sozialismoa[23] eta eurokomunismoa[24].
Estatu Batuetan ere, garrantzi politikoko alderdi sozialistarik inoiz agertu ez den arren, bi alderdi nagusien (Demokrata eta Errepublikanoa) eskuinaldeko edo ezkerraldeko jarrera nabarmen aldatu da denborarekin, eta, gaur egun, Errepublikanoak kontserbadoretzat eta Demokratak sozioliberaltzat jotzen dute beren buruek. Bi bloke politiko handi horiek direla eta, ideologikoki oso desberdinak dira biak eta era askotariko barne-talde eta ekintzak dituzte (adibidez, libertarioak, kontserbadore tradizionalak eta fundamentalista erlijiosoak Errepublikanoan, eta Demokratan liberal klasikoak, liberal aurrerakoiak, sozialdemokratak, ekologistak eta are sozialista demokratikoak); izan ere, interes-talde askok errazago aurkitzen dute lehendik dauden bi alderdietako batean parte hartzea beste bat osatzea baino[25][26].
Azkenik, gerra hotzaren eta tentsio ideologikoak murriztu ondoren, alderdi politiko berriak sortzen hasi dira. Mugimendu ekologikoak 70eko eta 80ko hamarkadetatik, eragin politikoa bilatzen hasi ziren ingurumenarekiko kezka orokorraren aurrean bereziki[27], alderdi berdeak sortuz. Herritarren protesta mugimenduak, sistemaren kontrakoak eta libertarioak indar politiko berrietan antolatzen hasten dira, eta, askotan ezin dira erraz sailkatu ideologia klasikoetan, hala nola alderdi piratak[28][29], haserretuen mugimenduak, animalia zaleen mugimenduak eta demokrazia likidoaren[30][31][32] edota zuzenaren[33][34] bultzatzaileak. Izan ere, teorialari batzuek alderdi politikoak, zaharkituak izanagatik, ezabatzea ere proposatu dute. Nolanahi ere, mendebaldeko munduaren alde gehienetan, herritarren antolaketa politikoak alderdi politikoak eratzen jarraitzen du.
Ereduak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]Ikuspegi instituzional batetik, Maurice Duvergerrek honela bereizten ditu:
Barne-sorkuntzako alderdiak (koadro-alderdiak): Parlamentuaren baitan sortzen dira. Hasieran, boterea lortzeko borrokaren ekintza gisa aurkeztu ziren, hala nola Toryak (kontserbadoreak) eta Whigak (liberalak) Ingalaterran, batez ere XIX. mendean. Konnotazio negatiboa zuten, uste baitzen interes berekoiak bilatzen zituztela guztien ongiaren kontra. Baina, denborarekin, argi geratu zen ezinezkoa zela herriaren eta haren ordezkarien artean harreman zuzena izatea. Gizartearen eskaera berriei erantzuteko, antolaketa handiagoa behar da, eta, orduan, ez-organikotasunaren agertoki batetik gero eta organikoagoa den beste batera pasatzen da.
Kanpo-sorkuntzako alderdiak (masa-alderdiak): XIX. mendearen amaieran eta XX. mendearen hasieran, eskubide politikoak zabaltzeko borrokatik sortzen dira. Parlamentutik kanpo jarduerak egiten zituzten taldeekin lotura estua zuten, hala nola sindikatu, erakunde erlijioso eta egunkariekin. Adibidez, Alderdi Laborista britainiarra. Masa-alderdiek alderdi baten funtzionamenduak eskatzen zituen finantziazio-arazoak konpontzen zituzten afiliatuen erreklutamendu masiboaren bidez. Bere antolaketa egitura piramidal hierarkikoa izan ohi zen: oinarria militanteek eta gailurra alderdiko eliteko buruzagiak osatzen zuten. Militanteek ekarritako baliabideen truke, elite-buruzagiek beren afiliatuen interesak defendatzeko konpromisoa hartzen zuten, eta, horregatik, koadroetako alderdiek ez bezala, ideologia oso zehaztua zuten.
XX. mendean, bi alderdi-eredu horiek zaharkituta geratu ziren demokraziek izan zuten bilakaeragatik. Otto Kirchheimerrek eta beste autore batzuek alderdi-forma berriak proposatu zituzten, eta horien barne-antolaketa ez zen aurreko biena bezalakoa:
Ororen alderdiak ( ingelesez, Catch-all): Kircheimerrek sartutako berrikuntza da. XX. mendearen bigarren erdi aldean, hazkunde ekonomikoak eta ongizate-estatuaren garapenak hobetu egin zituzten biztanleen baldintza orokorrak, eta lausotu, langile-masen eta eliteen arteko bereizketa, eta gizarte-klase heterogeneoa sortu zen, muga zehaztugabeko klase sozial heterogeneoa, erdi mailako klasea. Horregatik, gero eta zailagoa zen alderdi sozialdemokrata tradizionalek lehen bezain babes zabala izatea. Horrek klase arteko estrategia zituzten erakundeak sortu zituen, eta haien mezu politikoa talde zabalagoei zuzentzen zitzaien. Aldi berean, masa-komunikabideak agertzearen ondorioz, alderdi asko hautesleak mugiarazten zituzten erakunde burokratiko izatetik egitura malguago izatera igaro ziren, ideiak zabaltzeko komunikabideetara jotzen zuena. Alderdi horiek (ideologia trinkoa zutenak) defentsa-alderdiak izateari utzi zioten, eta, ondorioz, hedabideetan mezuen bidez botoak, modu masiboan, hartzeko estrategia erasotzailea zuten erakundeak izatera pasa ziren. Horrek, zalantzarik gabe, karga ideologikoa galtzea ekarri zuen.
Kartel alderdiak: alderdi asko ondo zehaztutako erreferentziako talde soziala izateari utzi zituztenean, uko egin zioten baliabideen leialtasunari eta aurrekontu ideologiko askori. Finantziazio-aukera gisa, alderdi-egitura asko baliabide publikoen mende geratu ziren. Iturri horrek lehiakideek baliabide hori eskuratzea eragozten zuten, edo eragozten saiatzen ziren, eta horrek alderdiak kartel gisa funtzionatzera eraman zituen. Hori dela eta, Konkurrentzia inperfektu hori, ekonomistei hartutako kartel terminoaz deskribatzen dira. Kartel motako alderdiak nagusi dituen sistema batean, alderdi nagusiek klase politiko homogeneo bat osatzen dute, talde berrien lehia eragozten duena, eta horrek beren finantzaketa eta kideentzako onurak maximizatzen ditu. Alderdi horiek laguntza publiko gehienak erreserbatzeko erabiltzen dute beren jarrera hegemonikoa (diru-laguntzak edo edozein eratako prerrogatibak, hala nola hedapen-multimedietan doako espazioak izatea) alderdi minoritarioak baztertzeko. Egitura horiek alderdi-bitasuna laguntzen dute, eta, parlamentuan, ordezkaritza duten alderdien kopurua murrizteko joera dute.
Koadro-alderdia | Masa-alderdia | Ororen alderdia | Kartel alderdia | |
---|---|---|---|---|
Garai hegemonikoa |
XIX. mendea | 1880-1960 | 1945- | 1970- |
Sufragio mota | Errolda-sufragio | Sufragio luzatua/ Sufragio unibertsala |
Sufragio unibertsala | Sufragio unibertsala |
Helburuak | Pribilegioak banatu | Gizarte aldatu (Karga ideologiko handia) |
Hobekuntza sozialak (Aldaketa estrukturalik gabe) |
Politika profesio gisa (Politikari kudeatzaileak) |
Hauteskunde lehiaketaren dinamika |
Kudeatua eta kontrolatua | Hauteslearen mobilizazioa |
Hautesle komunen aldeko borroka |
Alderdi nagusien artean koordinatua |
Militantzia mota | Urria eta elitista | Masiboa, homogeneoa eta aktiboa |
Gainbeheran, heterogeneoa eta pasiboagoa |
Eskasa, funtzio garrantzitsurik gabea |
Baliabide-iturria | Hautagaiaren kontaktu pertsonalak |
Militanteen kuotak eta ekarpenak |
Hainbat iturriren ekarpenak |
Estatuaren diru-laguntzak |
Ereduaren teorikoa | Maurice Duverger | Maurice Duverger | Otto Kirchheimer | Richard Katz Peter Mair |
Ikuspegi soziologiko edo generiko batetik, ordea, garrantzia hartzen dute estatu nazionalen eta ekonomia modernoaren eraketa-prozesuan gertatutako egiturazko gizarte-zatiketa batzuek. Korronte horren barruan, Seymour Lipset eta Stein Rokkan nabarmentzen dira, zeinek garatzen baitute klibaje historikoen teoria. Lau pitzadura garrantzitsuri dagozkie:
- Herrialde zentralen eta periferikoen arteko gatazkak: hainbat herrialdek aurre egiten diete potentzia kolonizatzaile handien inposaketa linguistiko, erlijioso edo politikoei. Talde batzuen nortasun kulturala aldarrikatzen duten eskualdeko alderdiak sortzea.
- Elizaren eta Estatuaren arteko harreman arazoak: hezkuntzaren kontrola eta gizarte-eskaeren antolamendua dira lehian. Alderdi konfesionalen eta laikoen sorkuntza.
- Landaren eta hiriaren arteko desberdintasunak: hiri- eta nekazaritza-alderdiak sortzen dira.
- Kapitalisten eta langileen arteko tentsioak: Jabetzaren eta enpresa askearen defentsak aurre egin behar die sindikatuen erreklamazioei. Alderdi sozialistak eta langileen mugimenduak sortzen dira. Eskuineko eta ezkerreko alderdien arteko bereizketa finkatzen da.
Oharrak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ Erregimen Zaharra erabat gaindituta, eta klase ertaina eta langile-klasea sozialistekin hobeto ordezkatuta, oro har, liberalen garrantzia bigarren mailara igaro zen. Hala ere, ezin uka daiteke alderdi kontserbadoreak liberalismo ekonomikoaren aldekoak izatera pasatu zirela praktikan, eta are, ironiaz ere, ideia sozialisten kontrajarriak izan zirela, noizbait aurkakoak izan zituzten liberalismo klasiko eta indibidualaren printzipio ideologikoen alde eginez.
- ↑ Iraultza sozialen aurrekari batzuk izan baziren ere, hala nola Parisko Komuna eta Bavariako Sovieta, oso iragankorrak izan ziren, eta ez ziren izan Mexiko eta Errusiakoa bezalako iraultza arrakastatsuak.
Erreferentziak
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- ↑ Alderdi politikoak – Infogunea. (Noiz kontsultatua: 2021-03-12).
- ↑ «El liberalismo ante el siglo XXI.»
- ↑ [https://web.archive.org/web/20120220200631/http://www.artehistoria.jcyl.es/historia/contextos/1056.htm «ARTEHISTORIA - Protagonistas de la Historia - Ficha Revoluci�n burguesa»] web.archive.org 2012-02-20 (Noiz kontsultatua: 2024-03-16).
- ↑ Michel Mollat y Philippe Wolff, Ongles bleus, jacques et ciompi - les révolutions populaires en Europe aux XIVe et XVe siècles, Calmann-Lévy, 1970
- ↑ Révolte de la Harellefr:Révolte des Tuchinsfr:Révolte des Maillotins
- ↑ HILTON, Rodney (ed.) (1976, 1977 en español) La transición del feudalismo al capitalismo, Barcelona, Crítica, ISBN 84-7423-017-9; ANDERSON, Perry, El estado absoluto, Madrid: Alianza ISBN
- ↑ Jean Régnè, Les prodromes de la Révolution dans l'Ardèche et le Gard - la Révolte des Masques Armés dans le Bas-Vivarais pendant les années 1782-1783, fuente citada en Révolte des Masques Armés. Emmanuel Le Roy Ladurie, Les paysans de Languedoc, fuente citada en fr:Révolte de Roure
- ↑ «Costa Rica. El golpe de Tomás Guardia (1870) y la etapa liberal (1871- 1940).» web.archive.org 2010-06-12 (Noiz kontsultatua: 2024-03-16).
- ↑ Reyes Heroles, J. , El liberalismo mexicano, pp. 134 Archivado el 23 de marzo de 2015 en Wayback Machine
- ↑ Constancio Franco V. (1877). Apuntamientos para la historia: La guerra civil de 1876 y 1877. Santa Fe de Bogotá: Imprenta de La Época (de Ignacio Borda).
- ↑ honduras.com, ed. (2008). «Francisco Morazán». Archivado desde el original el 8 de julio de 2008. Consultado el 1 de abril de 2010
- ↑ Diccionario soviético de filosofía. Montevideo, Uruguay: Ediciones Pueblos Unidos. 1965. p. 121.
- ↑ «Internacional Socialista - Políticas Progresistas Para un Mundo Más Justo» web.archive.org 2013-09-24 (Noiz kontsultatua: 2024-03-16).
- ↑ Sejersted, Francis. (2011). The age of social democracy : Norway and Sweden in the twentieth century. Princeton, N.J. : Princeton University Press ISBN 978-0-691-14774-1. (Noiz kontsultatua: 2024-03-16).
- ↑ Gombert, Tobias (2009). Foundations of social democracy (PDF). Berlín: Friedrich-Ebert-Stiftung. p. 8. ISBN 9783868722154. OCLC 641342893. Consultado el 24 de junio de 2014
- ↑ «Día de la Revolución Mexicana (20 de Noviembre)». Consultado el 6 de abril de 2010
- ↑ (Gaztelaniaz) Palmowski, Jan. (1998-09). Diccionario de historia universal del siglo XX. Editorial Complutense ISBN 978-84-89784-57-4. (Noiz kontsultatua: 2024-03-16).
- ↑ «ABC MADRID 06-02-1990 página 32 - Archivo ABC» abc 2019-08-23 (Noiz kontsultatua: 2024-03-16).
- ↑ (Ingelesez) The American Political Science Review 1972-03: Vol 66 Iss 1. Cambridge University Press 1972-03 (Noiz kontsultatua: 2024-03-16).
- ↑ Leege, David C., Kenneth D. Wald, Paul D. Mueller, and Brian S. Krueger (2001). The Politics of Cultural Differences: Social Change and Voter Mobilization Strategies in the Post-New Deal Period (PDF) (ingelesez). Princeton: Princeton University Press.
- ↑ «Compendio de la Doctrina Social de la Iglesia» www.vatican.va (Noiz kontsultatua: 2024-03-17).
- ↑ Pontificio consejo « Justicia y paz ». «Compendio de la Doctrina Social de la Iglesia, Cap. III, 104».
- ↑ Bravo, Gian Mario (1976) [1971]. Historia del socialismo 1789-1848. El pensamiento socialista antes de Marx [Storia del socialismo, 1789-1848. Il pensiero socialista prima di Marx]. Barcelona: Ariel. ISBN 84-344-6508-6
- ↑ Eurocomunismo, DRAEren aburuz
- ↑ Eric Black, Minnpost, October 8, 2012, Why the same two parties dominate our two-party system, Accessed Aug. 12, 2013, “...SMDP (single-member districts, plurality) voting system.... This forces those who might favor a minor party candidate to either vote for whichever of the two biggest parties the voter dislikes the least, or to risk the likelihood that their vote will be “wasted” or, worse, that they will end up helping the major-party candidate whom the voter dislikes the most to win. Minor parties aren’t banned, but they seldom produce a plurality winner, and their lack of success often causes the minor parties to wither and die....”
- ↑ (Ingelesez) «Why America is a two-party system» History Learning Site (Noiz kontsultatua: 2024-03-17).
- ↑ Domenique Simonnet (1979); "L'écologisme" (Francia). Traducción : Pilar Sentis.
- ↑ «What's in a name?». Pirate Party UK. 4 de mayo de 2010. Consultado el 10 de abril de 2012
- ↑ «FAQ». Pirate Party Australia. Archivado desde el original el 22 de abril de 2012. Consultado el 10 de abril de 2012
- ↑ «El Partido X sale del anonimato “preparado para presentarse a las europeas de 2014 y a las municipales de 2015″» web.archive.org 2014-02-08 (Noiz kontsultatua: 2024-03-17).
- ↑ «madrilonia » ¿Todavía no sabes qué es la Democracia 4.0?» web.archive.org 2014-04-24 (Noiz kontsultatua: 2024-03-17).
- ↑ (Gaztelaniaz) «Derecho a voto real y permanente» partidox.org (Noiz kontsultatua: 2024-03-17).
- ↑ (Ingelesez) «About Switzerland» www.eda.admin.ch (Noiz kontsultatua: 2024-03-17).
- ↑ (Ingelesez) «About Switzerland» www.eda.admin.ch (Noiz kontsultatua: 2024-03-17).
Bibliografía
[aldatu | aldatu iturburu kodea]- (Gaztelaniaz) Duverger, Maurice. 1957. Los Partidos políticos. Fondo de Cultura Económica, México D.F.
- (Gaztelaniaz) Luís Aznar - Miguel De Luca (Coordinadores) “Política, Cuestiones y Problemas”. Capítulo 6: “Partidos políticos y sistemas de partidos” de Luciana Cingolani. Buenos Aires, Editorial emecé, 2006.
- (Gaztelaniaz) Robert E. Dowse - John A. Hughes “Sociología Política”. Capítulo 11: “Organizaciones políticas, I: Partidos”. Madrid, Alianza Editorial, 1975.
- (Gaztelaniaz) Román Castro (Coordinador) “Temas clave de Ciencia Política”. Capítulo 4: “Partidos políticos y sistemas de partidos” de Miguel González Tornés. Barcelona, Ediciones Gestión 2000 S.A., 1995.
- (Gaztelaniaz) Julio Pinto “Introducción a la Ciencia Política”. Capítulo 7: “Los partidos políticos” de Andrés Malamud. Editorial EUDEBA, 1995.
- (Gaztelaniaz) Mario Justo López “Introducción a los Estudios Políticos”. Capítulo 14: “Las fuerzas políticas”. Editorial Depalma.
- (Gaztelaniaz) Michels, Robert. "Los partidos políticos" Volumen 1. Amorrortu, 2010 ISBN 978-950-518-197-1
- (Gaztelaniaz) Michels, Robert. "Los partidos políticos" Volumen 2. Amorrortu, 2010 ISBN 978-950-518-198-8
- (Gaztelaniaz) Koessl, Manfredo (2005) “Problemas de contabilización de los partidos políticos”. Revista Estudios Políticos N° 27. Universidad de Antioquia, Colombia. [1]