iBet uBet web content aggregator. Adding the entire web to your favor.
iBet uBet web content aggregator. Adding the entire web to your favor.



Link to original content: http://eu.wikipedia.org/wiki/Al-Andalus
Al-Andalus - Wikipedia, entziklopedia askea. Edukira joan

Al-Andalus

Wikipedia, Entziklopedia askea
Al-Andalusen eboluzioa urtez urte

Al-Andalus[1] (arabieraz الأندلس) musulmanen menpe zeuden Iberiar penintsulako lurraldeak ziren, 711 eta 1492 artean.

Musulmanek penintsula konkistatu zutenean, Omeiatar kalifa-herriko Ipar Afrikako probintzia barruan sartu zuten.

756an Kordobako Emir-herri independentea bihurtu zen, eta 929an Kordobako Kalifa-herri independentea, abbastar inperioarekin lotura erlijiosoak moztuz.

1031an Kordobako Kalifa-herria desegin egin zen, eta lurraldea zatitu egin zen lehen taifa erresumetan. Horren ondoren, Almorabideek agindu zuten. Hauek boterea galtzean, bigarren taifetan bantu zen lurraldea. Gero, Almohadeek hartu zuten boterea, eta hauek ere boterea galtzean, hirugarren taifak sortu ziren. Azkenik, iparraldeko kristau erresumen konkistak zirela eta, Al Andalusen lurraldea Granadako erresumara mugatu zen. Errege Katolikoek 1492an konkistatu zuten azken erresuma hau, musulmanen penintsulako aginteari amaiera emanez.

716. urteko dinar honetan lehen aldiz agertzen da Al-Andalus hitza.

Al-Andalus hitza 716. urteko txanpon batean agertzen da lehen aldiz. Alde batean Spania hitza agertzen da latinez; beste aldean Al Andalus arabieraz.[2] Izen hau musulmanek kontrolatzen zuten penintsulako lurraldea izendatzeko erabiltzen zuten.[3][4]

Izenaren jatorriari buruz aurkeztutako hipotesietako batek zera dio: Bandaloak penintsularen hegoaldean egon ziren denboraldi batez eta Afrikaren iparraldera iritsi ziren. Iparrafrikarrek penintsulatik zetozela ikusita, hango lurrei bandaloen izena eman zieten. Ez dago Vandalucia hitzaren arrastorik, baina eboluzioa logikoa litzateke berbereen hizkuntzan. Izan ere hizkuntza honetan genitiboak u- partikula hitzaren hasieran ezarriz sortzen dira. Vandalo hitza /uandalo/ ahoskatzen zenez, arabiarrek erraz nahas zitzaketen tarmort uandalo (uandaloen lurra) eta tamort u-andalos (andaloen lurra). Geroago penintsulara iristean lurraldeari Al- partikula gehitu eta Al-Andalus deitu bide zioten.

Beste hipotesi batzuk ere badaude: Bisigodoen land hitzetik eratorria izan daitekeela[5], edota Atlantidaren mitoarekin lotuta egon daitekeela (izan ere, islamaren aurreko poesia arabiarretan Atlantidaren mitoa agertzen da, eta arabiarrek harekin lotu zezaketen Iberiar Penintsula).[6]

Mapa honetan azaltzen da nola sartu ziren musulmanak penintsulan (gazteleraz dago)

Musulmanak Iberiar penintsulara 711an heldu ziren, erreinu bisigodoa[7] gerran zegoen garaian, ondorengotza arazoak zirela-eta. Rodrigo aurreko erregea zen Witizaren familiarekin aurka zegoen. Azkeneko hauek laguntza eskatu zieten Afrika iparraldeko berbere tribu musulmanei.

711. urtean musulmanek Gibraltarren lur hartu zuten. Tariq Ibn Ziyad generala 9000 pertsonarekin heldu zen penintsulara eta Rodrigo Guadaleteko batailan garaitu zuten.[8][9]

Rodrigo[10] azpiratu ondoren, nahiko erraz hartu zuten mendean Hispania osoa, eta 719tik aurrera bisigodoen Septimaniako apurrak ere bereganatu zituzten. Musulmanek indarkeria modu oso praktikoan aplikatu zuten, bakarrik leku estrategikoenak hartzera abiatu ziren, eta handik beste guztia kontrolatu.

Hauek dira Al-Andalusen garai edo aro garrantzitsuenak:

Omeiatarren mendeko gobernadoreak izan zituen Al-Andalusek, baina barne-anabasa handiko eta hedakuntzako garaia izan zen.[8] Garai hartan gertatu zen berbereen matxinada.

Omeiatarren Kalifa-herria 750ean, Al-Andalus barruan duela

750an Damaskoko Omeiatar kalifa eta bere familia hil zituzten, baina hogei urteko oinordeko batek alde egitea lortu zuen, Abderraman izenekoa. Marokon sei urte ezkutatuta egon ondoren, Kordobara heldu zen 756an, eta abbastar inperio musulmanetik banatu zen eta emirerri independenteari hasiera eman zion. Dena dela, lotura erlijioso eta kulturalak mantendu zituen inperioarekin.[8][4]

Abd al-Rahaman II.ak bisirrengan delegatu zuen boterea eta biztanleen islamizazioa oso azkarra izan zen. Liburutegi handi bat sortu zuen Kordoban.[11]

912an Abd al-Rahman III.aren esku geratu zen tronua. Ordurako emir-herrian gatazka ugari zeuden. Hauei aurre egiteko, kalifa izendatu zuen bere burua.[8]

Kordobako meskita garai honetan sortu zuten.

Kordobako Kalifa-herria 1000. urtean

Abderraman III.a 912 heldu zen boterera, eta lortutako garaipenen ondorioz bere izena goraipatzea lortu zuen. Horren ondorioz, 929.an kalifa titulua hartu zuen, hau da, Al-Andalus ez zen politikoki bakarrik banatuta egongo, erlijio aldetik ere bai.[8][4]

936an kalifak Medina Azahara eraiki zuen.[8][12] Al-Andalusen garai oparoena izan zen.[4]

1010. urtean gerra zibila sortu zen eta azkenik Al-Andalus erresuma txikietan (taifak) zatitu zen.[13]

Lehen taifa erreinuak (1031-1086)

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Almanzor diktadorea 1002an hiltzean, krisialdian sartu zen kaliferria. Gerra zibil bat sortu zen. Azkenean 1031an, Kordobako kalifatua desegin eta erreinu independente askotan banatu zen, Taifa erreinuetan.[8][4] 39 erresuma txiki sortu ziren, eta beraien artean gerrak ere egin zituzten. Denborarekin, taifarik garrantzitsuenak Sevilla, Badajoz, Toledo eta Zaragoza izan ziren.[13]

Almorabideen hedapena XII. mendean

1085ean Alfontso VI.ak Toledo konkistatu zuen. Horren aurrean, taifetako erregeek laguntza eskatu zieten Ipar Afrikako almodabideen sultanari. Yusuf ibn Tasufin sultana Algecirasen ezarri zen eta Leongo erregea garaitu zuen Sagrajasko batailan (1086).[4] Ondoren, 1090etik aurrera, taifa guztiak konkistatzen hasi zen, eta kristau erresumei ere eraso egin zien. Baina kristauek eutsi egin zioten Toledoren setioari.[14][15]

1118an Aragoiko Alfontso I.ak Zaragoza konkistatu zuen, eta horrek almorabideen gainbehera hasi zuen.[4] 1121ean Kordoban herritarrak almorabideen kontra matxinatu ziren. Beste hiri batzuetan ere egon ziren altxamenduak. 1140tik aurrera almorabideak boterea galtzen hasi ziren Ipar Afrikan, almohadeen presioagatik. 1145an bigarren taifak sortzen hasi ziren.[15]

Bigarren taifa erresumak (1140-1153)

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Bigarren taifen aldia 1140 eta 1153 urteen artean luzatu zen, almohadeek konkistatu arte. Mallorcako taifak 1203 arte iraun zuen.

Almohadeen inperioa 1200 urte inguruan

Almohadeek inperio zabal bat sortzea lortu zuten, Iberiar Penintsulatik Libiaraino.

Almohadeak 1145ean hasi ziren Iberiar Penintsulan lurreratzen. Taifak batzen ahalegindu ziren, kristauen kontrako borrokaren izenean, eta fede islamiarraren garbitasuna aldarrikatuz. 1195ean gaztelar tropak garaitu zituzten Alarcosko batailan eta kristauen konkistak gelditu zituzten.[15] Sevillan ezarri zuten hiriburua.[4]

Hasiera-hasieratik almohadeek arazoak eduki zituzten euren boterea ezartzeko Iberiar Penintsulan, batez ere Granada eta Levantean. Era berean, penintsulako musulmanek ez zituzten onartzen almohadeen jarrera erradikal batzuk, hauen ohitura berbereak arrotzak zirelako penintsulan.

1212an kristauek Navas de Tolosako gudua irabazi zuten, eta Almohadeen gainbehera hasi zen.[4] Al-Nasir kalifa hiltzean barne borrokak hasi ziren, eta hirugarren taifa erresumak sortu ziren. Ondorioz, Gaztelak erraz konkistatu ahal izan zuen Guadalquivir bailara.[15]

Hirugarren taifa erresumak (1224-1265)

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Almohadeen boterea erorita, Al-Andalus taifetan zatitu zen hirugarrenez. Hauek 1224 eta 1265 urteen artean iraun zuten (Menorkako taifak 1287ra arte iraun zuen).

Granadako Erresuma

Erreinu kristauek pixkanaka euren lurrak zabaltzea lortu zuten eta Al-Andalus egungo Granada eta inguruko lurraldea baino ez izatera iritsi zen.[16] Azkenean, 1492an Errege-erregina Katolikoek ia 800 urtez Iberiar penintsulan egon ziren musulmanak kanporatzea lortu zuten.[13][4]

Lurraldearen antolaketa

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Corak 929. urtean

Emirerrian eta kaliferrian lurraldea sei eremu handitan antolatzen zen. Nabiya deitzen ziren eta hauek ziren:[17]

  • Al-Gharb: Gaur egungo Huelva eta Portugal hegoaldea hartzen zituen.
  • Al-Mawsat: Guadalquivir eta Genil bailarak, Andaluziako mendiak eta mesetaren hegoaldea. Hau da, antzinako Baetica.
  • Al-Sharq: Mediterraneoko kostaldea.
  • Al-Tagr al-Ala edo Goiko Marka: Zaragoza. Kristau erresumekin muga egiten zuen.
  • Al-Tagr al-Awsat edo Erdialdeko Marka: Toledo. Kristau erresumekin muga egiten zuen.
  • Al-Tagr al-Adna edo Beheko Marka: Merida. Kristau erresumekin muga egiten zuen.

Azken hiru marka hauek taifak agertu arte mantendu ziren.

Sei eremu handi hauen barruan Corak zeuden. Hauek lur eremu bat eta hiriburu bat zeukaten. Han bizi zen valia edo gobernadorea, hiriko gune gotortuan edo alkazaban. Cora bakoitzean epaile edo cadi bat zegoen. Corak Al-Andalusen historia ia guztian existitu ziren.[18][19][20]

Coraren barruan iqlimak zeuden, izaera ekonomiko-administratiboa zuten eremuak. Bakoitzak bere herria edo gaztelua zeukan, erdigune bezala.

Granadako Erresumaren garaian tahak sortu ziren Corak ordezkatzeko.

Estatuaren antolaketa

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Almonaster la Realeko meskitaren barrualdea (Huelva)

Antolaketaren etapak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

711. urtean Afrika Iparraldeko berbere musulmanen armadak Gibraltarreko itsasartea zeharkatu zuen Tariq ibn Ziyad generalak zuzenduta, azken errege bisigodoa garaitu zuen, eta Iberiar Penintsula konkistatzen hasi zen. Konkista hau 718an amaitu zen. Noblezia bisigodoaren zati batek paktu bat egin zuen konkistatzaileekin: tributuak ordaintzea onartu zuen lurrak mantentzearen truk.

714 eta 756 urteen artean Al-Andalus Damaskoko emir-herriaren barruan egon zen eta vali batek gobernatzen zuen. Garai gatazkatsua izan zen.

Abd ar-Rahman I.ak eman zion oreka, Al-Andalus emir-herri independente bihurtu zuenean. Abd ar-Rahman III.ak independentzia erlijiosoa aldarrikatu zuen eta Kordobako kaliferria sortu zuen.

XI. mende hasieran aristokraziaren, armadaren eta hirien eraginez kaliferria zatituz joan zen eta 1031 inguruan desagertu egin zen. Haren ordez taifa erresumak sortu ziren. Kaliferria desagertzeak on egin zien iparraldeko erresuma kristauei, taifak ahulagoak baitziren.

XIII. mende amaieran Iberiar Penintsulan geratzen zen erreinu musulman bakarra Granadakoa zen. 1492ra arte iraun zuen.

Granadako bainu arabiarrak (hammam)

Al-Andalus modu zentralizatuan antolatu zen, Kalifak botere autokratikoa zuen eta sinesmendunen buruzagi nagusia zen. Kalifak ekonomia, justizia, armada eta kanpo politika ere zuzentzen zituen. Administrazioa zuzentzeko lehen ministro baten laguntza zeukan (hachib) eta valiak (gobernadoreak) eta cadiak (epaileak) izendatzen zituen. Mugako lurraldeetan valiak ardura militarrak ere bazituen. Armadako buruzagi gehienak arabiarrak ziren, eta soldadu gehienak mertzenario berbereak edo esklaboak.

Kordobako meskita

Emirerriko eta kaliferriko artea

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Garai honetako arteak hainbat estilo nahasten zituen: hispanoerromatar eta bisigodoak, bizantziarrak, omeiatarrak eta abbastarrak.

Eraikin artistikoak Kordoba eta inguruetan eraiki ziren batez ere. Han eraiki zen Kordobako meskita.

Medina Azahara

Abd al-Rahman II.ak Meridako Alkazaba eraiki zuen, eta Kordoba eta Sevillako harresiak hobetu zituen.

Abd al-Rahman III.ak Medina Azahara eraiki zuen, bere bizilekua izateko.[21][4]

Bab al-Mardum meskita, Toledo
Gormazeko gazteluko atea, Soria

Garai hartako beste eraikin batzuk dira Toledoko Bab al-Mardum meskita, Gormazeko gaztelua (Soria) edo Ciudad de Vascos (Toledo).

Leireko potoa

Espainiako Arkeologia Museoan garai hartako bolizko hainbat objektu ikus daitezke. Adibidez, Zamorako potoa edo Leireko kutxatila.[22]

Taifetako artea

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Garai honetako eraikin garrantzitsuenetarikoa Zaragozako Aljaferia da. Hiru zatitan banatuta zegoen, eta zati bakoitzak funtzio bat zeukan. Erdikoa protokoloetarako erabiltzen zen eta patio errektangular bat dauka. Palazioan hainbat arku mota erabili zituzten (lobulatuak, lerronahasiak, ferra formako zorrotzak eta puntu erdikoak...), hauen artean antolaketa konplexuak eginez. Material pobrez eginak daude, baina igeltsuzko irudiekin estaliak (motibo begetal, geometriko eta epigrafikoekin).

Aljaferia jauregia, Zaragozan

Erresuma bakoitzeko alkazabak ere berritu zituzten garai honetan.

Almorabideen artea

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Yusuf ibn Tasufinen garaiko eraikinak apaindura gutxikoak dira, haren debozio erlijiosoaren ondorioz. Haren semeak, aldiz, taifetako arkitekturaren fintasuna miresten zuen, eta elementu dotoreekin apaindutako hainbat eraikin egin zituen.

Almohadeen artea

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Almohadeek Almorabideen eredua jarraitu zuten.

Sevillako alkazarra

Palazioetan patio gurutzatuak erabili zituzten. Horren adibide nagusia Sevillako alkazarra da.

Torre del Oro, Sevillan

Arkitektura militarrak ere berrikuntzak eduki zituen. Adibidez, dorre poligonalak, tiro egiteko angelu gehiago edukitzeko. Horren adibidea da Sevillako Torre del Oro.

Generalifea, Granada

Granadako nazari erresumaren erakusgarri nagusiak Alhambra eta Generalifea dira.[4]

Lehoien patioa, Alhambra, Granada

Meskitei dagokienez, eredu gutxi gorde dira, baina badirudi almohadeen eredua jarraitu zutela. nabeak alkiblaren hormarekiko perpendikularki antolatuz. Berrikuntza bakarra marmolezko zutabeen erabilera izan zen, eraikinak garrantzitsuak zirenean.

Al-Andaluseko poeta ezagunenak hauek izan ziren: Ibn Hazm, Ibn Khafaja, Al-Mutamid (Sevillako taifako erregea izan zena), Wallada eta Zaynab.

Arabiera goi-kulturaren hizkuntza bihurtu zen.[23]

Filosofia eta zientzia

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Al-Andalusen eskola sare garrantzitsua egon zen. Erresuma kristauetan ere eragin zuen.

Kordoba islamiar munduaren zentro kultural garrantzitsuena bihurtu zen, Bagdadekin batera. Europako garrantzitsuena ere izan zen.[24]

Irakaskuntza madrasetan egiten zen, eta Mediterraneoaren beste aldeko ikasleak ere etortzen ziren.

Abd Ar Rahman II.a izan zen Kordoba jakintza gune bihurtzen ahalegindu zen lehen buruzagi musulmana. Horretarako, beste herrialde musulman batzuetako jakintsuak erakarri zituen. Horietako bat izan zen Abbas Ibn Firnas. Musika irakasteko kontratatu zuten, baina beste arlo batzuetan ere aritu zen, adibidez, abiazioan. Hegan egiteko egurrezko tramankulu bat egin zuen, hegazti handien luma eta hegoekin. Bere asmakizuna probatzeko, altuera batetik bota omen zen. Garaiko aipamenen esanetan, hegan egitea lortu zuen, baina gero erori eta mina hartu zuen. Ibn Firnasek planetario bat egin zuen etxean. Han, planeten mugimendua ez ezik, euria eta txingorra ere erreproduzitzen omen ziren.

Astronomia arloan Az-Zarqaliren lanak aipatu behar dira. Toledon eta Kordoban bizi izan zen XI. mendean, eta Mendebaldean latinezko izenagatik ezagunagoa da: Azarkel. Ezaguna egin zen astronomia behatzeko tresnak eraiki zituelako. Azafea ere asmatu zuen, astrolabioaren antzeko instrumentu bat, nabigatzaileek XVI. mendera arte erabili zutena. Planeten orbita ez zela zirkularra ere esan zuen, eliptikoa baizik, arlo honetan Johannes Keplerri aurrea hartuz.

Al-Zahrawi zirujau garrantzitsua izan zen. Alhaken kalifaren gorteko medikua izan zen. Abulkasis izenarekin ere ezagutzen da. Al-Tasrif entziklopedia idatzi zuen, eta han bere prozedura kirurgikoak azaldu zituen: anputazioak, hortz tratamenduak, begi ebakuntzak... Lan hau latinera itzuli zen eta Erdi Aroko Europan erabili zen medikuntza irakasteko.[25]

Botanikan eta farmazia arloan, Ibn al-Baitarrek landareak aztertu zituen Iberiar Penintsulan, Afrika iparraldean eta Ekialdean egin zituen bidaiei esker. Liburu batean 1400 landare deskribatu zituen, haien medikuntza erabilera aipatuz. Antzinako Greziako lanetan oinarritu bazen ere, ordura arte ezezagunak ziren 200 landareren medikuntza erabilerak azaldu zituen. Ibn al-Baitar Malagan jaiotakoa zen, XIII. mendean.[23]

Ibn al-Awwamek nekazaritzari buruzko tratatu bat idatzi zuen. Erdia Aroan gai honi buruz idatzitako liburu garrantzitsuenetariko bat. Bertan 585 landare espezie eta 50 fruta arbola deskribatu zituen, nola landatu behar ziren azalduz. Ibn al-Awwam Sevillan bizi izan zen XII. mendean.

X eta XII. mendeen artean penintsulako geografo garrantzitsuak agertu ziren. Hauen artean aipagarriak dira Al Bakri, Ibn Jubair eta Al Idrisi.

Al-Andalusek zubi lana egin zuen Ekialdearen eta Europaren artean, filosofo klasikoen lanak zabalduz, batez ere Aristotelesen lanak. Al-Andaluseko itzulpenengatik izan ez balitz, lan hauetako asko galdu egingo ziren, ziurrenik.

Al-Andaluseko pentsalari nagusia XIII. mendeko Ibn Rusd izan zen (Averroes bezala ere ezaguna). Aristoteles itzuli eta komentatu zuen. Platonen lanak ere komentatu zituen, eta medikuntzari buruzko entziklopedia bat idatzi zuen. Bere ideiek eragina eduki zuen berpizkundean. XIII. mendean, Aristotelesen pentsamendua Pariseko Unibertsitatera heldu zen Averroesen eraginagatik batez ere. Honen jarraitzaileak averroista bezala ezagutu ziren. Ezagunena Siger Brabantekoa izan zen. 1270 eta 1277 urteen artean averroisten ideiak gaitzetsi zituen Parisko artzapezpikuak, eta haren jarraitzaileak jazarri zituzten.

Al-Andaluseko beste filosofo garrantzitsu batzuk hauek izan ziren: Ibn Bayya (Avenpaze), Ibn Tufail, Maimonides eta Ibn Arabi.[23]

Al-Andaluseko sorkuntza intelektualaren oinarri garrantzitsu bat mistika izan zen. Idazle ezagunena Ibn Arabi izan zen.

Eremita eta mistiko ugari egon ziren. Adibidez, Ibn Masarra, Al-Andaluseko lehen eskola espiritualaren sortzailea. Eskola honek arrakasta handia izan zuen Kordobako aristokraziaren artean.

XIII eta XV. mendeen artean eragin handia eduki zuen sadiliya izeneko tariqak edo ordenak.

Islamaren iritsierak Iberiar Penintsulako ekonomia aldatu zuen: landa-gizartea izatetik gizarte hiritarra izatera pasatu zen.[8]

Al-Andalus merkataritza biziko gunea izan zen. Hirietako leku garrantzitsuenetarikoak azokak ziren.

Hirietan kalitate handiko eskulangintza garatu zen. Al-Andaluseko luxuzko hainbat produktu Europa kristaura esportatzen ziren, eta baita Magrebera edo ekialdera. Produktu horiek estatuaren tailer eta dendetan egiten ziren.

Esklaboak lan-esku gisa erabiltzen ziren, eta hauen komertzioa zen trukerik garrantzitsuena. Juduek egiten zuten komertzio mota hori. Esklaboaren balioa honen jatorriaren arabera aldatzen zen, bakoitzak gaitasun desberdin bat zuela uste baitzen.[26][27][8]

Ureztatzeko teknika berriak sartu ziren eta aurretik zeudenei gehitu zitzaizkien. Horri esker ekoizpenak gora egin zuten eta soberakinak sortu ziren merkatuetan saltzeko. Labore berriak ekarri zituzten: arroza, kotoia, azukre-kanabera, zitrikoak... Hauek, Mediterraneoan ohikoak ziren produktuei gehitu zitzaizkien: garia, mahatsondoa eta olibondoa.[28] [29][8]

Hirietako artisautza

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
Abd Ar Rahman III.aren garaiko txanponak

Hiriak bizitza ekonomikoaren erdigune bihurtu ziren, eta hauetan artisautza egiten zen. Al-Andaluseko luxuzko produktuak kanpora esportatzen ziren. Horien truke, merkatariek urrea eta esklaboak ekartzen zituzten, eta baita beste lehengai batzuk ere. Bi txanpon mota erabiltzen ziren: dinarra eta Dirhema. Kordoba ian zen hiri garrantzitsuena, eta X. mendean 100.000 biztanlera heldu zen, Europako hiri handiena bihurtuz.

Ekonomikoki garrantzia txikiagoa zuen. Ahuntzak eta behiak hazten ziren. Oiloak eta untxiak ere bai.

Erromatarren garaian ustiatzen ziren meategietan lanean jarraitu zuten. Burdina eta kobrea ateratzen zuten, batez ere. Merkurioa Almadeneko meategitik ateratzen zuten. Urrea, zenbait ibaietatik (Segre, Guadalquivir, Tajoren itsasoratzean). Zilarra Murtzian, Bejan eta Kordoban bilatzen zuten, eta burdina Huelvan eta San Nicolas del Puerton. Almadenen zinabrioa zegoen, kobrea Toledon eta Granadan, beruna Cabran eta eztainua Algarben.

Macael eta Sierra Morenan marmol harrobiak zeuden. Hala ere, ez zen nahikoa, eta Al Andalusek material hau kanpotik ekarri behar izaten zuen, eraikin dotoreetan erabiltzeko.

Granadako Erresumako txanponak

Beste jarduera batzuk

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Basoetan egur ugari zegoenez, altzariak egiteko, txalupak eraikitzeko eta erretzeko erabiltzen zen. Medikuntzarako landareak ere jasotzen ziren, eta baita hainbat fruitu ere (gaztainak, hurrak...). Kortxoa ere batzen zuten.

Arrantza itsasoan eta ibaietan egiten zen, nahiz eta elikaduran pisu handirik ez zuen. Espezia arrantzatuenak sardina eta atuna ziren. Azken hau arrapatzeko almadraba teknika erabiltzen zuten.

Gatza ere lortzen zuten, batez ere gatzagetan. Honi esker, gazitze kontserba ugari egiten zituzten, esportatzeko.

Al-Andaluseko biztanleak oso heterogeneoak ziren, batez ere hasieran. Zaila da kalkulatzea zenbat pertsona bizi izan ziren lurralde hartan, baina X. mendean 10 milioi pertsona inguru bizi zirela aipatzen dute adituek.

Sevillako Giralda, Almohadeen garaikoa da (goiko azken zatia izan ezik)

Banaketa etnikoa

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Etnikoki honela banatzen zen gizartea:

  • Talde boteretsuenak konkistatzaileek eta haien ondorengoak ziren. Bi talde ziren:
    • Arabiarrak: lurralde onenak eta gobernuko karguak beraientzat hartu zituzten. Guadalquivir ibaiaren inguruan, Levantean eta Ebro ibarrean ezarri ziren.
    • Berbereak: gehiago ziren, baina ez zuten halako etekinik lortu, hasieran behintzat. Omeiatarren armadaren gehiengoa ziren. Almohade eta Almorabideekin boterea eskuratu zuten, eta baita hainbat taifatan ere. Lur eskasagoetan kokatu ziren: Mendialdeetan eta Algarbe inguruan, adibidez. Hala ere, 740ko berbereen matxinadaren ondoren asko Ipar Afrikara bueltatu ziren.
  • Beste hainbat etnia ere bazeuden:
    • Hispanoerromatar jatorriko biztanleak: musulmanak eta bisigodoak heldu aurretik penintsulan zeuden biztanleak, erromantzea hitz egiten zutenak.
    • Hispanogodoak: armadan parte hartu zuten.
    • Esklaboak hainbat etniatakoak izan ziren (etiopiar, armeniar, egiptoar, nubiar, franko eta eslaviar, azken hauek zirelarik gehiengoa).[30]
      • Hainbat esklabo eslaviarrek euren askatasuna erostea lortu zuten, eta Taifa batzuetako buruzagi ere izan ziren.
    • 741ean hainbat siriar heldu ziren penintsulara, berbereen matxinada zapaltzen laguntzeko, eta penintsulako ekialdean eta hegoaldean kokatu ziren. Yemendarren presentzia ere aipatzen da iturri batzuetan.
Kordobako Meskitako mihraba

Banaketa erlijiosoa

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Erlioaren arabera, pertsonak musulmanak edo dhimmiak ziren (kristau edo judu).[8]

Hauek ziren talde nagusienak:

  • Muladiak: islamdar erlijioa eta ohiturak bereganatu zuten lehen kristauak izan ziren, haietako zenbaitek zergak ez ordaintzeko.
  • Mozarabiarrak: beraien erlijioa praktikatzen jarraitu zuten lehengo kristauak ziren . Musulmanak ez zirenez zergak ordaindu behar zituzten.
  • Juduak: gutxiengoak ziren, baina oso aktiboak, ekonomia-jardueretan batez ere. Gainerako herritarrengandik bereizitako auzoetan bizi ziren.

Judu eta kristauek euren erlijioa praktikatzeko askatasuna zeukaten, baina zerga berezi batzuk ordaindu behar zituzten: zerga pertsonala (yizia) eta lurretatik jasotako sarreren araberakoa (jarach). Judu eta kristauek euren autoritateak zituzten eta euren arauekin epaitzeko eskubidea zuten. Hala ere, debeku batzuk zituzten: Ezin zuten kargu politikorik eduki; gionak ezin ziren emakume musulman batekin ezkondu; banandutako auzoetan bizi behar ziren; ezin ziren zaldiz ibili; arropan bereizgarri bat eraman behar zuten.

Bab-Shagra atea, Toledo

Hiri batzuk mozarabiarren bizileku garrantzitsuak izan ziren, besteak beste: Toledo, Merida, Valentzia, Kordoba eta Lisboa. Bizikidetza ez zen beti ona izan. Toledoko mozarabiarrak matxinatu egin ziren arabiar boterearen kontra. Beste mozarabiar batzuek ihes egin zuten iparraldeko erresuma kristauetara, eta horrela hedatu zituzten mozarabiar kulturaren arkitektura edo toponimia.

Juduak komertzioan aritzen ziren, eta zergak kobratzeaz ere arduratzen ziren. Medikuak, enbaxadoreak edo diruzainak ere izan ziren. Adibide gisa, Hasdai ibn Xaprut judua (915-970) Abd ar-Rhaman III.aren konfiantzazko gizona izan zen. Kalifa honen eta bere semearen garaian Al Andaluseko juduek oparotasuna lortu zuten. Kalifatoaren aginduetara lan egin zuten; zientzian, merkataritzan eta industrian aritu ziren, batez ere setaren eta esklaboen komertzioan. Iberiar Penintsularen hegoaldea babesleku bihurtu zen beste herrialdeetako judu jazarrientzat. Kalkuluen arabera, uste da XV. mendearen amaieran 50.000 judu zeudela Granadan eta 100.000 musulmanen menpeko Iberiar Penintsula osoan.[31]

Badajozko alkazaba

Almorabide eta almohadeen garaian egoera okertu zela uste da, nahiz eta iturriak ez diren oso ugariak. Juduen kontrako progromoak ere egon ziren Kordoban (1011) eta Granadan (1066).[32][33]

Almohadeak almorabideak baino fundamentalistagoak ziren. Ez musulmanak gogor tratatu zituzten. Konbertsioaren edo heriotzaren artean aukeratzera behartu zituzten, eta hauetako askok emigratu egin zuten. Maimonidesen familia, adibidez, ekialdera joan zen, herrialde musulman toleranteagoen bila.[34]

Banaketa sozioekonomikoa

[aldatu | aldatu iturburu kodea]

Islamaren arabera musulman guztiak komunitate berdinaren kide badira ere (umma), islamiar juristek libre eta esklabuen arteko banaketa egin zuten. Horrela banatzen ziren taldeak posizio sozioekonomikoaren arabera:[35][8]

  • Aristokrazia (jassa).
  • Notableak (ayan).
  • Masa (amma).

Erreferentziak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  1. EIMAren izen zerrendan marratxorik gabe dator, baina geroztik Euskaltzaindiak 165. arauan zehaztu du euskara batuan Al- forma dagokiola arabierazko artikulu horri.
  2. Bossong, Georg. «Der Name al-Andalus: neue Überlegungen zu einem alten Problem» Sounds and Systems (DE GRUYTER MOUTON) ISBN 978-3-11-089465-3. (Noiz kontsultatua: 2020-02-17).
  3. Viguera, María Jesús (2002). «Al-Andalus: los Omeyas». In Juan Carrasco, Josep Maria Salrach, Julio Valdeón y María Jesús Viguera, (ed). Historia de las Españas medievales, Bartzelona, Crítica. 13. orrialdea.
  4. a b c d e f g h i j k l (Gaztelaniaz) «Historia de al-Andalus» El legado andalusi (Noiz kontsultatua: 2023-05-08).
  5. Sabio González, Rafael. (2004). «Al-andalus : una reinterpretación histórica sobre la etimología del término» Nouvelle revue d'onomastique 43 (1): 223–227.  doi:10.3406/onoma.2004.1474. (Noiz kontsultatua: 2023-05-06).
  6. Manzano Moreno, Eduardo (2018) [2010]. Épocas medievales. Historia de España, 2 bolumena, Josep Fontana eta Ramón Villares (zuz.). Madril-Bartzelona, Crítica/Marcial Pons, 128-129 orrialdeak
  7. Historia de las Españas medievales. Crítica 2002 ISBN 84-8432-300-5. PMC 49203478. (Noiz kontsultatua: 2020-02-17).
  8. a b c d e f g h i j k l GONZALEZ, MAnuel (2014), "Los musulmanes en España hasta finales del Califato" in CLARAMUNT, S., PORTELA, E., GONZALEZ, M., MITRE, E., Historia de la Edad Media, Ariel, Bartzelona
  9. (Gaztelaniaz) «La batalla del Guadalete y el fin del reino visigodo» historia.nationalgeographic.com.es 2012-07-25 (Noiz kontsultatua: 2023-05-08).
  10. Muñoz, Roberto, 1970-. (2003). El ejército visigodo : desde sus orígenes a la batalla de Guadalete. Almena PMC 433131738. (Noiz kontsultatua: 2020-02-17).
  11. (Gaztelaniaz) «Abderramán II, el emir que convirtió Córdoba en una potencia» historia.nationalgeographic.com.es 2023-01-17 (Noiz kontsultatua: 2023-05-08).
  12. (Gaztelaniaz) «Abderramán III, el primer califa andalusí» historia.nationalgeographic.com.es 2019-06-26 (Noiz kontsultatua: 2023-05-08).
  13. a b c (Gaztelaniaz) «La desintegración del Califato de Córdoba» historia.nationalgeographic.com.es 2023-01-05 (Noiz kontsultatua: 2023-05-08).
  14. Viguera Molins, María Jesús (2007). Los reinos de Taifas y las invasiones magrebíes: Al-Andalus del XI al XIII. RBA. 155 or.
  15. a b c d CLARAMUNT, Salvador (2014), "La Península Ibérica en los siglos XI y XII. Reinos cristianos, taifas e imperios norteafricanos" in CLARAMUNT, S., PORTELA, E., GONZALEZ, M., MITRE, E., Historia de la Edad Media, Ariel, Bartzelona
  16. GONZALEZ, Manuel (2014), "La Península Ibérica. Reconquista y repoblación en el siglo XIII" in CLARAMUNT, S., PORTELA, E., GONZALEZ, M., MITRE, E., Historia de la Edad Media, Ariel, Bartzelona
  17. «Wayback Machine» web.archive.org 2010-04-01 (Noiz kontsultatua: 2023-05-08).
  18. López de Coca: Historia de Andalucía, Ed. Planeta, Barcelona, 1980, tomo III
  19. Monés, H.: «La división administrativa de la España musulmana.» Revista del Instituto Estudios Islámicos, 1957.
  20. Montgomery Watt, W.: Historia de la España Islámica, Alianza Editorial, Madrid, 2001
  21. (Gaztelaniaz) «Medina Azahara: la ciudad brillante» historia.nationalgeographic.com.es 2012-12-31 (Noiz kontsultatua: 2023-05-08).
  22. (Gaztelaniaz) «Arte y arquitectura» El legado andalusi (Noiz kontsultatua: 2023-05-08).
  23. a b c (Gaztelaniaz) «El legado cientifico y cultural» El legado andalusi (Noiz kontsultatua: 2023-05-08).
  24. (Gaztelaniaz) Fuentes, Joaquín Lomba. (2000-01-01). «Las “agonías” del eurocentrismo» ENDOXA (12-1): 79–123.  doi:10.5944/endoxa.12-1.2000.4947. ISSN 2174-5676. (Noiz kontsultatua: 2023-05-08).
  25. (Gaztelaniaz) «Médicos del Islam, los grandes sanadores de su tiempo» historia.nationalgeographic.com.es 2014-11-13 (Noiz kontsultatua: 2023-05-08).
  26. Veas Arteseros, Francisco de Asís (2002). «La civilización andalusí». Historia de España de la Edad Media. Ariel
  27. Gendrón, Pedro Chalmeta. (1967). «"Kitab fi adab al-hisba" (libro del buen gobierno del zoco) de al Saqati. (Continuará)» Al-Andalus : revista de las Escuelas de Estudios Árabes de Madrid y Granada 32 (1): 125–162. ISSN 0304-4335. (Noiz kontsultatua: 2023-05-07).
  28. «La agricultura andalusí y el legado árabe de Xarq al-Andalus.» www.balansiya.com (Noiz kontsultatua: 2023-05-08).
  29. «El consumo de vino en Al-Andalus» clio.rediris.es (Noiz kontsultatua: 2023-05-08).
  30. (Ingelesez) «Slavery in medieval and early modern Iberia | WorldCat.org» www.worldcat.org (Noiz kontsultatua: 2023-05-07).
  31. Wasserstein, David J. (1995). «Jewish élites in Al-Andalus». In Frank, Daniel, ed. The Jews of Medieval Islam: Community, Society and Identity. Leiden: Brill. 101 or.
  32. Frederick M. Schweitzer, Marvin Perry., Anti-Semitism: myth and hate from antiquity to the present, Palgrave Macmillan, 2002. 267-268 or.
  33. «GRANADA - JewishEncyclopedia.com» jewishencyclopedia.com (Noiz kontsultatua: 2023-05-07).
  34. «My Jewish Learning: Almohads» web.archive.org 2009-02-13 (Noiz kontsultatua: 2023-05-07).
  35. Al-andalus. (2012-05-30). «Al-Andalus.: LA POBLACION DE LA ESPAÑA MUSULMANA.» Al-Andalus. (Noiz kontsultatua: 2023-05-07).

Ikus, gainera

[aldatu | aldatu iturburu kodea]
  • Alfonso, Esperanza (2007), Islamic culture through Jewish eyes: al-Andalus from the tenth to twelfth century. 2007. ISBN 978-0-415-43732-5
  • Álvarez Rey, L.; Aróstegui Sánchez, J.; García Sebastián, M.; Gatell Arimont, C.; Palafox Gamir, J.; Risques Corbella, M. (2013). Historia de España. Vicens Vives. Las raíces históricas de España. ISBN 9788431692582.
  • Catarino, Helena (1994) "A ocupação islâmica" en História de Portugal dos tempos pré-históricos aos nossos dias, dir. de João Medina, vol. 3. Amadora: Ediclube.
  • Fanjul, Serafín (2004). La quimera de al-Andalus. Siglo XXI. ISBN 9788432311505.
  • García Sanjuán, Alejandro. "El significado geográfico del topónimo al-Andalus", Anuario de Estudios Medievales, 33/1(2003), 3-36.
  • González Ferrín, Emilio. Historia general de Al Ándalus. Ed. Almuzara, 2006. ISBN 978-84-85586-81-7
  • Juri, Amira, El Multiculturalismo en el arte hispanomusulmán: La Alhambra, Facultad de Filosofía y Letras, Universidad Nacional de Tucumán, (2007), ISBN 978-950-554-539-1.
  • Lopez Martinez de Marigorta, Eneko ed. (2022) Una nueva mirada a la formación de al-Andalus. La arabización y la islamización desde la interdisciplinariedad, EHU
  • Manzano Moreno, Eduardo (2018) [2010]. Épocas medievales. Vol. 2 de la Historia de España, dirigida por Josep Fontana y Ramón Villares. Bartzelona-Madril: Crítica/Marcial Pons. ISBN 978-84-9892-808-2.
  • Saraiva, José Hermano, História de Portugal, volume I: Origens-1245. Lisboa: Edições Alfa.
  • Tavares, Maria José Ferro (1992), História de Portugal Medievo: Economia e Sociedade. Lisboa, Universidade Aberta. ISBN 972-674-100-9.
  • Torres, Cláudio, "O Garb Al-Andalus" in História de Portugal, volume I: Antes de Portugal, dir. de José Mattoso. Lisboa, Editorial Estampa. ISBN 972-33-1262-X.
  • Viguera Molins, María Jesús (2007). Los reinos de Taifas y las invasiones magrebíes: Al-Andalus del XI al XIII. RBA. ISBN 9788447348152.

Kanpo estekak

[aldatu | aldatu iturburu kodea]