iBet uBet web content aggregator. Adding the entire web to your favor.
iBet uBet web content aggregator. Adding the entire web to your favor.



Link to original content: http://eu.m.wikipedia.org/wiki/Renaixença
Renaixença - Wikipedia, entziklopedia askea.

Renaixença (euskaraz, "berpizkundea") katalanezko kulturaren inguruan eta XIX. mendean sortutako mugimenduaren izena da. Erromantizismoak alde batetik eta nazionalismo kataluniarrak bestetik markatu zuten garai hau, hala Euskal Pizkundearekin nola galizieraren Rexurdimentorekin garaikidea izan zena, bai eta Europako beste kultura mugimenduekin ere.

Renaixença XIX. mendearen lehen erdian Katalunian abiatu zen, eta gero beste Herrialde Katalanetara (Valentzia, Balearrak) hedatu zena. Hiru mendeko gainbehera kulturala gainditzea eta behialako literaturaren distira berreskuratzea zen mugimenduaren helburua. 1833an Bonaventura Carles Aribauk argitaraturiko Oda a la Pàtria hartu ohi da Renaixençaren abiapuntutzat. Beste zenbait egitatek lagundu zuten giro hura sortzeko orduan, hala nola 1835ean Bartzelonako unibertsitatea berriro irekitzea baita Cerverako unibertsitate absolutista ixtea ere, eta 1836an Espainian halako adierazpen askatasuna ezarri izana.

Poeta liberal batzuek Aribauk urraturiko bidetik ekin zioten, besteak beste, A. de Gironella, P. Mata, J. Sol i Padrís idazleek. Geroztikako belaunaldiak katalanera jarduera guztietan erabiltzea bultzatu zuen, eta literatura ekoizpen serioa eta iraunkorra egin zuen; idazle nagusiak J. Cortada, M. Milá i Fontanals, P. Pifarrer eta J. Rubió i Ors dira. Giro erromantikoa izan zen nagusi (W. Scotten eleberrien itzulpenak, M. Aguilók eta Milà i Fontanalsek herri poesiaz egindako lanak). Bestalde, 1859an Lore Jokoak berriro jarri ziren indarrean, haietan Erdi Arokoen eredura Aragoiko koroaren mendeko herrialdeek parte zutela (Mallorca, Valentzia, Roselló, Alguer). A. de Bofarull eta V. Balaguer dira Lore Jokoen belaunaldiko idazle nagusiak. Lore Jokoetan sarituak, J. Verdaguer, A. Guimerà, E. Vilanova, E. Vidal i Valenciano beste askoren artean, hurrengo garaietako aitzindariak izan ziren. Belaunaldi horri dagozkio, bestalde, Renaixençaren zabalkunde lan handia egin zuten aldizkariak, argitaletxeak eta elkarteak.

1890 inguruan hasierako kultura berpizkunde horren berezitasuna amaitutzat har daiteke, modernismoak haren lekua hartzen zuelarik nahiz eta beste ikuspuntu batzuetatik Reinaxençaren printzipioei eusten zien.

Kronologia

aldatu

Ikus, gainera

aldatu

Kanpo estekak

aldatu

Erreferentziak

aldatu