Mundaka
Mundaka Bizkaiko iparraldeko udalerri bat da, Busturialdea eskualdekoa. Euskal Herriko kostan dago, Bermeotik hurbil, Urdaibain eta Gernikako itsasadarrean. 2016. urtean 1.858 biztanle zituen.
Mundaka | |||||||||||
---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|---|
Bizkaia, Euskal Herria | |||||||||||
Mundaka udalerria eta Izaro uhartearen aireko ikuspegi orokorra. | |||||||||||
| |||||||||||
Administrazioa | |||||||||||
Estatua | Espainia | ||||||||||
Erkidegoa | Euskal Autonomia Erkidegoa | ||||||||||
Lurraldea | Bizkaia | ||||||||||
Eskualdea | Busturialdea | ||||||||||
Izen ofiziala | Mundaka | ||||||||||
Alkatea | Mikel Bilbao | ||||||||||
Posta kodea | 48360 | ||||||||||
INE kodea | 48068 | ||||||||||
Herritarra | mundakar | ||||||||||
Kokapena | |||||||||||
Koordenatuak | 43°24′26″N 2°41′54″W / 43.407222222222°N 2.6983333333333°W | ||||||||||
Azalera | 4,15 km² | ||||||||||
Garaiera | 3m - 337 metro | ||||||||||
Distantzia | 36 km Bilbora | ||||||||||
Demografia | |||||||||||
Biztanleria | 1.843 (2023) −23 (2022) | ||||||||||
| |||||||||||
Dentsitatea | 4,44 bizt/km² | ||||||||||
Hazkundea (2003-2013)[1] | % 5,01 | ||||||||||
Zahartze tasa[1] | % 17,85 | ||||||||||
Ugalkortasun tasa[1] | ‰ 40,3 | ||||||||||
Ekonomia | |||||||||||
Jarduera tasa[1] | % 75,9 (2011) | ||||||||||
Genero desoreka[1] | % 13,05 (2011) | ||||||||||
Langabezia erregistratua[1] | % 8,85 (2013) | ||||||||||
Euskara | |||||||||||
Euskaldunak[1] | % 68,2 (2010) | ||||||||||
Kaleko erabilera [2] | % (2016) | ||||||||||
Etxeko erabilera [3] | % 54.94 (2016) | ||||||||||
Datu gehigarriak | |||||||||||
Webgunea | http://www.mundaka.org/ |
Izena
aldatuMundaka izenaren etimologiari dagokionez, autore batzuk irizten diote latineko Munda Aqua («ur garbia») duela sorburu. Autore horien ustez, erromatarrek Gernikako itsasadarrean gora egin zuten, eta gaur egun Mundaka den lekuan kokatu ziren.
Hala ere, hipotesi horrek ez du oinarririk aspaldi‑aspaldiko erregistroetan. Izan ere, erregistro horietan Munaka izena ageri da. Halaxe, 1051n, Iñigo Lopitz Ezkerrak, Bizkaiko lehen jaunak, Donemiliaga Kukulako monasterioari Santa Maria eliza dohaintzan eman zionean, Munaka aipatu zuten agiri haietan. Halaber, Mundakako dorretxetik erreskatatutako agirietan Munaka esaten diote herriari.
Geografia
aldatuMugakideak
aldatu- Iparraldean: Bermeo eta Bizkaiko golkoa
- Ekialdean: Urdaibaiko itsasadarra
- Hegoaldean: Sukarrieta
- Mendebaldean: Bermeo eta Busturia
Itsasadarra
aldatuMatxitxako lurmuturretik atzera egiten du itsasertzak eta Kantauri itsasoan golko bat eratzen da. Golko horretan dago Mundaka eta bokalea han itsasoratzen da. Gernikako itsasadarra ere esaten diote, izan ere, euskal herritarren Gernikako Arbola ospetsuaren hiriraino iristen zen garai batean mareen eragina. 16 km ditu ibai‑bokaleak, zeharka‑meharka egiten duen ibilbidea askoz ere luzeagoa da lur‑eremua baino, bihurgune ederrak baititu: Forua, Kortezubi, Arteaga, Murueta eta Kanala.
Padura zabalak daude Mundakako itsasadarrean, flora eta fauna aberats eta askotarikoaren gordeleku. Migrazio-hegaztiek padura horietan babesleku bikaina dute, eta haien hegaldi harrigarriak urtez urte errepikatzen dira.
Kokalekua, klima, biotopo bereizgarriak eta habitataren berezko aberastasunak direla-eta, gure lurralde kaltetu honetako paradisu bakan horietako bat dugu Mundakako ibai‑bokalea. Paradisu hori aldatzen doa, gero eta handiagoa da eta haren forma etengabe aldatzen da, alubioien eta itsasoko harearen metaketaren eraginez. Bestalde, jalkitze horien ondorioz, nabigazioa gero eta zailagoa da ibai‑bokalean.
Historia
aldatuBizkaiko Jaurerriko leku garrantzitsuenetarikoan nabarmentzen dute historialariek Mundaka, kondairaren arabera herrian jaio baitzen Jaun Zuria, Bizkaiko lehen jauna. Eskoziako printzesa baten semea izaki, Ingalaterrako erregearengandik ihesi zihoala iritsi omen zen euskal kostaldera. Herriaren izena jatorri danimarkakoa ei da, eta frogatuta dago vikingoak herrian egon zirela 90. urte aldera.
Jaurerriko historiaren arabera, Mundaka Bizkaiko elizate zaharrena dugu. Hori dela eta, lehenbizikoa izatea egokitzen zitzaion Batzar Nagusietan.
Kaitik sortzen dira kaleak, hirigune zaharra osatzen dutenak. Bertan, jauntxoen garaiko aztarnak (armarridun etxeak eta Erdi Aroko dorreak) hauteman daitezke, beti itsasoari begira dauden arrantzaleen etxebizitza tradizionalekin uztartuta. Mundakako armarriak honako osagai hauek ditu: haritz berde bat urre koloreko hondoan, eta, oinean, otso beltz ibiltaria. Hori guztia, zilar koloreko laukiz eta lauki gorriz orlatuta dago.
1446an Butroeko Jaunak Banderizoen gerratean dorretxearen jabearekin (Rui Sancho Munakakoa, alegia) izandako gorabeheren ondorioz, bandoen arteko borrokan dorretxea suntsitu zuen.
Marinel tradizioa
aldatuItsasgizonen bitartez, Mundakak Ekialde Urruna, Mexiko eta Britainia Handiarekin harremanak izan ditu. Beste herrialde batzuetan jaiotako ezkontide eta/edo seme‑alabak dituzte marinel batzuek, eta haiek ere Mundakan bizi dira. Esate baterako, Elvira Arizpe andrearen kasua bitxia da: Liverpoolen jaio zen, orain dela ehun urte eta gehiago, haren aita Getarian josten aritzen zen, eta ideologia liberala aldarrikatzeagatik agintari karlistek jarritako isuna (12 alpargata pare) ez ordaintzeko kupel batean ezkutaturik, Ingalaterrara alde egin zuen. Liverpool portu-hirian jostundegia jarri zuen, eta euskal itsasgizonak galoiez eta metal‑hariz jositako uniforme dotoreak enkargatzera hara joaten ziren. Kapitan haietako bat, Teodoro Zirarda mundakarra, artisauaren alaba ederrarekin ezkondu zen, eta Mundakara etorri ziren. Mundakarrek Grany esaten diote, “amona” adierazteko ingelesezko txikigarria.
Petroliontziak, transatlantikoak, merkantzia‑ontzi handiak... altzairuzko erraldoiek itsasoa zeharkatzen dute, Mundakako itsasgizon ospetsuek gobernatuta, eta samintasunez oroitzen duten herri kutunaren parean doazela, sirena‑hotsak bidaltzen dituzte maitearentzat, etxekoentzat...
Ekonomia
aldatuPortua
aldatuMundakako portuak turismo‑gidaliburu batean irudiak jartzearren muntatutako maketa baten antza du. Moiletan itsasontzi bakar batzuk daude, artisau‑arrantzan ofizialki aritzen direnak, Gainera, arrantzale erretiratuen txalupa motordunak ere badaude. Datuak alderatzeko, aipatuko dugu duela mende bat Mundakako 90 arrantzale itsasoratzen zirela 5 arrantza‑ontzitan, beste 32 biztanle aritzen zirela amuak egiten, beste 5 saskigileak zirela, eta dozena erdi bat saregile ere bazeudela.
1790ean berriz, Bilboko kontsulatuak emandako datuen arabera, bazeuden 50 tonako 59 itsasontzi, hondo laua zuten, gilarik ez, popa borobila eta bular garbia, bi masta zituzten eta belak. Merkataritza zuten bizibide, hau da, kabotajean aritzen ziren Iberiar penintsulan eta Frantzia, eta Ingalaterrak guda galdu zuenean Mantxako kanala zeharkatzera ere ausartu ziren.
Itsasontzi haien ezaugarriak zirela eta, itsasoan larri ibiltzen ziren, horregatik, negu guztia Arketas senai naturalean —Laida hondartzaren ondoan— ainguratuta egoten ziren. Mundakara sartzeko kanala oztopo handia izan da beti, eta gaur egun ere hala da. Metatutako hareak sarbidea eragozten du, eta uraren sakonera gero eta eskasagoa da.
Garai batean, barra hori irekita bazegoen (alegia, zeharkatzeko moduan bazegon) talaiariak bi su pizten zituen Betrokolo gainean, aitzitik, zailtasuna edo arriskua ikusiz gero, su bakarra pizten zuen, eta txalupek Bermeora edo Elantxobera joan behar izaten zuten.
Demografia
aldatuMundakako biztanleria |
---|
Politika
aldatu2011ko maiatzaren 22ko hauteskundeetako emaitzen ondorioz Mundakako alkatea Euzko Alderdi Jeltzaleko Unai Rementeria izendatu zuten. 2013an Bizkaiko presidentzia diputatu bihurtu zen eta alkatetzan Aitor Egurrolak alderdikideak ordezkatu zuen.
2015eko udal hauteskundeetan Euzko Alderdi Jeltzaleko hautaigaitzak irabazi zuen, ondorioz, Aitor Egurrolak jarraitu zuen alkatetzan.
Mundakako udalbatza | |||||
Alderdia |
2015eko maiatzaren 24 |
2011ko maiatzaren 22 | |||
Zinegotziak | Boto kopurua | Zinegotziak | Boto kopurua | ||
Euzko Alderdi Jeltzalea (EAJ-PNV) | 6 / 9 |
6 / 9 |
|||
EH Bildu* | 3 / 9 |
3 / 9 |
|||
Euskadiko Alderdi Sozialista (PSE-EE(PSOE)) | 0 / 9 |
0 / 9 |
|||
Alderdi Popularra (PP) | 0 / 9 |
0 / 9 |
|||
* 2011n Bildu koalizioa aurkeztu zen. | |||||
Datuen iturria: Hauteskundeen emaitzak euskadi.net webgunean |
Alkateak
aldatuAlkatea | Agintaldia | Alderdia |
---|---|---|
Unai Rementeria Maiz | 2007- 2013 | EAJ |
Aitor Egurrola Mendiolea | 2013- 2019 | EAJ |
Azpiegiturak
aldatuGarraiobideak
aldatu- Errepideak: N-631, Bilborekiko lotura; eta N-635, Zornotzarekiko lotura.
- Euskotren: Bilbao-Bermeo linea, Mundakako geltokia.
- Bizkaibus, Bilbo-Bermeo linea.
- Mundakako portua. Udaldean, Mundaka eta Laida hondartza lotzen dituen ferria ibiltzen da.
Kultura
aldatuEuskara
aldatuMundakako euskara, beste zenbait herritakoarekin batera, Busturialdeko euskaran[7] [8]dago katalogatuta. Hau, era berean, bizkaieraren aldaera bat da, tartekoa[9] hain zuzen.
Surfa
aldatuMundaka eta Mundakako itsasadarra Europan argitaratutako turismo liburuxken lehenengo orrialdeetan agertu ohi badira, kirol berri samar baten eraginez: surfaz ari gara. Mundakaren orografia, haizea eta olatu zehatz eta iraunkorrengatik, surfa egiteko munduko lekurik onenetako bat da. Atzerriko surflariak etorri ohi dira, eta haietako batzuk bertako kanpinean bizpahiru hilabete egiten dituzte.
Mundakako uretan nazioarteko surf lehiaketak egiten dira. Halaber, beste ur‑kirol batzuk ere gora egin dute (windsurfa, bela tradizionalak eta abarrek), haien kalitateari eta kantitateari erreparatuta, eta kolorearen eta gaztetasunaren kontrapuntua jartzen diote itsasgizon zaharrak paseoan ibiltzen diren txoko horri.
Jaiak
aldatu- Otsailaren 26a, Mundakako aratusteak: Uda parte guztian jai‑giroa badago ere, mundakarrak aratusteak edo inauteriak ospatzen dituzte. Asko eta asko dira kirruz mozorrotu eta Gondra eta Egileor herrikideek konposatutako doinuak jotzen dituztenak.
- Ekainaren 24a, San Joan jaiak: Suak nonahi.
- Ekainaren 29a, San Pedro: San Pedro arrantzalea gogoan, hainbat eta hainbat portutan bezala.
- Uztailaren 22a, Madalen Eguna: gazteek Izaro uhartera txangoa egiten dute, arratsalde erdian herritarrek, aspaldiko tirabirak ahaztuta, alai hartzen dute Bermeoko itsasontzien segizioa, agintariak buruan direla.
- Abuztuaren 15a, Andre Mariaren eguna: parrokiako jai nagusia. Jaieguna, udatiarren partaidetza aktiboa.
- Abuztuaren 26a, Euskal Jaia.
- Azaroaren 25a, Santa Katalina: baselizan meza. Arrantzaleak ez dira itsasora joaten. Garai bateko tradizioa zen bisigua jatea, arrantzaleek oparitua. Azkenaldian, ordea, arrantza‑eskasia dela-eta, profesionalek ere erosi egin behar, bisigua jango badute.
Bestelako ekitaldiak
aldatu- Ekaina: (azken astean, San Pedro jaiekin batera) Gazte zahar mendi taldeak antolatutako mendi irteera.
- Urria: Billabong Pro Mundaka. ASP World Tour Munduko Surf Txapelketaren proba.
- Azaroa: Gazte zahar mendi taldeak antolatutako mendi irteera.
Ondasun nabarmenak
aldatuMundakak euskaldun nortasun nabarmena badu ere, ezaugarri kosmopolitak eta harrera ona egiteko gaitasuna erraz nabari dira kale eta kalezulo estu eta irregularretan, terrazetan, pasealekuetan, eta gizarte‑bizitza handiko guneetan, batez ere asteburutan eta udan, bertako mila eta bostehun biztanleak elkarren kontra estutzen direnean, beste zortzi mila lilura gaitezen, hainbesteko edertasuna ikusita.
Kale nagusi tipikoetan ez bezala, zeruertza garbi ikusten da Txorrokopuntan, portuan, eta Talaia parkean (elizaren eta haren albo‑paretan frontisa duen pilotalekuaren ondoan dagoen parkean, alegia). Itsaslabarraren ertzean Santa Maria eliza dago, XVI. mendekoa. Garai hartako ganga nerbiodunak ditu, aitzitik, aldareak modernoak dira, baita 1896an eraikitako dorre neogotiko zorrotza ere.
-
Mundaka, Ibarrangelutik.
Mundakak badu, ezkutu samarrean, hondartza txiki bat, Hondartzape deritzona. Han dago Murgoa lurmuturra.
Talaia parke zainduaren izkina bat, izenak adierazi bezala, itsasoari eta portu zaharrari begira dago. Bihotzeko portu zaharra, igerileku irekia eta doakoa ur garbietan pulunpatzea gustuko dutenentzat. Mundakako Arraun Taldeak hortxe dauka egoitza soziala, baita Sociedad Fraternidad Mundaquesa elkarteak ere. 1856an herriko itsas merkatariek sortu zuten elkarte hori , eguneroko aisialdiaz elkarrekin gozatzeko, eta bertakoek kasinoa esaten diote. Kasinoaren eraikinak harmailadi bikoitza du kanpoaldean, eta egurrezko begiratoki irtena, zuriz margotua, erregimentu bat azpian hartzeko moduko hegal ausarta duena. Begiratoki horretatik ikusten zituzten agintariek eta elkartekideek Sanpedroetako lau nobilladak, garai batean hain ospetsuak zirenak.
Udaletxea XIX. mendeko eraikin handi bat da. Arkupeak ditu, karel zulodunez egindako balkoi bitxien azpian, eta erlojua eta kariloia erdiko dorretxoan. Kapitulu-gela ederra da, beheko sua eta guzti, Carrarako marmolaz egina. Gelaren aurrealdean Juan Bautista Longa eta Florentino Larrinagaren soinak daude, izan ere, Mundakako gizon ospetsu horiek ordaindu zuten herriak hain premiazkoa zuen udaletxea, 1812an ingelesen Surbillant fragataren kanoikadek suntsitu baitzuen lehengo eraikina.
Kaleetan zehar ibiliz gero, nabaria da hirigunea osatzen duten arkitektura estiloen nahasketa. Dozena erdi bat etxek armarria dute; eta, armarrietan, hainbat hitz: Gametxo, Zubia, Uriarte, Bakera, Simitur. Azken etxe hori euskal barroko neurritsuari dagokio, eta haren aurrean amaiera‑gurutzea edo kontzepzio‑gurutzadura dago.
-
Mundakako kasinoa
-
Etxebizitza
-
Larrinaga jauregia
-
Etxebizitza
-
Etxebizitza
Mundakar ospetsuak
aldatu- Jose Manuel Etxeita (1842-1915), euskal idazlea.
- Jose Arrandiaga Larrinaga Joala (1865-1923), herriko medikua eta idazle abertzalea.
- Alejandro Mallona (1878-1937), EAJko alkatea eta Marinako kapitaina.
- Bernardo Maria Garro Otxolua (1891-1960), itzultzailea eta euskal idazlea.
- Gregorio Blasco (1909-1983), futbolaria.
- Zorion Egileor (1948-), aktorea.
- Edorta Jimenez (1953-), euskal idazlea.
- Jon Kortazar (1955-), literatura katedraduna eta idazlea.
- Irati Jimenez (1977-), euskal idazlea.
Erreferentziak
aldatu- ↑ a b c d e f g Euskal Herriari Begira. Udalbiltza.
- ↑ «Kaleko erabilera herrialdez herrialde» Euskararen erabilera (Wikipedia).
- ↑ «Etxeko erabilera» Euskararen erabilera (Wikipedia).
- ↑ «Andonegi Ormaetxe, Ramon - Ahotsak.eus» ahotsak.eus (Noiz kontsultatua: 2018-07-16).
- ↑ «Erdaraz egiteko arazoak - Ahotsak.eus» ahotsak.eus (Noiz kontsultatua: 2018-07-16).
- ↑ «Ahotsak.eus, Euskal Herriko hizkerak eta ahozko ondarea» www.ahotsak.eus (Noiz kontsultatua: 2018-07-16).
- ↑ «Busturialdekoa - Ahotsak.eus» ahotsak.eus (Noiz kontsultatua: 2018-07-16).
- ↑ «Mundaka - Ahotsak.eus» ahotsak.eus (Noiz kontsultatua: 2018-07-16).
- ↑ «Tartekoa (M) - Ahotsak.eus» ahotsak.eus (Noiz kontsultatua: 2018-07-16).
- Artikulu honen edukiaren zati bat Euskal Herri Enblematikoa entziklopediako Itsasoko Historia. Euskal Kostaldeko Gida. liburutik txertatu zen 2014-12-18 egunean. Egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, liburu hori eta entziklopedia horretako beste zenbait Creative Commons Aitortu 3.0 Espainia lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.
Ikus, gainera
aldatuKanpo estekak
aldatuEuskarazko Wikipedian bada atari bat, gai hau duena: Bizkaia |