Joaquín Balaguer
Joaquín Balaguer (Santiago de los Caballeros, 1906ko irailaren 1a - Santo Domingo, 2002ko uztailaren 14a) dominikar politikaria izan zen.
Santo Domingoko Unibertsitatean eta Parisen ikasia. Unibertsitate hartako irakasle izan zen, 1938tik aurrera. 1930az geroztik, Rafael Trujillo diktadorearen laguntzaile izan zen, eta diplomazia-arloko karguetan aritu zen; bere herrialdeko ordezkari izan zen NBEan, 1947an. Gero, Kanpo Arazoetako (1954-55) eta Hezkuntzako (1955-57) ministro ere izan zen, eta 1960an, Trujillok bere kargua utzi zuenean, presidente izatera heldu zen. 1962an, Trujilloren hilketaren ondoren, estatu-kolpe batek kargutik kendu eta atzerrira jo behar izan zuen. 1965ean itzuli zen, Juan Boschen jarraitzaileek iraultza-ahalegina egin, eta Estatu Batuetako armadak gatazkan parte hartu ondoren. Hurrengo urtean, Alderdi Erreformistaren buru gisa eta Estatu Batuen babesarekin, lehendakari-hauteskundeak irabazi zituen, eta 1970 eta 1974an ere berriz hautatu zuten. Ekonomia-arloan egonkortasuna berreskuratu eta garapena bultzatu zituen arren, gizarte-gatazkek eta gerrillarien ekintzek errepresiozko neurriak eragin zituzten. 1978 eta 1982ko hauteskundeetan ere lehendakarigai izan zen, baina ez zuen irabazterik lortu; bai, ordea, 1986, 1990 eta 1994an, nahiz eta azken horietan iruzur egindako susmoak izan ziren. 1996an, aldiz, lehendakaritzan ordezkatu zuen Leonel Fernandezen garaipenaren alde lan egin zuen, hauteskundeen lehen itzulian garaile izandako J.F. Peña sozialistari bidea ixteko Juan Bosch berberarekin hitzartu ondoren.
Erreferentziak
aldatu- Artikulu honen edukiaren zati bat Lur hiztegi entziklopedikotik edo Lur entziklopedia tematikotik txertatu zen 2011/12/26 egunean. Egile-eskubideen jabeak, Eusko Jaurlaritzak, hiztegi horiek CC-BY 3.0 lizentziarekin argitaratu ditu, Open Data Euskadi webgunean.