1992ko Italiako Giroa Itzuli Handi honen 75. edizioa izan zen. 1992ko maiatzak 24 eta ekainak 14 artean ospatu zen, sarrerako bat eta 21 etapatan banatutako 3843 kilometroko ibilbidea eginez, garailea izan zen Miguel Indurainek, batez beste, 37,092 kilometro orduko abiaduran bete zituenak.
Aurreko edizioko garailea izan zen Franco Chioccioli faboritoen artean zegoen, Claudio Chiapucci eta Miguel Indurainekin batera, garai hartan nazioartean txirrindularirik garrantzitsuenetakoak zirenak.
2. iraupen etapan Indurainek maglia arrosa lortu zuen, azken kilometroetan mozketa bat gertatu ondoren. 3. etapan, 38 kilometroko erlojupeko bat izan zena, Indurainek bere lidertza sendotu zuen.
9. etapan gertatu zen lehen hautaketa handia. Aurreko edizioko garailea izan zen Franco Chioccioli izan zen kaltetuena, helmugan hiru minutu eta erdi baino gehiago galdu ondoren. Lucho Herrera kolonbiar eskalatzailea izan zen etapa garailea. Hurrengo etapan, liderragandik jada sei minutu baino gehiagora zegoen Chiocciolik Roberto Pagnin eta Marco Liettirekin batera ihes egin zuen, Induraini bi minutu eta erdi janez.
Ez zen diferentzia handirik egon Dolomitak zeharkatu zituzten mendiko bi etapetan, Corvara Alta Badian eta Monte Bondonen amaitu zirenak, nahiko eguraldi kaxkarrarekin jokatu zirenak. Indurainek uneoro kontrolatu zuen lasterketa, bere arerio nagusiei batere abantailarik eman gabe.
18. etapa izan zen edizio honetako luzeena, 260 kilometrorekin, protagonista nagusia Ramón González Arrieta bizkaitarra izan zena, beste 23 txirrindularirekin batera etapa zati handi batean ihes eginda egon ondoren, bera bakarrik etapa amaieratik kilometro gutxira arte lasterketa buruan egon zena, baina azken igoerako azken bi kilometroetan Udo Bölts alemaniarrak aurreratu zuen, etapa irabaziz. Arrietak bigarren amaitu zuen.
Azken etapa Milanen amaitu zen 66 kilometroko erlojupeko bat izan zen. Lasterketa amaitzen ari zen forma egoera ona frogatuz, Indurainek diferentzia handiarekin irabazi zuen etapa, bera baino hiru minutu lehenago irten zen Claudio Chiapucci harrapatu eta aurreratuz. Indurainekin batera podiumean Chiapucci eta Chioccioli egon ziren. Edizio honetan, etorkizun handiko txirrindulari bat agertu zen, Pavel Tonkov errusiarra, 7. amaitu zuena eta hurrengo edizioetan zeresan handia emango zuena.